Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

LIZARRAGA, Joaquin (Joaquín de Lizarraga Iragui) (Elkano, Nafarroa, 1748 – Elkano, Nafarroa, 1835).

Karguak eta lanbideak

Apaiza eta Elkanoko parrokiako bikarioa.

Ibilbidea

Joaquín Lizarraga Iragi 1748ko irailaren 17an jaio zen Elkanon (Eguesibar, Nafarroa), herri hark hogeiren bat etxe eta ehunen bat biztanle zituen garaian. Han berean hil zen, 1835eko urtarrilaren 20an. Bizitza gehiena jaioterrian eman bazuen ere, leku berezia du Lizarragak euskaraz idatzi duten idazleen artean, ekoizpen oso oparoa izan zuelako, zati bat argitaratua, haren heriotzaren ondoren, eta parte gehiena argitaratu gabea.

Gurasoak Juan Tomas Lizarraga eta Maria Francisca Iragi zituen. Migelena izeneko etxearen jabeak ziren; herriko eta beharbada ibar osoko etxerik aberatsenetakoa zen, bostehunen bat erreguko lur-eremua baitzuen —45 Ha inguru—. Migelena etxeaz gain, Joaquinen gurasoek bazituzten lurrak eta jabetzak Antsoainen (Antsoaingo Zendea) eta Idoaten (Itzagaondoa ibarra). Aita etxe hartan jaio zen, eta etxearen oinordekoa zen, eta ama Anue ibarreko Egozkuekoa zen. Umea zelarik, osaba apaiz bat bizi zen haiekin, Joaquín Lizarraga izenekoa hura ere, eta Elkanoko bikarioa, gero iloba izanen zen bezala. Lizarragatarrek beren arbasoek sortutako hainbat kapilautza zituzten, belaunaldi bakoitzean apaiz bat mantentzeko adina ondasun ematen zutenak; horrenbestez, seme bat —osaba apaizaren izena eramaten zuena— elizaren eginkizunetara destinatzen zen. Egoera horrek egonkortasun ekonomikoa bermatzen zuen, zalantzarik gabe Lizarragaren idazle-jarduera erraztu zuena; horri erantsi beharko litzaizkioke Elkanoko bikariotzaren titularraren esku geratzen ziren kapilautzak.

Haurtzaro eta nerabezaroko urteetan ikusi zuen heriotzak nola eramaten zizkion lau anaia, aita, aitaren aita eta osaba apaiza. Beraz, 1768tik aurrera familia murriztua amak, arreba Maria Josefak eta berak osatzen zuten. Baina 1760tik Joaquin Iruñean zen, Jesusen Konpainiaren ikastetxean ikasten. Zentro hartan ezagutu zuen aita Sebastian Mendiburu, irakaslea, predikatzaile ospetsua eta euskaraz idazten zuen idazlea, eta beharbada harengandik hartu izanen zuen ama-hizkuntzarekiko estimua. Hiru ikasturte gehiago Iruñean egin ondoren Elkanora itzuli zen, parrokiako onuradun izendatu behar baitzuten, lehen tontsura hartu zuen eta, beraz, eliz estatuan sartu zen. Handik bi urtera, 1765ean, Jesusen Konpainian sartzea erabaki zuen, eta Villagarcía de Camposeko (Valladolid) nobiziotegira joan zen. Hura bukatzekotan zela, 1767an, Karlos III.ak jesuiten kanporaketa dekretatu zuen. Gaztelako bideetan barna egoera hagitz txarrean ibili ondoren, atzerrira joan edo ama alargunari laguntzera itzuli, bietako bat erabaki behar zuelarik, azkenik amari laguntzea erabaki zuen, eta Nafarroara itzuli zen. Berehala, eliz ikasketekin jarraitu zuen eta apaiza ordenatu zen 1771n, hogeita hiru urte zituela, Juan Lorenzo Irigoien gotzain baztandarraren eskutik, Donostiako Andre Maria elizan. Irigoien gotzainak, hain zuzen ere, eraberritze-asmoen artean, apaiztegi bat sortzeko proiektua burutzeko puntuan zegoen, eta Lizarragaren izena erabili zuten Humanitateetako tutoretzarako, haren prestakuntza intelektual sendoa ezagututa. Hala ere, ezagutzen ez den arrazoiren bat tarteko, izendapena ez zen gauzatu, eta Lizarraga jaiotetxera itzuli zen, Elkanoko parrokiako bikariotzara, eta ez zen handik aterako bizi izan zen artean.

Telletxea Idigorasek adierazi zuen bezala, Joaquin Lizarraga apaiza, parrokoa izan zen ororen gainetik. Elkanoko bikariotza bere gain hartu zuen une beretik haren kezka nagusia izan zen Kristoren mezua bere feligresei helaraztea; horretarako, haiek mintzo ziren hizkuntza erabili behar zuen. Bikarioak ongi ezagutzen zuen herri euskaldunetako egoera: parroko gehienak, prestakuntza eskasekoak, homilian gaztelaniaz idatzitako sermoiak irakurrita konformatzen ziren, onenera ere euskarara itzuliko zituztenak, eginahaletan. Lizarragak helburua hartu zuen kristau doktrina igandero euskaraz ematea modu sistematikoan, eta horretarako bere testuak idazten hasi zen, lagungarri gisa baliatuz liburutegi xumea, non ez ziren falta Eskritura Sakratuak, patristika eta Magisteritzaren edizio batzuk, hala nola euskaraz argitaratutako lan apurrak, tartean Axularren Gero.

Elkanoko bikarioa Nafarroako euskal idazlerik oparoenetakoa da; haren idatziek bost mila orrialde inguru betetzen dituzte haren kaligrafia zainduaz. Luis Villasantek hari buruz esan zuen «erraldoi bakartia» zela, ez baitago haren garaikide den euskal idazlerik Nafarroan. Edukiari dagokionez, hainbat arlo bereiz daitezke: katekesiaren predikazioa (zabalena), homiliak, hagiografiak, ekoizpen poetikoa (10.000ren bat bertso) eta itzulpenak (san Joanen Ebanjelioa, Testamentu Zahar eta Berriko zenbait testu). Haien originaltasuna eztabaidagarria da; baina Lizarragaren asmoa mezua era ulergarrian eta entzulearen arabera egokituta transmititzea izan zen. Aipagarriak dira ezkontzari buruz eman zituen homiliak, ongi islatzen baitzuten sakramentu horren inguruan zeuden ohiturak, Trentoko kontzilioaren amaieratik bi mende iragan ondoren ere.

Hizkuntzaren ikuspegitik, hegoaldeko goi-nafarreraz idatzi zuen Joaquin Lizarragak. Haren lana egiaz aurkitu zuena Bonaparte printzea izan zen, beharbada haren eskuizkribu batzuk erabiltzeko aukera izan eta arreta deitu baitzion haren euskalkiak. Euskalkia galdu zen, eta Resurreccion Maria Azkuek azpimarratu zuen bikarioaren ekarpenaren balio handia, Hizkuntzaren ikuspegitik. Beste egile batzuek seinalatu dute erromantzeak haren idatzietan izan zuen eragin nabarmena, bai sintaxiari dagokionez bai lexikoari dagokionez. Nolanahi dela ere, Lizarragaren lanak euskarak xix. mendearen hasieran Egues ibarrean zuen indarra erakusten du. Handik mende batera, ibarraren erdiak galdua zuen euskara, mendialdeko herri aldendu batzuek izan ezik, esaterako Sagasetak eta Egulbatik; Elkanok, ordea, bide zabalean egonik ere, gogotik eusten zion euskarari, beharbada bertako parrokoak eman zion ospe onari esker.

Obrak

Jesus. Copla guisa batzuc molde gutitacoac, celebratus Jesus Jaunaren amoreac eta favoreac, Bonaparte, L. L. (arg.), London: Strangeways and Walden, 1868.

Dekalogoaren eta aitagurearen azalpena: Explicatio Decalogi et Dominicae Orationis, Bilbo: Labayru Ikastegia, 2008.

Doctrina christioarén cathechima, Iruñea: Vianako Printzea, 1979, 2004.

Jabier’tar Frantzisko Santuaren bizitzatxoa, Iruñea: s. n., 1922.

Jesukristo, Maria et Santuen bizitzak, Iruñea: Nafarroako Gobernua, Kultura eta Hezkuntza Departamentua, 1994.

Jesus-Cristoren Evangelio Sandua Jaunec dacarren guisara, Londres, 1868.

Koplak, Bilbo: Euskaltzaindia, 1983.

Ongui iltzen laguntzeco itzgaiac, Bilbo: Euskaltzaindia, 1984.

Urteco Igande guztietaraco platicac edo itzaldiac, Donostia: Ignacio Ramón Baroja, 1846.

Bibliografia

Apecechea Perurena, J., Joaquín de Lizarraga (1748-1835). Un escritor navarro en euskara, Iruñea: Vianako Printzea-CSIC, 1978.

Azanza Elío, A.,Diccionario de pensadores. I. Pensadores navarros siglos xii–xx, Iruñea: Eunate, 1996, 271.-300. or.

Ondarra, F., «Producción literaria de J. de Lizarraga (1748-1835)», in Fontes Linguae Vasconum, 11 (1972), 265.-281. or.

Zabalza Seguín, A., «El tratado sobre el matrimonio de Joaquín de Lizarraga», in Arellano, I., eta Usunáriz, J. M. (argk.), El matrimonio en Europa y el mundo hispánico. Siglos xvi y xvii, Madrid: Visor Libros, 2005, 211.-223. or.

Aipamen bibliografikoa

Zabalza Seguín, A., “Lizarraga, Joaquin”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 575-577.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP