Karguak eta lanbideak
Elizgizona eta historialaria
Ibilbidea
Frantzisko Laphitz Frantxua izenez ere ezaguna zen, eta Nafarroa Garaiko Arizkun herrian sortu bazen ere, Nafarroa Behereko idazle eta apaiza dela esaten da, Irisarrin hazi baitzen, hura izaki aitaren sorterria. Aitak denbora bat iragan zuen Arizkunen, eta han ezkondu zen Maria Josefa Arriagarekin. Jaiotza-agirian, Tomas Iribarren apaizaren sinadurarekin, ageri da Francisco Nafarroa Garaian sortu zela, baina gurasoak berehala joan zirela Irisarrira.
Uztaritzeko apaizgaitegian ikasi ondoren, Frantzisko Baigorriko erretor izendatu zuten, eta beranduago Altzaikoa. Ondoren, Nafarroa Behereko Michel Garikoitzek sortutako Betharrameko kongregazioan sartu zen, eta Hego Amerikara joan zen misiolari, 1905ean hil zen arte. Bizitza bereziki erlijio-eginkizunetan eman zuen, Hego Amerikan zeuden euskaldun anitzen ondoan, baina bitartekari ere aritu zen, Paraguai astindu zuten gatazketan. Euskal Etxe garrantzitsu bat sortzen ere lagundu zuen, Buenos Airestik hurbil, eta horretarako, Angeluko Andre Mariaren Zerbitzarien kongregazioaren laguntza izan zuen. Alvarez Gilaren iritziz, ikuspegi erlijiosotik, Frantzisko Lapitz euskaldunen presentziaren oinarrietako bat izan zen Hego Amerikan. Angeluko hainbat monja deitu zituen Hego Amerikara joan zitezen, izaera sozialeko hainbat establezimenduren zuzendaritza eramatera.
Haren lanik garrantzitsuena 1867koa da, eta Baionan argitaratu zen, bera gaztea zela, Ameriketara alde egin aitzinetik. Bokazio pastoraleko liburua da, bi santu euskaldunen bizitzak jasotzen dituena: Loiolako Inazio eta Xabierreko Frantzisko, izenburuak berak ageri duenez: Bi saindu hescualdunen bizia: San Iñazio Loiolacoarena eta San Frantzizko Zabierrecoarena.
Liburua helburu historikorik gabekoa da; Lapitzen asmoa ez da, inolaz ere, bi figura horien biografia berritzea, ez eta inolako ikuspuntu teoriko edo teologikorik garatzea ere. Lapitzek darabiltzan iturriak dira, besteak beste, Ribadeneira eta Bouhours, eta batez ere Daurignac, aipatutako bi santu horietan eta jesuiten historian espezialistak. Lapitzek fedea piztuko duen kontaera bat eraiki nahi du. Liburuan azpimarragarria da, batez ere, hizkuntzaren kalitate bikaina, egileak perfekzio handiz darabilen Nafarroa Behereko euskalkian idatzia. Hona nola laburbiltzen zituen Ibon Sarasolak haren dohainak «prosa-egile dohaintsu bat, dramaren eta egoeren sena duena» (Sarasola, 1971, 116). Modu berean, Patri Urkizuren eta beste hainbaten irudiko, «trebetasun eta abilezia bereziz idatzitako lana da, luma zehatz eta zuzen baten garapen dramatikoarekin…» (Urkizu, 2000, 346). Pello Salaburuk ere laudorio anitzen artean aipatzen du Lapitz: «idazle sendo baten erraztasuna eta argitasuna erakutsi zigun…». Hainbeste konbenzitu zuen Pello Salaburu Lapitzen estiloak, eredu gisara aurkeztu zuen. Arizkungo herrikideari buruz idatzi zuen artikulu azpimarragarri batean, Lapitzen hizkuntza-jiro ugari aztertu zituen Salaburuk, eta aldarrikapen moduko bat ere egin zuen, hizkuntza oso zurrun baten ikuspegiaren aitzinean: «Nire irudiko, honek izan behar luke erreferentzia euskaraz idatzi nahi duten guztientzat» (Salaburu, 2005). Kalitate laudatu hori are harrigarriagoa egiten da, kontuan hartzen bada Lapitzek liburu bakarra idatzi zuela.
Laudorio horiek forma besterik ez dute aipatzen, eta ez funts historikoa, hura ere aipatzeko modukoa bada ere.
Loiolako San Inaziok euskal kulturan eta erlijioan duen lekua aski ongi ezaguna da. Izan ere, beste hainbat euskal idazlek ere haren biografiaz arduratu izan dira. Adibidez, Kardaberaz (1901), Gregorio Arrue (1866) eta Jose I. Arana (1872). Pedro Ribadeneirak santuari buruz idatzi zuen lana euskarara itzuli zuen Jose Goenagak, 1886an.
Lapitzen lana bost zatitan banatua dago: San Inazio mundutar eta soldadu, San Inazio pobre eta erromes, San Inazio ikasle eta irakasle, San Inazio Jesusen Konpainiaren sortzaile, eta San Frantzisko Xabierrekoaren aitorpena eta lanak. Egiturak berak agertzen du desoreka nabarmen bat Loiolako Inazioren alde. Liburuaren hasieratik, Lapitzek maiz erabiltzen ditu bizitasun handiko solasaldiak. Haren estilo narratiboa ez zen ohikoa garai hartako euskal literaturan. Zalantzarik gabe, haren lana hobeki txertatzen da eleberri historikoan eta hagiografian, azterlan historikoan baino. Liburua Mayi Milhouk itzuli zuen frantsesera.
Obrak
Bi saindu hescualdunen bizia: san Inazio Loiolacoarena eta san Franzizko Zabierecoarena, Baiona: Lamaignère alargunaren inprimategian, 1867, 252. or. (Berrarg. faks. Hordago, Lur, 1978an; berriro editatua Klasikoak bilduman, 1986an). Liburua Armiarma web-orrian kontsultatzen ahal da.
La vie de deux saints basques: saint Ignace de Loyola et Saint-François Xavier, Mayi Milhouren itzulpena, Hendaia: Laffontan, 2002, 96 or.
Bibliografia
ALVAREZ GILA, O., La contribución europea a la iglesia en el Río de la Plata: la presencia religiosa vasca (1835-1965), Tesia, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1997.
— Frantzisko Laphitz (1832-1905), Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, Bidegileak 39, 2005, 28 or.
CHARRITON, P., «Frantzisko Laphitz-Arriagaren bizia eta lanak», Euskera, 2, 50. libk. (2. aroa) (2005), 527-532. or.
SALABURU, P., «Euskara batua eta euskara ereduak», Euskera, 2, 50. libk. (2. aroa) (2005), 533-546. or.
SARASOLA, I., Euskal literaturaren historia, Lur, 1971, 152 or.
URQUIZU, P., OLACIREGUI, M. J., ALTZIBAR, X.; ALDECOA, I.; GARCIA, J. R., CHUECA, J., Historia de la literatura vasca, Madrid, UNED, 2000, 686 or.
VILLASANTE, L., Historia de la literatura vasca, 1979, Arantzazu: Aránzazu, 490 or.





