Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

LOPEZ DE RETA, Martin. Zuzenbidean lizentziaduna (1516-¿?).

Karguak eta lanbideak

Errege Kontseiluetako abokatua Iruñean

Ibilbidea

Ez dago haren bizitzari buruzko datu askorik. 1574ko auzibide batean Errege Entzutegietako Iruñeko abokatua zela esan zuen berak, eta berrogeita hemezortzi urte zituela. 1516 inguruan jaio izan balitz, horrek azalduko luke Esteban Garibairen (1533an jaioa) aldean zaharra jotzea bere burua, hari luze eta zabal erantzuteko. Ez dakigu Zuzenbideko lizentziatura non lortu zuen, baina Iruñeko herritar ospetsua zen xvi. mendearen amaieran: errejidore aukeratu zuten San Nikolaseko herritarrek 1598an, eta urte hartan berean, Filipe II.aren hiletarako «hilobiaren eskaintza» egiteko eskatu zioten.

Diego Ramírez Sedeño de Fuenleal (1561-1573) apezpikuaren konfiantzakoa izanik, harekin lan egin zuen 1566ko bigarren diozesi-Sinodoa prestatzen. Iruñeko kabildoaren ordezkari gisa, kleroaren ordezkari Palacios maisuarekin eta Juan de Rojas lizentziadun eta bikario nagusiarekin elkartu zen, konstituzio berrien erredakzioa aurreratzen hasteko. 1568an, berriz, gotzainaren abokatu aritu zen, Lizarrako Ospitalearen kontrako auzibide luze eta bortitz batean. Litekeena da Nafarroako Errege Kontseiluko errelatorea izatera iritsi izana, eta Prudencio Sandoval apezpikuak bere Apezpikuen katalogoan (1614) gogoratzen duenez, antigoaleko gauzen bilduma ederra zeukan.

1715ean, agaramontarren eta beaumondarren arteko bereizketa azaltzeko, José Alesón kronistak Sumaria relación de los apellidos izeneko lan bat erabili zuen, haren ustez Retak egindakoa. 1576-1580 bitartean osatuko zuen Retak zerrenda, Leringo bigarren kondearen eta haren adiskideen aldarrikapen gisa, arerio agaramontarrek elaboratutako kontakizunaren aurka. Erantzun sutsua eman zien Luis Beaumont saldua eta desleiala zela esanez Esteban Garibaik zabaldutako hitzei. Kronista gipuzkoarrak, Compendio historial de las Chrónicas y Universal Historia de todos los reynos de España (Anberes, 1571) lanean, Nafarroaren historia Gaztelaren edo Aragoiren historien parean jarri zuen, horretarako, ziurrenik, aurreko testuren bat baliatuz, beharbada Nafarroako Frantzisko agaramontarraren testuren bat, hura aipatzen ez bazuen ere.

Historialaria baino, antikuarioa zen Reta: Diskurtso dotore eta moralista bat landu baino, nahiago zuen dokumentuak bildu, eta lekukotasun pertsonal eta ahozko tradizio ugari berreskuratu zituen. 1570eko hamarkadan, antzinako gauzen zaletasuna zuen jakintsu talde bateko kide izan zen, tartean zirela Francisco Cruzat kanonigoa, Subiza lizentziaduna, Errege Kontseiluko epailea, edo Pedro Aguilón, Almazán erregeordearen idazkaria. Testu apologetiko bat idatzi zuen etsaigo giro batean, ez soseguz eta argitaratzeko asmoz egindako lan bat, eta beraz, ohi baino askeago eta sutsuago agertu zen. Izan ere, haren asmoa ez zen xehetasun eta zuhurtasunez azaltzea, lehenik, almorabide eta kaskanteen arteko aldeak, eta ondoren, agaramontarren eta beaumondarren artekoak, Garibairen Compendioan aurkitu zituen iritzi iraingarriei erantzuna ematea baizik.

Garai hartan oraindik eztabaida bizia zegoen, bi bandoetatik zein izan zen leialagoa eta fidelagoa errege-erreginekin: Joan II.arekin edo Vianako printzearekin, 1451ko eztabaidan; Joan III.a Albretekoarekin edo Fernando Katolikoarekin, 1512koan. Ez zen jakintsuen arteko eztabaida hutsala, kontu zaharren ingurukoa. Une hartako diskurtso politikoa zegoen ezbaian, eta lehiaren helburua zen erregearen begikotasuna lortzea, mesede eta ofiziotan gauzatuko zena. Leringo kondeak une batean armak hartu bazituen erregeari aurre egiteko, Retaren arabera, bere burua zilegitasun osoz defendatzeko egin zuen, monarkak haren arerioei ematen zielako laguntza, haien asmoa zelarik kondearen leinua eta alderdia suntsitzea. Are gehiago, abertzale gisan aurkeztu zuen, Nafarroarekiko maitasunak bultzatuta jokatzen zuelakoan: errege usurpatzaileen aurka (Joan II.a) edo foruak urratzen zituzten errege arrotzen aurka (Joan III.a). Leringo kondearengan, eta oro har, beaumondar guztiengan antzematen zuen grina «nazional» hori, erresumako foruen eta legeen defentsarekin lotu zuen, arrotzek inposatu nahi zituzten berrikuntzen aurrean.

Retak gogora ekarri zuenez, Luis Beaumontek zainetan errege-odola zuen, eta horren haritik, Nafarroaren historia «berezko» erregetza baten galera eta berreskurapen prozesu bat zela interpretatu zuen. Erresumak, beraz, bere errege-erreginak berreskuratu zituen, aragoitarrek (1134), Champaigne etxeak eta frantsesek (1329) gobernatu ondoren, eta ia iradoki zuen berriz ere gerta zitekeela xvi. mendean, horren argi esan ez bazuen ere. Gaztelari atxikitzea zerutik etorritako seinale gisa ulertzen zuen, predikazio luteranoaren hasierarekin batera etorri baitzen: Jainkoak babestu zituen nafarrak Bortuz bestaldeko merindadean eta Biarnon errotu eta haien hondamena ekarri zuen heresiaren ukimenetik. Argudio horiek erabiliz nabarmendu nahi zuen Leringo kondea eta beaumondarrak, hau da, 1570eko hamarkadan Reta lizentziadunak ordezkatzen duen gune iruindarra, leialak zirela, ororen gainetik, beren aberri eta nazioarekiko.

Retaren beste testu laburrago bat da Título que el autor dio al reino de Navarra y a la ciudad de Pamplona, su cabeza izenburukoa. Erresumaren eta hiriburuaren handitasunak goretsi zituen, orduko kulturaren irizpideetan oinarrituta: gotorleku militarra, erregetzaren egoitza, antzinako kristautasunaren, Baskoniako populazioaren eta Gaztela eta Aragoiko errege-erreginen jatorria. Hortaz, berriz ere Nafarroaren handitasunak goresteko behar handia sumatzen zuen, Garibairena bezalako eraso arrotzen aurrean. Eta batez ere, Monarkia bereko partaideak izanik, inguruko komunitate politikoetatik jasotako isiltasun eta mespretxuen aurrean, Nafarroaren eta Iruñearen berezko eta lehentasunezko lekua aldarrikatu nahi zuen, haien antzinatasunagatik. Handik zenbait urtetara, Reta lizentziadunaren historiografia, Nafarroa goresten eta aldezten zuena, Juan Sadaren lanean (1628) garatu zen. Izan ere, Retak lau hamarkada lehenago landu zituen argudioak garatu, besterik ez zuen egin Sadak, sutsu eztabaidatu zuenean kronista aragoitarrekin (Juan Briz), gaztelarrekin (Gregorio López Madera), gipuzkoarrekin (Esteban Garibai) eta baxenabartarrekin (Arnalt Ohienart), Nafarroaren antzinatasuna eta aintza aldarrikatzeko.

Obrak

Sumaria relación de los apellidos que se halla haber habido en el reino de Navarra, y de algunas cosas en él sucedidas entre sus naturales y algunos reyes de este reino, a causa de la división y discordia de entre ellos mismos, y otras cosas, Eskuizkribua, Biblioteca Nacional Española, 9.329. eskbu., 1.-53r. or.

Título que el autor dio al reino de Navarra y a la ciudad de Pamplona, su cabeza, a instancia de unos amigos, y las razones y lugares en que lo fundó, Eskuizkribua, Biblioteca Nacional Española, 9.329 eskbu., 63r-65r. or

Bibliografia

Floristán Imízcoz, A., Lealtad y patriotismo tras la conquista de Navarra. El licenciado Reta y la «Sumaria relación de los apellidos», Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1999.

Aipamen bibliografikoa

Floristán Imízcoz, A., “Lopez de Reta, Martín”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 515-517.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP