Karguak eta lanbideak
Zuzenbidean Lizentziaduna
Ibilbidea
Gabirian jaio zen, eta Lasarteko andrea eta Donostiako bizilaguna zen Maria Lasarterekin ezkondu zen. Alaba bakarra izan zuten, Maria Zandategi Lasarte (1562an ezkondu zen Miguel Okendo Segurarekin, Antonio Okendo Jeneralaren semearekin).
«Jakinduria handiko legegizon gipuzkoarra» hainbat aldiz Donostiako alkatea izan zen. Calahorrara joan behar izan zuen Inkisizioak deituta, arrazoia ezezaguna bada ere, «uste denez, haren mailara iritsi nahi zuen norbaiten gezurra egongo zen tartean, izan ere, bazituen halakoak, eta horregatik zegoen etsaituta Juan Lopez Agirrerekin eta haren familiarekin, eta Ertzilla lizentziatuarekin eta haren familiarekin ere bai», baina «handik egun gutxira etxera itzuli zen libre eta inongo orbanik gabe».
Legelari lanean 1562an aurkitzen dugu, Probintziaren zerbitzura, Batzar Nagusien aginduz irizpena erredaktatu behar izan baitzuen Juan Martinez Zaldibia batxilerrak El Libro Viejo izenburupean jasotako bildumari buruz.
1581ean parte hartu zuen, Luis Cruzatekin batera, Donostiako artxiboa ordenatzeko lanetan, eta urte horretan bertan Bergarako Batzar Nagusiak agindu zion, Luis Cruzatekin batera orduan ere, «seinala eta bil ditzaten komeni diren ordenantzak eta abezedarioaren hurrenkeran jar ditzaten», eta Azpeitiko batzarrera eraman zitzaten, haiek inprimatzeari buruz han hitz egiteko. Maiatzaren 7an bere gain hartu zuen eginkizuna eta konpromisoa, ahalik eta lasterren Tolosan egingo zutela bilduma, han baitzegoen artxiboa. Berek egingo zuten lan gehiena eta beste batzuek —Josepho Estensoro (Segura), Bernardino Perez Zabala (Bergara) eta Martin Elkano (Zarautz)— gainbegiratuko zuten. Maiatzaren 9an, ordea, Zandategik Batzarrari jakinarazi zion bilketa egitearen aurka zegoela. Haren esanetan, lan hori bera agindu zioten hogeitabost urte lehenago ere, baina ez omen zen komeni hura inprimatzea, izan ere, apenas zegoen «quinze ordenanzas que sean guardadas y están mejor en el archibo y con la horden antigua que no en molde».
Hala ere, lanari ekin zioten Zandategik eta Cruzatek, eta abuztuaren 20an txosten bana bidali zuten, bertan seinalatuz Zaldibiaren bilduman jasota ez zeuden eskriturak (Gipuzkoako pribilegioak, probisioak eta ordenantzak). Eta zailtasun asko gainditu behar izan bazituzten ere, bilketa-lana burutu egin zen, eta Zarauzko Batzarrean aurkeztu zen, 1582ko azaroaren 18an. Hura ikus zezaten, Batzarrera deitu zituzten Armendia eta Eleizalde lizentziatuak. Zandategik ezin etorria adierazi zuenez, Cruzatek «traxo y presentó en la dicha Junta la recopilaçión y libro que ha fecho juntamente con el liçençiado Çandategui, de los previlegios, hordenanças y probisiones de la dicha Provinçia, e dió su descargo berbalmente, y en la dicha Junta se leyó gran parte del dicho libro». Lana ikusita, Batzarrak agindu zuen bilduma oso-osorik azter zezaten, korrejidorearekin batera, Donostia, Tolosa, Segura, Azpeitia, Azkoitia, Ordizia eta Zestoako prokuradoreek, «eta bertan egon eta ikusi nahi zuten guztiek».
Bilduma 1583ko maiatzaren 11n onartu zen, eta Gortera igortzea erabaki zen, hark berrespena eman zezan. Baina Esteban Garibaik egindako azterketa eta kritika gogorra entzunda, hark esan baitzuen ongi sistematizatuta zegoela, baina haren hitzaurrea zela «lorietan laudorio eskasekoa, eta jatorrizko agiriak Kontseilura eramateak eragiten zuen beldurragatik, galtzeko arriskua baitzegoen lekualdaketan, Gortean hura berresteko eta inprimatzeko egiten ari ziren eginbideak geldiarazi zituzten. Eta Gipuzkoan behar adinako arreta eta adimena zuen gizonik ezagutzen ez zutenez, enpresa behar bezala aurrera eraman eta haiek nahi zuten moduan burutzeko» bilduma gorde egin zen, berriz ere Probintziara itzultzeko, (Madrilera igorritako liburukia, ordea, Espainiako Liburutegi Nazionalean gordeta dago).
1583ko Recopilación de Leyes y Ordenanzas de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa lana foruen lehenengo bilduma sistematikoa da, eta oinarri horren gainean eratu zen Miguel Aranburuk 1691ean prestatu eta 1696an inprimatu zen behin betiko bilduma.
Hasieran Gipuzkoa, haren antzinatasuna eta noblezia deskribatu zituen, hala nola erregearekiko fideltasuna eta erregeak herrialdearekiko zuen estimu handia, haren gailentasuna, pribilegioak eta armarria. Ondoren, bertako instituzioak azaldu zituen (korrejidorea, merinoa eta alkateak), Probintziaren antolamendu politikoa eta gobernamendua, Batzarren eta Ermandadeko alkateen bidez, eskribau, kartzela eta alkaideak tartean. Merkataritzaren araubidea, irteeren gaineko alkatetzak (alcaldía de sacas), merkataritzaren eta nabigazioaren salbuespena eta askatasuna, pisuen eta neurrien erabilera, sagardoaren gaineko babesa eta bide nahiz errepideen konponketa; lurraldearen defentsa militarraren eta bizitza erlijiosoaren erregulazioa jaso zuen, eta luze jardun zuen bake sozialaren arazoaren gainean, iraganean Ahaide Nagusiek bultzatutako bandoen arteko borrokak eta zigor neurri gogorrak azalduz, (indarkeria, lapurretak, barrutiak, lekuko faltsuak, armen erabilera, zelatatzeak eta erronkak); eta amaieran askotariko gaiak bildu zituen, besteak beste, mendien ustiapena, burdingintza, bazkalekuak eta herritartasuna hartzea.
Telletxea Idigorasen esanetan, «arauen kopuruari, araututako eremuen zabaltasunari, eta batez ere, arauen ordenari eta sistematizazioari dagokienez, Zandategi eta Cruzaten bildumak aurreko guztiak gainditu zituen, behin betiko marko bat ezarriz, haren gainean egokituko direla, legeak erantsi edo kenduz, Aranbururen bilduma (1696) eta Foruen Eranskin Inprimatua (1758)».
Garibaik emandako iritzia oso kritikoa izan bazen ere, 1583ko Bilduma lan ona izan zen. «Haren egileek ez zuten egin arau-metaketa hutsa, antzinako Gipuzkoako Ermandadeen Ordenantzetatik hasi eta etengabe gehitzen baitziren, ondoren egindako bildumetan. Hori guztia hartu, ordenatu eta sistematikoki kodifikatzen hasi ziren, abilezia gora-behera, kode modernoei aurrea hartuz, eta garai bateko jatorrizko dokumentuetako prosa luze, errepikakor eta enfatikoa laburtuz arau motz eta mamitsuetan. Berek ezarritako sistema 1696ko Bilduma Berrira igaro zen, lehen esan bezala, eta behin betiko eredu organikoa eman zion Foru gipuzkoarrari. Oso garrantzitsua da, beraz, gure foruen bildumen tradizioan».
Sebastian Insaustik dioenez, «Zandategi ordurako zahar samarra izango zen edo, gutxienez, ajez betea zegoen, etxetik ezin baitzen atera […] eta gauza jakina da 1583ko azaroa baino lehen hil zela». Gainera, [Cruzat] baino adituagoa eta eskarmentu handiagokoa zen herrialdeko legeen aplikazio praktikoan».
Obrak
Recopilación de Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa, Insausti, S. de (arg.), Tellechea Idígoras, J. I. (hitz.), Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1983.
Bibliografia
Ayerbe Iribar, M.ª R., «Zuzenbide gipuzkoarraren errekopilazio-prozesua eta 1696ko Errekopilazioa», in Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, Buenos Usos y Costumbres, Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa (1696) lanaren argitalpenaren hitzaurrea Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2014, 9.-132. or. (gaztelera) eta 133.-260. or (euskara).
Tellechea Idígoras, J. I., «Sarrera», Insausti, S. (arg.), in Recopilación de Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa, Sebastián Insaustiren argitalpena, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1983, V.-XV. or.
Aipamen bibliografikoa
Ayerbe Iribar, R. Mª., “Lopez Zandategui, Cristobal”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 433-436.





