Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

LLORENTE, Juan Antonio (Rincón de Soto, Errioxa, 1756ko martxoaren 30a – Madril, 1823ko otsailaren 7a).

Karguak eta lanbideak

 Legelaria eta historialaria

Ibilbidea

Ez dakigu ia deus Juan Antonio Llorenteren haurtzaro eta nerabezaroari buruz. 20 urte zituela, Llorente graduatua zen Zuzenbide Erromatar eta Kanonikoan Zaragozako Unibertsitatean; handik hiru urtera apaizgoan sartu zen eta hurrengo urtean, 1825ean, Zuzenbide Kanonikoko doktore gradua lortu zuen. 26 urte zituen fiskal eklesiastiko nagusi, probisore eta Calahorrako diozesiko bikario nagusi izendatu zutenean. Gogoratu behar da garai hartan elizbarruti horrek bere baitan hartzen zituela Bizkaiko Jaurerria eta Arabako Hermandadea. Zazpi urtez Arabatik eta Bizkaitik, alegia, elizbarrutiko euskal eremutik, etorritako dokumentazioa erabili izanak eta urte horietan bete zituen kargu garrantzitsuek eskura jarri zizkioten kontaktuek, gehi bere kontaktu pertsonalek, noski, eremu horietako elizaren arazoak, eta bestelakoak ere, gertutik ezagutzeko aukera eman izanen zioten.

Llorenteren bizitzak bira eman zuen 1789an Gorteko Inkisizioko idazkari nagusi izendatu zutenean. Horrekin batera, erregek izendatutako kalonjetza bat eman zioten Calahorran, uste izatekoa denez, in absentia betetzekoa, eta horiez gain, zentsore enplegua. Ofizio Santua eraberritzeko plan bat egin izanak zoritxarra ekarri zion, izan ere, 1801ean atxilotu zuten, eta kargu guztiak kendu zizkioten. Haren zortea aldatu zen 1805ean Madrilera deitu zutenean, Noticias históricas de las Provincias Vascongadas lana egin zezan. Uste zabalduenaren arabera, enkargua loturik dago hurrengo urtean Toledoko katedraleko maestreescuela izendatzearen prebendarekin eta Karlos III.aren gurutzea ematearekin.

Borboitarren ordez napoleondarrak ezarri izanak beste aldaketa handi bat eragin zuen Llorenteren bizitzan. Despotismo ilustratuaren hurbileko pertsonalitatea izanik, Jose Bonaparte I.arengandik lortu zuen Estatu kontseilari eta Gurutzada Santuaren komisario nagusi karguak ematea. Denbora aprobetxatu zuen Inkisizioaren historiari buruzko agiriak aztertzeko. Ia hirurogei urte zituela erbestera alde egin behar izan zuen, kanpora egotzitako errege frantsesaren segizioaren atzetik, herriz herri. Batere arrakastarik gabe saiatu zen Fernando VII.arekiko adiskidetasuna berreskuratzen. Frantziako erbesteratze behartuak aukera eman zion Inkisizioaren historia kritikoari buruzko ikerketarekin aurrera jarraitzeko. Beste alde batetik, Aita Santuen erretratu politikoei buruz idatzi zuen liburuak 1882an Frantziatik kanporatua izatea ekarri zion. Hurrengo urtean hil zen Madrilen.

Haren biografia Hiztegi honetan jasotzea eragin duen haren funtsezko lana, hain zuzen ere, 1806 eta 1808 bitartean argitaratutako Noticias Históricas de las tres Provincias Vascongadas lanaren lau liburukiak dira. 1808an berean idatzi zuen bosgarren liburuki bat, Francisco Aranguren Soldadok, Bizkaiko jaurerriko aholkulariak, lanaren lehenengo liburukiari erantzuna eman ondoren. Azken liburuki horretan, bere iturriei buruzko beste bi liburuki ere idatziko zituela iragarri zuen Llorentek, baina ez ziren inoiz argitaratu. Ziu- rrenik, Erdi Aroko agiriak izanen ziren, garai hura ezagutzen baitzuen hobekien, eta hari erreparatu baitzion Noticias Históricas lanean.

Errege boterea zintzo konprometitu zen agindua bete zedin. 1803ko Za- makoladaz geroztik Bizkaia okupatzen zuen errege armadaren ardura zuen buru militarrak, Alkate Nagusiak eta eskribau batek bost egun igaro zituzten Gernikako Artxibo Nagusian paperak aztertzen, Diputazioak esku-hartze bidegabe horren aurkako iritzia eman bazuen ere. Handik urte batzuetara, Llorentek azpimarratu zuen bere lanaren merezimendurik handiena zela «iritzi publikoa prestatzea iskanbilarik gabe onartzeko probintzia honetan eginen diren aldaketak, bere legeria Espainiako gainerakoekin uniformea izan dadin». Funtsean, eginkizuna zen «subiranotasunaren eskubideak irakastea». Godoyk bere Memorietan gogoratu zuen lan hori «Gobernuaren enkargu berezia» izan zela, Llorentek misio ofiziala aipatzea gustukoa ez bazuen ere, horrek bere lanaren objektibotasun-irudia okertzen zuelakoan.

Aginduaren lehentasunezko helburua zen zalantzan jartzea euskaldunen forua bertan sortua zela betidanik aldarrikatzen zen ideia. Hartan oinarritzen zen botere konstituziogile mugatu bat, eta Koroarekin negoziatzekoa, eta babestuta zegoen erregearen alde bakarreko eta guztizko borondatearen aurrean. Funtsean, sinisten zen ideia zen euskaldunak antzina independenteak zirela, eta Koroarekin bat egitea eta horri atxikiak geratzea itun baldintzatu baten ondorioa zela. Beharrezkoa zen, beraz, itunak eta baldintzatze horiek ezbaian jartzea, aurka egitea probintzien eta erregearen arteko harremana bi aldeen artekoa zelako tesiari. Hona nola formulatu zuen Llorentek bere helburua: «esaten dutenez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia errepublika askeak, subiranoak, independenteak izan ziren, harik eta, beren borondatez (bakoitzak bere garaian) beren subiranotasuna, independentzia eta askata- suna Gaztelako errege-erreginen esku utzi zuten arte, beren salbuespenak, legeak eta kaparetasuna gordetzeko itunak eta baldintzak jarrita, antzinako mendeetatik omen zituzten bezala, eta hori dela orain duten foruaren jato- rria: iritzi hori nagusi izan da orain arte, hainbeste non, haren udal gobernuaren ordezkariek ez duten zalantzarik egin tronuaren aurrean erakusteko egintza hura, beren eskaeren zalantzarik gabeko oinarri gisa» (Noticias históricas I, XVII).

Testuinguru horretan, Llorenteren eginahal historiografikoaren helburua funtsean zen erakustea oinarririk gabeko ustea zela euskal lurraldeak kan- poko botererik ez zutela ezagutu 1200. urtea baino lehen, eta hutsala zela urte hartan Gaztelari atxikitzeko itunak lotu arte komunitate libreak izan zirelako ideia. Aitzitik ere, Llorentek frogatu nahi izan zuen hiru probintziak etenik gabe kanpoko botere baten mendekoak izan zirela Inperio erromatarraren garaian, bisigotuen garaian, harik eta lehenbiziko errege asturiarrekiko lotura, lehenik, eta Gaztela-Leonekiko lotura, ondoren, eratu zen arte. Izan ere, Gaztelako erregeek mendebaldeko euskal lurraldeen gainean duten boterearen iraunkortasunaz kezkatuta, ia ez da geratzen Nafarroako erresuma eratu izanak eta 1076an hondatu izanak duen esanahia azaltzera. Euskal lurraldeak 1200ean Gaztelako Alfontso VIII.ak okupatzea da handik aurrerako garaia zedarritzen duen gertaera.

Deskribatutako erreferentziazko markoaren barruan, hiru lurraldeen atxikipena baldintzarik gabea izan zela argitzeko dituen frogak aletzen ditu Llorentek. Arabatarrek ez omen zuten inola ere inolako itunik sinatu 1332an, Alfontso XI.arekin, Arriagako zelaian, eta erregeak beti jardun omen zuen jaun absolutu eta subiranoaren gisa Gipuzkoan. Gauza bera esan daiteke Bizkaiari buruz, «sekula ez zen izan askea, subiranoa eta independentea, aitzitik ere, beti egon zen lotua gure monarken botere gorenari».

Esaten ari gara enkarguaren lehentasunezko helburua, ondorio politiko handiena izan behar zuena, antzinako independentzia, Zuzenbidearen jatortasuna eta atxikipena lotzeko itunak ukatzea zela. Tesi edo printzipio horiek zalantzan jarrita, goitik behera erortzen zen foru-erregimenaren oinarria, Llorenteren ustez. Baina horrez gain, garrantzitsua zen euskaldunek berezko zu- zenbidekotzat jotzen zituzten erakunde zehatz guztiak, banan-banan, ezbaian jartzea. Llorentek aukeratu zituen hiru lurraldeak Gaztelako sistema oroko- rretik bereizten zituzten erakundeak, eta batik bat, errege-altxorraren eta Koroaren menpeko gainerako herritarren interesean eragina dutenak.

Lehenik eta behin, beharrezkoa zen ukatzea, lurraldez lurralde, berezko zuzenbidearen kontzeptua, hau da, bertako egileen baieztapena, zeinaren arabera probintzien antolamenduaren lehenengo nukleoa independentziaren garaitik zetorren, eta atxikipen-itunei esker kontserbatu zen. Llorenteren esane- tan, berriz, independentziarik izan ez bazen, ez zen noski berezko eskubideen erreserbarik aipatu izanen atxikitze-itunetan, itunik ere ez baitzen izan. Era berezian aztertzen du errege-erreginek Bizkaiko forua zin egin zuteneko gertaera erabakigarria, izan ere, kalonje errioxarraren iritziz, errege-erreginek egindako akatsa izan zen.

Kaparetasun orokorra zen euskaldunek sakratutzat zuten bigarren instituzioa, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Kalonje errioxarraren iritziz kaparetasun bakarra da erregearen eskutik, Estatuaren eskutik, datorrena. Ez du ezbaian jartzen orokortuta zegoela aipatu diren bi lurraldeetan, herritarren arteko berdintasunaren ondorio paradoxikoa dakarrena, baina beste jatorri desberdin bat ematen zion horri, uste denaz bestelakoa. Izan ere, erregeak emandako prerrogatiben ondorioz sortzen zela esaten zuen. Erdi Aroan ple- beioak izateak frogatzen du berdintasuna erregeen borondatetik sortzen dela.

Llorentek erudizioa jori erabili zuen zerga-salbuespena deuseztatzeko. Foru erakundeei eskainitako liburukiaren erdia betetzen du euskal foruaren jatorriaren eta izaeraren ikerketak. Baina, hala ere, datuen anabasa horretan, gutxi dira hiru lurraldeei dagozkien informazio fiskalak. Haren iritziz, salbuespena erregearen emakida da, kontuan hartu zuelarik herrialdearen pobrezia. Llorentek era bereziki gogorrean ezetsi zuen Foru Zaharraren eta Foru Berriaren 4. Legeak jasotzen duen zerga-salbuespenaren adierazpen era- bakigarria. Finean, zergak inposatzeko erregeak zuen ahal falta haren ema- kidetatik eta kaparetasuna orokortzearen ondorioetatik etorriko zen, eta ez itunetatik. Egilea ez zen ausartu, edo ez zen gai izan, Euskal Herrian azken 300 urteetan, alegia, instituzio hori finkatzeko erabakigarria izan zen aldian, gertatutakoa argitzeko erronka historiografikoari aurre egiteko. Izan ere, egia esatera, dokumentu andana eta hitzak jori erabili arren, auzia 16 orrialdetan kitatzen du, eta horietan ere, aurreko garaian geratzen da, alegia, Erdi Aroan.

Erdi Aroa ere borroka-eremutzat hautatu zuen, merkataritza-askatasunaren funtsezko instituzioa auzitan jartzeko. Instituzio hori izan zen, beharbada, kutunena foru erakundeen artean, 1841ean galdu zen arte. Merkataritza-askatasunak, izan ere, eragina baitzuen euskaldunen bizimoduan eta jarduera ekonomikoa ulertzeko haiek zuten eran. Auzi gatazkatsua bihurtu zen XVIII. mendetik aurrera, Ondorengotza Gerrak ekarritako instituzio-bateratzearen ondoren. Merkataritza-askatasunak eta aduanak izateak gero eta errezelo gehiago eragiten zuen gortean, eta mende hartan hamaika tentsio-une larri izan ziren euskal lurraldeen eta Administrazio zentralaren artean: adibidez, 1717ko aduanen lekualdatzea eta haren ondoriozko gatazka, Patiño- ren 1727ko Kapitulatua, kontrabandoa edo merkatu amerikarraren itxiera. Llorentek ezesten du ohiturak gai horretan eskubidea sortzeko balioa duenik, eta atzera jotzen du Erdi Aroko foruetan askatasuna ukatzen duten arauen bila. Ez du aztertzen merkataritza-askatasunaren jardunbide moderno eta garaikidea, ez eta erregeek horri zor dioten errespetua ere.

Euskal defentsa-sistema, salbuespen militarrean eta gizonen borondatezko ekarpenean oinarrituta, ezbaian geratu zen 1795ean tropa frantsesek herrialdea okupatu zutenean, Konbentzio Gerran. Llorentek bere lana prestatzen zuen bitartean, erregearen armadak Bizkaia okupatzen zuen, Zamakoladan izandako istiluen ondoren. Egileak zehatz-mehatz, herrialdez herrialde, aztertu zituen salbuespen militarraren funtsezko hiru alderdiak: orokorra, gerra egiteko lurraldetik kanpora ateratzeari zegokiona, unean-unekoa, milizia probintzialez osatutako erregimenturik ez izatea, eta azkena, gizonik ez ema- tea errege armadaren deialdietarako. Berriro ere, Llorentek bere betiko argu- dioa erabiltzen du, Erdi Aroan gertatzen zena aipatuz, baina ezkutatu zuen salbuespen militarra 1805ean errealitate bizia zela Euskal Herrian, eta eus- kaldunek beren burua defendatzeko eta Monarkia defendatzeko zuten modua berezia zela. Berriz ere pribilejioa zela esan zuen, eta «errege batek eman bazuen, beste batek baliogabetu edo deuseztatzen ahal du, arrazoia bidezkoa bada». Hain zuzen ere, bizkaitarren foru militarra «ez da nazio aske baten eta subirano baten arteko ituna, subiranoak emandakoa baizik, herritarren atxikimendua lortzeko».

Foru-baimenari orrialde anitz eskaini zizkion Llorentek, argi baitzuen norainoko garrantzia ematen zioten bertakoek beren lege-antolamendua erasotzen ahal zuten kanpoko ebazpenen azterketari —eta balizko uko egiteari—, izan erregeak emandakoak, izan elizak emandakoak. Foru-baimena lehendik ere jasotzen zen Foru Zaharraren 15. artikuluan: «Bizkaiko Jaunak Bizkaiko Foruaren aurka eman lezakeen edozein agiri, obeditua izan dadila, eta ez betea». Egiaz, foru-baimena ukatzen zen Errege-erregina Katolikoek 1487an in- posatutako Chinchillaren Kapitulatu debekatzailean. Gorteak berrezarri nahi izan zuen testu hori 1768an, baina bizkaitarrek alegatu zuten ez zegoela testu hori Bizkaiko artxiboetan, eta Jaurerriak hura inprimatzeko eskaerari uko egin zion. Llorenteren iritziz, ordea, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, instituzioak ez du itunaren babesik, bost mendez indarrean egon bazen ere, eta bizirik irauten bazuen ere, Llorentek bere obra idatzi zuen unean ere. Llorentek eraso gogorra egin zuen Bizkaitik kanpokoak lanbideetatik kanpo uztearen aurka. Haren iritziz, bidegabea zen bizkaitarrek era guztietako lanbideetan aritu ahal izatea Gaztelan, baina gaztelarrek aukera berdina ez izatea Bizkaian. Hitz hauek erabili zituen: «Gaztelaren eta Bizkaiaren arteko elkartzea bidegabea da bizkaitarren enpleguak eta abantailak Jaurerriko biztanleentzat bakarrik badira, eta Gaztelakoak guztientzat komunak» (Noticias históricas, II, 442-443. orr.).

Llorentek erabat iraulkatzen ditu euskaldunen tesiak, izan ere, haren aburuz, foru-sistemaren eboluzioak bi ezaugarri nagusi ditu: berandu agertzea, lurraldeak Gaztelako Koroa atxiki zuten unea kontuan hartzen bada, eta orijinaltasun edo bertakotasun falta, Errege-erregina katolikoen aurreko Gorte gaztelarren akordioetatik sortzen direlako, edo herrialdearen pobrezia konpentsatzeko errege-erreginek emandakoak direlako. Edo, bestela, kapare gaztelarren foruetatik eratorri eta ondoren Bizkaiko Batzar Nagusiek gorde zituzten.

Obra osoan Llorente zentratzen da antzinako independentziarik eta itun baldintzaturik ez zela izan frogatzeko eginkizunean, eta eroso sentitu zen nabigatzen Erdi Aroan zehar, alde batera utzita Aro Modernoa, hori zelarik, hain zuzen ere, aztertu behar zuen garaia. Ez zen gauza bera gertatu azken laburpen arin batekin, hartan, adimen handiz, saiatu baitzen azaltzen foru-sistema baten eboluzioa, autogobernu gero eta handiago baterantz. Jomuga Bizkaian jarri zuen, hura baitzen nortasun bereziena zuen lurraldea, eta gaitasuna zue- lako antzeko autonomiarako gogoa pizteko beste bi lurraldeetan. Baina Llorenteren arabera, Behe Erdi Aroaren hasieran ez zen existitzen probintziako gorputz politiko gisa, eta erresumako beste leku batzuen antzeko arauak zituen. 1348an Alcalaren Ordenamendua ezarri zenetik, ordea, lurraldeen antolamenduari zegokionez, Gaztelan aldaketa zentralizatzailea sortu zen, Erresumako tokian tokiko zuzenbidea ezabatzekoa, Euskal Herriko lurraldeen instituzio pribatiboak mantendu eta indartzen direlarik. XIV eta XV. mendeetako Alderdien gerrak komunitate politikoa indartu zuten Hermandadeen bidez, eta horrekin Gaztelako lurraldeekiko desberdintasuna areagotu zen. Llorentek onartzen du Batzar Nagusiak eta haien dinamismoak erraztu zituztela askatasunak orokortzea eta autogobernuaren garapena. Deigarria da, ordea, kontuan ez izatea lehendik komunitateak existitzen zirela, ez eta ohiturak eta itunek Zuzenbidea sortzeko duten balioa ere, eta araubidearen finkatze progresiboa, zin egiteen bitartez, ere ez. Oro har, erregearen botereak Euskal Herriko lurraldeetan aurkitzen dituen mugak egiaztatzen dituenean, Llorentek erreakzionatzen du gertaera ezohiko batengatik haserretutako absolutista baten moduan: beraz, itxusikeria litzateke Euskal Herria Gaztelaren dohain bateratzailetik salbuetsia zela azaltzea.

Llorenteren lana ebaluatzean, haren jakinduria handia nabarmendu da, eta haren eraginkortasun beldurgarria kritiko gisa (Caro Baroja). Eransten duen dokumentazioaren oparotasuna ere bai (Mañaricua). Aldi berean, hainbat egilek azpimarratu dute haren izaera saldua eta ustela, eta haren lanetan sumatzen den asmo gaiztoa (Canovas del Castillo, Menendez Pidal, Echegaray eta, batez ere, Mañaricua, eginahalak egin baitzituen haren ezaugarri horiek erakusten).

Historialari errioxarraren lanaren aprobetxamendu politikoa berehala hasi zen, Estatuaren zentralizazioa burura eraman nahi zutenen aldetik: Gaztelako Kontseiluak 1807an berean onartu zuen foruak berraztertzeko asmoa. Monarkia tradizionala berrezarri ondoren, 1815ean sortu zen Euskal Lurraldeetako Errege Ogasunaren gehiegikeriei aurre egiteko Erreforma Batzorde bat, eta hark Llorenteren testua laburtu zuen zergei zegokien guztian. Bultzada horrek hurrengo hamarkadan ere jarraitu zuen, Grazia eta Justiziako ministro Calomardek Tomas Gonzalezi agindu zionean Llorenteren tesiak sustatzen ahal zituzten dokumentu guztiak biltzeko. Handik urte dezentera ere, 1864an eta 1876an, Llorenteren itzala Gorteen hemizikloaren gainetik hegatzen zen, hartan inspiratuta josten baitzituzten beren hitzaldiak araubide komuna Euskal Herrira zabaltzea defendatzen zuten parlamentariek. 1876an, esaterako, Moraza arabarrak honako hau esan zuen:

«Llorente bizirik da… erasotzen gaituzten guztiek haren babesa bilatzen dute… haren liburuak gure etsai guztien eskuetan daude… haren arrazoibideak kopiatzen dira». Haren arrastoa Gregorio Balpardarengana eta beste hainbatengana ere iritsi zen. Oraindik XX. mendean ere oso gogoan izan zuen Gonzalo Martinez Diazek, bere lan dokumentatu eta kritikoa prestatu zuenean.

Llorenteren lan erabatekoak erreakzio nabarmena eragin zuen Bizkaian, gauza ulergarria, foruekiko kontzientzia handiena lurralde hartan baitzegoen. Jaurerriko Diputazioak 1807an Domingo Lerin Clavijo Donemiliaga Kukuako fraide beneditarrari eman zion erantzuna prestatzeko agindua, baina ez zen argitara atera, orain gutxi dela Jose Maria Gorordok testu hura argitaratu duen arte. Handik gutxira, Francisco Aranguren Sobrado, Jaurerriaren biziarteko aholkularia, sartu zen joko-zelaian, bere kabuz. Haren Demostración del sentido verdadero lana atzeratu zen zentsuraren eraginez. Eta oztopo bera topatu zuen Pedro Novia de Salcedoren Defensa histórica lanak ere, hogei urte kosta baitzitzaion aurrera ateratzea.

Obrak

Discursos histórico-canónicos sobre los Beneficios Patrimoniales en las Iglesias parroquiales del Obispado de Calahorra y la Calzada, Iruñea: J. A. Castilla, 1789.

Noticias históricas de las Provincias Vascongadas, Madril: Errege Inprimategia, 1806- 1808. 5 libk.

Memorias para la Historia de la Revolución española con documentos justificados, compiladas por D. Juan Nellerto, Paris: M. Plassan, 1814. 3 libk.

Histoire critique de l’Inquisition d’Espagne depuis son etablissement par Ferdinand V jusque au regne de Ferdinand VII, tirée des pièces originales des Archives du Conseil de la Supreme et de celles des Tribunaux subalternes du Saint Office, Paris, 1817-1818. 4 libk. Gaztelaniako itzul. Madril, 1822; Bartzelona, 1835, 10 libk.

Noticia biográfica, o Memoria para la historia de su vida escritas por él mismo, Paris: Robec, 1818.

Portraits politiques des Papes, Paris: 1822, 2 libk. Gaztelaniako itzul.: Retratos políticos de los Papas, Madril: 1823. 2 libk.

Defensa canónica y política de D. Juan Antonio Llorente contra injustas acusaciones de fingidos crímenes, trascendental en varios puntos al mayor número de españoles refugiados en Francia, s. a. Mañaricúaren arabera Parisen idatzi zen, 1816an.


Bibliografia

MAHUL, A. J., Notice biographique sur Don Juan Antonio Llorente, Paris, 1823.

MAÑARICÚA, A. E., Historiografía de Vizcaya, desde Lope García de Salazar a Labayru, Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1980, 346-349. orr.

MENÉNDEZ PELAYO, M., Historia de los heterodoxos españoles, Madril, 1947, IV. tomoa, 154-155. orr.; Madril, 1948, V. tomoa, 53. orr., 211; VI. tomoa, 13-14. orr.

MOREL FATIO, A., «Don Juan Antonio Llorente», Bulletin Hispanique, 21 (1921), 226-236. orr.

SARRAILH, J., «Don Juan Antonio Llorente», Bulletin Hispanique, 25 (1923), 226-236. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP