Karguak eta lanbideak
Legelaria, kazetaria, idazlea eta dibulgatzaile zientifikoa
Ibilbidea
Pontevedrako Sanxenxo herrian jaio zen, Joaquin Loisen eta Maria Amadoren semea. Galiziako legelari eta euskal foru erakunde juridikoen ikertzaile hau, gainera, kazetaria eta idazlea izan zen, filosofiaren eta ikerketa zientifikoaren zalea eta horiek lantzera oso emana.
Zuzenbide ikasketak egin zituen Santiago de Compostelako Unibertsitatean, «baina horrek ez zizkion eragotzi bere zaletasunak: filosofia eta ikerketa zientifikoa», Antonio Couceiro Freijomil idazle galiziarrak dioenez. Unibertsitate-garaian, 1876ko urritik 1877ko ekainera bitartean, doktrinari buruzko polemika interesgarria izan zuen Emilia Pardo Bazan kondesarekin astronomiaren eta ikerkuntzaren gainean, kondesa horrek Revista Compostelana aldizkariko orrialdeetan argitaratu zituen zientzia-dibulgazioko artikuluak zirela eta. Ondoren, Coruñan argitaratutako El Comercio Gallego egunkariaren orrialdeetan jarraitu zituen bere eztabaidak, ikerkuntzaren xedearen ingurukoak. Bertan, honako hau adierazi zuen: «Gai zientifikoek arreta handia eskatzen dute tratatzeko orduan, hitz bakar batek kontzeptu oso bat galaraz baitezake».
Eboluzioari eta darwinismoari buruzko ideiak luze eta sakon azaldu zituen 1881ean argitaratutako Recreaciones científicas lanean.
Cádizko Zientzia eta Arte Akademiako kidea izan zen, eta Akademiak bi txostenengatik saritu zuen 1882an, Aplicaciones modernas de la electricidad eta La Atmósfera, bai eta idazlan batengatik ere: La palabra imposible no puede usarse en el lenguaje de la ciencia.
Kazetari-lanean, El Anunciador, El Comercio Gallego, La Ilustración Cantábrica, Revista de España eta beste komunikabide batzuen kolaboratzaile aritu zen. Azken argitalpen zientifiko horretan, haren hainbat artikulu agertu ziren 1885ean, hurrengo urtean Lo accesible y lo inaccesible: Estudios populares de filosofía positivista izenburuko idazlanean bildurik argitaratuak.
1884. urtean, Bilbora lekualdatu zen, eta han finkatu zen. Abokatua zenez, gainera, Bilboko Abokatuen Elkargoan sartu zen, eta Pobreen Abokatuen Zerrendan (1884. eta 1885. urteetan) Ofiziozko Kausen Defendatzaile aritu. Horixe zehazten da, hain zuzen, Elkargo horretako Gobernu Batzar eta Batzar Nagusietako Akta Liburuetan. Zerbitzu horri, egun, Ofiziozko Txanda eta Doako Laguntza Juridikoa deitzen zaio, pertsona guztiek duten oinarrizko defentsa-eskubidea bermatzeko.
Aldi horretan, Revista de Vizcaya sortu zuen, eta haren zuzendaria izan zen 1885-1886 aldian. Hamabostean behingo kultura-edukiko argitalpena zen, eta eduki politikoa eta erregionalista zuten gaiak ere jorratzen zituen. Miguel Unamunoren arreta piztu zuen, Sabino Aranari gomendatu baitzion hura irakurtzea, eta horrek, hain zuzen, Etimologías Euskérikas idatzi zuen bertan. 1889an utzi zitzaion argitaratzeari, Vicente Arana Aranaren zuzendaritzapean.
Revista de Vizcaya aldizkariaren zuzendaria zela, 1886an, Compendio Foral de Vizcaya argitaratu zuen. Bertan, berrogeita hamar orrialdetan, erraz irakurtzeko moduko azalpen bat eman zuen Bizkaiko legeriaren egoeraz eta indarraz. Foru-tradizio juridikoaren berrikuspen historikoa egin zuen, lege eta foru ohiturak ere tartean. 1526ko Foru Berria onartu zenetik, oraindik indarrean ziren xedapenak nabarmendu zituen, Zuzenbide Publiko eta Zuzenbide Pribatuari buruzkoak, bai eta horiek zein pertsona eta lurralde-eremutan aplikatzen diren ere, Espainiako legeria orokorrarekin batera.
Biografía de Antonio Trueba bat argitaratu zuen, Frantziako Tolosako Mont-Real Historiako Akademiak saritua, eta bertako Lehen Klaseko kide ere izan zen.
Egun horietan bertan, Madrilgo Astronomia Behatokiko zuzendaritza eta Meteorologia Institutu Nagusiko zuzendariordetza lortu zituen oposizio bidez. Ondorioz, 1886an Bilbo utzi zuen kargu eta erantzukizun hori betetzeko, Pontevedran hil zen arte, 1888ko abuztuaren 9an.
Obrak
(Hautatuak).
Recreaciones científicas, Pontevedra: Imp. de José Alfredo Antúnez, 1881.
Compendio Foral de Vizcaya, Bilbo: Imp. de la Revista de Vizcaya, 1886, 46 or.
«Bosquejo sobre historia foral de Vizcaya», Revista de Vizcaya, 1. libk. (1886), 173-188. or.
Lo accesible y lo inaccesible: Estudios populares de filosofía positivista, Bilbo: Tip. Busto, 1886.
Biografía de Antonio Trueba, Bilbo, 1886.
Bibliografia
COUCEIRO FREIJOMIL, A., Diccionario Bio-bibliográfico de Escritores, Santiago de Compostela: Editorial de los Bibliófilos Gallegos, 1951-1954, II. libk., 1952, 297. or.
PRATT, D. J., Sings of Science: Literature, Sciencie and Spanish Modernity since 1868, berrarg.: Indiana, USA: Purdue University Press, 2001.
ITURRIAK
«Biografía de Antonio Trueba», Euskal-Erria, 1886.





