Karguak eta lanbideak
Politikaria eta euskal kultura eta industriaren sustatzailea
Ibilbidea
Eduardo de Landeta y Naveransacona medikuaren eta Josefina de Aburtoren semea, biak Bilbokoak jatorriz eta bertako biztanleak. Bere aitona Juan de Landeta y Basabe izan zen, XIX. mende hasieran Bilbon ezarri zen Gautegiz-Arteagako medikua, Argatxa baserrikoa; bere amona Josefa de Naveransacona.
Haurtzaroa Bilboko Zazpikaleetan eman zuen, Dendari kaleko etxe batean. Anaia batekin eta Catalina de Aburto lehengusinarekin bizi zen, gerora Ramon de la Sota y Llanoren emazte izan zena. Haurra zela, Catalina umezurtz geratu zen eta bere osaba-izebekin bizitzera joan zen. Zazpikaleetako haurra zenez, Eduardo Don Higinio «El Pavero»ren eskolara joan zen Miguel de Unamunorekin.
Bere osasun ahula zela eta, bronkioetatik gaixotu ohi zen, eta ez zioten ikasteko aukerarik eman. Hamasei urterekin, ordea, Angulemara joan zen, osatzera, ikasketak bukatzera eta frantsesa ikastera. Handik, Ingalaterrara abiatu zen legeak eta ekonomia ikastera, ikasketa horiek hasiberriak baitziren Londresko Unibertsitatean, Newporten eta Cardiffen.
1890. hamarkada hasieran bere lehengusu politiko Ramon de la Sotarekin lanean hasi zen hainbat enpresetako idazkari eta zuzendari bezala: meatze ustiapena, ontzigintza, flota gobernua, siderurgia… garai hartako euskal enpresari handiena zenak hartutako alor guztietan aritu zen.
Carmen de Beascoechea Ibarrondo bilbotarrarekin ezkondu, eta etxebizitzaz aldatu zen, Luciano Arangurenen txakolin lurretan eraikitzea agindu zuen txalet batera, Concha kaleko 4. zenbakian. Bertan, bere pinakoteka handiaz, libururik onenez (Bizkaiko Aldundiaren esku dagoen bere liburutegiak argi erakusten duenez) eta Busturiako portzelanaren bilduma osoaz inguraturik sortu zuen bere familia. 14 seme-alaba izan zituen, baina soilik zortzi iritsi ziren helduarora: Mari Cruz (Angel Apraizekin ezkondua, Eusko Ikaskuntzako idazkaria eta katedratiko ospetsua), Eduardo, Mercedes, Carmen, Victor (margolaria), Jose, Catalina eta Dolores. Katoliko praktikantea zenez, bere seme-alabak praktika horretan hezi nahi izan zituen, eta erlijiosoen ikastetxeak aukeratu zituen horretarako.
Gregorio Arrienek dioenez: «helduaroan ezagutu zutenek garaiera ertaineko gizon bat bezala gogoratzen dute, hizlari ona, azkarra eta argia. Oso zintzoa eta zuzena zen. Barne koherentzia doktrinal handia zuen, eta hori eskaintzen zuenez, besteengandik ere koherentzia maila bera espero zuen. Hori zela eta, batzuetan irudi luke jokamolde urduriko gizona zela, ia intrantsigentea. Berarentzat, ideiak defendatzea zen garrantzitsuena».
1905 eta 1923 urteen artean argitaratutako bere idatzi ideologikoak oso ugariak izan ziren garai hartako egunkari eta aldizkarietan, hala nola, Euskalduna, El Sol, Hermes… Sinatzeko goitizen asko erabili zituen: Argacha, Sacona, Pedernales, Kiss, Veritas Vincit, K. C. de O., Pedro Perez de Villela, Ito, Don Higinio… Berak «Zazpikaleetako aristokratatzat» zuen bere burua.
Bere ideologia politikoak, «landetismo» delakoak, XX. mendean abertzaletasuna izan zenaren aitzindari izatera eraman zuen. XIX. mende bukaeran, Sotarekin batera, ideologia liberal foruzalea zuela esan liteke, eta elkarrekin Euskalerria Elkartea sortu zuten. Urte horietan eman zioten babesari esker, Sabino Aranak probintzia diputatu hautatua izatea lortu zuen 1898. urtean. «Sabino Aranaren bilakaera espainolista» eragin zuena izan zen haren bizitzaren azken urtean, Landetaren ideia posibilistaren garrantziaz jabetu zelako: «Ziurrenik, nazionalismo edo bizkaitarrismoa gure Euzkadirentzat onura praktiko agerikoak ekartzeko iritsi zen politikaren mundura, euskal arima berpizteko, euskaldunei euskaldun direla ohartarazten uzten ez dien ezjakintasuna gainditzen laguntzeko».
Espainiarekin konfederatutako nazio izango zen Euzkadi baten alde egin zuen. 1906an, Sabino Aranaren heriotzaren ondoren EAJren zuzendari berri izendatu zuten Angel Zabalari kontra egin zion, ez baitzuen alderdia demokratizatzerik eta jarrera aliantzazale eta elektoralistarik hartzea onartzen. Hori zela eta, alderditik kanporatu zuten uztailean, baina Zabalaren dimisioaren ondoren, berriro onartua izan zen abenduan. Orduan, Programa onartu egin zen, eta garaipena izan zen berak bultzatutako moderazioarentzat: «Helburu nazionalistak dituen Euzkadi hori ez da ezinegon zoroen bitartez iritsiko, ekimen burugabe eta biolentoekin; ez da iritsiko gure seme-alabak gorrotoan hezita, batzuei iruzur eginez, eta besteak itsutuz, ez. Erredentzioak bertutea dakar, bertuteak sakrifikazioa eta sakrifikazioak maitasuna». «Krimenak kriminalak sortzen ditu. Gorrotoak munstroak. Maitasunak soilik sortzen ditu obra liluragarriak. Bertutea da salbatzeko gaitasuna duen bakarra».
1906tik aurrera, arlo guztietan auto gobernatzeko eskuduntzak izango zituen Euskal Estatutua sortzearen alde gogor hasi zen lanean. 1918an Melquíades Alvarezekin batzartu zen horretan saiatzeko, baina ez zuen arrakastarik izan.
Kulturaren eta hezkuntzaren arloari dagokionez, Eusko Ikaskuntzako zenbait biltzarretan hizlari izan zen. Elkarte horretako zuzendaritza iraunkorreko kide izan zen 1918-1924 eta 1926-1932 artean. 1918an, Oñatin, «Bizkaiko probintziako eskolaren egungo egoera» izan zuen hizpide. Iruñean, 1920an, «Lehen Hezkuntzak inguruan duen giroarekin lotutako bizitza errealerantz egin behar du» izan zuen mintzagai. Ama hizkuntzarekiko errespetua aipatu zuen. Gernikan, 1922an eskolako elebitasuna aztertu zuen, «Oinarrizko Lehen Hezkuntza» proiektu bat aurkeztuta, Eusko Ikaskuntzaren lorpen nagusietako bat. 1920tik 1925era Auzo Eskolak eraikitzen lagundu zuen, «Oinarrizko Lehen Hezkuntza» zabaltzeko pentsatutako proiektua. 1923an Eusko Ikaskuntzarekin batera Euskal Unibertsitatea sortzeko batzordea sortu zuen. Hezkuntzarekin lotutako bere azken hitzaldiak «Elebitasuna Nazioarteko Hezkuntzan eta Euzkadin» izenburupean eskaini zituen, 1931n.
1923an, Bilboko Euskal Zentroan emandako hitzaldi baten harira, «Los Errores del nacionalismo vasco y sus remedios» argitaratu zuen. Bertan, bere gai ideologikoak laburtu zituen: Sabinok euskal kontzientzia suspertu zuen, baina… «utz dezagun Sabino bakean, garai historiko bakoitzak bere izena daukalako eta gertakari bakoitzak bere inguruabarra». «Euskal nazionalismoa ez da Aranismoa, euskal nazioaren berrespena baizik». Bere ustez, euskal Foruak bertan behera utzi zituen legea idargabetzeak ez zuen inolako zentzurik, ez baitzen hori guztiaren eragilea, euskaldunak nor ziren ez jabetzea baizik».
Zatiketa abertzalean ez zuen Aberri separatistarekin bat egin, baina CNVrekin ere ez erabat. De la Granja Sainz katedratikoaren hitzetan: «Landetak ez zuen ezer ere ezkerrekotik; gizarte jatorri burgesa zuen, lanaren eta familiaren aldetik Ramon de la Sotari lotua zegoen, eta bere artikulu eta proiektu autonomikoan ez zion auzi sozialari tarterik eskaini».
1931. urtean Lizarran (Nafarroa) adostutako Euskal Estatutua idazteko ardura izan zuen Eusko Ikaskuntzako Batzordeko kide izan zen. Onartu aurretik, proposamenak bere eskumenetik kanpoko bi aldaketa garrantzitsu izan zituen.
Gerra aurreko urte horietan, sutsuki aritu zen lanean Sotaren proiektu ekonomikoetan, eta etengabe bidaiatu zuen Madrilera. 1936an sir Ramon de la Sota y Llano hil zen eta 1937ko maiatzaren 1ean bere iloba Ramon de la Sota y Aburtok Eduardo de Landeta ahaldun izendatu zuen. Francoren tropak Bilbora sartu zirenean, 1937ko ekainean, sir Ramonen oinordeko bakar bat ere ez zegoen hiri horretan, denek Biarritzen zituzten etxeetara ihes egin zutelako. Jose Luis Aznarren erasoa iritsi zenean, Eduardo de Landeta zen bere bulegoan zegoen bakarra. Larrinagako espetxera eraman zuten, baina denbora gutxi egin zuen bertan, eta handik Gasteizera erbesteratu zuten, Frontón hotelera. Hirurogeita hamar urte zituen orduan. Errepresaliatu politikoa izan zen, eta erantzukizun zibileko zigor-txostena ireki zioten, baina 1940ko urtarrilaren 25ean Bilboko erantzukizun politikoen eskualde epaitegiak errebisioan absoluzio sententzia ebaztea lortu zuen.
Bilbon jarraitu zuen lanean Ramon de la Sota y Aburtoren esanetara eta probintzia administrazioan sartzea lortu zuen. Epaitegi berezi berri batek Bizkaian konfiskatutako ondasunen ardura hartu zuen, baita Sotarenak ere. Juan Jose Tutau Menroy bertako titularra zen eta laguntzaile bezala kontratatu zuen, hilabetero 500 pezetako soldataren truke. Eduardo de Landetak, konfiskatutako ondasunen egoera zehatza eta sortzen zituzten errenta fluxuak ezagutzeko parada zuen, eta epailea erosten saiatu zen Sotaren ondasunen gaineko ekimenak bertan behera utz zitzan. Sir Ramon de la Sotari akusazio politiko faltsuak egin zizkion frankismoak, baina ez hori bakarrik, bere oinordekoek gerra gaitzesgarri horretan izan zen espoliaziorik handiena pairatu zuten. Francok ez zion inori kendu sotatarrei bezain beste, eta inoiz ez zien euren abertzaletasuna barkatu ez eta euren ondasunak itzuli ere.
Hala, konfiskatu zizkieten ondasunak defendatzen hil zen Landeta, aita Lojendio jesuitak lagunduta Bilboko Concha kaleko 4. zenbakiko bere txaletean.
Obrak
«El problema “bizkaitarra”», Hermes, 5 (1917ko maiatza), 326-331. or.
«El bizkaitarrismo, los fueros y mala entraña» Hermes (1917ko urriak 9-10), 599-601. or.
«El Bizkaitarrismo», Hermes, 13 (1918ko urtarrila), 35-37. or.
«Al margen del problema nacionalista vasco», Hermes, 19 (1918ko uztailak 15), 12-15. or.
«El nacionalismo y la realidad», Hermes, 20 (1918ko uztailak 30), 31-33. or.
«El idealismo y el ideal bizkaitarra», Hermes, 30 (1918ko abenduak 30), 233-236. or.
«Los políticos españoles ante el problema de la autonomía vasca», Hermes, 33 (1919ko otsailak 15), 21-25. or.
«Los que trabajan y los que sestean», Hermes, 48 (1919ko irailak 30), 330- 334. or.
«Vizcaya ante la ley», Hermes, 53 (1919ko abenduak 15), 449-450. or.
«El bizkaitarrismo frente a las realidades del momento actual», Hermes, 55 (1920ko urtarrila), 13-16. or.
De instrucción pública. Acerca de la escuela vasca, Bilbo: Ed. Vasca, [d.g.], or. 1.
El bilingüismo escolar. Discurso leído en el Tercer Congreso de Estudios Vascos celebrado en Guernica en septiembre de 1922 en la Sección de Enseñanza Primaria, para la apertura de sus sesiones acerca del tema «El Bilingüismo Escolar», Bilbo: Imp. y Libª. de Montiano, 1922, 11 or.
«El bilingüismo en la enseñanza internacional y en Euzkadi», Yakintza, 6 (1933), 428-443. or.
Bibliografia
ARRIEN BERROJAECHEVARRIA, G., Educación y escuelas de barriada de Bizkaia (Escuela y Autonomía. 1898-1936), Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1987.
DE LA GRANJA SAINZ, J. L., «O nacionalismo vasco heterodoxo no século XX», Grial: revista galega de cultura, 138 (1998), 295-311. or. Online arg.: https://www.cervantesvirtual.com/obra/o-nacionalismo-vasco-heterodoxo-no-seculo-xx-932148/ (2023ko uztailak 18).
— El Nacionalismo Vasco. Un siglo de Historia, Madrid: Tecnos, 2002.
DE PABLO, S.; MEES, L., eta RODRÍGUEZ RANZ, J. A., El Péndulo Patriótico. Historia del Partido Nacionalista Vasco, 1:1895-1936, Barcelona: Crítica, 1999.
TORRES VILLANUEVA, E., Ramón de la Sota, 1857-1936. Un empresario vasco, Madrid: LID Editorial Empresarial, 1998.





