Karguak eta lanbideak
Idazlea, amerikanista, ekonomialaria, meatzaritza eta metalurgia sektoreetako industrialaria
Ibilbidea
Lazurteguiren bizitzaren lehen etapan hezkuntza, meatzaritza negozioak eta jarduera teknikoa bereiz daitezke (1859-1898). 1898ko krisialdia gaindituta, (Miguel de Unamunoren laguna izan zen), bigarren etapa batek bere gainerako bizitza guztia hartzen du (1900-1943), eta ia obsesio bihurtu zen amerikanismoa izan zuen ardatz.
Julio Bilboko San Nikolas Barikoaren elizan bataiatu zuten. Bere gurasoak Blas de Lazurtegui bilbotarra eta Joaquina Gonzalez zacatecastarra izan ziren (Jose Gonzalez eta Petra Batizen alaba), Bilbora itzuli aurretik Mexikon ezkondu ziren. Blas de Lazurteguiren Mexikoko jarduera nagusia bertako Durango herriko fundizio negozio bat izan zen, baina inolako konpentsaziorik gabe uztera beharturik ikusi zuen bere burua, iraultzaile mexikarrek egindako desjabetzeak zirela medio. Julioren izaera amerikanista familia jatorri horrek markatu zuen.
Bilbon ezarri zenean, Lazurtegui-Gonzalez familiak egoera ekonomiko eta sozial erosoa zuen. Aita, Blas, Bilboko Udaleko zinegotzi izan zen 1872. urtean, denbora laburrez izan arren, eta Julio gazteak heziketa sendo eta arduratsua jasotzeko aukera izan zuen.
Juliok ez zuen Unibertsitatean ikasi, baina heziketa autodidakta zabala eta sakona eskuratu zuen, bere bizitzak iraun zituen laurogeita lau urteetan gaitasun ugari zituela erakutsi baitzuen, hasi herrialdeko edo nazioarteko analisi ekonometrikoetatik eta alderdi sozial edo artistikoetara.
Bere lehen ikasketak hiribilduan bukatu eta gero, Europara abiatu zen eta bertan bost urte egin zituen hainbat herrialdetatik igaro, hizkuntzak ikasi eta Ekonomiarekin lotutako gaiak barneratuta. Bordelen (Frantzia) hiru urte egin zituen ekonomia ikasten eta hurrengo bi urteak Ingalaterra eta Hanburgo (Alemania) artean eman zituen. Alemaniako egonaldiak hainbeste eragin zion, handik denbora batera idatzi zuen lanean Espainiak herrialde germaniarraren eredua jarraitu behar zuela idatzi zuela, bai garapen materialari eta izpiritualari zegokienez (Cartas Alemanas, 1903).
Ordurako agerian geratu zen Lazurteguiren izaera berritzailea, adibidez, 1882an Vicente de Larrearekin elkarlanean, ingelesez idatzitako Merchant and shipmaster’s practical guide to the port of Bilbo izenburudun eskuliburua argitaratu zuenean. Batez ere enpresari ingelesei zuzendua zen, negozioak egiteaz gain, eskualdeak eskaintzen zituen bestelako alderdiak ezagutzeko turismoa egin zezaten.
Hogeita bederatzi urterekin Lazurtegui Espainiara itzuli zenean, Sociedad Minera Sucesores de Rochelt y Compañía enpresan aritu zen gerente laguntzaile karguan. Garai hartan Bilbon nagusi zen kontestu ekonomiko hartan, mineral zain nagusiak Bizkaiko meatze konpainia handien jabetzakoak izanik, Lazurteguik Espainiako beste lurralde batzuetan baliabide mineralogiko berriak bilatzeak izan zezakeen garrantzia aurreikusi, eta horrelako bilaketak sustatzen jakin zuen, besteak beste, Bierzon (León).
1886an Bilboko Meatze Zirkulua sortu zen, argi eta garbi, industria sektorea arautzeko. Lazurtegui Juan Rocheten ordezkari bezala ageri da bertan. Rochet aipatu enpresako sortzaileetako bat zen. Araudi proiektua idatzi zuen eta 1898ko martxoaren 30ean bertako presidente egin zuten.
Lazurteguirentzat 1889koa oso urte garrantzitsua izan zen. Urte hartan ezkondu zen Maria del Pilar Jordan de Urries y Florezekin, Pedro Ignacio Jordan de Urries y Palafoxen biloba, Ayerbeko markesa, eta Casa Florezko kondeena, amerikar lurretan ahaidetza garrantzitsuak zituen familiakoa. Lau seme-alaba izan zituzten, Bilbon bizi ziren eta udak Getxon igarotzen zituzten.
Musikazale porrokatua zen Julio, Bilboko Koral Elkarteko presidente (1887) eta diruzain-kontularia (1909). Wagnerrek benetako bizi filosofia helarazi omen zion, hainbesteraino, non Leongo probintzian zuen meategiari «Coto Wagner» izena eman baitzion 1900. urtean.
Lazurtegui Bilboko Merkataritza Ganberari loturik egon zen bere bizitza guztian zehar. Talde exekutiboko kide izan zen eta bertako batzorde askotako arduradun. Horrekin batera, kolaborazio ugari egin zituen 1915 eta 1943 artean Información aldizkarian, Merkataritza Ganberaren argitalpen ofizialean, 1914an itxitako Bilbao Marítimo y Comercial ordezkatzeko atera ondoren.
1898an Meatze Zirkuluko presidente zela, txosten xehea idatzi zuen Suediara egindako bidaiaren ondoren, herrialde nordikoaren ahalmena eta garapen sozioekonomiko aurreratua aztertuz. Garai hartan hainbat bidaia egin zituen Europan barrena, eta horiei esker eraiki zituen bere «enpresa, politika eta kultura ideiak». Hala, 1900. urtean, Bilbon Erakusketa Ibero-amerikar bat antolatzeko aukera jarri zuen mahaigainean, baina porrot egin zuen 1901ean bizi izan zen krisialdi ekonomiko latza zela eta. Lazurteguik Bilbon Merkataritza konparatiboari buruzko Museo bat sortzeko zuen proiektua ere ez zen aurrera atera.
1902 eta 1903 artean bidaia ugari egin zituen Alemania eta Ingalaterrara industriarekin lotutako zenbait bilera eta jardueratan parte hartzeko. Horien guztien ondorioak liburu monografikoetan bildu eta argitaratu zituen. 1903an, bere lan profesional oparoaren aintzatespen gisa, Wassa Ordenako Lehen Graduko zaldun domina jaso zuen, Suediako Gobernuaren eskutik. 1908an Londresera joan zen egiten ari ziren Erakusketa Franko-Britainiarra aztertzeko. 1913an Belgikara bidaiatu zuen, eta bertan erakusketen eta horiek nazioen zabaltze ekonomikoan zuten zereginari buruzko bere hausnarketa pertsonala aurkeztu zuen.
1905etik aurrera Bizkaiko Batasun Iberoamerikarraren Zentroko presidente izan zen, eta urtero argitaratzen zituzten Memorias delakoak idazteko ardura izan zuen. Handik gutxira, Boliviako kontsulorde izendatu zuten Bilbon. 1922 eta 1924 artean bidaia garrantzitsu bat egin zuen, eta hari esker ia Amerikako kontinente osoa ezagutu zuen. Bere oharrak España ante el Hemisferio de Occidente (3 libk.) lanean jaso zituen.
1900. urtean Lazurteguik Bizkaiko sektore siderurgikoaren antzeko garapena aurreikusi zuen Ponferrada inguruan (León). Proiektu hori Una nueva Vizcaya a crear en El Bierzo lanean jaso zuen (Bilbo, 1918). Gorago aipatutako Wagner barrutia Bierzoko Minero-Siderúrgica de Ponferrada enpresak ustiatu zuen 1952 eta 1982 artean. Espainiako burdin meatzaritzako gogoangarrienetakoa dela esan liteke, bere aparteko mintegien tamainarengatik, garai batean Europako handienak zirela uste baitzen. Bere ustiapen osoa Bierzon industria siderurgiko handi bat sortzearekin batera egin behar zen, edo hala behar luke izan, Lazurteguik berak horrela amestu baitzuen, baina hainbat arrazoi zirela medio, azkenean ez zen posible izan.
Ikuspegi ideologiko batetik, Lazurteguik jarrera filo-monarkikoa izan zuen, joera kontserbadorekoa. Bere «ideia amerikanista» delakoez zen bezainbatean, Juliok amerikanismoaren garapenarekin lotura zuzena izan ez arren, Iberoamerikari buruzko bere ideiak lotura eusko-amerikar eta espainiarren baitan eraiki zituen, kezkatzen zuen arazo batean oinarrituta: euskal meatzaritza eta siderurgiaren eta lotura itsas-merkatariaren gainbehera arintzeko modua. Bere bidaia luzean ikusi ahal izan zuenez, horretarako ezinbestekoa zen Espainiaren eta errepublika amerikarren arteko harreman komertzial eta kulturalak indartzea —arreta gutxi eskaintzen zitzaien—, agerikoa baitzen Espainia eta Amerikaren arteko deskonexio diplomatikoa. Ibero-amerikanismoa bere bizitza guztian ondoan izan zuen arren, 1900. urtetik aurrera lotura hori indartuz joan zen, orduan hasi baitzuen bere «militantzia» erabakigarria. Bere ideiak pentsamendu ibero-amerikarrean errotu ziren, Amerikara egindako bidaia trinkoaren ondorengo (1922-1924) bere Memorias ofizialean, lekukotasunetan, hausnarketetan eta bizipenetan argi erakutsi zuenez.
Bere bizitzako azken urteetan Lazurteguik Iberoamerika benetan ezagutzera bideratutako proiektu eta informazioekiko interes bizia izan zuen. 1941. urtera arte artikulu eta saiakera ugari argitaratu zituen askotariko Buletinetan, Bilboko portuarekin lotutako gai iberoamerikar ugari landuz, eta Bizkaiko Batasun Iberoamerikarraren Zentroaren Memorietan (1935-1937). Antzinarotik bere garaira arte hartzen zuen Bilboko hiribilduari buruzko saiakera bat bukatzeke eta argitaratzeke utzi zuen, ikuspegi unibertsal, hispaniko eta bizkaitar batetik egindakoa.
Bere inbertsioek jasandako gorabehera ekonomikoek azken egunak egoera ekonomiko apalean igarotzera eraman zuten, Bilboko Merkataritza Ganberak ematen zion ekarpen xumeari esker bizi izan baitzen 1943ko irailaren 4an bere jaioterrian hil zen arte. Lazurteguik bere eskuzabaltasun eta jarrera liberalaren bitartez argi erakutsi zuen bere zintzotasuna. Bilboko Areatzan eta Lion D’Or kafe ospetsuan antolatutako tertulietan maiz parte hartu ohi zuen, eta ordu luzez egon ohi zen familia liburutegian irakurtzen. 1956an Bilboko Udalak bere izena jarri zion hiribilduko kale bati. Era berean, Ponferradan plaza garrantzitsu bat eskaini zioten, itxuraz Bilboko Moyua plazaren antzekoa.
Julio de Lazurtegui bilbotar amerikanista peto-petoa izan zen eta XIX. mende bukaerako eta XX.aren lehen erdiko Bilboko gizarte dinamikan partehartze aktiboa izan zuen. Behatzaile zorrotza, bizitzea egokitu zitzaion garaiko Bilboko gizartean, ekonomian eta, gutxiago, politikan errotu zen. Ekonomialaria, aurreratua, publizista, arbitrista eta beste izen asko erabili izan dira bera izendatzeko, baina bere bizitzari zentzua eman ziona amerikanismoa izan zen. Sustrai familiarrak zituen, baina bere bizitzaren bigarren zatian, gutxi gorabehera 1900. urtetik aurrera, biziki nabarmendu zen. Uretak ikusi zuenaren arabera (2000), bere amerikanismoak euskal sustraia zuen. Lazurteguik euskal industriaren gainbehera aurreikusi zuen eta, amerikanismoaren garapenean zuzeneko loturarik izan ez arren, euskal siderometalurgiaren porrota arintzeko ideiak proposatu zituen, Latinoamerikarekin harreman komertzialak indartuz.
Obrak
LARREA, V. de-rekin, Merchant and shipmaster’s practical guide to the port of Bilbao, Bilbo: Delmas, 1882.
Las minas de hierro de la provincia de Vizcaya. Progresos realizados en esta región, Bilbo: Imp. y Lit. de Ezequiel Rodríguez, 1900.
Un modelo para España. Cartas alemanas, Bilbo: Imp. Revista Bilbao, 1902-1903.
La reunión del «Instituto del Hierro y el Acero» en Barrow in Furness, Bilbo: Imp. Revista Bilbao, 1903.
La idea de la Unión Iberoamericana y su desenvolvimiento en Vizcaya, Bilbo: CUIAV Tip. Popular, 1904.
La Exposición Nacional de Arte e Industrias, con una sección de productos iberoamericanos en Bilbao, Bilbo: Sociedad Bilbaína de Artes Gráficas, 1906.
El comercio iberoamericano por el puerto de Bilbao, Bilbo: Sociedad Bilbaína de Artes Gráficas, 1907.
Ensayo sobre la cuestión de los minerales de hierro: ayer, hoy y mañana, Bilbo: Libª. Viuda y sobrino de Villar, 1910.
Londres y su Exposición Franco-Británica del 1908, Bilbo: Zavaleta, 1911.
El desenvolvimiento de las industrias metalúrgicas de España, ante la conflagración europea, Bilbo: Imp. y Enc. de José A. de Lerchundi, 1914.
Bosquejo histórico del comercio, industria y navegación de Vizcaya, Álava y Guipúzcoa, para la Geografía General del País Vasco-Navarro, Barcelona: Casa Alberto Marín, 1915.
La hulla, el hierro y el ferrocarril, ante la conflagración europea con aplicaciones a España, Bilbo: Imp. Juan J. Rochelt, 1916.
Industrias claves de la España moderna; el problema del mineral de hierro…, Bilbo: Tip. de El Nervión, 1917.
Pro Patria. Memoria comprensiva de los años 1913-1917, Madrid, 1918.
Una nueva Vizcaya a crear en El Bierzo: Altos Hornos y acería en Ponferrada, Bilbo: Imp., Lit. y Enc. Viuda e Hijos de Grijelmo, 1918 (2. arg. Ponferrada: Instituto de Estudios Bercianos, 1995).
El libro español en América, informe que emite el Centro de la Unión Ibero-Americana en Vizcaya…, Bilbo: Centro de la Unión Ibero-Americana en Vizcaya, 1919.
Vizcaya y América, Madrid: Rivadeneyra, 1920.
El problema ferroviario y el de la integral reconstitución económica de España, Bilbo: Bilbaína de Artes Gráficas, 1920.
Informe y memoria presentados a las Excmas. Diputaciones Provinciales de Vizcaya, Guipúzcoa, Álava y Navarra: proceso y síntesis de su viaje de estudios económicos a través de América, Bilbo: Ed. Vizcaína, 1923.
España ante el hemisferio de Occidente, Bilbo: Echeguren y Zulaica, 1924-1927, 3 libk.
Las provincias de Vizcaya, Guipúzcoa, Álava y Navarra ante el hemisferio de Occidente, Bilbo: Echeguren y Zulaica, 1928.
Plus Ultra Aurrera. Orientaciones generales para el desarrollo y prosperidad de la Provincia de Vizcaya, Bilbo: Caja de Ahorros Vizcaína, 1934.
La cuestión mundial del hierro y el punto de vista hispánico en particular, Bilbo: Editorial Vizcaína, 1938.
Sintético Noticiario Nacional Vizcaíno y Ultramarino. La misión del Rectorado de Bilbao, Bilbo: Artes Gráficas Grijelmo, 1941.
Bibliografia
AZCONA PASTOR, J. M., «Julio de Lazurtegui, un arbitrista a caballo entre dos siglos: algunos de sus proyectos en torno a iberoamérica», Euskal herriaren historiari buruzko biltzarra, 7. libk. (1988), 365-376. or.
BALADO ISUNZA, F. M., «1918: El comienzo del “corto” siglo XX en el Bierzo», Estudios Bercianos, 41 (2018), 17-35. or.
BASAS, M., «Lazurtegui y la Hispanidad», Gaceta del Norte, Bilbo, 1956ko urriak 12.
CAVA MESA, B., «Lazurtegui, Julio», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/36110/julio-manuel-de-lazurtegui-gonzalez (2020ko abenduak 9).
ERDOZIA, X., «El regeneracionismo económico de comienzos del siglo XX y el proyecto minero-siderúrgico de Julio Lazurtegui para el Bierzo», Estudios Bercianos, 32-33 (2008), 191-212. or.
GONDRA ORÁA, M. V.; MADARIAGA, A. eta ARELIZA, J. M., El Bilbao de Julio de Lazurtegui: la acertada visión del futuro industrial y mercantil del País Vasco adelantada por un bilbaíno del XIX, Bilbo: Cámara de Comercio, Industria y Navegación, 1984.
URETA VAQUERO, I., «El Bilbao imaginado por Julio de Lazurtegui. 1859-1943», Bidebarrieta, 8 (2000), 409-432. or.
— «Julio de Lazurtegui 1859-1943: Introducción al concepto americanista en la Villa de Bilbao», Sancho el Sabio. Euskal Ikerketa Aldizkaria, 13 (2000), 113-136. or.
— Julio de Lazurtegui y el americanismo bilbaíno, Bilbo: Udala, 2000.





