Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

LARRIEU, Jean-Felix (Maule-Lextarre, Zuberoa, 1863ko maiatzak 23- Montfort-l’Amaury, 1941eko urtarrilak 8).

Karguak eta lanbideak

 Medikua, historialaria eta atzerritik euskararen bultzazailea.

Ibilbidea

Mauletar-Lextarrear honen izena euskalzaleen munduan entzuna izan bada ere, oso gutxik zerbait zehatzik dakite berari buruz. Hauen artean da Euskal Herriko Unibertsitateko biologia irakasle, hainbat obraren idazle eta euskaltzain urgazle dagoen Kepa Altonaga adiskidea. Gure Euskal Herriko edo atzerrietako liburutegi edo dokumentazio gunetako altxor ahaztuetan bilaketak eta ikerketak etengabe eginda, Kepa Altonagak ediren eta aipatu ditu euskalzale munduan lan handia bezain isila egin izan duten iraganeko jende batzuk, hauetatik dela Jean-Felix Larrieu.

Baliteke asko eta asko aipatzeko, Maule-Lextarren sorturik eta ikasketa sakonak eginik, Zuberoako hiriburuan urte bakar batez mediku lanetan jardun zuen Larrieu jaunaz. Alabaina hau ez baita zehazki idatzi sorta honen gaia, laburbildu egingo dut nor izan zen Jean-Felix Larrieu. Horretarako, Nabarralde elkartearen Haria aldizkariaren 36. zenbakiaren (2014ko abendua) «Morts pour la patrie – Gerra Handia Iparraldean 1914-1918» titulua zuen monografikoan argitaratutako testua errepikatuko dut. Gai horretaz idatzi zuten autoreetatik bat nengoen eta izkiribatu nuen artikuluaren izenburua zen: «Jean-Felix Larrieu: 1914-1918ko gerrak desbideratutako euskaltzalea?». Izan ere, Euskal Herritik aldenduta bizitu arren, Jean-Felix Larrieu mende laurden batez egon zen euskalzale sutsu zein euskararen sustatzaile eta bultzazaile nekaezina, eta horiek guztiak jakinda, guztiz ulergaitza geratu da 1914-1918ko gerraren ostetik euskararen aldeko eskuhartzea erabat utzi izana!

Beste atal batean, haatik, Euskal Herriaren historiaren azterketan hain zuzen ere, lanean jarraitu zuen. Hala erakusten du Eusko Ikaskuntza elkartearen Revista Internacional de los Estudios Vascos, (RIEV) aldizkariaren 1928. urteko argitaldian argitaratu zen berak idatzitako «Le Pays Basque vers 1790» (Euskal Herria, 1790. urtearen inguruan) testuak. Aurretik ere historiaren arloa aztertu egin zuen, batik bat 1789ko Frantziako iraultzaren ildotik eta honek Ipar Euskal Herrian izan zituen ondorioen haritik.

Bere gurasoekin batera, eta 27 urte zituela, Jean-Felix Larrieu joan zen, beraz, Montfort-l’Amauryra bizitzera eta lan egitera. Parisetik 43 kilometrora kokatua den 3.500 bizilaguneko hiri txiki honek, antza, Ipar Euskal Herriko pertsonaia ospetsuen erakartzeko joerarik badu… bertan bizitu baitzen ere ama Ziburukoa (Lapurdi) zuen Maurice Ravel konpositore klasiko guztiz entzutetsua. Baina, hau beste historio bat da… Bere jaioterrik nahiko urrun zegoela, Jean-Felix Larrieuk Euskal Herriaren eta euskararen aldeko zaletasun handia erakutsi zuen urtetan… eta nola erakutsi ere! Gure hizkuntzaren aldeko jarrera eta lan egite nabariena izan zen 1890. eta 1914. urteen artean Almanak Üskara / Ziberouko Egünaria izena zuen urtekariaren argitaratzaile eta arduradun nagusia izatea. Haatik, ez zen izan zubereraz idatzita zegoen aldizkari honen hasierako arduraduna, kargu hori tokatu zitzaiolako Almanak Üskara / Ziberouko Egünaria-ko lehen zuzendari egon zen —1887tik 1890ra— Jean Iribarne Atzabehetiko (Zuberoa) apaizaren segida hartzean.

Lehen hiru/lau urtetan, Almanak Üskara / Ziberouko Egünaria Euskal Herritik argitaratu egin bazen, 1890tik aurrera… Bourges eta Parise hirietan editatu zela agertzen da portadan!… Zubereraz idatzita zegoen eta gehien bat Euskal Herriko kontuak aztertzen zituen aldizkari batentzako bitxikeria honen azalpena zen… Jean-Felix Larrieuk zuela atzerritik kudeatzen eta argitara ematen. Kudeatzen ez soilik, zeren eta urtekari honetan argitaratzen ziren eta alor ugari (politika, erlijioa, haurren hezkuntza, jendarte bilakaerak, laborantza, euskara…) jorratzen zituzten idazlanen biltzaile eta atontzaile izateaz gain, pentsatzekoa da berak zituela artikulu hauetatik asko izkiriatzen, batez ere euskararen gaia aztertzen zutenak. Tamalez baina, Almanak Üskara / Ziberouko Egünaria-ko idazlanak ez ziren sekula izenpetuak eta hemen aurreratzen dutan aieru honen froga ukaezinik ez daukat. Hala ere, zalantza gutxi egongo da Jean-Felix Larrieu bera izan zela, besteak beste, 1901. urteko Almanak Üskara / Ziberouko Egünaria-n «Eüskara eta Eüskal Herria» izenburuko artikulua idatzi zuena. Zinez harrigarria da ohartzea zelan idazlan honek gaur egungo egoerarekin ere bat egingo lukeen!… Hona pasarte batzuk, eta hau lehena: «… Eta ezin ükatü da eüskaldün argitüak, zerbait eskola düenak, direla eüskararen galtzearen ogendünenak, eta ororen gainetik eskoletako nausiak, ala errejent, ala fraide, ala errejentsa, ala serora, gehienik ere, mentüraz, serorak. Alta, ez nintzate gaixki mintzatü nahi gure haurren honki egilerik handienetzaz. Halerik ere, egia erran behar da beti. Ez dü eüskarak ogen egile handienik, Eüskal Herri bazterretan ala erdian, herri handi eta txipietan, nola beitira bürüzagi horik oro. Üsüan gobernüak igorten deizkü errejent eta errejentsa biarnesak, eta ez haizü haurrak haien aitzinean eüskaraz mintzatzera (…)». Eta bigarren hau: «… Errelijionea, ororentako da; bena bego herrian herriko mintzoa nausi, Eüskal Herrian eüskara. Eüskara ez dakienek, aski düe ikastea (…)».

Azkenik, elebitasuna nahiz eleaniztasuna hizpide dituen hirugarren hau… benetan gaur egun idatzita izaten ahal litekeena: «… Ezi, bi mintzoren jakitea abantaila da, zonbat nahi güti üdüri düan. Gure aitzinekoek bazakien, eüskara erran gabe, bai eta frantsesa eta biarnesa. Galta, itsasoaz bestaldealat joan direner, zoinen aisa ikasi dütüen izan diren herrietako mintzoak. Zerentako frantximantek hain nekez ikasten dütüe arrotz mintzoak? Zeren eta, haurtzarotik, ez beitüe frantsesa baizik eman. Goizdanik ezpiritüa ernatzen da bi mintzo behar denean ikasi, eta ez balitz abantaila hori baizik ere, aski lizate eüskararen honartarazteko eskoletan (…)».

Eta horrela, 24 urtez, Almanak Üskara / Ziberouko Egünaria-k bere azken alea 1913 amaieran argitara eman zuen arte (1914. urtekoa zen, jakina), euskararen eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko idazlan sutsuak plazaratu —eta segurki asko berak izkiriatu ere— zituen Jean-Felix Larrieu k, behin ere huts egin gabe!… Garai hartako euskaldun eta euskalazalea zen, erran nahi baita «xuria», hots eskuindiar pentsamoldekoa, erlijio katolikoaren zainzaile zorrotza eta, hortaz, «gorrien», erran nahi baita laikotasunaren aldekoen, hots, eskola publikoetako irakasleen, alderdi sozialista eta erradikaletako jarraitzaileen, pentsalari eta pentsamendu aurrerakoien etsai amorratua, nola ere framazonen —Almanak Üskara/Ziberouko Egünaria-n «harginbeltzak» deitzen zituzten…— madarikatzaile gogor eta nekaezina. Euskaldun tradizionalista bat zen, hots, Jean-Felix Larrieu, baina, era berean, euskararen eta Euskal Herriaren maitale eta bultzazaile kementsua.

Almanak Üskara/Ziberouko Egünaria Euskal Herritik kanpo ia mende erdi batez argitara emateaz eta bertan euskara eta sorterria sutsu babesteaz gainerat, Jean-Felix Larrieuk euskaltasunaren munduarekin harreman estuak hazi zituen… 1914-1918ko gerra hasi arte. Hala, XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen hasierara ugari izan ziren atzerritar euskalzaleetatik bat zegoen Edward Spencer Dodgson (1857-1922) hizkuntzalari britainiarrarekin eskutitz trukatze oparoa izan zuen, gutun hauek, alde batetik zein bestetik, euskaraz idatziak zirelarik. Euskal Herriko hizkuntzalari ospetsuenekin ere erlazio jarraikiak izan zituen Larrieuk eta honen froga argia da Resurreccion Maria de Azkue Aberasturi, Azkue famatuak, 1901eko azaroaren 12an bidali zion gutuna, honetan hauxe ziolarik (garaiko ortografian transkribitua):

«Ene adiskide eta erritar maite Larrieu-ri agur gozo bat.

Aspaldi ontan nengoen zuri eskutitz bat egiteko, baina egunak, alkarri ongi lotuak ezdaudenean eulia ian (airean ?) bezain errazki edo ehi nastutzen dira. Au gertatu zait eni ere. Zure eskutitza, Bonaparte-ren Carta neure aukeran zala esaten ziñidana, Saraitzuko ibarrean, Ochagabian, Zubero-ondoan nengoelarik, artu nuen. Ari erantzun edo ihardesteko, Carta artu-arte nahi nuen itsaron (iguriki). Egunak asko igaro dira nik eskutitz au egin bear nizularik: barkatu, arren, nere luzapena. Eskerrak orai ematen dizkitzut, ez bakarrik orduko mesede argatik, baita ere gaur berean eldu zaizkidan Egunariagatik. Zure lan polit au, nere adiskide emengo euskaltzale artean zabalduko det.

Aspaldi da esan ziñidala, adiskidea, Bizkai-alde ontara noizbait etorriko ziñala… Noiz eukiko det zu emen ikusteko ta zuri lagun egiteko atsegiña?

Lau egun barru, il honen 18an, euskaltzale batzuek, zure osaba Arbelbide, Broussain, eta besteren bat, bilduko gera. Zuk eziñ al dezu irteera edo ilki gureganaiño egin? Laster agertuko ote da Mr. Bordes-ek zurekin bildu zituen kantika-piloa?

Badakizu non dezun biotz-biotzetiko adiskide bat.

Azkue, apaiza».

Eskutitz honek nahiko agerian jartzen du, beraz, Jean-Felix Larrieu mugaz bi aldeetako euskalzaleen munduan murgilduta zegoela eta Euskal Herriaren hizkuntz batasunaren nolabaiteko konzientziarik bazaukala. Hori bai… 1914-1918ko gerra piztu zen arte behintzat!…

Ezen, gerra hau amaitu zenetik, Larrieuren izena eta izana erabat galdu egin ziren euskaltasunaren esparrutik. Gerra horretan badakigu mediku-agintari (major) bezala jardun zuela eta nolabaiteko merituak aitortu zizkiotela, Frantziako Ohorezko Legioaren Zaldun izendatu baitzuten 1917. urtean. Gerra bukatu eta gero ere Jean-Felix Larrieuren jarduera oso aberatsa izan zen, batik-bat Montfort-l’Amaury hirian, bertako alkate egon baitzen 1919 eta 1925. urteen artean eta zinegotxi kargutan, orohar, 1892tik 1940ra! Harrera egin zion herriaren zerbitzari hain denbora luzaz egoteagatik, Montfort-l’Amauryko kale batek bere izena derama.

Alabaina, euskararen eta Euskal Herriaren alderat «Gerra Handia» aurretik erakutsi zuen jardun handia eta suhartasun bizia, 1918tik harat zeharo galdu zirela dirudi!… Aurreko bere konpromiso eta zaletasunak gogorarazten zituen gertakari bakarra —ez gutxikoa, haatik— 1919an euskaltzain urgazle izendatuta egotea da. Haatik, baliteke izendapen honek aurretik eginiko lan eta jardunak aitortzen eta sariztatzen zituela, gogoan eduki behar delarik ere Euskaltzaindia bera 1919ko urrian zela ofizialki eratu.

Dena den, 1914-1918ko gerratik landa, Jean-Felix Larrieu euskaldun fededuna eta euskaltzale suharra, bere sorterrik urrunduta ere euskara zaintzen eta zabaltzen zuena, garai bateko euskal gizarteaz estimagaitzeko irudipena utzi diguna, osoki desagertu egin zen euskaltasunaren panoramatik. Eginiko ikerketa guztiek inon eta inoiz ez dute, 1918tik harat, euskaltzaletasun jarduera bateko aztarnarik agertu. Almanak Üskara/Ziberouko Egünaria-ren alerik ez zen aurrerantzean argitaratuko, baina hau ez da hain harrigarria, «Gerra Handiak» hainbat eta hainbat giza-obratze behin-betikotz suntsitu zituelakotz.

Pena ematen du pentsatzea, baina oso litekeena da Jean-Felix Larrieu zaletasun handiko euskaldun eta euskaltzalea osoki frantsestu egin zela 1914-1918ko gerraren ondorioz. Oso bitxia eta ulergaitza baita 1918tik 1941ean hil egin zen arte, eta bestelako jardunik izan zuela jakinda, euskalzaletasunean eskuhartze baten inolako zantzurik ez topatzea. Litekeena da, bai, hainbat ipar euskal herritar Frantziari are lotuagoak egitearen haritik, Jean-Felix Larrieu euskaltzalea ere bere sorterriarentzat gogoz eta obraz galdu egitea. Alabaina, bilakaera damugarri honek —eta hala bada behintzat— ez ditu inola ere ezabatzen euskararen alde egin zituen mesedeak eta erakutsitako jarrerak, gaur egun oraino eredugarriak geratzen direlarik.

Obrak

Almanak Üskara/Ziberouko Egünaria urtekariaren argitaratzaile eta kolaboratzaile, 1890tik 1914ra.

Guy Patin, doyen de la Faculté de médecine de Paris: sa vie, son oeuvre, sa thérapeutique (1601-1672), Paris: Alphonse Picard et fils, 1889; medikuntza-doktoretzako tesiaren gaia.

Douze noëls populaires basques en dialecte souletin, recueillis et notés, au cours de sa mission, par Charles Bordes. Textes basques révisés et traduits en français par le Dr J.-F. Larrieu, Paris: Bureau des «Archives de la tradition basque», 1890.

«Cahier des griefs rédigés par les communautés de Soule en 1789», Pau, Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau, 1891, 82-148. or eta1892, 175-406. or.

Un essai de calendrier républicain en langue basque, Paris, 1891, 12 or., Revue de linguistique et de philologie comparéeko estraktua, t. XXIV (1891), 1-9. or.

«Mémoire [de le Chevalier de Béla], concertant l’Eglise de Saint-Jean de Berraute, parroissiale de la ville de Mauleon, et de la Confrérie y attachée», Etudes historiques et religieuses du Diocèse de Bayonne, I (1892), 569-571. or.

Guérison radicale de la syphilis, Bourges: Impr. de Tardy-Pigelet, 1894 (Paris: Hachette/BNF, 2018).

Kantika espiritualak : 10 cantiques basques anciens (en dialecte souletin). Mélodies recueillies et notées au cours de sa mission par Ch. Bordes. Textes basques révisés par le Dr. J.-F. Larrieu, Paris: Schola Cantorum, 1897, 20 or.

Mauléon et le Pays de Soule pendant la Révolution, Paris: Alphonse Picard et fils, 1899.

Cure prompte et radicale de la syphilis: syphilis et mercure, Paris: Vigot frères, 1902.

Charles BORDES eta M. GRAVOLLET-ekin, Douze chansons populaires amoureuses du Pays Basque, Paris: Rouart, Lerolle et Cie, 1910. Charles Bordesek eginiko kantu bilketa lanaren frantsesera itzultzea.

«Affiche basque de la période révolutionnaire», RIEV, 6 (1912), 172-173. or.

Traitement efficace et pratique de la tuberculose pulmonaire, Paris: Imp. de la Semaine médicale, 1914 (Paris: Hachette/BNF, 2018).

Notes sur l’étiologie et la prophylaxie du typhus exanthématique, Paris: Vigot frères, 1915.

«Documents des archives du Vatican relatifs à l’histoire du Béarn, de Bayonne et de la Gascogne», Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau, XLIII (1920), 184-185. or.

«Le Pays Basque vers 1790», RIEV, XIX (1928), 395-405. or.

Paradoxes archéologiques sur l’évolution de l’architecture religieuse du Moyen Âge au XVIIIe siècle, Paris: Alphonse Picart et J. Schemit, 1938.

Bibliografia

ETCHEVERRY, M., «Jean-Félix Larrieu, nécrologie», BSSLAB, 40 (1941), 153-155 or.

SOKARROS, A., «Jean-Félix Larrieu (1863-1941) », Le Miroir de la Soule, 1264-1265 zk., 2007ko abuztuaren 9 eta 16.

— «Jean-Félix Larrieu: 1914-1918ko gerrak desbideratutako euskaltzalea?», Haria. «Morts pour la patrie – Gerra Handia Iparraldean 1914-1918», 36 (2014), 53-60 or.

ITURRIAK

Correspondance du Dr Larrieu avec Georges Hérelle (Eskuizkribua, 1902-1914); Bibliothéque Nationale de France (BNF) Gallica / Bilketa. http://www.bilketa.eus/eu/bildumak/bilaketa?creatorSearch=h%C3%A9relle&input_creator_order=count&input_publisher_order=count&type[0]=Manuscrit&medium[0]=Num%C3%A9rique&facetcounts[fcreator]=5&facetcounts[ftype]=5&facetcounts[fissued]=5&facetcounts[fmedium]=5&facetcounts[fpublisher]=5&facetcounts[finstitution]=5&facetcounts[flangue]=5&limit=20&start=160 

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP