Karguak eta lanbideak
Fraile beneditarra, Erdi Aroan aditutako historialaria eta paleografoa
Ibilbidea
Cadizen jaio zen, 1748ko ekainaren 18an, eta hurrengo egunean bataiatu zuten, Miguel Antonio Ciriaco izenekin. Habitua 1765eko irailaren 30ean hartu zuen, eta 1766ko azaroaren 6an profesatu zuen, fray Domingo izena hartuta. Donemiliaga Kukulan hil zen, 1808ko azaroaren 21ean. Aita Castro Urdialesko Sebastian Lerin Bareyo zen, eta 1748an Cadizen bizi zen; han, Salvadora Clavijorekin ezkondu zen, eta hainbat ume izan zituzten, haietako bat Domingo. Madrilgo San Martinen monasterioko liburuzaina izan zen, eta zortzi urtez parroko Arabako Bolibarren —antzinako priorato emilianensean—; euskal foruen defentsan nabarmendu zen historialari gisa.
Historiako Errege Akademiak, Godoyren gobernuaren babesarekin, euskal foruen abolizioari oinarria ematearren, Juan Antonio Llorente (1756-1823) errioxarraren Diccionario geográfico-histórico de España (1802) lanaren lehe- nengo bi liburukiak eta Noticias históricas de las tres provincias Vascongadas (1806-1807) bildumaren hirurak argitaratu zituen unean, Bizkaian buru-belarri sartuta zeuden Jaurerriaren eta Bilboko hiribilduaren arteko gatazketan.
«Bakearen Portua» sortuta, (1804ko Zamakolada izenez ezagunak diren istiluak tartean) bai Jaurerria, bai hiribildua, Madrilgo agintariekin adiskidetzen saiatu ziren, haien laguntza eta babesa lortzeko asmoz. Godoy goresten zuten, eta Vicente Gonzalez Arnao izendatu zuten «Jaurerriaren negozioen abokatu eta zuzendari iraunkorra Madrilen», begien bistakoa zenean jurista hura, Llorenteren adiskide eta lagun politikoa, Diccionarioan jasotako «Vizcaya» izen- buruko artikuluaren egilea zela. Artikulu hartan, Bizkaiak Erdi Aroan zuen subiranotasunaren aurkari sutsu agertzen zen, eta defendatzen zuen foruen sorrera errege-erreginen emakida zela, eta beraz, haiekiko mendekotasuna zutela. Haren iritziz, Bizkaiak inoiz ez zuen izan berezko antolamendu juridikorik, «Gaztelako koroaren probintzia garrantzitsu bat besterik ez zelako». Beraz, bidezkoa da ondorioztatzea bizkaitarrak beraiek izan zirela, ezadostasunak ezadostasun, haien antzinako legeen aurka erregearen ministroek prestatzen zituzten proiektuei bidea zabaldu zietenak.
Hainbat urte garrantzitsu iragan ondoren, Madrilgo gobernuaren jardun- bidea eta asmoak ikusita desengainua harturik, alarma guztiak piztu ziren Jaurerrian. Foruen balioa eta kalitatea justifikatuko zituzten juristak, intelektualak eta historialariak aurkitzeko eginahalak egiten hasi ziren, eta begiz jo zituzten Colon de Larreategui korrejidore zaharra, ezin lagundua adierazi zuena, Francisco Aranguren Sobrado, eta frai Domingo Lerin Clavijo. Aranguren (1754-1808), Jaurerriaren aholkulari iraunkorra 1789tik, 1807an argi- taratu zuen bere lanaren lehenengo zatia, honako izenburu hau emanda: Demostración del sentido verdadero de las autoridades de que se vale el doctor don Juan Antonio Llorente. Bigarren zatia zentsuratua izan zen, eta ez da argitaratu 1994arte, ia bi mende iragan ondoren.
Bizkaiko diputatu nagusiek gutun bat idatzi zioten frai Domingo Lerini 1807ko ekainaren 30ean, laguntza eskatuz foruak defendatzeko, erasana jasaten ari baitziren, «zorion komunaren interesen itxuran mozorrotuta egiazko bekaizkeria agertuz». Gauza jakina da Lerinek bere lanak Diputaziora igorri zituela. Jatorrizkoak eskuragarri egon omen ziren Gernikako Foru Artxibo Historikoan, 1892ra arte, behinik behin, Fidel Sagarminagak egin bide zuen erabilera ikusita, baina 1963an Elias Tejada eta 1971n Mañarikuak egiaztatu zuten Lerinen azterlanak ez zeudela Jaurerriaren artxiboetan. Mañarikuaren esanetan, «aita Lerinen paperak aurkitu ezean, ez dugu jakinen ea Arangurenen idazkiak haietatik eratorriak diren ala ez», susmoa zabaldu baitzen Arangurenek Lerini plagio ez ote zion egin, Arginzonizen eta Karmelo Etxegarairen arteko solasaldi baten ondorioz.
Beneditarraren aita Castro Urdialeskoa izanik, orduan Bizkaiko lurraldea baitzen, ulergarria da frai Domingok euskal foruen azterketari heldu zionean erakutsi zuen interesa, eta argitzen da historialari gehienen nahasmendua, bizkaitarra zela uste baitzuten. Era horretan ulertzen da, haren lan batean, hark baieztatzea ezen «Amanoen portua Bizkaiko lurraldea zela, eta hura hala izanik, eta handik hona ez izanik mendiak banatzen dituen ibairik, Oriñongo ibaia baizik, bistan da Bizkaiko Jaurerria honaino iristen zela, eta Castro Urdiales Bizkaiaren barnean geratzen zela, eta beraz, Enkartazioak, Gordexola, Zalla, Balmaseda, etab., ere bai», eta erremate moduan, bere ekarpen literario bat egiten du, eransten duenean informazio hori eman duela «Castro Urdiales hiriaren opari gisa, hango semea bainaiz ni», aitaren sorterria aipatuz.
Aita Lerinek 1807ko ekainean Bizkaiko Jaurerriaren aginduz prestatu zituen koadernoak Donemiliaga Kukula monasterioan aurkitu ziren. Testu horietan, beneditarrak ezesten ditu Llorenteren Noticias lanaren lau liburuki (antzinako egoera zibila, foruak eta eranskinak). Bizkaitarren jatorrizko askatasuna defendatzen du, eta orobat haien jaunarekiko zuten ituna, eta aitzakiarik gabe bultzatzen du «… indarrez, justiziaz eta egiaz, oinarri ditugula arrazoiak, historiak, dokumentuak eta diplomak, Bizkaiko Jaurerria estatu burujabea izan zela, berez independentea, eta haren buru nagusiak edo jaunak egikaritzen zituela subiranoei dagozkien ahal, lehentasun eta jurisdikzio guztiak».
Haren ezespena oinarritzeko, alde batetik, salatzen ditu Llorentek dokumentu garrantzitsuekin egiten dituen interpolazio arbitrarioak, esaterako, Gartzia erregeak 1051ko urtarrilaren 30ean emandako Fuero de los monasterios o documento de ingenuidad dokumentuarekin, haren egiazkotasuna zalantzan jartzen baitu, edo Ingalaterrako erregeak Gaztelaren eta Nafarroaren arteko gerretan egin zuen arbitrajeari buruzko Rymer Bilduma dokumentuarekin (1176-1179). Beste alde batetik, hainbat dokumenturen interpretazio erabat desberdina egiten du Llorenteren aldean, besteak beste, Crónica de Alfonso III agiriaren gainean. Horrez gain, bere iritzia sustatzeko, 51 idazkiren transkripzioak eransten ditu, gehienak ez Llorentek, ez Arangurenek, argitaratu ez zituztenak, historialari klasikoetatik jasotakoak, esaterako, Sandoval, Yepes, Sampiro, Garibai, Moret, Nuñez de Castro edo Berganzaren testuetatik edo Nafarroako Kontuen Ganberako artxiboko kartulariotik.
Jaunen rol bikoitza, Bizkaian subiranoak («aparteko lurraldea edo jaurerria»; «beti bertakoen esku egon dena») eta errege-erreginen basailuak, Bizkaitik kanpoko feudoetan enkomendazioetan edo mandazioetan, haren tesiaren argudio funtsezkoa eta iraunkorra da. Gainera, defendatzen du konfiskazioak, lurraldearen gaineko boterea hartzea edo erregeak (Antso IV.a, Alfontso XI.a, Pedro I.a…) Bizkaian 1379 baino lehen egindako agerpenak indarkeriazko ekintzak zirela, inongo eskubiderik sortzen ez zutenak.
Llorentek ia 10 urte erabili zituen bere lana prestatzeko, gainera, Godoyren gobernuaren laguntza disimulurik gabea berekin zuela, baina Arangurenek eta Lerinek bi urte baino gutxiago izan zituzten beren lana prestatzeko, alegia, Llorenteren Noticias lanetik (1806-1807) biak hil ziren arte, (1808ko ekainean eta azaroan, hurrenez hurren). Lerinek berak hori zuen gogoan, bere Observaciones egitean aitortzen duenean: «presak ez du biderik eman azken ukitua eman eta gaia fintzeko, adierazpenak doitzeko eta Historiaren haria hobeki josteko…; lana prestatzeko premia eta denbora laburrak ez du lekurik utzi antzemateko adierazpen batean egon daitekeen gehiegikeria, gauza erraza baita, burua berotu ondoren, eta beste hainbat espezierekin bete ondoren, gai nagusitik aldentzea, eta hala gertatu bada, deuseztatzen eta salatzen dugu…».
Donemiliaga Kukulako Artxiboan aurkitutako eskuizkribuak honako pieza hauekin osatzen dira:
1. Apéndice a la disertación precedente (Alvaro apezpikuaren heriotzaren berri ematen duen IX. mendeko inskripzioa Bolibar herrian aurkitu izanari buruz). Inskripzioa aurkitu zuena aita Domingo Lerin izan zen, eta Juan Antonio Llorentek argitaratu zuen, Noticias históricas lanaren III. liburukian. Aita Lerinek zehaztasunez erantzun zien Llorenteren iritziei. Gacetan plazaratu zen.
2. Notas crítico históricas sobre la obra intitulada Noticias históricas de las tres provincias Vascongadas. Su autor, Juan Antonio Llorente, canónigo de la santa iglesia primada de Toledo. Disertación apologética en la que se vindican la independencia y fueros del M.N. y M.L. señorío de Vizcaya. Bifolio soltetan idatzia dago, eta folio solte zenbaitekin ere. Batzuk galdu izanen ziren, noski, testuinguruagatik. Itxura guztien arabera, lan interesgarri ho- rren azken idazketa egin aurreko oharrak dira, atal batzuk errepikatuak eta berreginak daudelako.
3. Respuesta crítica a los documentos aportados por Juan Antonio Llorente en el tercer tomo de sus Noticias históricas de las tres provincias Vascongadas, en que discute la tradicional autonomía de las mismas. Agiriak banan-banan aztertzen ditu, eta Llorenteren tesiaren kontrakoa hartzen du («maestrescuela de Toledo» ezizen ‘gaixtoaz’ aipatzen du). Beharbada, azterlan hori, hain ongi ordenatua, aurreko dokumentuan agertzen diren saiakera-lanen emaitza da. Zalantzarik gabe, egilea aita Lerin da, bere lan eza- gun gisa aipatzen duelako Bolibarko elizan Alvaro apezpikuari buruzko inskripzioa aurkitu izana. Lan hura Gaceta de Madrid aldizkarian 1806an argitaratu zenez, eta aita Lerin 1808an hil zenez, bi urte horien artean da- tatu behar da idazkia. Letrak ez dirudi harena.
4. Reflexiones sobre la pretendida Velegia Alavense, contra lo que establece Llo- rente, tomo 3.º, folio 177. Idazki honetan eztabaidatutako gaia (Velegiaren identifikazioa) oraindik irekia dago eta sorrera du «Crónica Albeldense» ospetsuan jasotzen diren hirien, ziurrenik gotzaindegien, zerrendan. Llorentek bere Noticias Históricas 1806-1807 urteetan argitaratu zuenez (eta aita Lerin 1808ko azaroan hil zenez) idazkia urte horietan datatu behar da.
5. Disertación sobre que pertenecen al siglo octavo las escrituras de la fundación de la iglesia y obispado de Valpuesta y las de fundación del monas- terio de San Martín de Herrán, del monasterio de San Martín de Flanio y del monasterio de San Román de Dondisle, conservadas en el archivo de San Millán. Aurreko kasuan bezala, hemen erantzuten dio Llorentek dokumentu horiei buruz egiten duen irakurketari. Letra ez da aita Lerinena, baina testua bai, haren beste idazki batzuetatik ezagutzen dugun numerazio bisigotikoaren irizpide berak erabiltzen dituelako (L-aren balioa tiletarekin, adibidez), eta haren ikerketen eremuan sartzen delako.
6. Observaciones puntuales a algunos documentos medievales del archivo de San Millán publicados por Juan Antonio Llorente. Funtsean zehaztapenak dira, datak eta izenen esanahiak. Llorenteri erantzutea askotan egin zuten, bai Lerinek, bai Segismundo Romerok, eta haietatik, edozein izan liteke kontserbatzen dugun idazkiaren egilea. Aita Segismundo aita Plácido Romeroren anaia zen, eta hura bezala, historialaria eta paleografoa. Esan behar da ez zuela lankidetzarik egin aita Lerinekin, Donemiliagan batera egon baziren ere, eta tesi askotan edo datu historikoen interpretazioetan eta Artxiboaren azterketan bat badatoz ere.
7. Observaciones y correcciones a Juan Antonio Llorente sobre la correcta interpretación de documentos de San Millán.
Idazki gehienak alderatu eta berrikusi beharrak izanen ziren, azken idazketa egin aurretik. Ez da baz- tertzekoa egunen batean haien jatorrizko testuak agertzea, gaur galduak badira ere. Material horren guztiaren transkripzio paleografikoa 2015ean argitaratu zen, Obras de Fray Domingo de Lerín y Clavijo liburuan.
Obrak
GORORDO BILBAO, J. M. (arg.), Obras de Fray Domingo de Lerín y Clavijo, Bilbo: Bizkaiko Batzar Nagusiak, 2015.
Bibliografia
ARANGUREN SOBRADO, F., Demostración de las autoridades de que se vale el doctor D. Juan Antonio Llorente, argitalpena J. M. PORTILLO eta J. VIEJO, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1994.
ECHEGARAY, C., «Apuntes necrológicos», Euskal Erriko Adiskideen Elkartearen Aldizkaria (1891), 569-573. orr., A. M. Arguinzonizen heriotzagatik.
ELÍAS TEJADA, F., El Señorío de Vizcaya, Madril: Minotauro, 1963, 277-278. orr. GORORDO BILBAO, J. M., Bizkaia en la Edad Media. I. Debate historiográfico, Bilbo: Ediciones Beta III Milenio, 2018.
GORORDO BILBAO, J. M., Bizkaia en la Edad Media. II. Origen y naturaleza de los derechos históricos, Bilbo: Beta III Milenio Argitalpenak. 2018.
LEJARRETA NIETO, T., Segismundo, rey mártir de Borgoña, Logroño: Ediciones emilianenses, 2014.
MAÑARICÚA, A. E., Historiografía de Vizcaya (desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1980, 3. arg., 323-325. orr.
NOVIA DE SALCEDO, P., Defensa histórica del Señorío de Vizcaya y provincias de Álava y Guipúzcoa, contra las noticias históricas de las mismas que publicó don Juan Antonio Lorente y el informe de la Junta de Reformas de Abusos de la Real Hacienda en las tres provincias Vascongadas; Bilbo: Librería de Delmas e Hijo, 1851 (1829an bukatutako lana) 4 libk.
PEÑA, J. (O.A.R.), Páginas Emilianenses, Donemiliaga Kukula, 1980, 2. arg., 101. orr.
SAGARMÍNAGA, F., El Gobierno y el Régimen Foral del Señorío de Vizcaya, Bilbo: Tipografía Católica de José de Astuy, 1892, 6. libk., 307-322. orr.
ITURRIAK
DONEMILIAGA KUKULAKO ARTXIBOA, 1806ko irailetik aurrera. A 126/4.26. 16 orriko koadernoa, 15 x 21 cm-koa. Apéndice a la disertación precedente.
DONEMILIAGA KUKULAKO ARTXIBOA 1807-1808 inguruan. A 126/5.3. 182 orrialdeko multzoa, 22 × 32,5 cm-koak. Notas crítico históricas sobre la obra intitulada Noticias históricas de las tres provincias Vascongadas. Su autor, Juan Antonio Llorente, canó- nigo de la santa iglesia primada de Toledo. Disertación apologética en la que se vindican la independencia y fueros del M. N. y M. L. señorío de Vizcaya.
DONEMILIAGA KUKULAKO ARTXIBOA, 1806-1808. A 126/6.16. 19 biorriko josiak dira,
21 × 30,5 cm-koak. Respuesta crítica a los documentos aportados por Juan Antonio Llorente en el tercer tomo de sus Noticias históricas de las tres provincias Vascongadas, en que discute la tradicional autonomía de las mismas.
DONEMILIAGA KUKULAKO ARTXIBOA, 1807-1808. A 126/6.7. 8 orri josiak dira,
21,5 × 31,5 cm-koak. Reflexiones sobre la pretendida Velegia Alavense, contra lo que establece Llorente, tomo 3.º, folio 177.
DONEMILIAGA KUKULAKO ARTXIBOA, 1807-1808. A 126/6.5. 19 orriko koadernoa, 21 × 30 cm-koak. Disertación sobre que pertenecen al siglo octavo las escrituras de la fundación de la iglesia y obispado de Valpuesta y las de fundación del monasterio de San Martín de Herrán, del monasterio de San Martín de Flanio y del monasterio de San Román de Dondisle, conservadas en el archivo de San Millán.
DONEMILIAGA KUKULAKO ARTXIBOA, 1807-1808. A 135/8.14 eta A 135/5.115. 17 folio josiak gehi 4 biorriko solte, 21 × 31 cm-koak. Observaciones puntuales a algunos documentos medievales del archivo de San Millán publicados por Juan Antonio Llorente.
DONEMILIAGA KUKULAKO ARTXIBOA, 1807-1808. A 135/5.15. Hiru biorriko, 21 × 31 cm-koak. Observaciones y correcciones a Juan Antonio Llorente sobre la correcta inter- pretación de documentos de San Millán.





