Karguak eta lanbideak
Bankaria eta historialaria
Ibilbidea
Baionan jaio zen, 1829ko urriaren 15ean. Salomon Emile eta Esther Aimee Levyren azken semea izan zen. Baionako familia judu sefardi zaharrenetako baten ondorengoa zen. Haren aitona Leonetik (Espainia) etorri zen, eta Baionako Saint-Esprit udalerrian jarri zen bizitzen, XVIII. mendearen hasieran.
Bordelen ikasi ondoren, negozio-gizon gisa ezarri zen, negozio-gizon eta bankari ospetsuen familiaren arrastoari jarraiki, haien merkataritza-etxea Bordelen, Baionan eta Donostian ezarria baitzen.
Bordele eta Baiona artean bizi izan zen, 1855ean haren lehengusu Sara Rosalie Fanny Leon gaztearekin ezkondu zen arte. 1856an Baionara lekualdatu zen. Merkataritza nazionaleko negozioetan buru-belarri ari baitzen, eta liberalismo ekonomikoaren aldekoa izaki, 1871n hainbat txosten helarazi zizkion Asanblada Nazionaleko aurrekontuen batzordeari, lehengaien eta ehungintzako gaien gaineko eskubideen berrezarpenaren aurka eginez.
Baionako burgesiako kide nabarmena izan zen, eta, hala ere, ez zuen konpromiso pertsonalik hartu udal-instituzioetan, tokiko pertsonaiez bakarrik osatzen baziren ere. Udalaren artxibozain postua, ohore handikoa, onartu zuen, 1893tik aitzina. Hala ere, Baionako udalbatza israeldarrarekiko lotura eztabaidaezina da: haren aita Emile Leon Baionako Sinagogako edo Tenpluko funtzionario administratiboa izan zen, 1837tik 1846ra bitartean, eta udalbatzako hautetsia ere bai, 1846tik hasi eta 1876an hil zen arte. Haren anaia Virgile, 1858tik 1876ra arte, Talmud Tora eskola israeldarraren administratzailea izan zen, urte hartan Udalean sartu baitzen, eta haren buru izan zen 1883tik 1895era bitartean.
Negozioen mundutik erretiratu zenean, bere gai kutunetan buru-belarri aritu zen: tokiko historia, hainbat elkartetan sartuta, besteak beste Baionako Zientzien, Letren eta Arteen Sozietatean edo Biarritz Association delakoan, eta klimatologia, hainbat behatokiren sorreran parte hartuz, Pirinioetan (Pic du Midi, Ortheze, Bagnères de Bigorre…) eta kosta atlantikoan (Arcachon, Biarritz…), eta antolatuz, 1886tik aitzina, Biarritzeko Lehen Kongresua Hidrologia eta Klimatologiari buruz. Azkenik, hainbat gida turistiko argitaratu zituen, uda eskualdean ematen zuten udatiar atzerritarrentzat.
Henry Leon egile oparo eta eklektikoa da. Baina ezaguna da, batez ere, haren Histoire des Juifs de Bayonne lanagatik, ezabatu ezin den lorratza utzi baitzuen historiografia juduan. Erreferentziako liburu hori bi aldiz berrargitaratu da, 1987an Jean-Philippe Segoten eskutik, eta 2016an Cairn atarian. Liburua lehenengo aldiz 1893an argitaratu zuen Durlacherrek, antisemitismo politikoa Frantzian azkar hedatzen ari zen une batean, Edouard Drumontek 1886an La France Juive liburua, juduen kosmopolitismoa salatuz, argitaratu ondoren, eta urtebete lehenago, 1894an, Dreyfus kasua hasi ondoren.
Liburu hartan lehenengo aldiz idatzi zuen Henry Leonek komunitate juduari buruz. Tokiko, komunitateko eta familien artxiboetan oinarrituta, hogeita hamazazpi ataletan deskribatzen du Henry Leonek Baionako juduen historia, Erdi Aro espainiarretik hasi eta XIX. mendearen amaiera arte. Espainiatik kanpora egotzi zituztenekoa eta haien erbesteratzea azaltzen ditu, eta Aturri ibaiaren ertzean ezarri zirenekoa. Berriro pizten du Nazio judua, espainiarra eta portugesa, eta halaber udalbatza israeldarra, haren antolaketa moduekin, haren tradizioekin eta erritual erlijioso eta jarduerekin. Azkenik, inguruarekiko harreman konplexuak aztertzen ditu, eta zehazkiago, Baionako Udal Ganberarekiko harremana.
Henry Leonen mezua argia da, baina ez da pentsatu behar Histoire des Juifs de Bayonne lana antisemitei emandako erantzuna denik. Frantzian emantzipazioa ekarri zuen mugimenduarekiko esker ona adierazten du. Juduak gainerakoak bezalako hiritarrak direla erakusten saiatzen da, eta gainerako herritarren aitortza ere badutela adierazten du, hainbat arlotan lortzen duten arrakastagatik. Integrazioaren aldekoa da guztiz, baina asimilazioa errefusatzen du.
Arrazoi horregatik, franko-judaismoa deitzen ahal den pentsaeraren ordezkaria izan zen; joera horrek judaismoa erlijio gisa definitzen du, gizarte-mugikortasuna sustatzen du eta juduei dei egiten die bizitza modernoan bete-betean parte har dezaten. Frantziar/israeldar bat da, tradizio erlijiosoa defendatu zuena, baina zehaztasunak erantsiz.
Azkenik, gaixotu eta Baionan hil zen, 1907ko abuztuaren 9an, anai Virgileren etxean, hiru seme utzita, Salomon Ernest, Jacob Camille Alfred eta Daniel.
Obrak
Bayonne: son passé, son avenir, Baiona: Lespès, 1866, 33 or.
Etude historique sur la chambre de commerce de Bayonne, Paris: Lévy frères, 1869, 176 or.
Compte-rendu commémoratif du mariage d’or de M. et Mme Emile Léon, célébré à Sainte-Croix (Bayonne) le 27 juin 1874, Bordeaux: Boussin, [1874], 27 or.
Le touriste (Guide Léon), 1880tik 1892ra arte argitaratutako gida turistikoak.
Bayonne-Biarritz: bains, climat, environs, Baiona: Lamaignère, ca. 1880, 66 or.
Arcachon: bains, climat, environs, Duthu, ca. 1880.
Saint-Sébastien: bains, climat, environs, Bordeaux: A. Bellier, ca. 1880
Dax, Salies, Saint-Christau, Bordeaux: A. Bellier, 1882, 46 or.
«Mouguerre», BSSLAB, 1 (1886ko 1. seihilekoa), 81-87. or.
«La végétation orientale en Occident», BSSLAB, 2 (1886ko 2. seihilekoa).
Bidache et la maison de Gramont, il. F.Corrèges, Baiona: Lamaignère, 1888, 36 or.
«Bidache et la maison de Gramont», BSSLAB, 1 (1888ko 1. sehilekoa), 125-156. or.
La climatologie: communication faite au congrès international d’hydrologie et de climatologie de Biarritz en 1886, Baiona: Lamaignère, 1890, 31 or.
«Profil bayonnais. Courriers à cheval», BSSLAB, 1 (1892ko 1. hiruhilekoa), 3-8. or.
Histoire des Juifs de Bayonne, Paris: Durlacher, 1893, 436 or.
Un caprice: légende historique, Biarritz: Lamaignère, 1895, 42 or.
«Un caprice princier: légende historique» (1), BSSLAB, 1 (1895eko 1. hiruhilekoa), 95-114. or.
«Un caprice princier: légende historique» (2), BSSLAB, 2 (1895eko 2. hiruhilekoa), 211-229. or.
Le soleil bleu, la mer, l’automne et les orages, Biarritz: Lamaignère, ca. 1896, orrialde anitzetan.
«Biarritz: histoire et bibliographie», Bulletin Biarritz Association, 1897, 12. or.
«Autour de Bayonne. Mouguerre», Biarritz Thermal, 1898, 13. or.
«Végétation et acclimatation dans le sud-ouest océanien», Bulletin Biarritz Association, 1898, 14. or.
«L’automne à Biarritz», Bulletin Biarritz Association, 1899, orrialde z.g.or.
«Le baiser maternel», Bulletin Biarritz Association, 1899, 12. or.
«Les orages dans les Pyrénées», Bulletin Biarritz Association, 1899, z.g.or.
«Pourim et la fête d’Esther: études de moeurs juives», BSSLAB, 4 (1900eko 4. hiruhilekoa), 145-157. or.
«Biarritz: bains, baigneurs, sauveteurs», Bulletin Biarritz Association, 1901, 35. or.
Quel temps fera-t-il ou la prévision par la nature, Biarritz: Lamaignère, 1902, 10. or.
«Biarritz: grèves et rochers du Cap Breton au Cap Figuier», Bulletin Biarritz Association, 1903, 18. or.
«Les Juifs espagnols de Saint-Esprit: Chansons et prières», Bulletin Hispanique (Bordele), IX. libk. (1907ko urtarrila-martxoa), 277-285. or.
OLIVER-COPONS, E. de, Impressions d’une marche par la vallée de Venasque et les Pyrénées, itz. Henry Léon, Biarritz: Lamaignère, 1899, 41 or.
PASTORIN Y NACHER, J., «Les pêcheries en grand océan», Bulletin Biarritz Association, 1902, itz. Henry Léon, 11 or.
Bibliografia
CAVIGNAC, J., Dictionnaire du judaïsme bordelais aux XVIIIe et XIXe siècles, Bordeaux: Archives historiques du département de la Gironde, 1987, 306 or.
ITURRIAK
ARCHIVES DÉPARTEMENTALES DES PYRÉNÉES-ATLANTIQUES. Egoera zibilaren erregistroak (jaiotzak, ezkontzak, heriotzak), Saint-Esprit, Baiona eta Bordelekoak.
La Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-Jean-de-Luz: journal républicain indépendant littéraire, mondain et d’intérêt local, Biarritz, 1893-1944.
Le Courrier de Bayonne, Baiona, 1853-1948.
Le Courrier de Salies, littéraire, industriel et comercial, Saliese, Ortheze, 1886-1901.
L’indépendant des Basses-Pyrénées, Pau, 1867-1944.
LÉON, H., Histoire des Juifs de Bayonne, Paris: Durlacher, 1893.





