Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARAGOIKO EGILEAK ETA OBRAK

LEONARDO DE ARGENSOLA, Bartolomé Juan (Barbastro, Huesca, 1562 – Zaragoza, 1631).

Karguak eta lanbideak

Historialaria eta poeta

Ibilbidea

Barbastron jaio zen eta han bataiatu zuten, 1562ko abuztuaren 26an. Juan Leonardo eta Aldonza Tudela senar-emazteen lau seme-alaben bigarrena izan zen (Lupercio, Pedro eta Ana María izan ziren haren anai-arrebak). Lehen ikasketak Barbastron eta Huescan egin zituen, eta, aita Zaragozara joatean, hiri horretako unibertsitatean jarraitu zituen ikasketak eta batxiler-titulua lortu zuen. Zaragozatik Salamancara joan zen, Zuzenbide Kanonikoko ikasketak egitera, 1581etik 1584ra. 1583an, apaiz ordenatu zuten. Villahermosako dukearen babespean, Villahermosa del Ríoko (Valentzia) parrokiako erretore izendatu zuten, eta Leonardoren anai Lupercio, berriz, dukearen idazkari bihurtu zen.

Jerónimo de Blancas hil ondoren, Aragoiko Diputazioari kronikari izendatzeko eskatu zion, arrakastarik gabe. Leonardo eta bere anaia Villahermosako etxearen aldekoak ziren Aragoiko 1591-1592ko istiluetan, eta dukearen interesak defendatu zituzten. Dukea, traizio- eta errebelamendu-delituez akusatuta, espetxean hil zen 1592an, eta, dukearen alargunaren babesari esker, María enperatrizaren kapilau pertsonal izendatu zuten Bartolomé, eta anaia, berriz, idazkari. Maximiliano II.aren alarguna zen María, eta Madrilgo Descalzas Reales komentuan bakartuta bizi zen. Bi anaiak gortean egon ziren 1592tik 1603ra bitartean, urte horretan hil baitzen enperatriza. Gortean, hartu-emanak izan zituzten idazle ospetsu askorekin.

Gorte berrian, Valladoliden, egonaldi labur bat egin ondoren (1603-1606), 1608an, Napoleseko erregeorde berriarekin, Lemosko kondearekin, joango zen segizioan parte hartzeko hautatu zuten, Luperciorekin eta beste idazle batzuekin batera. 1608an, Bartoloméren anai Lupercio Aragoiko kronikari izendatu zuten. Indietako Kontseiluko presidente Lemoseko kondeak eskatuta, Bartolomék Moluken konkistari buruzko historia bat idatzi zuen (1609). Bartolomé Napolesen bizi izan zen 1610-1614 aldian, eta han, anaiarekin eta beste idazle batzuekin batera (Villamedianako kondea, Quevedo…), Lemos erregeordeak babestutako Academia de los ociosos delako elkarte literarioan parte hartu zuen.

Lupercio 1613an hil zen, eta orduan, Lemosko kondeak Bartolomé kronikari izendatzea gomendatu zion Zaragozako Diputazioari. Hala ere, ez zuen kargua lortu 1615era arte. Urte horretan ere, Zaragozako katedraleko kanoniko izendatu zuten. Erroman egonaldi laburra egin ondoren, Penintsulara itzuli zen 1616an. Bestalde, 1618an, Filipe III.ak errege-kronikari izendatu zuen, Aragoiko Koroako erresumetarako. Urte horietan, Diputazioak eskatuta, Zuritaren Anales lanaren jarraipena izango zena idazten hasi zen. Lan hori eten zuten diputatuek, 1591eko gertakariei buruzko tratatu bat idazteko enkargatu baitzioten, baina tratatu hori amaitu gabe geratu zen eta ez zen inprimatu. Halaber, parte hartu zuen Fueros y observancias del reino de -Aragón (1624) bilduman. Azkenik, 1630ean, Primera parte de los Anales de Aragón que prosigue los del secretario Gerónimo Zurita desde el año MDXVI lana argitaratu zuen. Zaragozan hil zen, 1631ko otsailaren 4an. 1634an, haren ilobak Argensola anaien obra poetikoa argitaratu zuen: Rimas de Lupercio y del doctor Bartolomé Leonardo de Argensola.

1628an, García de Góngora y Torreblancaren Historia apologética del reino de Navarra lana argitaratu zen Iruñean —Juan Sada Amezketak edo zenbait egile ezezagunek argitaratu zutela uste da, eta Argensola argitalpen hori eragozten saiatu zen—, eta polemika bizia piztu zen. Sadaren lanean, lehenago Esteban Garibaik egin zuen bezala, kritika egiten zitzaien Aragoiko historialariei; batez ere, Juan Briz Martínez abadeari eta Historia de San Juan de la Peña haren lanari, eta Lupercio Leonardo Argensolari eta Declaración sumaria del reino de Aragón haren lanari. Aragoiko idazleentzat, Gartzea Semenezek Sobrarbeko erregearen titulua bereganatu zuen San Juan de la Peña monasterioan, eta haren seme Gartzea Enekoez izango zen Nafarroako lehen erregea, eta Sobrarbeko bigarrena, «eta horrela, antzinagoko errege bat izango zuen» Sobrarbek. Horrela, Sadaren esanetan, Nafarroa «Aragoiko koroatik baino beherago geratzen zen». Sadak, ordea, lehen erregea, Gartzea Semenez, nafarra zela zioen, eta 717. urtean hautatu zutela, foruen zina «Burunda haraneko San Pedro ermitan» egin ondoren, eta hala ageri zela Gregorio II.ak ustez emandako bulda batean (Brizek bulda hori faltsifikazio bat zela uste zuen). Are gehiago, uste zuen Antso Nagusiak, bere testamentuan, Sobrarbe laga ziola Don Gonzalo infanteari, «erresumaren tituluarekin» («Nafarroako Koroaren hasiera eta zazpiehun urte geroago»), eta seme ez-legitimo Ramirori, berriz, Aragoiko Erresuma utzi ziola, ordura arte konderria baino ez zena. Brizek eta Bartolomé Argensolak, haserre, gutun-trukea izan zuten Sadarekin, zazpi aldiz ere,  tonu goratuan. Gutunetan, akusazioak egin zituzten batzuek eta besteek, eta zalantzan jarri zuten besteen gaitasun historiografikoa edota nafarren eta aragoiarren leialtasuna monarkiarekiko.

Hain zuzen ere, Primera parte de los Anales lanean, Bartolomék arreta berezia eman zion Joan Albretekoak 1516an Nafarra berreskuratzeko egindako ahaleginari. Honela dio: erresuma horretan «denen aldarteak aztoratu ziren, norberaren itxaropenen arabera, eta ezinezkoa izan zen barne-diskordia ezkutatu». Argensola izugarri izutu zuen Cisneros kardinalaren erabakiak —erresumako gotorlekuak eraisteko agindu zuen—, eta adierazi zuen Nafarroako kondestablea —Leringo kondea—, beaumontarren burua, nahasita zegoela Joan Albretekoaren ahaleginean, eta Villalba koronela pozoitu izana leporatu zion —Albretekoen armada geldiarazi zuen Villalba koronelak Erronkarin—. Argensolaren ustez, Joan eta Katalina errege-erreginak hil ondoren, «haien oinordekoetan bizirik jarraitzen du Espainiako errege-erreginen aurkako kexa, eta haien gogoan bizirik jarraitzen du eskubidea, bai eta itxaropena ere». Horrekin guztiarekin, Nafarroaren leialtasuna jartzen zuen zalantzan. Beste egile batzuk, hala nola Sada, ez zeuden ados horrekin. Izan ere, Nafarroa erresistentziarik egin gabe errenditu zela zioen Sadak, Fernando Katolikoak lurraldea konkistatu behar izan gabe.

Eztabaida historiografikoa historiarekiko interes berrituaren esparruan kokatzen da. Hain zuzen ere, historia iraganeko loriak gogoratzeko diziplinaz gain, tresna politiko moduan erabiltzen hasi zen, bai gobernua eta monarkiarekiko harremanak ulertzeko moduarekin lotuta, bai erresumen garrantzia eta eragina sendotze aldera, monarkia konposatu baten barruan.

Obrak

Conquista de las islas Malucas, Madrid: Alonso Martín, 1609.

Primera parte de los Anales de Aragón, que prosigue las del secretario Gerónimo Zurita, desde el año 1516 del nacimiento de Nuestro Redentor, Zaragoza: Juan de Lanaja, 1630.

Relación del torneo de a caballo con que la imperial Zaragoza solemnizó la venida de la reina de Hungría y de Bohemia, infanta de España, Zaragoza: Juan de Lanaja, 1630.

Rimas de Lupercio y del doctor Bartolomé Leonardo de Argensola, Zaragoza: Hospital Real y General de Nuestra Señora de Gracia, 1634.

Bibliografia

Colás Latorre, G.: «Los Argensola y la Historia» in Argensola: Revista de Ciencias Sociales del Instituto de Estudios Altoaragoneses, 119 (2009), 211.-232. or.

Floristán Imízcoz, A.: «Polémicas historiográficas y confrontación de identificaciones colectivas en el siglo xvii: Navarra, Aragón y Vasconia» in Pedralbes, 27 (2007), 59.- 82. or.

Montaner Frutos, A.: «Leonardo de Argensola, Bartolomé Juan» in Diccionario filológico de literatura española (siglo xvii), Galvela García, D.; Rojo Alique, P. C. (koor.); Jauralde Pou, P. (zuz.); Madrid: Castalia, I. libk., 2010, 679.-701. or.

Ostolaza, M. I.: «Debates historiográficos entre cronistas de Navarra y Aragón en el siglo xvii. A propósito de la Historia apologética y descripción del reino de Navarra, atribuida a Juan de Sada y Amézqueta» in Revista Jerónimo Zurita, 80-81 (2005), 227.-252. or.

Aipamen bibliografikoa

Usunáriz, J. M., “Leonardo de Argensola”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 687-689.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP