Karguak eta lanbideak
Liburuzaina, literatoa, historialaria, pintorea, grabatzailea, Donostia hiriko kronikaria eta «Euskal-Erria» aldizkariko zuzendaria
Ibilbidea
Haren gurasoak Josefa Manuela Vitoria Alen Asubia eta Jose Saturnino Lopez Aizpuru izan ziren. Aita Tolosan jaioa 1823ko azaroaren 29an, liburuzaina eta Donostiako udal liburutegiko zuzendaria, Francisco Lopez Gómezen eta Juana Francisca Aizpuru Muroren semea. Gurasoak 1859ko abuztuaren 30ean ezkondu ziren Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan. Laster, bost seme-alaba etorri ziren (gure biografiatua laugarrena izan zen); guztiak ere Donostiako San Bizente Martiriaren parrokian bataiatuak, lehena izan ezik. Patrocinio Lopez Alen (1859ko azaroak 15), berriz, Koruko Andre Mariaren basilikan bataiatu zuten.
Lopez Alen 26 urte zituela ezkondu zen Paulina Benita Leclercq Urangarekin, 1892ko ekainaren 20an, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan. Andregaia Irunen jaioa zen, 1870eko apirilaren 29an, eta Ramon Leclercq Abalia eta Manuela Uranga Maioz izan zituen guraso. Senar-emazteek ez zuten seme-alabarik izan eta diru-arazorik gabe bizi izan ziren, udal liburuzainari zegokion soldatari esker. Marrazkiko eskola partikularrak ematen zituen soldata osatzeko, harik eta 1904an elbarri gelditu zen arte. Horrexegatik, hain zuzen ere, aukera-aukerakoa izan zitzaion hiriko kronikari izendatu izanak erakarri zion diru osagarria.
1904 funtsezko urtea izan zen haren bizitzan, Donostiako udal liburutegiko zuzendari izendatu baitzuten (1904-1910), bai eta Euskal-Erria aldizkariko zuzendari ere, Antonio Artzaken ordez. Artzaken laguntzailea izana zen eta, aldizkarian, jada, marrazki, lan eta olerki aunitz argitaratuak zituen. Urte hartan bertan, ordea, apoplexiak erasan zion eta, horren ondorioz, handik aurrera, oso hebaindua gelditu zen. Izan ere, hil aurreko azken sei urteak, malenkoniak eta sufrimenduak jota bizi izan zen, ordura arteko literatura eta arte ekoizpena pixkanaka eragotzita. Donostia hiriko kronikari izendatu izanak eragindako poz handiak arindu zion bakarrik ataka hura. Xehetasun oro «Homenaje de la Revista Euskal-Erria a D. Francisco Lopez Alen» artikuluan ageri da (1910eko uztailak 10), non 25 erudituk, literatok eta olerkarik haren balioa goretsi baitzuten. Haien artean daude Jose Maria Salaberria, Manuel Munoa (idazkaria eta zendutakoaren laguntzailea), Aristides Artiñano eta Julian Salazar (Donostiako Sustapen alorreko zinegotzia, hiriko kronikari lanpostua lortu ziona).
Lopez Alenen biografian, haren enpleguak hartu behar ditugu aintzat, hots, liburuzaina, kazetaria (Euskal-Erria aldizkariko ohiko kolaboratzailea eta zuzendaria) eta Donostiako kronikaria eta, horrez gain, literato nekagaitza eta marrazkilaria. Olerkari gisa, hainbeste sari eskuratu zituen euskarazko poesia lehiaketetan (lore-jokoak, euskal jaiak…), non, behin batean, epaimahaiak lehiaketatik kanpo utzi baitzuen gainerako parte-hartzaileei aukera ematearren. 1888an hasi zen poesia sariak irabazten, «Ayer y Hoy en Donostia-San Sebastián» lanarekin. Haren olerkirik ezagunena Josecho da (1896), La Voz de Guipúzcoa egunkarian argitaratua.
Lopez Alenek Donostiako Udal Liburutegian eman zuen ia bere bizitza osoa. Ez dakigu arauzko ikasketarik egin zuen edo bere kasa ikasi zuen. Izan ere, La Voz de Guipúzcoa egunkari lagunak hari eskainitako hilberriaren arabera (Euskal-Erria aldizkariak ere argitaratua), 18 urte bete baino lehen ere aitari laguntzen zion aipatu liburutegian, 1885 irian, eta, aita hil zenean, karguan jarraiki zitzaion. Gero, Antonio Artzak zendu zenean, «Francisco aipatu Establezimenduko Zuzendari izendatu zuten, bai eta Euskal-Erria Aldizkarikoa ere, aipatu Artzakek bi karguak betetzen baitzituen» (Euskal-Erria, 63, 29. or.). Lopez Alen zuzendaria zenean, Liburutegia Urdaneta kaleko Arte eta Lanbide Eskolako eraikinera eraman zen. Praxedes Diego Altunak jarraitu zion karguan (1910-1931). Liburuzain «bare eta atsegina» izan zen, nerabeengan irakurzaletasuna zabaltzeko ardura izandakoa, Dumasen eta Jules Verneren eleberriak gomendatuta.
Euskal-Erria aldizkarian artikulu ugari euskaraz eta gaztelaniaz idatzi zituelako sartu behar da Lopez Alen euskal pentsamenduaren historian. Izan ere, 25 urtean jardun zuen (1886-1910), bertsoa, prosa eta ilustrazioa tartekatuta. Alen, idazleaz gain, marrazkilari ona izan zen lehen garaietan, eta pintore nabarmena, 1890etik aurrera, Arte Ederren Erakusketa Nazionalean margolan bat aurkeztu zuenean.
1886an bidali zuen lehen lana Euskal-Erria aldizkarira, Juan M.ª Gelbentzuren erretratu bat argitaratu baitzen, lumaz egina. Aldizkarian plazaratutako lehen literatura lana «Nere aitari» izenburuko euskal olerkia izan zen. Orduz geroztik, etengabe aritu zen aldizkarian, prosa gehiago idatzita poesia baino; zalantzarik gabe, artikuluaren literatura modalitatea hobetsi zuen, Euskal Herriari buruzko bere dibulgazio historikoak zabaltzeko. Lopez Alenek gogo biziz eskaini zion bere ahalegin guztia Euskal-Erria aldizkariari, bai marrazkilari aditu gisa, bai publizista ospetsu gisa, bai kronikari onbera eta ilustratu gisa; eta 1904an zuzendari izendatu zutenean, bi aurrekoek, hots, Jose Manterolak eta Antonio Artzak, ezarritako ikuspegi ideologikoaren barnean mantendu zuen aldizkaria, hau da, erabat bideratua euskal hizkuntza eta herria gorestera. Altzolaren arabera, Euskal-Erria aldizkaria altxor oparoa izan zen usadio, oroitzapen, elezahar, ipuin eta herri-kantuetan; azterlan historiko, geografiko, arkeologiko, juridiko eta sozialetan, euskal jaien, kontzertuen, erakusketen eta lan sarituen aipamenetan; orobat, nekazaritza, industria, musika eta arte alorreko aurrerapenen aipamenetan, bai eta Euskal Herriko gertaerarik nabarmenenen aipamenetan ere. Gai horiek guztiak jorratu zituen Lopez Alenek bere artikulu labur ugari baino ugariagoetan (ia guztiak bi orrialdekoak gehienez). Lopez Alenek bakan idatzi zuen beste aldizkari batzuetan: La Vasconia, La Voz de Guipúzcoa, Escualduna edota Euskalzale.
Laburbilduz, Lopez Alenek zuzendutako Euskal-Erria aldizkaria «euskal letren monumentutzat» jotzen zen, haren talentuagatik eta herrizaletasunagatik, eta euskararekiko maitasun minak eta garrak inspiraturik jardun zuen. Adrian Loiarte jarraitu zitzaion 1910etik 1918ra, urte hartan argitaratzeari utzi zitzaiolako.
Artikulu sorta emankorrean, Donostiarekin zerikusia dutenak dira nabarmentzekoak. Horren haritik, Julian de Salazar Donostiako zinegotziak honakoa esan zion hiriko kronikari lanpostua eman zitzaiola jakinarazi zionean: «Tira, ez izan hain apala, zeren izatez ia-ia kronikaria baitzara zu, ezagunak ez ziren hainbeste monografia eta hainbeste bitxikeria argitaratzean; material bikainak baitira Donostiaren Historia idazten denerako». Izan ere, haren azken lanek Donostiaren Historia batekin zuten zerikusia, huraxe prestatzen ari baitzen «1913ko Mendeurrena»ren jaietan aurkezteko, hiria frantsesek hondatu (1813) baina berehala berreraiki zela gogoratze aldera.
Artikulugilea izateaz gain, Lopez Alenek munta eta zabalera handiagoko lanak ondu zituen, hala nola Iconografía biográfica de Guipúzcoa, galería de guipuzcoanos ilustres, Historiaren Errege Akademiaren alde-aldeko txostena jaso zuena; Estudio histórico artístico del antiguo convento de San Telmo, de la Ciudad de San Sebastián, nortasun handiko grabatuak dituena, bai eta hiriko plano interesgarri bat ere; El ilustre pintor Antonio de Brugada azterlan biografikoa eta Donostiako Udaletxeko haren margolanei buruzkoa.
Esaten da Lopez Alen tradizioari irmo atxikia egon zela pentsamoldez. Zehazki: «baskongado osoa eta, beraz, katoliko eta abertzalea», «arrazaren bilakaera eta eraldaketa ororen aurkakoa, eta beti katoliko eredugarri», modernismoaren eskakizunetara egokitu gabe. Alenen pentsamolde kontserbadoreegia nabarmentzen du Eugenio Gabilondok, euskararen gainbeheraz kezkatua eta tipo donostiarra ezaugarritzen zuten ohitura batzuen desagerpenaz arduratua («Hildakoaren ideala gure hiria harresi-esparrura mugatua ikustea izango zatekeen, antzinako garaiko tipo eta ohiturekin»).
Aristides Artiñano (1840-1911) historialari, kazetari eta politikari foruzaleak Alen «gizartearentzako gizon baliagarrien artean» kokatzen zuen, apalen eta xumeen klasean, baina langile nekagaitza izanik. Bukatzeko, hauxe idatzi zuen: «bere herriaren miresle sutsua, eta jende guztiaren maitasuna bereganatzen jakin duena».
Lopez Alen donostiar suhar eta bizia izan zen. Haren heriotzak nahigabe handia eragin zuen Euskal Herri guztian, baina bereziki Donostian. Prentsak hilberri ugari eskaini zizkion.
Manuel Munoa liburutegiko laguntzaileak idatzitako «Semblanza sentimental» delakoaren arabera, Lopez Alen bere lanbidean barne-barneko gogo bizi gehien jarri zuen literatoetako bat izan zen, bere lanean eguneroko ahalegin handiena jarritakoa, borondaterik handiena jarri zuena arrakasta erdiesteko, eta, hala ere, «hona hemen, halaber, bere gogo bizia eta ahalmenak erarik mingarrienean desegiten ikusi dituen literatoa».
Sari askoren bidez hartu zen aintzat Alen liburuzainaren literatura eta arte lan itzel hura, haren izaera apal eta on hura, haren tatxarik gabeko zintzotasun hura eta abertzaletasun garbi hura; besteak beste, Donostiako kronikari titulua eman zitzaion, hiriko armarriaren erabilera eta guzti (horrexek harrotu zuen gehien); Euskarazko Itz Jostaldien Batzarraren zuzendaritzako kidea; Historiaren eta San Fernandoko Arte Ederren Akademietako kide urgazlea; Gipuzkoako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzorde Probintzialeko kidea. Halaber, Itsasketa Merezimenduaren gurutzea eman zitzaion.
Obrak
(Hautaketa)
«Nire aitari bere eriotzaren urte-urrenean», Euskal-Erria, 15 (1886), 382. or.
«Euskaldun erriari», Euskal-Erria, 19 (1887), 275-276. or.
«Abuztuaren 31. Donostiari, 1813-1888», Euskal-Erria, 19 (1888), 185. or.
«Atzo eta gaur. Donostia-ri», Euskal-Erria, 18 (1888), 205-206. or.
«Euskaldun lur doaitsuari», Euskal-Erria, 19 (1888), 275-276. or.
«Habana-ra. Gudari gazte baten agurra bere amari», Euskal-Erria, 19 (1888), 376-377. or.
«¡Iparragirre!», Euskal-Erria, 19 (1888), 495-496. or.
«Or dezu», Euskal-Erria, 21 (1889), 16-17. or.
«Oroitz bat. 1813-garren urteko Donostiari, abuztuaren 31.garren egunean», Euskal-Erria, 21 (1889) 165. or.
«Trueba», Euskal-Erria, 20 (1889), 249. or.
«Zer geran», Euskal-Erria, 21 (1889), 442. or.
«Bilinchen obian», Euskal-Erria, 20 (1889), 71-72. or.
«Elurra!», Euskal-Erria, 20 (1889), 183. or.
«Nafarroko ezkuturen aurrean», Euskal-Erria, 22 (1890), 222. or.
«Aur gaixoak», Euskal-Erria, 22 (1890), 440. or.
«Maitechoren eriotza eta aita baten negarra», Euskal-Erria, 25 (1891), 334-335. or.
«Nire amari», Euskal-Erria, 26 (1892), 492-493. or.
«Ama baten otsa seaskaren ondoan, Euskal-Erria, 29 (1893), 251-252. or.
«Ama baten otsa seaskaren ondoan», Escualduna, 7 (1893), 4. or.
«Josetxo», La Voz de Guipúzcoa (1894).
Oquendo, por Francisco Lopez Alen; ilustrado por el mismo con dibujos en zinc, Donostia: Imp. de La Voz de Guipúzcoa, 1894, 75, VII or.
«Aingeru bat geyago. Saratar Magdalen Larralde-ren oroimengarriari», Eskualduna, 10. urtea, 483 (1896), 3. or.
«Oroitz bat. Antoine d’Abbadie-ren obian», Euskalzale, 1 (1897), 307. or.
«Legazpi aundiari», Euskal-Erria, 37 (1897), 313-314. or.
Iconografía biográfica de Guipúzcoa: galería de retratos de guipuzcoanos distinguidos…, Donostia: J. Baroja é Hijo, 1898, 333. or.
«Agur, Sarasate!», Euskal-Erria, 59 (1908), 320. or.
«Oroitz bat. Eifelen dorreko tontor-tontorretik», Euskal-Erria, 58 (1908), 143. or.
«Euskaldun erriari», La Vasconia, 13 (1905), 10. or.
Estudio histórico-artístico del antiguo convento de San Telmo de la ciudad de San Sebastián, Donostia: Imp. y Enc. de J. Baroja e hijos, 1905, 48. or.: il.
El pintor Antonio de Brugada: apuntes de su vida artística y sus cuadros de la Casa Consistorial, Donostia: Establecimiento Tip. de J. Baroja e Hijos, 1907, 15 or., irudiekin.
La Biblioteca Municipal de San Sebastián, Donostia: Imp. y Enc. de J. Baroja e Hijos, 1908.
«Anayak. Aragoitarrak eta euskadunak», Euskal-Erria, 62 (1910), 354. or.
Bibliografia
BILBAO, J., Eusko Bibliographia, Donostia: Auñamendi, 1970-1981, V. libk., 206-211. or.
LEGORBURU FAUS, E., «López Alén, Francisco», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/58041/francisco-lopez-alen (2020ko abenduak 10).
URQUIZU SARASUA, P. (zuz.), Historia de la literatura vasca, Madrid: Universidad Nacional de Educación a Distancia (UNED), 2000, 326-327., 370-371. eta 386. or.
ZENBAITEN ARTEAN, «Homenaje de la Revista Euskal-Erria a D. Francisco López Alén», Euskal-Erria, 63, 1012 (1910eko uztailak 15), 1-30. or.; 25 erudituk, literatok eta olerkarik Lopez Alenen nortasuna goretsi zutenekoa.





