Karguak eta lanbideak
Historialaria eta Espainiako Historiako katedraduna Nafarroako Eskola Normalean, Santiagon eta Granadan
Ibilbidea
Madrilen jaio zen, segur aski XIX. mendeko 30eko hamarkadaren hasieran. Berak datara hurbiltzen gaitu, Mariano Jose Larra hil zeneko hogeita hirugarren urteurrenean La Joven Navarra egunkariko lehen zenbakian argitaratutako artikuluan dioenez, umea zela, «oso umea oraindik», bere hileta Madrilgo Fuencarral kaletik pasatzen ikusi zuen. Bonifacia Irigoyen Zumelarekin (Tolosakoa) ezkondu zen, eta harekin hainbat seme-alaba izan zituen.
1852tik, lehen hezkuntzako irakasle izan zen. 1859ko urtarrilean, oposizio bidez sartu zen Nafarroako Eskola Normalean, Espainiako Geografia eta Historiako irakasle gisa. Urte horretan bertan, irailaren 19an, ikastetxeko idazkari izendatu zuten. Dirudienez, 1867an, katedraduna zela, enplegu-soldaten espedientea egin eta bertan behera utzi zuten, soldataz kanpoko klaseak kobratuta emateagatik. 1868an, lizentziarekin Madrilera joan zen. Foru Aldundiak 1869ko urriaren 8an Nafarroako Maisu-maistren Eskola Normala berrezarri ondoren (urte horretako ekainaren 2ko legeak itxia), Lasala zuzendari postua betetzera igaro zen, eta aldi berean maisu-maistren eskola Normaleko ikasketa-zuzendari ere izendatu zuten. Bere ideia errepublikanoek, lehen Errepublikaren etorrerarekin, kargu politikoren bat betetzera eraman zuten, hala nola Iruñeko Udaleko zinegotziarena edo Tarragonako gobernadorearena. Lehenengoan, egun batzuk bakarrik eman zituen, bigarrenean sartzeko utzi baitzuen, eta zazpi hilabete geroago han ere dimisioa aurkeztu zuen. Posta Zentralaren administratzailea ere izan zen, eta kargu hori 1874ko urtarrilean utzi zuen. Errepublika amaituta, 1874ko irailean, Santiagoko Irakasle Eskola zuzentzen hasi zen, eta 1875eko otsailaren 27an, zegokion lehiaketaren ondoren, Granadako zuzendari izendatu zuten eta 1890eko urrian karguan jarraitzen zuen. 1892ko urtarrilaren 29an han hil zen.
Irakasle-lanaren garrantziari buruzko ikusmoldea 1881ean Francisco Hunder San Roman lagun errepublikanoari eta Agoizko diputatu zenari, bidalitako gutunean ageri da: «Gure interesei komeni zaie babes eskuzabala ematea irakasle-eskolari, herria irakaskuntzaz eta kulturaz biziberritzeko, ingurune geldoa, zalantzarik gabe, baina ahaltsua eta eraginkorra gure ideien, lehenik arrakasta eta ondotik finkatzea lortzeko». Urte horretan bertan, Cobosekin batera, Sustapen Ministerioari azalpen bat zuzendu zion, goi-mailako izaera eman ziezaioten maisu-maistren eskola Normalari.
Bere esperientzia profesionalaren ondorioz, 1860an, Compendio de la Historia de España argitaratzea erabaki zuen, eskola arruntetan ikasgai horren irakaskuntza errazte aldera. Lan labur eta sinplea da, eta Espainian hasieratik Isabel II.aren ezkontzara arte gertatutako aldaketa nagusien zergatiak aztertzen dira. Hor amaitzen da, bere iritziz, denboren hurbiltasunak inpartzialtasuna kaltetzen zuelako. Compendioa Nafarroako Historiaren laburpen batekin amaitzen da, hasieratik Gaztelan sartu arte. Lasalaren iritziz, Nafarroako erresumaren historia gertaera horrekin amaitu zen; handik aurrera, Espainiako monarkiaren historia zen. Ibilbide labur horretan, iturri bakarra Yanguas Mirandaren lana izan zuen. 1861eko otsailean, Sustapen Ministerioak, Instrukzio Publikoko Kontseiluaren irizpenarekin, lehen hezkuntzako eskoletako irakurketa-eskoletarako testuliburu deklaratu zuen, eta, beraz, zuzendu eta zabaldu ondoren, behin baino gehiagotan berrargitaratu zen (1860, 1861, 1871 eta 1880). Lehen hezkuntzako irakasleek oso ondo ezagutu eta estimatzen zuten liburua izan zen.
Lasalak, halaber, hainbat kazetaritza-artikulu argitaratu zituen La Joven Navarran, haren sustatzaileetako bat izan zen eta; El Progresista Navarron, progresismoaren bozeramailea eta bizitza laburrekoa; eta El recreo literarion, «Nafarroako andreei» zuzenduan, haren sortzailea izan baitzen. 1865ean, Iruñeko gotzainarekin liskarra izan zuen, eta hari eta El Progresista Navarrori antikatolikotasuna leporatu zien, estatu Pontifikalen kaltetan egindako italiar batasuna «ekintza diplomatiko sinpletzat» kalifikatzeagatik.
Obrak
Compendio de la Historia de España, con un resumen de la de Navarra desde los tiempos más remotos hasta nuestros días, Iruñea: Huarte inp. Espadaren esku, 1860.
Discurso leído en la solemne instalación y apertura de la Escuela Normal Superior de Navarra celebrada el día 1º de noviembre de 1968, Iruñea: Imp. Provincial, J. F. Cancelaren esku, 1868.
Kazetaritza artikuluak El Progresista Navarro, La Joven Navarra eta El recreo literarion.
Bibliografia
GARCIA-SANZ MARCOTEGUI, A., Republicanos navarros, Iruñea: Pamiela «Zarama», 1985, 34 eta 62-63. or.
GUIBERT NAVAZ, M. E., Historia de la Escuela Normal de Navarra (1831-1931), Iruñea: Vianako Printzea, 1983, 134, 135 eta 150-155. or.
LÓPEZ, M. A., La Escuela Normal de Granada (1846-1970), Granada: Universidad de Granada, 1979, 11-41. or.
PÉREZ GOYENA, A., Ensayo de bibliografía navarra desde la creación de la imprenta en Navarra hasta el año 1910, VII eta VIII libk., Burgos: Aldecoa inp, 1951, 498-499, 509 eta 585. or.; eta 1961, 62 eta 127-128. or.
ITURRIAK
ARCHIVO DE LA UNIVERSIDAD DE GRANADA, Eskola Normalaren Funtsa, Saioen Liburua, 591. zk.
ARCHIVO HISTÓRICO DE LA UNIVERSIDAD DE SANTIAGO DE COMPOSTELA, Unibertsitateko Funtsa, administrazioa, Santiagoko eskola Normalarekin izandako gutuneria, 3235. kutxa.





