Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

LIZANA DE LA HORMAZA [LIZANA HORMATZA], Jose Maria, Casa Torreko markesa (Durango, Bizkaia, 1843ko maiatzak 28 – Anberes, Belgika, 1911ko uztailak 23).

Karguak eta lanbideak

Abokatua, industrialaria eta politikaria

Ibilbidea

Zuzenbidean doktore Madrilgo Unibertsitate Zentralean, nahiz eta lanbide horretan aritu ez, kolaborazio literarioak egiten aritu baitzen El Noticiero Bilbaíno eta La Juventud Católica de Bilbao bezalako egunkari eta aldizkarietan. Lan horiek Karlistaldia baino lehen sortutako Gazte Katolikoen Akademiako zuzendari lanarekin uztartu zituen. Bertan lehen mailako eta erlijiozko ikasketak eskaintzen zitzaizkien haur eta helduei igande eta gau eskoletan, hurrenez hurren.

Historiaren Errege Akademiako kide izan zen.

XIX. mende bukaeran aurrea hartu zuen enpresa munduan, industriaren hazkundean parte hartuta. Bere egoera ekonomiko erosoa zela eta, zenbait elkarte industrial sortzen lagundu zuen, bereziki Ibaizabal Garaiaren arroan. Eskualdeko eta herrialdeko industriaren mugimendu protekzionistari hertsiki loturik zegoen. 1893an Bediako paper fabrika sortu zen. Era berean, La Flecha iltze enpresa mekanikoko bazkide akziodun eta presidente izan zen, 1894. urtean sortua. Horrez gain, Jose Maria Lizana Electra de Vedia eta Zornotzako Euskaria tirafondo eta torloju enpresako administrazio kontseiluetako kide izan zen eta Peñaflor meatzaritza konpainiako aholkularia.

Bilboko alkate izan zen 1890ko urtarrilaren 1etik 1891ko martxoaren 31ra. Bilboko alkatetzan egindako tarte labur hori oso esanguratsua izan zen euskal politikagintzarentzat, Bilboko hiribilduak Abandoko elizatea guztiz barneratu baitzuen orduan. Gertakari hori lazgarria izan zen euskal abertzaletasunaren sortzaile Sabino Arana Goirirentzat, eta eragin handia izan zuen bere ideia politikoetan.

Horrez gain, Durangoko diputatu izan zen Gorteetan 1891tik 1911ra joan ziren hogei urteetan, eta Bizkaiko senatari 1898an. Hala, gakoa izan zen 1891tik aurrera Bizkaian gertatu zen aldaketa politikoan, burgesia industrial berriak burgesia tradizionalari ordura arte Gorteetan kontrolpean zuen ordezkaritza kuota handia kendu zionean eta hautatutako senatari eta diputatu kargu gehienak bereganatu zituenean.

Bere obraz den bezainbatean, Las cartas irlandesas y húngaras, 1880-1881 artean idatzi zuen Antonio de Truebaren eskaerari erantzuteko. Lan hori emanaldika argitaratu zen lehen aldiz El Noticiero Bilbaínon.

Obrak

Cartas irlandesas y húngaras por D. José María de Lizana precedidas de una carta vascongada de D. Antonio de Trueba, Bilbo: Viuda de Delmas, 1881.

Recuerdos, Bilbo: Imp. Casa de Misericordia, 1885 (Berrarg.: Bilbo: Ed. Amigos del Libro Vasco, 1984).

Cartas a un obrero.

«El cardenal Newman», Revista de Vizcaya, I (1886), 306-317. or.

«El matrimonio y el Fuero de Bizcaya», Euskal-Erria, XXXIV (1896), 77-82, 97-105, 129-138. or.

«Sociedad Bascongada de Amigos del País», Euskal-Erria, XXXVII (1897), 559-563. or.

«Real congregación de Naturales y originarios de las tres provincias Vascongadas», El Centenario: revista destinada a conmemorar la sexta centuria de la fundación de Bilbao, Bilbo: Casa de Misericordia, 1900, 31-32. or.

Conciertos económicos: memoria, Bilbo: Casa de Misericordia, 1905.

¿Es Elcano y es Sebastián?, por el Marqués de Casa-Torre, Madrid: [s.n.], 1922, 15 or.

Bibliografia

CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular, 2015, 417-424. or. Online arg.: https://archivo-historico.s3.amazonaws.com/media/books/Nobleza_con__Libertadcc_tW2sJZV.pdf (2023ko uztailak 19).

SERRANO, S., «José María Lizana de la Hormaza», in AGIRREAZKUENAGA, J., Bilbao desde sus alcaldes. Diccionario Biográfico de los alcaldes de Bilbao y gestión municipal, en tiempos de revolución liberal e industrial, Bilbo: Bilboko Udala, I. libk., 2002, 549-572. or.

— «José María Lizana de la Hormaza», Bilbaopedia webgunea. Online arg.: http://www.bilbaopedia.info/jose-maria-Lizana-hormaza (2021eko urtarrilak 10).

WIKIPEDIA, «José María de Lizana y de la Hormaza», Wikipedia webgunea. Online arg.: https://es.wikipedia.org/wiki/Jos%C3%A9_Mar%C3%ADa_de_Lizana_y_de_la_Hormaza (2021eko urtarrilak 10).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP