Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARAGOIKO KOROAKO EGILEAK ETA OBRAK

LLIBRE DELS FETS (Gertaeren liburua. Jakue I.aren kronika) (1276. urtea eta gero)

Ibilbidea

Zenbait eskribak idatzi zuten, Jakue I.ak diktatuta, Mallorcaren konkistatik aurrera eta erregea hil aurretik (1276). Geroagoko kopia batzuetan iritsi da gurera. Gorde diren eskuizkribu zaharrenak 1313. eta 1343. urteetakoak dira. Lehenbizikoa Pedro Marsilioren latinezko bertsioa da. Marsiliok dio testua ordenatu eta kapitulutan antolatu zuela, Errege Artxibategian gordetako dokumentuak baliatuta. Badirudi testua kapitulutan antolatzea eta liburu bakar batean ipintzea Marsilioren ekimena izan zela. Bestalde, Pobleteko eskuizkribua (1343) abadearen aginduz kopiatu zen, baina ez dakigu jatorrizko testuak ala kopiak erabili zituen. Geroagoko beste kopia batzuk ere badaude, eta, 1557tik aurrera, inprimatutako kopiak ere bai.

Llibre dels fets lana erlijio- eta probidentzialismo-espiritu sakon batez idatzita dago. Erregea heroi epikoa eta gesta militar handien protagonista da, baina haren nortasunaren intimitateak ere deskribatzen dira. Jakue I.aren bizitza eta balentria handienak kontatzen ditu, autobiografia moduan, eta arreta berezia ematen zaie Mallorcako eta Valentziako konkistei. Narrazioa monarkaren jaiotzarekin hasten da (1208), eta heriotzarekin amaitzen da (1276). Hitzaurrea eta epilogoa ere baditu, pertsona erudituago eta kultuago batek idatziak, erregea jada hilda zela.

Jakue I.aren kronikak aukera eman du jakiteko nola egin zuten elkarrekiko herentzia-hitzarmena Aragoiko monarkak eta Antso Azkarrak, xehetasun handiz kontatzen baititu gertaerak:

«Garai horietan, On Antso Nafarroako erregea bizi zen, beste Antso erregearen semea; Nafarroak izan zuen erregerik onena. Gaztelako erregeak Bizkaiko jaun Lope Diazi agindu zion Nafarroan gerra hasteko, eta bi edo hiru gaztelu hartu zizkion. Orduan, Nafarroako erregeak ahoz jakinarazi zidan konpromiso bat sinatuko zuela, nik berarekin itun bat egin nahi izanez gero, eta mesede eta estimu handiak izango nituela beraren aldetik, errege batek beste batengatik inoiz izandakoak baino handiagoak. Orduan, Tuterara joatea erabaki nuen, elkar ikusteko, hogeita bost urtez ez baitzen hiritik irten edo inora bidaiatu […]. Nafarroara joan nintzenean, On Antsok ezin izan zuen ni hartzera jaitsi, izugarri gizen baitzegoen, eta ez zen herriaren aurrean agertzen, pribatuan izan ezik. Oso ondo hartu ninduen, hamar urtez bisitatu gabe zeukan leku batean, adeitasun osoz; besarkada bat eman zidan (ni bezain altua zen), oso pozik eta barrezka».

Gero, Antso Azkarrak Jakue I.ari buruz egiten zituen goraipamenak ageri dira. Hain zuzen ere, lehentasuna ematen dio Antsok bere ilobaren, Xanpainako -kondesaren semearen, aurretik, aragoiarra munduan gertuen duen pertsona dela uste baitu eta izugarrizko estimazioa baitio, eta horregatik elkarrekiko herentzia-hitzarmena egin nahi du Jakuerekin. Jakue I.ak elkarrekiko herentzia-hitzarmenak zekarren arriskuak kontuan hartuta, Gaztelarekin gerra izateko arriskua, hain zuzen ere, onuragarria zela pentsatu zuen azkenean, hiru arrazoirengatik: «Gaztelako erregeak On Antsori garai haietan kalte handia egin ziolako; bestalde, hirurogeita zortzi urte zituenez […], naturaren arabera aukera handia zegoelako gutako bakoitza, ni eta nire semea, Antso baino geroago hiltzeko, eta, horregatik, zentzuzkoa da On Antsok izan zitekeen aukeren kontrako arriskua onartzeko; eta, azkenik, Gaztelako erregeak hainbesteko iraina egin zionetik, On Antsok bere seme eta zuen guztiaren oinordeko egin gintuenez, bidezkoa iruditu zitzaidan gerrara joateko konpromisoa onartzea, nire aitaren lurrak defendatzera, semetzat adoptatu baininduen». Bi monarkek prozedura adostu zuten. Antso Azkarrak Nafarroako nobleak, zaldunak eta hiri bakoitzeko hamar gizon bilduko zituen, «haien bidez besteek hitzarmena onartu, berretsi eta onets zezaten; bai eta hiribildu garrantzitsu bakoitzeko lau gizonekin bildu ere, haiek hiribilduko biztanleek emandako autoritatea izanik, hiribildukoak gizon horiek erabakitakoa onartzeko». Aragoiarrak gauza bera egin zuen, eta elkarrekiko herentziarako zina Tuteran sinatu zuten, 1231ko otsailaren 2an.

Obrak

Pujol, J. M. (arg.): Llibre dels fets, Palma de Mallorca: Moll, 2008.

Bibliografia

Belenguer, E.: Jaime I y su reinado, Lleida: Editorial Milenio, 2008.

Estornés Lasa, B.: «Jaime I el Conquistador» in Auñamendi Eusko Entziklopedia. Onlineko argitalpena: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/jaime-i-el-conquistador/ar-63495/ (2018ko urriaren 28an egindako kontsulta).

Fortún, L. J.: Sancho El Fuerte (1194-1234), Iruñea: Mintzoa, 2001.

Lalinde Abadía, Jesús: La Corona de Aragón en el Mediterráneo medieval: 1229-1479, Zaragoza: Institución Fernando el Católico, 1979.

Soldevila, F.: Les Quatre Grans Cròniques. Jaume I, Declot, Muntaner i Pere III, Barcelona: Selecta, 1983.

Aipamen bibliografikoa

Vega López, F., “Llibre dels Fets”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 329-331

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP