Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

LEQUERICA ERQUIZA [LEKERIKA ERKITZA], Jose Felix (Bilbo, 1890eko urtarrilak 30 – Getxo, Bizkaia, 1963ko ekainak 9).

Karguak eta lanbideak

Politikaria, idazlea, diplomatikoa eta Bilboko alkatea

Ibilbidea

Jose Lequerica Aguirre eta Eloisa Erquiza Meabe bilbotarren semea izan zen. Aitaren aldetik, bere aiton-amonak Jose Salvador Lequerica Bergaeche, Bilbokoa, eta Josefa Aguirre Balanzategui, Oñatikoa (Gipuzkoa), izan ziren. Bere birraitona, Agustin Lequerica Bilboko alkate izan zen 1809 eta 1810 artean. Jose Felix familia etxean jaio zen, Bilboko Plaza Barrian. Lau anai-arreba izan zituen: Enrique, Luis, Ramon eta Maria Teresa. Lequericatarrak enpresa munduko burgesiarekin lotutako familia ziren. Enpresa askorekin lotuta zeuden: Basconia Konpainia Anonimoa, Tubos Forjados edo Vidrieras Españolas, batzuk aipatzearren. 1942ko abenduaren 28an, Parisko enbaxadore espainiarra zela, Maria Josefa Ramirez San Roman bilbotarrarekin ezkondu zen Frantziako hiriburuan. Ez zuten haurrik izan.

Bizkaiko hainbat ikastetxetatik igaro eta gero, batxilergoa eskuratu zuen Bizkaiko Institutuan. 1904an Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak ikasteari ekin zion Deustuko Unibertsitatean. Filosofia eta Letren gradua 1908an lortu zuen eta Zuzenbidekoa 1911n. Zuzenbidean doktore titulua eskuratu zuen Unibertsitate Zentralean 1912. urtean, bikain kalifikazioarekin, «Estudios acerca del sindicalismo» izenburua zeraman Georges Sorelen anarkosindikalismoari buruzko tesiarekin. Garai hartan Madrilgo giro intelektualean murgildurik egon zen eta zenbait hitzaldi eman zituen bertako Ateneoan. Bere kalifikazioei esker, Junta de Ampliación de Estudiosen beka bat jaso zuen London School of Economicsen ikasten jarraitzeko.

Bere aita hil ondoren, Basconia-ko administrazio kontseiluan hark utzitako lekua hartu zuen, 1913an. Hurrengo urteetan aholkulari aritu zen Urquijo banketxean eta beste hainbat enpresatan: Vidrieras de Llodio, La Basauri, Tubos Forjados, Alambres del Cadagua eta abar. 1926an Bizkaiko Ekoizleen Ligako ordezkari izendatu zuten Bilboko Portuko obra lanetan. Bilboko Patroien Batzarreko kide ere izan zen.

Arlo artistiko eta kulturalarekiko interes handia zuen eta maiz egoten zen Bilboko Lion D’Or kafeko tertulia politiko-literarioan. Intelektual ezagun ugari elkartu ohi ziren bertan, hala nola, Pedro de Eguillor, Ramon Basterra, Rafael Sanchez Mazas, Pedro Mourlane Michelena edo Joaquin Zuazagoitia. Guztiak aritzen ziren XX. mendeko giro artistikoan eta, pixkanaka, jarrera liberalak utzi eta espainiar nazionalismo autoritario, erreakzionario edota argiki faxistara hurbildu ziren. Lequericak Bilboko El Pueblo Vasco egunkari mauristarekin kolaboratu zuen eta monarkismo espainiar kontserbadorearen alde agertu zen, euskal abertzaletasunaren zeharo kontrakoa. Hermes aldizkari kulturaleko lehen zuzendaritza batzordeko kide izan zen (1917-1922), eta 1917an bi artikulu argitaratu zituen bertan. Diktadura garaian ere politika, literatura eta arte gaiez idazten jarraitu zuen Bilboko El Pueblo Vascon eta Madrilgo El Solen.

Gazte hasi zen politika alorrean. Bere mentorea Juan Tomas Gandarias y Durañona industrialaria izan zen, «La Piña» bezala ezagutzen zen Unión Liberaleko kide sortzailea. Talde politiko-elektoral hori 1897an jaio zen hainbat industrialari monarkiko kontserbadore bizkaitarren eskutik, eta 1919an Liga de Acción Monárquica sortzen lagundu zuen, separatismoaren aurrerapenen kontra monarkiko liberalek, mauristek, kontserbadoreek eta bizkaitar independente zenbaitek sortutako taldea. 1915ean Lequerica Bilboko ordezkari maurista bezala aurkeztu zen, baina ez zuen arrakastarik izan. Hainbat hauteskundetan Euskal Herriko distritu batzuetan porrot egin eta gero, 1919an sasiko diputatu akta lortu zuen Illescasko (Toledo) ordezkari bezala, eta 1920an eta 1923an berritu zuen. Parlamentuan izan zuen jardunean, ezaguna izan zen muga-zergen auziari buruzko eztabaida estrategikoetan izan zuen parte hartzea. 1921ean Mauraren Gobernuko Presidentziaren idazkariorde izendatu zuten, oraindik hogeita hamar urte bete ez zituen arren. Hurrengo urtean dimititu zuen.

Primo de Riveraren diktadura ezarri zenean, politika aktiboa utzi zuen. Guztiarekin ere, maurismoko militante izaten jarraitu zuen, Bizkaiko ordezkaritza zen Liga de Acción Monárquican. Alderdi horretako kide bezala agertu zen Bilboko Arriaga antzokian eskainitako hitzaldi batean, 1923ko abenduan. Bertan, Eusko Ikaskuntzak luzatutako Euskal Unibertsitatea sortzeko proposamenaren aurka agertu zen, eta horren ordez Bilboko Unibertsitate bat sortzea proposatu zuen, ofiziala eta separatismoaren aurkakoa.

Urte horietan familia negozioetan izan zuen eskuhartzeak gora egin zuen eta bere kazetaritza jardunarekin, hitzaldiak ematen eta liburu eta artikuluak idazten jarraitu zuen. Ideia antiparlamentario eta antiliberalak defendatzen zituen, eta faxismoaren alde egiten zuen. Idatzi horietan liberalismoa uzteko beharraz aritu zen, mehatxupean zeuden balore eta ordena batzuk babestuko zituen Estatu berri bat sortzeko. Bere artikuluak Soldados y políticos izeneko liburu batean jaso ziren. 1928an argitaratu zen eta eragin handia izan zuen Errepublika garaiko monarkikoen artean. Diktadura bukatu zenean, Ekonomia idazkariorde izendatu zuten (1930eko irailak 5 – 1931ko apirilak 22) Damaso Berenguerren Gobernuan.

Errepublika iritsi zenean, Gil Roblesen politikagintzari egin zion gaitzespenak Renovación Española alderditik gertu kokarazi zuten. Ramiro Ledsma Ramos babestu zuen 1931n La Conquista del Estado astekaria finantzatuz, baita Gimenez Caballero eta bere La Gaceta Literaria ere. Jose Antonio Primo de Riveraren Falange Española-k eta Ramiro Ledesmaren Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista-k bat egin zuteneko prozesua gertutik jarraitu zuen, baina ez zuen inolako konpromiso politikorik hartu. Hala ere, euskal prentsa kontserbadoretik euskal abertzaletasunaren aurka egiten jarraitu zuen. Eusko Ikaskuntzak 1930eko uztailean egin zuen inkestaren harira, honakoa esan zuen: «Gure historia guztian zehar, Forua autonomia administratibo hutsa izan da, eta politikarekin lotutako guztia, aldiz, Estatuarena, Jaunarena edo Monarkia konstituzionalarena, gure betebeharra ezartzen duen muga arrazional eta komenigarrien barruan».

1932an atxilotu eta bi hilabete eman zituen espetxean, Sanjurjoren estatu kolpe saiakeran parte hartu izanagatik. Gil Roblesen kolaborazionismoa salatu zuen, batez ere 1934ko iraultzaren ondotik. Urte bukaeran Bloke Nazionalaren sinatzaileen artean ageri da, Calvo Soteloren aginpean (alfontsotarrak, tradizionalistak, falangistak, cedistak, independenteak, etab.).

1936ko altxamendu militarrak Ingalaterran harrapatu zuen Lequerica. Handik gutxira Espainiara itzuli eta frankistekin bat egin zuen. Erretagoardian aritu zen, propaganda lanetan, eta etengabe eskaini zuen bere burua erregimen berrian ardura karguak hartzeko. 1938an, Bilbo erori eta urtebetera, Lequerica hiribilduko alkate izendatu zuten. Zazpi hilabete egin zituen karguan, urte hartako abuztuaren 19tik 1939ko martxoaren 29ra.

Hasierako udal gobernu horiek, oraindik gerra bukatu gabe, behin-behinekoak eta aldi baterakoak izan ziren. Lequericak bere aitzindari Jose Maria Gonzalez de Careagaren politika berarekin jarraitu zuen. Hark bost hilabete egin zituen alkatetzan. Udaleko ogasuna erregimen orokorrera egokitzeko prozesuan parte hartu zuen, 1937ko ekainaren 27an Kontzertua bertan behera geratu ondotik. Agintean izan zen bitartean, udalak egindako egokitzapen ekonomikoen artean, 133 milioi pezetako ezohiko aurrekontu bat ere egon zen. Lequericak udalean aurretik abiarazitako azpiegitura proiektu zenbaitekin aurrera egin zuen. Besteak beste, Deustu eta Begoñako zubi higikorren konponketa (hurrenez hurren Generalísimo Franco eta General Mola bezala berrizendatuak), beren zailtasun teknikoa altuagoa izateagatik oraindik bukatu gabe zeudelako. Bere agintaldiaren ondoren, zenbagproiektu burutu ziren: Zorrotzako udal hiltegi berria; Deustuko etorbideko obrak (Gran Avenida del Ejército deitzera igaro zen), San Pedro plazatik Elorrietako bihurgunera arte; Sondikako aireportua eraikitzeko kudeaketak; eta Udal Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak bat egitea

Alkatearen eskuhartze pertsonala eskatu zuten proiektuetako bat Arte Ederren Museoa eta Arte Modernoaren Museoa elkarrekin hartuko zituen eraikin bat eraikitzea izan zen, Casilda Iturrizar parkean (orduko hartan Hiru Nazioen parkea zena). Eraikin berria Bilboko Udalaren eta Probintzia Diputazioaren artean erdibana ordainduko zutela zioen 1939ko otsailean lortutako akordioak. Bere agintaldian udal eskolak bertan behera geratu ziren, Estatuaren esku geratzeko.

1939ko martxoan Frantzian enbaxadore izateko hautatu zuten, eta hala eman zion hasiera ibilbide diplomatiko luze bati. Bere egitekoa, Europako koiuntura politikoarentzat erabakigarria zen momentu batean, mesfidantzaz ikusten zuten Madrildik, baina bereziki Foreign Office-tik. Espainia eta Frantziaren arteko harremanaren auzi garrantzitsuena Burgosen otsailaren 25ean sinatutako akordioa ezartzea zen, bertan Frantziak Espainiako erregimen berria onartzen baitzuen. Alemaniaren inbasioaren ondoren, enbaxadore espainiarrak Alemania eta Frantziaren arteko armistizioan parte hartu zuen, 1940ko ekainean. Francoren erregimenaren izenean egindako kudeaketak, lehendabizi Parisen eta gero Vichyn, oraindik ere eztabaidagarriak dira. Batez ere, Frantzian erbesteratutako politikari espainiarrekin izandako jarrerari dagokionez.

1944ko abuztuan Paris askatu eta gero, Lequericak Frantziako enbaxada utzi zuen, Espainiako Kanpo Arazoetako ministro izendatu baitzuten. Jordanako kondearen bat-bateko heriotzaren ondoren, urtebetez kargua hartu zuen (1944ko abuztuaren 11tik 1945eko uztailaren 20ra), eta aliatuen marko berrira egokitu behar izan zen, antzina naziekin izandako harreman onarekin zerikusteko gutxi zuen politika bat aurrera eramanez.

1945ean enbaxadetako ikuskari nagusi izendatu zuten, enbaxadore kategoriarekin eta bizilekua Washingtonera aldatuta. Bere egitekoa Estatu Batuekiko harreman diplomatikoak berrezartzea zen, hartara herrialde horrek erregimen frankista onar zezan. Horretarako, presio handia egin zuen parlamentu boterearen zoko guztietan, Espainiaren blokeoarekiko jarrera alda zezaten. 1951. urtean lortu zuen bere helburua eta enbaxadore bihurtu zen. Washingtonen izan zuen eskuhartzea gakoa izan zen laguntza ekonomikoa, aliantza militarra eta Espainia diplomatikoki onartzea lortzeko. 1953an bi herrialdeen arteko aldebiko hitzarmena sinatzea ahalbidetu zuen, egindako hurbilketa lan eraginkorrari esker.

Gorteetako prokuradore izendatu zuten 1953ko abuztuan, eta bertako lehen presidenteorde izatera iritsi zen. 1955ean Estatu Batuetara itzuli zen, Nazio Batuen Erakundearen aurrean Espainiako lehen enbaxadore iraunkor bezala. New Yorken aritu zen kargu horretan 1963ra arte. Hirurogeita hamahiru urterekin hil zen, gaixotasun luze baten ondoren, Getxoko bere etxean, Bizkaian, urte hartako ekainaren 9an.

Kondekorazio eta sari ugari jaso zituen. Besteren artean, Isabel Katolikoaren, Cisnerosen, Karlos III.aren eta Frantziako Ohorezko Legioaren Gurutze Handiak; Pro Ecclesia et Pontifice gurutzea eta Bilbo Hiribilduko urrezko domina. Honoris causa doktore egin zuten Washingtongo Unibertsitate Katolikoan eta Filadelfiako Villanova Unibertsitatean. New Orleanseko ohorezko hiritarra izan zen eta bere jaioterrian Bilbaina Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen 1953an. Hurrengo urtean Bilboko Merkataritza Ganberak omenaldia egin zion. 1954ko abenduaren 14an Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kide izendatu zuten. 1956ko ekainaren 26an hartu zuen izendapena «La actividad económica de Vizcaya en la vida nacional» izeneko hitzaldiarekin.

Obrak

Soldados y políticos, Bilbo: Ed. Voluntad, 1928.

Renovación Española y el sentido nacional de la política, José Félix de Lequerica-ren hitzaldia Renovación Españolan, 1934ko maiatzak 11, Madrid: Renovación Española, 1934.

La posición de España en la política internacional (1944ko urriaren 12an emandako hitzaldia eta Associated Press-eko Espainiako zuzendariari 1945eko urtarrilaren 18an egindako adierazpenak), Madrid: Dirección de América, 1945.

La actividad económica de Vizcaya en la vida nacional (Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako sarrera hitzaldia eta J. Larraz Lopez kide osoaren erantzuna), Madrid: Real Academia de Ciencias Morales y Políticas, 1956.

La experiencia política del mundo actual, Madrid: Servicio de Información y Publicaciones de la Organización Sindical Pueblo, 1961.

Iturriak. ARCHIVO DE LA FUNDACIÓN NACIONAL FRANCISCO FRANCO, 1.032, 1.489, 10.551, 12.481, 12.506, 19.656, 20.713, 22.895, 23.346, 25.314 eta 25.906.

ARCHIVO DEL CONGRESO DE DIPUTADOS, Diputatuen Historikoa (www.congreso.es).

ARCHIVO DEL MINISTERIO DE ASUNTOS EXTERIORES, Jose Felix de Lequericaren espediente pertsonala.

ARCHIVO HISTÓRICO DEL BANCO BILBAO VIZCAYA ARGENTARIA, Enpresa memoriak, c-201 eta finantza iragarkiak.

AUS, Jose Felix de Lequericaren espediente pertsonala.

BILBOKO UDALEKO ARTXIBO ADMINISTRATIBOA, 1969, Sail Nagusia, leg. 19-II, A-23-165, Bilboko Udal Txit Gorenaren eratze txostena 1938ko abuztuaren 19koa. Alkatea: Don José Félix de Lequerica Erquiza.

BIZKAIKO ELIZAREN HISTORI ARTXIBOA, San Nicolás de Bari parrokia (Bilbo), Bataio Liburua 1887-1895, f. 192.

BIZKAIKO FORU AGIRITEGI HISTORIKOA, Instituzioen Funtsa, ICIM 0327/003 1916, ICIM 0257/001 (1898-1924) 1921, ICIM 0281/07 1930, ICIM 0277/02 1930 eta ICIM 0263/31 1930.

El Liberal (1930).

Revista de Estudios de Deusto (1906, 1909 eta 1910).

Revista Universidad de Deusto (1944, 1945, 1946 eta 1950).

Bibliografia

AREILZA, J. M.ª, Así los he visto, Barcelona: Planeta, 1974.

AVILÉS FARRÉ, J., «Vichy y Madrid: las relaciones hispano-francesas de junio de 1940 a noviembre de 1942», Espacio, tiempo y forma, V, 2 (1989), 227-239. or.

CAVA MESA, M.ª J., «Un vasco en la Diplomacia de los años 40 (J. F. Lequerica y la firma del armisticio franco-alemán de 1940)» II EMB Historia/7. Evolución política (siglo XX) y los vascos y América, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1988, 31-47. or.

— Los diplomáticos de Franco: J. F. de Lequerica, temple y tenacidad (1890-1963), Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1989.

— «José Félix de Lequerica embajador en Francia (1939-1944). El gesto retórico», in MORENO CANTANO, C. M. (koord.), Propagandistas y diplomáticos al servicio de Franco (1936-1945), Gijón: Trea, 2012, 81-120. or.

— «Estilo y acción diplomática en los Estados Unidos. Los bilbaínos José Ignacio de Viar y José Félix de Lequerica», in GUERRERO ACOSTA, J. M. (koord.), La memoria recobrada: huellas en la historia de los Estados Unidos, Bilbo: Iberdrola, 2017.

CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular, 2015, 611-626. or.

ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., La construcción de una nacionalidad vasca: el autonomismo de Eusko-Ikaskuntza, 1918-1931, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990, 217-219. or.

KINTANA, J., «José Félix Lequerica», in AGIRREAZKUENAGA, J., eta URQUIJO, M. (zuz.), Bilbao desde sus alcaldes. Diccionario Biográfico de los alcaldes de Bilbao y gestión municipal en la Dictadura, III. libk., 1937-79, Bilbo: Bilboko Udala, 2008, 169-187. or.

PLATA PARGA, G., La derecha vasca y la crisis de la democracia española (1931-1936), Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1991, 30-34. or.

TUSELL, J., «Los cuatro ministros de asuntos exteriores de Franco durante la segunda Guerra mundial», Espacio, Tiempo y Forma, Serie V, H.ª Contemporánea, 7 (1994), 323-348. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP