Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE LAPURDIKO EGILEAK ETA OBRAK

LEIZARRAGA Joanes (Beskoitze, Lapurdi, 1503 – Bastida, Nafarroa Beherea, 1601).

Karguak eta lanbideak

Idazlea eta Eliz erreformatuaren ministro

Ibilbidea

Haren gaztaroaren inguruko daturik ez dugu. Hasiera batean apaiz katoliko ordenatu zen, baina 1559an kalbinismora bihurtu zen, eta ondoren ministro protestantea izan zen Bastidan (Nafarroa Beherea). Pizkundearen testuinguruan, doktrina humanista garatu eta erlijio-gerrak piztu ziren une hartan, Joana III.a Albretekoak, Nafarroako erregina 1555 eta 1572 bitartean, Kalbinoren Erreforma onartu zuen jendaurrean 1559an eta, handik gutxira, Biblia euskarara itzultzeko agindua eman zion Leizarragari, eta babesa ere eskaini zion, Kontrarreformaren jazarpenaren aurrean.

Agindutakoa burutu eta, 1571n, Arroxelan argitaratu zuen Testamentu Berriaren euskararako itzulpena. Leizarragaren lanaren irismen historikoak hiru alderdi ditu: lehenik, euskaraz prosan idatzitako lehenengo argitalpena izan zen, bigarrenik, Bibliaren euskararako lehen itzulpena izan zen eta, azkenik, Nafarroa Beherean Erreforma kalbinistak aurrera eraman zuen hizkuntz eta kultur politikaren funtsezko dokumentuetako bat da.

Eskritura Sakratuak Europako lekuan lekuko hizkuntzetan argitaratzeko ekimenak ugaritu ziren Eliza katolikoaren zisma hasi ondoren. Bibliaren itzulpena, gainera, dogma erreformistarekiko koherentziazko jardunbide bat izan zen, haren irizpideetako bat zelako testu biblikoak berriro eskuratzea, Eliza katolikoaren bitartekaritzaren beharrik gabe eta Erromarekiko lotura hautsiz. Helburu hori betetzeko, erreformistek modu zuzenean hurbildu behar zuten testu sakratuetara. Horregatik, erreforma protestanteak eskritura sakratuen irakurketa zuzena aldarrikatu zuen, eta horretarako itzuli ziren lekuan lekuko hizkuntzetara. Luterok 1522an itzuli zuen Testamentu Berria alemanera (1534an Testamentu zaharra), eta ondoren etorri ziren gainerako hizkuntza europarretarako itzulpenak: ingelesezko itzulpena 1525-1539 aldian (Tyndale-Coverdale) eta frantsesezkoa 1528an (Estieen). Testuinguru horretan iragarri zuen jendaurrean Joana III.ak erreforma bere egiten zuela, 1559an. Haren lehenbiziko erabakietako bat izan zen Leizarragari agintzea Biblia euskarara itzultzea. Izan ere, erreginak gehien bat frantsesez idazten zuen, baina haren lurraldeko berezko bi mintzairak euskara eta gaskoiniera ziren. Beraz, Leizarragaren itzulpenak islatzen zuen Nafarroako Erresumak ideia protestanteak Nafarroa Beherean hedatzeko egin zuen eginahala.

Are zehatzago, Biblia euskarara itzulita, Joana Albretekoaren asmoa zen erreformaren ideiak herri xehearengana eramatea, nobleziak begi onez ikusi baitzituen ideia berriak, lurraldera iritsi ziren une beretik. Leizarragaren agindua zen euskarara itzultzea Testamentu Berria, otoitzak eta katixima kalbinista Biarnoko Sinodoan, Pauen elkartu baitzen 1564an. Itzultzailea, euskara bikain ezagutzen zuelako ospea zuena, 1567an ministro protestante izendatu zuten eta Bastidara bidali zuten, hango hizkuntza nagusia gaskoiniera zelarik.

Erbesteratutako errege-erreginen gortea Pauen ezarri zen, eta handik egin zituzten ideia protestanteak zabaltzeko eginahalak. Frantziako erlijio-gerra lazgarriek markatutako testuinguru hartan, Monarkia espainiarrak Kontrarreformaren alde egin zuen eta ideia erreformista berriei jazarri zitzaien, Inkisizioko auzitegien eskutik. Errege-erregina nafarren erlijio-irizpide erreformistak ideia errenazentistak eta humanistak euskal literaturaren historian txertatzeko lagungarriak izan baziren ere, bide laburra egin zuten Leizarragaren idatziek, katolikoen garaipenaren ondorioz. Joana Albretekoaren heriotzaren ondoren, Henrike III.a Nafarroakoak (Henrike IV.a Frantziakoa) katolizismoa berrezarri zuen eta tolerantzia erlijiosoa bultzatu zuen. 1589an Frantziako errege izendatu zuten eta katolizismora bihurtu zen. Nolanahi dela ere, euskal literaturak loraldia bizi izan zuen erreformarekin batera etorritako ideien abagunean. Izan ere, Bernart Etxepare, euskarazko lehenbiziko liburuaren egilea (Linguae Vasconum Primitiae, 1545ean plazaratua Bordelen) ere lapurtarra zen. Hala eta guztiz ere, Leizarragaren lanetik Axularren Gero 1643an argitaratu zen arte, ez zen aurrerapen handirik izan euskal literaturan.

Leizarragaren itzulpenaren estiloak eta lengoaiak argi adierazten dute lan haren berezko helburua: protestantismoa herri xehearengana eramatea, eguneroko bizitzan erabiltzen zuten hizkera erabiliz. Itzulpen haren karietara, lehenengo aldiz elkartu ziren erakunde bat (Iparraldekoa) eta Eliza (protestantea) euskara sustatzeko asmoz. Hortaz, helburu erlijiosoaz gain, Leizarragaren lanak ospe historikoa hartzen du hizkuntzaren ikuspegitik. Artzain protestante hark euskara estandarizatzeko lehenbiziko saioa egin zuen, Lapurdi eta Zuberoako euskalkiak harilkatuz, eta tarteka latinetiko, grezierako eta hebreerako kultismo eta maileguak ere erantsiz. 1565ean Oloroeko Batzarrak lau lankide euskaldun izendatu zituen Leizarragaren lana gainbegiratzeko: Piarres Landetxeberri eta Sanz de Tartas zuberotarrak, Joannes Etxeberri lapurtarra eta Bastidan bizi zen Tardets izeneko bat.

Leizarragaren liburuak lau atal nagusi ditu: aitzinsolasa, gramatikazkoa, aritmetikazkoa eta garrantzitsuena, kristau ikasbideari eskainitakoa. Lanaren osagarri, Kalendrera (Egutegia) eta ABC, edo Christinoen Instructionea (ABC, edo kristauen jarraibidea) testuak erantsi zitzaizkion. Testamentu Berrian, gainera, testu batzuk erantsi zituen Leizarragak testu nagusiaren ondoan: erreginari zuzendutako gutuna (Gucizco Andre noble Ioanna Albrete Naffarroaco Reguina Bearnoco Andre guehiénic, denari…), «Heuscalduney» izenburuko atala, lanaren aitzinsolasa izan zena; orobat, Zuberoan erabiltzen ez ziren zenbait hitzen zerrenda bat, eta azkenik, testu labur batzuen itzulpenak eta egokitzapenak. Ez da segur esaten ahal zein izan zen itzulpena egiteko jatorrizko testua, baina uste zabalduenen arabera Vulgata izeneko bertsio zaharraizan zen bat, eta beste bat Nouveau Testament izenekoa, frantsesez argitaratu zena 1559tik 1563ra bitartean. Kalendrera izeneko atala, berriz, erlijio-egutegi labur bat da, 16 orrialdekoa, eta ABC, edo Christinoen instructionea othoitz eguiteco formarequin izenekoa liburuxka labur bat da, hizkera arinekoa, ume eta gazteentzat egina.

Sei urte iragan ziren Leizarragak itzulpena burutu zuenetik argitara eman zen arte. Joana Albretekoa ordurako hila zen. 1572an zendu zen erregina, eta lana zabaltzeko baimena 1574an eman zen. 1573an Leizarraga berriz ere Bastidara deitu zuten, eta handik hiru urtera hiru ministroren semeak hartu zituen etxean, euskaraz ikasteko bidali baitzituzten harengana. Une hartatik aitzina, Leizarragaren ibilbide pertsonalaren eta lanbidearen arrastoa galdu zen. Protestanteek 1577an eta 1579an antolatu zituzten biltzarretan izan zen, baina ez 1594 eta 1596koetan. 1582an, Jacobo Augusto de Thou politikari eta historialari frantsesa harekin elkartu zen eta haren lan inprimatuaren kopia bat eraman omen zion opari. 1601ean dagoeneko ez da hari buruzko daturik, eta junta kalbinistak izendatua zuen ordurako haren ordezkoa. Beraz, Leizarraga 1600 aldera hil zela pentsa daiteke, ehun urtetik hurbil zela. Haren lanik ez zen gehiago inprimatu xix. mendera arte.

Obrak

Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria; Kalendrera; ABC edo Christinoen instructionea, Arroxela: Pierre Hautin, 1571.

Bibliografia

Apalategi, U., «Testamentu Berria (1571)», in Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua. Online edizioa: http://www.ehu.eus/ehg/literatura/?p=1050 (2018ko urriaren 4an egindako kontsulta).

Intxausti, J., «Leizarraga eta leizarragatarrak (1563-1571), erreforma-kontrarreformetako ilun-argitan»,in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Riev, 43 (1995), 119.-160. or

Mitxelena, K., Historia de la literatura vasca, Madrid: Minotauro, 1960.

Salaberri, P., Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte, Donostia: Elkar, 2002.

Villasante, L., Historia de la literatura vasca, Burgos: Editorial Franciscana Aránzazu, 1979.

Zuloaga San Roman, E., «Leizarraga, Joanes», in Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/leizarraga-joanes/ar-80231/ (2018ko urriaren 4an egindako kontsulta).

Aipamen bibliografikoa

Álvarez Berastegi, A., “Leizarraga, Joanes”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 601-603.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP