Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

LECANDA MENDIETA [LEKANDA MENDIETA], Manuel (Mungia, Bizkaia, 1829ko irailak 12 – Bilbo, 1900eko urtarrilak 10).

Karguak eta lanbideak

Abokatua

Ibilbidea

Hainbat kargu izan zituen Bizkaiko eta Bilboko erakundeetan. Tarteka, Bilboko Abokatuen Elkargoko dekano izan zen XIX. mendeko azken herenean, Bilboko bake-epaile, Bizkaiko jaurerriko aholkulari eta Probintziako aita (1876). Bilboko Udal administrazioari dagokionez, bertako kide izan zen eta Bilboko alkate ere bai (1880). Jarduera horietan guztietan, Manuel Lecandak erabaki garrantzitsuak hartu behar izan zituen, hala nola, Bilboko Zabalgunearen plana edota 1876ko uztailaren 21eko Legea ezar zedin ekiditeko Foruen moldaketari zegozkionak. Abokatu bezala, XIX. mendearen bigarren erdian zehar Bilbon eta Bizkaian izandako merkataritza jarduera askotarikoetan parte hartu zuen.

Bere kargu publikoak alde batera utzita, euskal Zuzenbide zibilaren arloan Manuel Lecanda y Mendietaren izena Memoria sobre las instituciones civiles de Vizcaya lanaren idazketari estuki loturik ageri da, XX. eta XXI. mendeetan zehar Zuzenbide horrek izan zuen bilakaeraren abiapuntua. 1880an hasitako Espainiako Kode zibila formulatzeko prozesuan, Grazia eta Justizia ministro zen Saturnino Alvarez Bugallalen urte bereko otsailaren 2ko Dekretuak Kodifikazio Batzorde Nagusia berregituratu zuen, eta bertan Foru Lurraldeak ordezkatuko zituzten legelariak sartu zituen. Ordezkari horiek beren iritzia eman behar zuten, sei hilabeteko epean, Kode zibilean txertatu beharreko eskualde bakoitzeko Zuzenbide foralaren printzipio eta erakundeei buruz, bakoitzak bere Memorian.

Bizkaiaren kasuan, Memoriaren egitekoa Manuel Lecandaren esku geratu zen, eta oso labur eta eskatu zitzaionari estuki lotuz idatzi zuen. Lecandak hitz gutxi eskaini zizkion Bizkaiko Zuzenbide zibilaren etorkizunaz hitz egiteari eta, egia esateko, ez zuen Bizkaiko Zuzenbide zibiletik gorde beharrekoa biltzen zuen testurik eman. Testamentu boterea eta oinordekoa hautatzeko askatasuna, foru komunikazioa eta tronkalekotasuna bezalako erakundeak izan ziren, funtsean, bere idatziaren ardatza, guztiak Bizkaian jabetza mantendu eta transmititzeko elementu ordezkaezin bezala ulertuta. Hortaz, ez zuen Bizkaiko Zuzenbide zibilaren sistemarik idatzi, eta, horren ordez, bere ustez geroagoko lan baterako oinarrizkoak ziren elementuak zerrendatu zituen: «Gordeko diren foru instituzioak lege berezi baten pean egongo direla iragarri denez, baina lege hori sortzeko erabiliko den hurrenkera edo metodoa adierazi gabe, irudi du alferrik dela Memoria honetan jasotako pentsamendua artikuluetan formulatzea; ez bada gorde beharreko xedapenak bertan aipatzen direlako eta haien zentzua ahalik eta zehatzen eta argien azaltzen delako» (M. Lecanda y Mendieta, 6. atala, «Memoria de las instituciones civiles que deben quedar vigentes en las provincias Vascongadas…», 219. or).

Euskal Herrian, oro har, ez da Lecandaren jarduna positiboki baloratua izan. Foru lurraldeetan idatzi ziren Memoria horiez zen bezainbatean, Lecandarena laburra izateagatik nabarmendu zen, eta, batez ere, 1880ko Dekretuak markatutako ildoari jarraituz, idatzitako arauak baino gehiago hartzen zituen sistema juridikoaz ahaztu zelako. Bizkaiaren kasuan, gainera, sistema horrek ohiturazko izaera nabarmena eta familia jabetzen transmisioan inbrikatua izateak eragindako gizarte esparru propioa zituen. Izan ere, Lecandaren eskuhartzearekin batera, Bilboko Abokatuen Elkargoak euskal Zuzenbide pribatuaren etorkizuna ahalik eta zabalen aztertuko zuen bide bat adostu zuen, elkargoko zenbait kideren laguntzaz. Hala adierazi zuen Ramon de Urquijok XIX. mendearen azken herenean foru legeak eguneratzeko Bilboko Abokatuen Elkargoaren ekimenak aztertu zituenean: «Aitzitik, gure Zuzenbide pribatuak bide lasaiago bat hartu zuen, bareagoa, legelarien eta gaian adituak zirenen artean eztabaidatua izan zelako […], beste behin agerian utziz gure herri honek bere instituzioekiko maitasun handia izan zuela eta oraindik ere baduela, eta etengabe ari dela haien berrezartzea lortzeko ahaleginean» (J. R. de Urquijo, «El Colegio de Abogados de Bilbo…», 93. or.).

Alonso Martinez, Grazia eta Justizia ministro eta Kode zibilaren bultzatzaile nagusiak oso aintzat hartzen zuen Manuel Lecanda; hainbeste, non Kode zibilari buruzko eztabaida parlamentarioan «foro espainiarreko benetako pertsona handia» zela esan zuen, eta hala erakutsi zuen ere El Código Civil en sus relaciones con las legislaciones forales lanean Bizkaiko Zuzenbideari eskaini zion atalean. Bertan, Lecandaren jarduna goraipatzeaz gain, «nazioaren batasunaren alde nire kide entzutetsuak ezarritakoa gogo onez» onartzen zuela adierazi zuen (M. Alonso Martinez, «El Código Civil en sus relaciones con las legislaciones forales…», 1300. or.).

Orekatuagoa eta ikuspegi zabalagokoa zen Celaya Ibarraren iritzia. Lecandaren zintzotasuna eta izaera bizkaitarra ukatu gabe, egotzi zitzaion egitekoaren muga zorrotzen eraginez izandako hutsegiteak aipatu zituen eta gerora Arabako eta Bizkaiko Kodifikazio Zibilerako Batzordeak egin zuen ikuskera zabalagoko lanarekin lotu zuen. Kode zibila ezarri eta gero, 1899ko apirilaren 24ko Errege Dekretuaren bitartez sortu zen Batzorde hori. Lecanda izan zen bertako presidente, nahiz eta soilik bi saioetara joateko aukera izan zuen, 1900. urtean larriki gaixo zegoela hil baitzen. Gauzak horrela, batzorde horren egitekoa zuzentzeko ardura Aureliano de Galarzaren esku geratu zen, Apéndice de Derecho civil foral de Vizcaya y Álavaren idazlea.

Esan liteke bere heriotzaren ondoren eskaini zioten epitafiorik egokiena Euskal-Erria aldizkariarena izan zela, bertan bere izaera laburbiltzen saiatu baitziren: «Alderdi politikoekiko itxaropenik gabe eta 1876ko uztailaren 21eko Lege berdintzailearen eraginek atsekabeturik, Euskalerria Elkartean afiliatzea erabaki zuen, baina batez ere eskola eta doktrinarekin bat zetorrelako, eta ez hainbeste ekintzaile bezala; zendu berri den Manuel jauna ez baitzen inoiz zalaparta eta iskanbilen aldekoa izan, aitzitik, beti bake, adostasun eta legearen errespetuaren aldeko ideien alde egin ohi zuen» («Apuntes necrológicos», Euskal-Erria, XLII, 1900, 50-51. or.).

Obrak

6. atala. «Memoria de las instituciones civiles que deben quedar vigentes en las provincias Vascongadas», in CELAYA IBARRA, A., El Derecho Civil de Vizcaya antes del Código Civil, Clásicos de Derecho civil vasco, 7, Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2007, 1880ko edizioaren faks., 207-219. or. Online arg.: http://www.avd-zea.com/descargas/derecho/clasicos_7.pdf (2023ko uztailak 19).

Bibliografia

ALONSO MARTÍNEZ, M., «El Código Civil en sus relaciones con las legislaciones forales», in ROGEL, C. eta VATIER, C. (koord.), Manuel Alonso Martínez, vida y obra, Madrid: Tecnos, 1991, 1299-1304. or.

«Apuntes necrológicos», Euskal-Erria, XLII (1900), 50-51. or.

CELAYA IBARRA, A., El Derecho Civil de Vizcaya antes del Código Civil, Clásicos de Derecho civil vasco, 7, Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2007, 1880ko edizioaren faks., 207-209. or.

DE URQUIJO, J. R., «El Colegio de Abogados de Bilbao y la actualización de las leyes forales», in REAL SOCIEDAD BASCONGADA DE LOS AMIGOS DEL PAÍS, Semana de Derecho foral = Foru Legedi Astea, Bilbo-Gernika: Imp. de la Diputación Foral del Señorío de Vizcaya, 1979, 91-159. or.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP