Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

LHANDE HEGI, Pierre (Baiona, 1877ko uztailak 9 – Atharratze, Zuberoa, 1957ko apirilak 17).

Karguak eta lanbideak

Apaiza, aktibista politikoa eta idazlea

Ibilbidea

Pierre Lhanderen ama Paulina Hegi Bereterretxe zen, Mendikota herrikoa jatorriz eta Montevideon (Uruguai) jaio zen euskal migratzailea, eta aita Jean-Pierre Basagaitz, Zuberoakoa. Pierre Baionan sortu zen, 1877ko uztailaren 9an. Haren familiako bi adarrak Zuberoatik heldu ziren, eta abizena Basagaitz zuen, baina agiri ofizialetan aitatxiren abizena eman zitzaion, «Allande», Atharratzekoa, ondoren oker transkribatu eta Lhande geratu zena. Haren aita hil zenean zortzi urteko umea zen Pierre Lhande, eta familia amaren aldeko aitatxi-amatxien Apatia izeneko etxera joan zen bizitzera, Zuberoako Zalgize herrira.

Batxilergo ikasketak Mauleko lehen hezkuntzako institutuan osatu zituen, eta ondoren, hamasei urte zituela, Baionako apaizgaitegian eman zuen izena, 1893ko urrian. 1898an zerbitzu militarra egitera deitu zuten, eta urte batez zerbitzua eman ondoren, apaizgaitegira itzuli zen. Hala ere, haren ikasketen aitzinamendua begiratzeko ardura zutenen ustez, Lhandek denbora gehiegi ematen zuen euskal letren ikasketan, alde batera utzita ikasketa teologikoak, eta horrenbestez, kanporatu egin zuten. Etxera bidean zela, trenean, eta jesuita batekin solasean luze aritu ondoren, teologia ikasketak Jesusen Konpainiako eskola batean berriro hastea erabaki zuen. Beraz, 1900eko irailaren 6an, 23 urte zituela, Rodezeko apaizgaitegian matrikulatu zen, Okzitanian. Handik urte gutxira, 1903an, bere prestakuntza osatzeko, kongregazioak Jerseyko uhartean (Erresuma Batua) eta Gemret hirian (Holanda) zituen ikastetxeetara bidali zuten, bi urtez filosofia ikastera. 1905ean Espainiako Puerto de Santa Mariara lekualdatu zuten, frantsesa irakastera, eta han bi urte eman ondoren, Belgikara itzuli zen 1907an, non azkenik apaizgoa hartu zuen, 1910ean, 33 urte zituela.

Garai hartakoa da haren lanik unibertsalena, L’Emigration basque (1910). 1910eko argitalpen hura, egiaz, Revista Internacional de los Estudios Vascosen, 1907 eta 1909 bitartean, bost atal bereizitan plazaratutako lehenengo inprimatzearen berragitalpen bat izan zen. Lan horretan, Lhandek, neurri batean haren amak Uruguain izandako esperientzian oinarrituta, migraziorako jendea harrapatzen ibiltzen ziren agenteen jardunbidea salatzen zuen, eta zorrotz kritikatzen zuen euskal emigrazioa, merkataritza-jardunbide gisa ez ezik, euskal gizarteari egiten zion kalteagatik ere. Bere kritikak administrazioari zuzentzen zizkion Lhandek, bide ematen ziolako berak odoluste demografikoa deitzen zuen fenomenoari, baina emigrazioaren negozioarekin lotutako enpresak ere kritikatzen zituen. Lanak oihartzun handia izan zuen, eta gaurko adituen ustez, hark eman zien hasiera, Jose Cola Goitiren La emigración vasco-navarra (1884) lanarekin batera, euskal diasporaren gaineko ikerketei.

Ikasketak amaituta, apaiz-eginkizunetan aritu zen Euskal Herriko hainbat lekutan, eta zenbait sermoi euskaraz argitaratu zituen. Lehen Mundu Gerra piztu ondoren, Tarantoko ospitale frantsesera igorri zuten, eta erizaintzan emandako zerbitzuengatik, gobernu italiarrak gerrako merezimenduen domina bat eman zion.

Hainbat urtez Hondarribian aritu zen apaiz, eta irakasle hainbat ikastetxetan, eta ondoren Okzitaniako Tolosako Institutu Katolikoan eman zituen euskal hizkuntza eta literaturako eskolak, 1920tik 1924ra bitartean. 1922an, herrialdetik kanpora egotzi zuten agintari espainiarrek, hizkuntza-politikari egiten zizkion kritikengatik eta, oro har, gobernu espainiarrak euskal gutxiengo nazionalarekiko erabiltzen zuen ekintzari buruz adierazten zituen ideiengatik.

1912tik 1924ra idatzi eta argitaratu zituen fikziozko zortzi kontakizun, haietako batzuk euskaraz, adibidez, Gure horma zaarra (1915), Yolanda (1921), eta beste batzuk frantsesez, adibidez Luis (1912), Mirentchu (1914) eta Yolandaren bertsio frantsesa, Yolanda. Roman de meurs basques (1921). Garai hartakoa da, baita ere, Notre soeur latine d’Espagne. Études morales et politiques (1919) izeneko saiakera. Haren lan batzuen arrakasta handia izan zen, eta haietakoren bat zinemara ere eraman zen. Adibidez, Mirentchu, Lhandek eta Victor Azkonak moldatu zuten gidoi zinematografikoa izan zedin, eta El Mayorazgo de Basterretxe (1928) izenarekin, eta Jesus Guridiren musikarekin, zinera eraman zuten.

1924an Parisera joan zen, eta han apaiz laguntzaile eginkizunetan aritu zen, aldirietako hainbat parrokia industrialetan, eta Études aldizkariaren argitaratzailea ere izan zen, 1939ra arte. Laneko bizimoduaren ziklo berrian hasi orduko, 1925ean, artikulu bat argitaratu zuen, Tolosako Unibertsitateko akademiaren buletinean, euskal hizkuntza eta literaturari buruzko ikastaroetan erabilitako gaiak azalduz, izenburu honekin: «Le Pays Basque et sa littérature; cours libre professé à la Faculté des Lettres». 1933an Indiara joan zen bidaian, eta San Frantzisko Xabierkoaren hilobia ireki zuten misiolarien taldeko kide izan zen.

Euskadin 1936ko gerra lehertu ondoren, umeen Elai-Alai koruaren arduradunekin jarri zen harremanetan, eta Jean Verdier kardinalarekin kontaktuan jarri zituen. Harremanak izan zituen Eusko Jaurlaritzarekin, bai gerran, bai ondoren ere, erbesteko garaian. Lan zama handiagatik kaltetuta, Pauera lekualdatu zuten eta hainbat eginkizunetan aritu zen han.

Eusko Ikaskuntzako kidea izanik, 1926an argitara eman zuen, Lafitte eta Tournierren laguntzaz, Dictionnaire basque-français et français-basque (dialectes labourdin, bas-navarrais et souletin) hiztegiaren lehenengo bolumena, izenak berak argitzen zuenez, Iparraldeko hiru euskalkiei berariaz eskainia. Garai hartakoa da, baita ere, Euskal Herriari eskainitako beste lan bat, Le Pays Basque à vol d’oiseau (1925), eta handik urte batzuetara argitaratuko zuen beste lan bat, Zuberoako Etxahun euskal kantariaren bizitza eta poesiari buruzkoa, Le Poéte Pierre Topet dit Echahun et ses oeuvres (1946).

1927 eta 1935 bitartean lan txiki batzuk argitaratu zituen, hiru liburukitan bilduak Le Christ dans la banlieue, Enquête sur la vie religieuse dans les milieux ouvriers de la banlieue de Paris (1927-1931) izenburuarekin. Lan horrek 135 argitaraldi izan zituen, eta haren helburua zen azpimarratzea desadostasun nabarmenak zeudela frantziar elizako hierarkiaren eta Parisko aldirietako langile-auzoetako herritarren fedearen eta jardunbide erlijiosoaren artean. Lan horren hirugarren bolumena argitaratzearekin batera, Parisko artzapezpiku Verdier kardinalak OEuvre des Chantiers du Cardinal ekimena sortu zuen, Parisko aldirietan zegoen eliza falta konpentsatu nahian.

Apezgoaren eginkizunetan aritu zen urte haietan, Lhande nabarmendu zen erlijio katolikoa irratiaren bidez zabaltzeko egin zuen lan aitzindariagatik. 1927ko urtarrilaren 2tik aitzina, igandero Radio Parisen ematen ziren hogei minutuko irrati-saioetan parte hartu zuen. Emanaldiak etengabe eman ziren 1934ko apirilaren 1era arte, orduan Radio Paris nazionalizatu baitzen, baina handik gutxira berriro hasi ziren, 1934ko apirilaren 8an, entzuleen protestengatik.

Bizi osoan lan espiritual eta literario gaitza egin ondoren, Atharratzeko Saint-Antoine apaizen erretreta-etxera, Zuberoara, bidali zuten Lhande, eta 1957an hil zen han, 80 urte betetzear zela.

Obrak

«L’émigration basque», RIEV, I, 1907, 609-616. or.; II, 1908, 95-103., 238-249., 438-455. or.; III, 1909, 79-100. or.

Autour d’un foyer basque, récits et idées, Paris: Nouvelle Librairie Nationale, 1908.

Luis, Paris: Plon-Nourrit, 1912.

Mirentchu, Paris: Plon-Nourrit, 1914.

Gure orma zaarra, Donostia: Martin et Mena, 1915.

Trois prêtres soldats, Paris: G. Beauchesne, 1918.

Notre soeur latine d’Espagne. Études morales et politiques, Paris: Blad et Blay, 1919.

Les Mouettes, Paris: Plon-Nourrit, 1920.

Yolanda. Roman de meurs basques, Paris: G. Beauchesne, 1921.

Yolanda. Irakurgaya. 1 irarkaldia, Donostia: Argiaren Idaztiak, 1921.

Un maître humaniste: le père Longhaye, les disciplines intellectuelles, les disciplines littéraires, les disciplines religieuses, Paris: J. de Gigord, 1923.

Les Lauriers coupés. Roman, Paris: Plon-Nourrit, 1924.

«Le Pays basque et sa littérature. Cours libre professé à la Faculté des Lettres», Bulletin de l’Université et de l’Académie de Toulouse, Tolosa, 1925, 366-372. or.

Le pays basque à vol d’oiseau, Paris: G. Beauchesne, 1925.

L’émigration basque. Histoire, économie, psychologie, Paris: Nouvelle Librairie nationale, 1925.

Bilbilis, Paris: Plon-Nourrit, 1926.

Dictionnaire basque-français et français-basque (dialectes labourdin, bas-navarrais et souletin), Paris: Beauchesne, 1926.

Mon petit prêtre. Récit d’une mère, Paris: G. Beauchesne, 1928.

Le Christ dans la banlieue: enquête sur la vie religieuse dans les milieux ouvriers de la banlieue de Paris, Paris: Plon, 1927-1931.

La France rayonnante. Argentine, Chili, Uruguay, Paris: G. Beauchesne, 1931.

Notre épopée missionnaire. Madagascar, 1832-1932, Paris: Plon, 1932.

Memoires d’un ecureuil, Paris: Plon, 1922.

L’Inde sacrée; grandeur et pitié d’un monde, Paris: Plon, 1934.

Le moulin d’Hernani. Récit de Navarre et du Pays basque, Paris: Plon, 1936.

Bibliografia

BOCEK-VALY, M., Pierre Lhande sj (1877-1957) et le corpus des Radio-sermons aux origines de la radiophonie, doktoretza-tesia, Lorrenako Unibertsitatea, teologia katolikoaren departamentua, 2015.

LARROQUE, J., «Pierre Lhande (1877-1957)», Ikerzaleak. Etude, promotion et sauvegarde du patrimoine de la province de Soule en Pays Basque, de la préhistoire à nos jours, 2008. https://ikerzaleak.org.

MORET, J., Le Père Lhande, pionnier du Christ dans la banlieue et à la radio, Paris: Beauchesne, 1964.

URKIZU, P., Pierre Lhande, Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1998.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP