Karguak eta lanbideak
Montignyko jauna, Herbehereetako Altxorraren idazkaria, txanbelana eta bidaiaria
Ibilbidea
Antoine Lalaingekoa, Montignyko jauna, Urrezko Ardi-larruaren zalduna eta Hoogstraeteneko (Flandria) kondea, Burgundiako dukearen zerbitzura zegoen nobleziako familia batekoa zen. Elisabeth Culemborgekoarekin ezkondu zen 1509an, eta ez zuten seme-alabarik izan. 1516an, Urrezko Ardi-larruaren Ordenako zalduna izendatu zuten. Enperadorearen konfiantzazko gizona izan zen, eta hark Lalaingekoaren Hoogstraeteneko jabetzak konderri bihurtu zituen (1518). Karlos V.ak berak bere testamentu-betearazle izendatu zuen (1522). Horrez gain, printzea emantzipatu zenean, Lalaing Altxorreko idazkari izendatu zuen, 1515eko martxoan, eta Kontseilu Pribatuan ere sartu zen. 1520ko azarotik aurrera, lehen txanbelan edo Margarita Austriakoaren ohorezko zaldun izendatu zuten, baina ez zen kargu horretan hasi 1523ko maiatzera arte, eta, hortik aurrera, haren -konfiantzazko gizona izan zen. Kargu horrekin batera, Holandako, Zeelandako eta Mendebaldeko Frisiako gobernadore ere izan zen (1522), eta, geroago, Utrechteko gobernadore (1530). Gero, Herbehereetako Estatu Kontseiluko (1531) eta Erregentziako Kontseiluko (1538) kide izan zen. Lalaing gudan hil zen, 1540an, Karlos V.arekin Gantera ziohala, hiri horretan piztutako matxinada zapaltzera.
1501. eta 1503. urteetan, bidaia bat egin zuen Espainiara, txanbelan moduan, Filipe Ederrarekin eta haren gortearekin. Bidaia horren oroitzapenak bi liburutan jaso zituen —liburu horien egilea Lalaing dela uste da—. Filipe Ederrak beste bidaia bat egin zuen Espainiara, 1506an, eta Lalaing ere egon zen bidaia horretan, eta hari buruzko kontakizuna, dirudienez, diplomazia-jarduerekin lotutako egile ezezagun batek idatzi zuen, Hainauteko jaunak agian.
Espainiarako lehen bidaiaren kontakizunean, «Baionako erarako» ezkontza aipatu zuen; hau da, Lapurdiko ezkontza aurreko bizikidetza. Halaber, «euskal andreen edertasuna» nabarmendu zuen; «boneta jantzi ordez, durbante moduko bat daramate, oihal bati bira asko emanda osatua. Neskek ile motza daramate, eta ezkongabeek ezin dute boneta jantzi. Ezkondutakoek urre- eta zeta-brodatuez estalita daramatzate bonetak».
Obrak
Gachard, L. P. (arg.): Collection des voyages des souverains des Pays-Bas, I, Bruxelles: Commission Royale d’Histoire, 1876. Gaztelaniazko itzulpena: García Mercadal, J. (arg. eta itzulpena): «Antonio de Lalaing, señor de Montigny» in Viajes de extranjeros por España y Portugal: desde los tiempos más remotos, hasta fines del siglo xvi, Madrid: Aguilar, 1. libk., 1952, 429.-599. or.
Bibliografia
Cauchies, J.-M.: Philippe le Beau. Le dernier duc de Bourgogne, Turnhout: Brepols, 2003.
— «Lalaing, Antoine de» in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Onlineko argitalpena: http://dbe.rah.es/biografias/59543/antoine-de-lalaing (2018ko azaroaren 15ean egindako kontsulta).
Del Cerro Bex, V.: «Itinerario seguido por Felipe I el Hermoso en sus dos viajes a España» in Chronica Nova, 8 (1973), 59.-80. or.
Fagel, R.: «El descubrimiento de España a través de los relatos de viaje de Antoine de Lalaing y Laurent Vital» in Diplomates, voyageurs, artistes, pèlerins, marchands entre pays bourguignons et Espagne aux xve et xvie siècles, Turnhout: Brepols, 2011, 147.-162. or.
Urquijo, J. de: «Sobre el tocado corniforme de las mujeres vascas (siglo xvi)» in Revista Internacional de los Estudios Vascos, 13 (1922).
Aipamen bibliografikoa
Chicharro Lázaro, A., “Lalaing, Antoine”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 717-718.





