Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

LABRIT, Jean. (?, d.g. – Paue?, 1942ko otsaila?).

Karguak eta lanbideak

Lege-gizona, legetan doktorea, historialaria

Ibilbidea

Jean Labriten inguruko datu biografiko fidagarririk ia batere ez dago. Izan ere, unibertsitate-espedienterik ez izanik haren alma mater izandako Parisko Unibertsitatean, eta haren izen-abizenak hain arruntak izanik Euskal Herri eta Landen inguruetan… zaila da identifikazio fidagarri bat egitea, haren jaiotzaren eta heriotzaren inguruko datei eta lekuei buruz.

Claude Laharieren sinadura daraman artikulu batean, erresistentzia frantziarraren «Alliance» sareari buruz ari dela, baieztatzen da 1942an Jean Labrit izeneko abokatu bat hil zela Pauen. Jean Labrit delako hark sare horren buru omen zen Vichyren eremuan, eta halaber, sare horretarako laguntzaileak lortzeko agentea zela esaten da. Izen-abizenak eta lanbidea bat datoz, baina gaur-gaurkoz, ez da zantzu aski Jean Labrit lege-doktorea eta sare horretako Jean Labrit abokatua pertsona bat eta bera izan zirela egiaztatzeko.

Izan ere, Jean Labriten gainean egiaztatutako datu bakarrak ziren ikerlan historiko bat argitaratu zuela 1913an, Bidaxuneko printze subiranoen Gramont leinuari buruz, eta 1939an Parisko Unibertsitatean egin zuela doktoretza, haren ondorioz argitaratu zelarik antzeko ikerlan bat, Parisko argitaratzaile beraren eskutik, alegia, Rodsteinen eskutik.

Handik urtebetera, Jean Labritek lan historiko bat argitaratu zuen espainiarren esku-hartzeari buruz Euskal Herriko mugan, 1793 eta 1794 bitarteko Frantzia iraultzailean, Konbentzio Gerra deitutakoan. Lan hura, izan ere, hilondoko lana izanen zatekeen, egiaz identifikatuko balitz egilea Pauen 1942an hildako «Alliance» sareko agentearekin.

Lan historiko hori laburra bada ere, interes handikoa da euskal historiografiarentzat. Bereziki, Gramont familiaren esku zegoen Bidaxuneko Printzerriari buruzko azterketei dagokienez, izan ere, familia hori izan zen agramondarren leinuaren buru, Pirinioko mugaz beste aldean, nafar legitimisten buruzagitza eraman zuena, Gaztelako koroak Nafarroako erresumaren gainean zituen asmoen aurka, XV. mendetik aitzina. 

Printzerri hori garai feudaletatik iritsitako azken hondar bat zen, XVIII. mendearen amaiera arte iraun zuena. Hala ere, Gramont familia Versaillesko Gortearen zentralismoaren agente gisa agertzen da eskualde horretan, bereziki Antoine IV.aren garaian, ordurako Gramonteko duke tituluarekin, bera izan baitzen Luis XIV.aren politiken betearazle fidelenetako bat, Euskal Herrian, XVII. mendearen amaieran. Baina gorabeherarik ere izan zen printze subirano izate horren kontura, erregealdi horren azken garaian, prozesu bat ere izan baitzen Pauen, printzerriaren subiranotasun hori eztabaidan jarri nahi izan zuena; hala eta guztiz ere, ez zuen lortu printzerri horren agintaritza independentea mendean hartzea. Asmo hori lortu zuena 1789ko gobernu iraultzailea izan zen.

Obrak

Les Gramont, souverains de Bidache et I’Histoire de Bidache, Paris: L. Rodstein, 1913.

Les Gramont, souverains de Bidache, et l’histoire du Droit, zuzenbide-tesia, Paris: L. Rodstein, 1939.

«Les espagnols à Biriatou (1793-1794), d’après les archives du ministère de la guerre», Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau, III (1940),164-169. or.

Bibliografia

AUÑAMENDI, «Revolución francesa. Posiciones a lo largo del Bidasoa según el reconocimiento efectuado el 29 de marzo de 1794». Auñamendi Eusko Entziklopedia. On-line edizioa: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/foto/mu-43812/ (2020ko urriak 20).

LAHAERIE, C., «Réseaux-renseignements et/ou evasion ayant opéré dans les Basses-Pyrénées». ALLIANCE. On-line arg.: https://www.bpsgm.fr/reseaux-renseignements-basses-pyrenees-alliance/ (2020ko urriak 20).

RIBETON, O., Les Gramont, portraits de famile. XVIe-XVIIIe siècles, Biarritz: J. & D., 1992.

RILOVA JERICÓ, C., «Marte Cristianísimo». Guerra y paz en la frontera del Bidasoa (1661-1714), Irun: Luis Uranzu Kultur Taldea, 1999.

ITURRIAK

EGILE EZEZAGUNA, Notice historique sur Bidache. Châteaux de Viellenave, Bidache, Guiche, Came, Hagetmau, Aster, Séméac, Blaye, Lesparre, L’Ombrière, d’après des documents authentiques et la tradition populaire, Baiona: A. Lamaignère, 1893. 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP