Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

LEGRAND, Theodoric (Paris, 1882ko urtarrilak 25 – Paris, 1952ko apirilak 7).

Karguak eta lanbideak

 Artxibista-paleografoa.

Ibilbidea

Theodoric Legrand-ek bere ikasketak Ecole des Chartes-en egin ditu (1904ko promozioa). 1904an, bere tesia idatzi du: « Essais sur Fontarrabie et les différends de cette ville avec le Labourd, du XVème au XVIIIème siècle ». Urte berean, artxibista-paleografo izendatua izan da eta 1905ean Frantziako Kontu Auzitegiko Liburutegiko arduraduna izan da. Azkenik, Seine-ko Departamenduko zerga biltzailea izan da.

Badakigu Euskal Herriarekin atxikimendu berezia zuela, batez ere Txingudi aldearekin. Izan ere, askotan Hendaiara joaten zen familiarekin bere oporrak pasatzera. Memento horiek baliatu zituen eremu hartako artxibategietan ibiltzeko.

1903an, bere tesia hasi zuelarik, Pariseko udaletxeak beka bat eman zion hiru hilabeteko ikastaldi bat egin zezan. Lehenik Donostiara joan zen Gipuzkoako udal-artxiboetako inspektorea ikustera. Ondotik, Hondarribian egon zen batez ere eta bertako artxiboak sailkatzen eta aztertzen geratu zen. Irungo artxiboetan ere egon zen eta, azkenik, Madrileko Liburutegi Nazionalean eta Real Academia de la Historia-n bukatu zuen bere egonaldia.

Egonaldi hau erabakigarria izan zaio. Manuel Lekuona-k azpimarratzen duen bezala, lan «beneditarra» egin zuen, garaiko artxiboak ez zirelako sailkatuak. Legrand-ek baldintza zail horiek aipatzen ditu: «Santa Maria sakristiaren ondoan dagoen beheko gela batean pilatutako dokumentu pilo batean bereizi behar izan genituen informazio baliagarria eman ziezaketenak; hau da, zailtasun material handiak etorri zirela gure lana geldiarazi eta gure ikerketa nolabait arriskutsu bihurtzera». Jakin behar da Gipuzkoak udal-artxiboen ordenatze-proiektu handi bat abiatu berri zuela. Legrand -ek artikulu bat idatzi du: “Notes sur l’organisation des archives municipales de la province espagnole de Guipuzcoa” (1905); zeinean Gipuzkoako inspektorea, Serapio de Mugica, garatzen ari zen sailkatze-metodologia zehazten baitu.

Bere tesia 1904eko urtarrilean defendatzen du. Tamalez, ez dugu lan hori berriz aurkitu.

Legrand-ek ondoko hilabeteetan bere lana berriz hartzen duen artikulu bat «Essai sur les différends de Fontarabie avec le Labourd du XVme au XVIIIme siècle», Revue du Béarn et des Pyrénées aldizkarian argitaratu du. Lan oso zehatza egin du: Hondarribiako eta Irungo artxiboetan agertzen diren Bidasoa inguruko gatazkak kronologikoki aztertzen ditu. XV. mendean hastea erabaki du bi arrazoirengatik: batetik, lehenago Hondarribiak ez zuelako Lapurdirekiko harremanetan rol nagusirik ukan, eta bestetik, 1498an sute batek Hondarribiako dokumentu gehienak erre zituelako. Bestalde, XVIII. mendearen amaierara mugatzen du bere ikerketa, XIX. mendeko gatazkak historia garaikideari lotuak baitira: «Ulertuko da ez dugula jarraitu nahi izan, gaur egun oraindik finkatu gabe dagoen auzi baten azterketan —bi ertzetako euskaldunen arteko harremanak adeitsuenak bihurtu diren arren— historia diplomatiko garaikidearen eremu ukiezinean dago». Legrand-ek artikulu honen zati bat laburbildu eta gaztelera itzuli du Euskal-Erria: revista bascongada aldizkariarentzat: «Las diferencias entre Fuenterrabía y Laborte durante los siglos XV y XVI», zeinean bi mende hauetako gertakariak (lehen parte batean 1463 arte iragan direnak eta bigarren batean batez ere 1509. urtekoak aipatzen ditu) aztertzen baititu.

Gai honi lotuta, «Apuntes históricos sobre la organización interior de Fuenterrabia desde el siglo XVI hasta el XVIII» lana aipatu beharrekoa da. Artikulua hiru partetan zatitua da: antolaketa administratiboa, antolaketa militarra eta azkenik itsas eta merkataritza antolaketa. Theodoric Legrand-ek, Euskal-Erria aldizkariarentzat Hondarribiako gertaera historiko batzuk kontatzen dituzten artxibo-dokumentu laburrak argitaratu ditu: «Relato inédito del socorro de Fuentarrabia por el Marqués de los Velez durante el sitio de 1638», «Otro documento curioso acerca del sitio de Fuentarrabia en 1638» edo «Cancion revolucionaria acerca del sitio de Fuentarrabia por las tropas francesas el 1° de agosto de 1794».

Nafarroa ere izan du aipagai, eta bereziki 1521eko gertaeren inguruko bi lan azpimarratzekoak dira : lehena, «Lettres écrites de Pampelune par des espions français pendant la guerre de Navarre», zeinean Madrileko Liburutegi Nazionalean antzemandako hiru frantses espioik idatzi zituzten gutunak publikatzen baititu. Legrand-en arabera, gutun horiek balio handikoak daitezke: «Gaztelarrek konkistatu berri duten Nafarroako hiriburuan orduan gertatutako gertakari nagusien txosten zehatza osatzen dute. Azkenik, bereziki baliotsuak dira sarritan plazaratutako ideia berresten baitute eta frogatu egiten baitute armada franko-nafarko buruzagiek harremanak mantentzen zituela, gehiago edo gutxiago argi, matxinada komunitariokoekin […]». Bidenabar, «gutunek 1521eko gerraren historiari eta comuneroen matxinadari eta bereziki Valentziako Germania ospetsuari buruzkoak dira». Bigarren dokumentuan, «Notas para la historia. Otro curioso documento referente a la guerra de Nabarra en el año de 1521», Pariseko Liburutegi Nazionalean antzemandako testigu bat plazaratzen du.

Bestalde, Euskal-Erria aldizkarian parte hartzen jarraitu du, bereziki 1905. urtean. Artikulu aipagarrienetan, besteak beste, 1904an izan zen Donostiako Erakusketa antropologikoari buruzkoa, baita ere Frederic Mistral poeta okzitaniar engaiatua eta ospetsua laudatzen duena («poeta, bai, baina poeta baino are gehiago, ekintza-gizona, ideal baten lorpenaren alde borrokatzen duena, nire euskal irakurleek inork baino gehiago ulertzen eta goraipatzen jakingo dutena») eta frantses ortografiaren erreformari buruzkoa, azpimarra ditzakegu.

Azkenik, seguraski bere hizkuntza gaitasunengatik, Espainia eta Portugaleko Historiari buruz liburu eta artikulu batzuk itzuli edo izkiriatu ditu. Adibidez, «Apuntes sobre el comercio de Bretaña con España y las posesiones de ultramar: a fines del siglo XVII» eta «L’Imprimerie à Saragosse au XVe siècle, compte rendu et extraits traduits de la “Bibliografia zaragozana del siglo XV”, de Juan M. Sanchez» artikuluak 1907 eta 1908. urteetan idatzi ditu. Rafael Ballester-en Curso de Historia de España liburua frantsesera itzuli du 1928an. Eta, urte berean, Histoire du Portugal du XIème siècle à nos jours eskuliburua ere idatzi du.

Obrak

Apuntes históricos sobre la organización interior de Fuenterrabia desde el siglo XVI hasta el XVIII, Donostia: J. Baroja e Hijo, 1904, 33 or.

Essais sur Fontarrabie et les différends de cette ville avec le Labourd, du XVème au XVIIIème siècle (Tesia), Paris: École des Chartes, 1904.

«L’exposition ethnographique de St-Sébastien», Revue du Béarn et du Pays Basque, 11, (1904), 514-516 or.

«Essai sur les différends de Fontarabie avec le Labourd du XVme au XVIIIme siècle». Revue du Béarn et du Pays Basque, 2 (1904) hur.

«Mission de M. Th. Legrand en Espagne», Annuaires de l’École pratique des hautes études, Section des sciences historiques et philologiques. Annuaire 1905 (1904), 90-97. or.

«Dos documentos historicos referentes relativos à la Guerra de Nabarra en 1521», Euskal-Erria, 52 (1905), 196-199. or.

«Federico Mistral», Euskal-Erria, 53 (1905), 29-34. or.

«Las diferencias entre Fuenterrabía y Laborte durante los siglos XVI y XVI», Euskal-Erria, 53 (1905), 48-53 eta 415-419. or.

«Lettres écrites de Pampelune par des espions français pendant la guerre de Navarre: (Juillet-Août 1521) », Revue du Béarn et du Pays Basque, 6, (1905), 251-259. or.

«Notas para la historia. Otro curioso documento referente a la guerra de Nabarra en el año de 1521, Euskal-Erria, 52 (1905), 196-199. or.

«Notas para la historia. Relato inédito del socorro de Fuentarrabia por el Marqués de los Velez durante el sitio de 1638», Euskal-Erria, 52 (1905) 274-299. or.

«Notas para la historia, Cancion revolucionaria acerca del sitio de Fuentarrabia por las tropas francesas el 1° de agusto de 1794», Euskal-Erria, 52 (1905), 489-491. or.

«Otro curioso descubrimiento del sitio de Fuentarrabia en 1638», Euskal-Erria, 52 (1905), 393-398 eta 449-452. or.

«Apuntes sobre el comercio de Bretaña con España y las posesiones de Ultramar á fines del siglo XVII», RABM, zenbaki monografikoa (1907), 8 or.

«L’Imprimerie à Saragosse au XVe siècle, compte rendu et extraits traduits de la “Bibliografia zaragozana del siglo XV” de Juan M. Sanchez», Revue des Bibliothèques, 18. urtea, urtarrileko zenbakia (1908), hur.

Histoire du Portugal, du XIème siècle à nos jours, Bibliothèque historique, Paris: Payot, 1928, 175 or.

Itzulpena. BALLESTER, R., Histoire de l’Espagne , Théodoric Legrand-ek frantsesera itzulirik, Paris: Payot, 1928, 319 or.

Bibliografia

MICHELENA, M., Hendaye et son histoire, Angelu: Editions du Mondarrain, 1997, 832 or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP