Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE FRANTZIAKO EGILEAK ETA OBRAK

LANCRE, Pierre de (Pierre Rostegi de Lancre) (Bordele, Frantzia, 1553-1631).

Karguak eta lanbideak

 Legegilea eta Frantziako Estatuko Kontseiluko kidea

Ibilbidea

Bordelen jaio zen, 1553an, baxenabar jatorriko familia batean. Aitona, Bernard Rostegi, Jutsin jaiotako mahastizain dirudun bat izan zen, eta Girondako eskualdera joan, eta Saint-Macaire hirian kokatu zen, 1510ean. Pierreren aitak, Frantziako erregearen kontseilari-notarioaren eta Koroako idazkariaren kargua erostean, Lancreko jauna bihurtu zen, eta jatorrizko abizena erabiltzeari utzi zion.

Pierre de Lancrek Guyenneko Eskolan jaso zuen hezkuntza, eta Zuzenbidea ikasi zuen eta bere ikasketa juridiko-teologikoak Italian (Turin) osatu zituen. Hor, doktore-titulua lortu zuen Zuzenbidean, 1579an, hogeita sei urterekin. Bordelera itzultzean, abokatu aritu zen, eta, 1582an, Bordeleko Parlamentuko kontseilari-kargua eskuratu zuen.

1588an, Errenazimentuko idazle ospetsu Michel de Montaigne-ren iloba txiki Jeanne Monsekin ezkondu zen, eta bere gizarte-ospea handitu zuen horri esker.

1599an, Henrike IV.a erregeak baimena eman zion Bordeletik urtebetez joateko, Italiara erromesaldi bat egitera. Herrialde horretan, Loretoko Ama Birjinaren santutegia bisitatu zuen, eta, Erroman, parte hartu zuen 1600eko jubileuan.

Gizarte-mailan gora egiten jarraitu zuen, eta Bordeleko Goi Ganberako kide bihurtu zen. Idazle-ibilbidea hasi zuen, 1607an argitaratu baitzuen bere lehen lana: Tableau de l’inconstance et l’instabilité de toutes choses (hau da, Gauza guztien aldakortasunaren eta ezegonkortasunaren deskribapena). Lan horretan, azaltzen du Jainkoarengan soilik dagoela benetako konfiantza, eta gizaki jakintsuak horretara bideratu behar duela bere burua. Lan horretan, jada agerikoa da egile honen gehiegizko erlijio-grina.

Garai hartan, Lancrek interesa zuen sorginkeriari eta naturaz gaindiko beste fenomeno batzuei buruz, hala nola likantropiari buruz, eta parte hartu zuen gai horiekin lotutako auzietan Bordeleko Parlamentuko Auzitegian. Baina Pierre Lancreri ospea eman zion auzia Lapurdin gai horiei buruz egin zuen ikerketa izan zen.

1609an, Amou eta Urtubia jaunek Frantziako hego-mendebaldeko eskualdean sorginkeria-epidemia zegoela esan zioten Henrike IV.ari —dirudienez, horren jatorria, benetan, tokiko jauntxo batzuen arteko borrokak ziren—, eta erregeak batzorde bat bidali zuen salaketa horiek ikertzeko. Bi pertsonak osatzen zuten batzorde hori: Estatuko Kontseiluko aholkulari Jean d’Espaignetek eta Pierre Lancrek, «gure aholkularia, Bordeleko Parlamentuko Auzitegi delakoan». Bi pertsona horiek eskualde horretako sorginak epaitzera joan ziren, eta, horretarako, botere osoa izan zuten.

Ekainaren 27tik azaroaren 1era, eskualde horretako hogeita zazpi parrokietatik hogeita lau bisitatu zituzten, segizio handi baten buru: sindiko bat, aholkulariak, interpreteak, atezainak, zirujaua, borreroa eta beste kolaboratzaile batzuk.

De Lancreren batzordeak —izan ere, Espaignet lurraldetik laster joan zen, ikerketa hasi eta aste gutxi batzuetara— Lapurdiko marinelen emazteen ustezko adulterio- eta lizunkeria-kasuak ikertu zituen —eskualde horretako gizon asko zenbait hilabete ematen zituzten Ternuan, arrantza-lanak egiten—, bai eta petrikiloen eta kartomantzian aditu zirenen jarduerak ere. Senpereko gazteluan kokatutako auzitegian, Pierre Lancrek laurogei sorgin ingururen exekuzioa agindu zuen, sorginkeriaz akusatuta. Gehienak emakumeak izan ziren, baina bazeuden haurrak eta apaizak ere.

Marinel-tripulazioek, Ternuako kanpainatik itzultzean, sorgin-ehiza horren berri izan zuten, eta, orduan, matxinada bat gertatu zen, eta Bordeleko agintariak eskala handiko errebolta bat gerta zitekeelako beldur egon ziren. Horregatik, azkenean, Lancreri eginkizun horiek kendu zizkioten, eta torturetatik eta gatibutasun-baldintza gogorretatik bizirik iraun zuten akusatuak aske utzi zituzten.

Hala ere, ez zuten epaile horren jarduna ofizialki gaitzetsi. Are gehiago, mailaz igo zuten, errege-kontseilari izendatu baitzuten 1611n, eta Bordeleko Parlamentuan jarraitu zuen 1616ra arte. Bizitzako azken urteak etxean sartuta eman zituen, idazten. 1631n hil zen.

Lapurdiko esperientzietan oinarrituta, Tableau de l’inconstance des mauvais anges et démons où il est amplement traité des sorciers et de la sorcellerie (hau da, Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasunaren deskribapena, non sorginak eta sorginkeria luze-zabal aztertzen diren) lana idatzi zuen. Parisen argitaratu zuten, 1612an.

Liburu hori idaztean, ikuspegi bikoitza erabili zuen, teologikoa eta judiziala, eta, lapurtarren kritika orokorra izateaz gain —emakumeena, batez ere—, demonologia-tratatu zabal bat da. Lan horretan, Lapurdiko lurraldeetan emandako lau hilabeteetan egindako galdetegien eta deklarazioen pasarteak jasotzen ditu, bai eta honako hauek aipatzen dituzten lekukotasunak ere: sabbaten (akelarreak) prestaketa, pozoiak, itunak deabruarekin, sorgin-markak, meza beltzak, sorgin-dantzak, koitoak deabruarekin, likantropia, etab. Halaber, Logroñon 1610ean egindako fede-auto bati buruzko kapitulu bat dago.

Egile honek, halaber, kritika gogorra egin zion Lapurdiri, Espainiako mugaren ondoko lurraldeari —Lancreren ustez, Espainiatik zetozen Lapurdiren gaitz moraletako asko—, eta Lapurdiko «jendea zarpaila eta baldarra» zela eta behar bezala «zibilizatu gabe» zegoela dio, tokiko tradizioak oso errotuta daudela, eta hizkuntza eta erakunde bereziak dituela. Horrez gain, gizonek urtearen zati handi bat arrantzan jarduteak gizarte osoa arriskuan jartzen zuela aipatzen du. Izan ere, sorginkeriaren aurkako diskurtsoan, emakumeen kontra jarduten du, batez ere, eta hirugarren kapituluan («Zergatik daude emakumezko sorgin -gehiago, gizonezko sorgin baino?»), iruzkin misogino ugari egiten ditu, eta argudiaketa antifeminista zabala osatzen du, Antzinaroko autoritateak oinarritzat erabilita, hala nola Plutarko, Diodoro eta San Agustin. Liburu osoan, agerikoa da Pierre de Lancreren obsesioa sexualitatearekiko, eta deigarria da zenbateko xehetasunez egiten dituen akusatuen ahotan jartzen dituen deskribapenak.

Sabbatak ere garrantzi handia du Lancreren kontakizunean. Gai hori ez zen batere agertzen beste lan klasiko batzuetan, hala nola Malleus maleficarum delakoan, eta oso leku gutxi zuen beste egile batzuen (Jean Bodin, Martín del Río, Henry Boguet eta Nicolas Rémy) lanetan, baina Lancreren Tableau de l’inconstance lana argitaratu ondoren, presentzia handia izango du sorginkeriari buruzko literatura guztian.

Obrak

Tableau de l’inconstance et instabilité de toute chose, où il est montré qu’en Dieu seul gît la vraie confiance, à laquelle l’homme sage doit viser, Paris: Abel Langelier, 1607. Berrarg. 1610.

Tableau de l’inconstance des mauvais anges et démons où il est amplement traité des sorciers et de la sorcellerie, Paris: Nicolas Buon, 1612 (Jean Berjon-ek berrargitaratua, 1613an). Gaztelaniazko itzulpena: Barberena, E. (itz.), Tratado de Brujería Vasca. Descripción de la Inconstancia de los Malos Ángeles o Demonios, Tafalla: Txalaparta, 2004.

Le Livre des Princes, contenant plusieurs notables discours, pour l’instruction des roys, empereurs et monarques, Paris: Nicolas Buon, 1617.

L’incrédulité et mescréance du sortilège plainement convaincue, où il est amplement et curieusement traicté de la vérité ou illusion du sortilège… et d’une infinité d’autres rares et nouveaux subjects, Paris: Nicolas Buon, 1622.

Bibliografia

Caro Baroja, J.: Las brujas y su mundo, Madrid: Revista de Occidente, 1961.

Duché-Gavet, V.: «Les sorcières de Pierre de Lancre» in Revista Internacional de los Estudios Vascos, 9. ale berezia (2012), 140.-156. or.

Henningsen, G.: El abogado de las brujas, Madrid: Alianza Editorial, 2010.

Rodríguez Álvarez, M.: «Pierre de Lancre, cazador de brujas» in Historia 16, 366 (2006), 115.-125. or.

Aipamen bibliografikoa

Mariezkurrena Iturmendi, D., “Lancre, Pierre de”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 708-710.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP