Karguak eta lanbideak
Apaiza, historialaria eta kazetaria
Ibilbidea
Batangasen jaio zen, izen bereko eskualdeko hiriburuan, Filipinetako Calabarzon eskualdean. Bere aita, Nicolas Delfin de Labayru y Monet, Zaragozan jaio zen, baina jatorriz Izabakoa zen (Nafarroa) eta garai hartan Batangas eskualdeko gobernadore militarra. Bere ama, Bonifacia Goicoechea, Bilbokoa zen.
Espainiara itzultzen ari zirenean, tartean oraindik urte bat ez zuela, aita bidean hil zen. Amak Bilbon bizitzea erabaki zuen. Lehen ikasketak hiribilduan egin zituen, eta horren ondoren eliza ikasketak egin zituen Gasteiz, Burgos eta Bartzelonan. Lege eta Kanonetan doktore izan zen Toledoko eliza Unibertsitatean 1871. urtean eta apaiz ordenatu zen, Gasteizen, 1872ko abenduan.
Bere zerbitzua Bilbon egin zuen, Joan Santuen parrokia-elizan, baina ez zuen bertako parroko eskaintza onartu, ikasketei arreta handiagoa eskaini nahi zielako. Familia aberatseko kidea zenez, hainbat lursailen jabe zen eta ez zuen erlijio jardunari zegokion kargurik hartu nahi izan, literaturari eta ikerketari eskaintzen zien arreta galaraziko ziotelakoan. Sinodo aztertzaile eta Bilboko zenbait erlijioso komunitateren gidari espiritual izatera mugatu zen. Erronda kalean bizi zen, 1842an Manilan jaiotako bere arreba Carmenen etxean, Manuel de Maguregui y Aransolo toska merkatariaren emaztea eta hainbat neskaren ama.
Eztabaida politiko-erlijiozkoa nagusi zen giroan, ahalegin handia eskaini zion prentsa sortu eta bertan kolaboratzeari. Garai hartako bilbotarrek hobekien ezagutu zuten alderdia izan zen hori. Karlismoa defendatu zuen integrismotik gertu zegoen ildoari jarraituz. 1880an La Voz de Vizcaya egunkari karlista sortu zuen, urte berean Lau-buruk ordeztu zuena eta ondoren Laurac-batek, 1883. urtera arte.
1884an El Vasco sortu zuela esaten da (gero El Basco izan zen), eta 1899tik aurrera, La Trinchera, Candido Nocedalen ideien aldeko egunkari katoliko-politikoa. Haren Apis astekariko erredaktore gogotsua izan zen. Labayruren lan motz horiek guztiak lotzen dituen hari tematikoa Bizkaiko, edo oro har Euskal Herriko, erlijiozko historiari buruzko bizitza eta gertakizunak dira: Jeronimo de Mendoza Plasenciako herejearen enigma (hura argitzen saiatu zen); Karlos III.aren garaian jesuitak Probintzia Baskongadetatik kanporatu zituztenekoa; Bilboko Santiago elizako erlikiak; Elorriko parrokiaren sorkuntza; eta erlijiosoei buruzko datuak, adibidez, Bermeoko Juan de Camuy; Laudioko Roque de Menchaca idazlea; Bergarako frai Jose de Jesus Maria frantziskotarra (Ignacio de Irala); Bizkaiko frai Pedro de Ochoa domingotarra, etab. Horiez gain, Bilboko historiari buruzko bestelako gai bitxi eta interesgarriak landu zituen.
Labayruk Lau-buru, Laurac-bat, Beti-bat eta ibilbide laburreko beste hainbat aldizkarirekin kolaboratu zuen, hala nola, La Juventud Católica Vizcaína. Revista Científico-Literaria eta Boletín de la Peregrinación de Ntra. Sra. de Begoñarekin. Bizkaiarekin lotutako zenbait artikulu historiko argitaratu zituen Euskal-Erria (1886-1909) eta Boletín de la Comisión de Monumentos de Vizcaya (1909 y 1913) aldizkarietan.
Aldi berean, Labayruk ikerketa lan sakona egin zuen. 1870. urtetik aurrera erlijioarekin lotutako bere obra txikiak argitaratu zituen. 1879an La Iglesia y la Enseñanza. Breve estudio crítico-histórico de los servicios que el catolicismo ha prestado a la instrucción pública azterketa burutu zuen. 1880an Fray Juan de Zumárraga bizkaitarrari buruzko lana atera zuen eta 1889an Lecturas eucarísticas, helburu jainkotiarra zuen lan mardula, lan teologiko sakon baten emaitza. 1893an Galería de vascongados ilustres en religión lanaren behin betiko edizioa kaleratu zen, Jaurerriko hainbat erlijiosoren bizitzak jasotzen zituena, lehenago ere argitaratuak zituena. Lan horretan jaso zituen, besteak beste, sor Maria Josefa del Rosarioren, aita Urrusoloren edota Gran Chacoko martiria zen Francisco de Ugalderen bizitzak.
Labayruk Historia general del Señorío de Bizcaya lanari esker lortu zuen ospea historialari bezala, batez ere, lehen liburukia 1895ean argitaratu zuenetik. Ikerketa lan eskerga jasotzen duen lana da, artxibo publiko eta pribatuetan egindakoa, eta bi urtean behin argitaratu zen. Guztira 5.070 folio orrialde dira. Berak esandakoaren arabera, lan hori egitera bultzatu zutenak bere amari zor zion euskal kontzientzia, euskal arrazakoa izatea eta ordura arte Jaurerriari buruzko historia ez oso errealen ahultasuna izan ziren: «Benetan historikoa dena berrezarri, litekeena apuntatu eta nazio Euskaldunaren baitan han-hemenka sortutako lainoak desagerrarazi, bereziki Bizkaiko Jaurerri edo Konderriari dagokionez. Hori da nire asmoa».
Obra analen gisa antolatu zuen, lurraldearen bilakaera historiko, erlijiozko, merkatari, kultural, artistiko, eta abarrak jasoz. Edozein berri interesatzen zitzaion, dela ekitaldi politiko handi bat, parrokia txiki baten inaugurazioa edota bizkaitar ospetsu baten datu biografiko bat. Lehen liburukia Euskal Herri osoari buruzkoa da, eta gainerakoekin alderatuta ez da hain homogeneo eta antolatua. Autorearen arabera, sarrera moduko bat izateko pentsatua zen eta horregatik ildo orokorrak markatu zituen bertan. Euskaldunen jatorria aztertu zuen XI. mendera arte eta mito tradizionalak desegin zituen apurka-apurka: Bizkaia ez zen Kantabria izan, eta ez zuen kristautasuna garai apostolikoetan jaso. Ez zen Jaun Zuria baino lehenagoko jaunik egon, eta historikoki hura existitu zenik ere ez zuen uste, Arrigorriagako guda bezalaxe. Datu historikoarekiko zuen interesak bultzatuta, Carmelo Echegarayrekin idatzitako txosten bat aurkeztu zion Aldundiari 1910. urtean, jauregiko beiratearen motibo nagusian Jaun Zuriak Foruak zin egiten agertzearen kontrakoa. Bigarren liburukitik aurrera, edukia askoz zorrotzagoa da eta antolatuago ematen du. Liburuki horrek 1400. urtera arte hartzen du eta hurrengoei dagokienez, bakoitzak mende bat hartzen du. Seigarren liburukia da azkena, 1800ean bukatzen dena.
Labayruren asmoa Isabel II.aren erregealdira arte ikertzen jarraitzea zen, baina 1904ko urtarrilean hil zen VII. liburukia bukatu gabe. 1907ko ekainaren 21eko saioan, Aldundiak erabaki zuen Probintzia Baskongadoetako kronikaria zen Carmelo Echegarayk argitaratuko zuela liburuki hori, historialariaren familiak zituen paperak baliatuta. Hainbat gorabehera zirela medio, Echegaray egitekoa burutu gabe hil zen 1925ean. Azkenean, Labayruren eskuizkribua Bizkaiko Aldundiaren eskuetara iritsi zen. La Gran Enciclopedia Vasca-k 1970. urtean argitaratu zuen , Labayruren Historia General lanaren bigarren edizioan VII. liburukia prestatzeko aukera izan zenean. Liburuki horrek Labayruk bukatutako hamahiru atalak biltzen ditu, bakoitza bere eranskinekin, 1813. urtera arte.
Labayruk apunte gutxi batzuk utzi zituen bere ilobek eta Bizkaiko Aldundiko Liburutegiak gordetako bi karpetatan, eta Carlos Gonzalez Echegarayk VIII. liburuki batean bildu zituen 1972an argitaratutako edizioarekin batera.
Estanislao de Labayruk aintzatespen ugari jaso zituen bizi zen artean. 1891ko uztailaren 26an Historiaren Errege Akademiako kide urgazle izendatu zuten eta 1895ean Probintzia Diputazioak Jaurerriko ohorezko kronikari. 1897ko apirilean Noblezia eta Blasoien Idatzagiri bat jaso zuen Jose Maria de Rujulak egindako ikerketaren ondoren. 1899ko apirilaren 5ean Bilboko Udalak Hiribilduko adopziozko seme izendatu zuen: «idazle bezala lortutako merezimenduen lekukotza eta aitorpen gisa, Historia general del Señorío de Bizcaya lan gogoangarrian hain modu ederrean erakutsia».
1908ko martxoaren 27an, Aldundiak probintzia jauregiko areto batean Labayruren irudia jartzea erabaki zuen, orduko hartan ere, bere ikerketa lan sakon eta zailaren omenez. Esan beharra dago baliabide kopuru handi samarra inbertitu zuela ikerlan horretan, modu desinteresatuan. Jose de Echenagusia Errazkin margolari gipuzkoarrari eskatu zitzaion margolana. Pintore horrek Labayru aurretik margotua zuen, Basilikaren barruan zintzilik dagoen Begoñako Andre Mariaren koroatzearen irudian ageri baita, bertan egon ziren gainerako apaizekin batera, 1900. urteko irailaren 8an.
Labayruren lanaren inguruko iritzi ugari izan ziren bere garaian. Historia de Bizcayaren lehen liburukia atera zenean, adibidez, Miguel de Unamunok egiazkoak-edo ziren albisteen nahaspila bat zela esan zuen. Mañaricuarentzat, «argitaratutako liburukiari buruzko iritzi hori bidegabea da eta are bidegabeagoa obra guztia kontuan hartuez gero». Sabino Arana ere aurka agertu zen, baina ez zuen lehen liburukiaren alderdi historikoari buruzko aipamenik egin. Politikari abertzalearen kritikaren hasiera besterik ez da ezagutzen, gobernuak Bizkaitarra itxi zuelako eta bere iritzia bertan eman ohi zuelako. Beste autore batzuek, Resurreccion Maria de Azkue, Juan Carlos Guerra heraldista eta genealogista ezagunak edota Julio Urkixo akademikoak esaterako, obra goraipatu zuten.
Mañaricuak bere Historiografía de Vizcaya lanean esan zuenez, Labayruren lanean ezin utzizkoak dira argitara eman zituen dokumentuak. Gehienak dokumentu argitaragabeak ziren hark argitaratu zituenean, eta, egun ere, askok bertara jo behar dugu horiek argitaraturik ikusi ahal izateko. Haren ustez, hori da ukatu ezin zaion meriturik handienetakoa. «Soilik II. liburukitik VI.era eman zituen eranskinak elkartuta 749 folio orrialde dira, eta horri testuan zehar txertatutako dokumentu garrantzitsu eta luzeei dagozkien beste ehun orrialde inguru gehitu behar zaizkio, hala nola Juan Nuñez de Lararen 1342ko kapitulatua, 1392ko Ermandade kapitulatua, 1452ko Foru Zaharra, Chinchillaren kapitulatua, etab.». Aldi berean, baina, akatsik ere baduela aitortzen du. Lehena bere plangintza, «analen» antza handiagoa duelako estilo modernoko historia sistematikoarena baino. Plangintza horrela aurkeztearen atzean Labayruk bere apunteetan zuen datu kopuru handia egon liteke, ez baitzuen ezer kanpoan utzi nahi izan. Sistematikotasun falta alde batera utzita, historialariak bere ikerketaren emaitza guztia modu antolatuan eman zuela adierazi zuen. Hori da ikertzaile garaikidearentzat izan dezakeen erabilera nagusi eta agerikoena, obra irakurtzeko zaila izan arren. «Historia enpirikoaren, positibismo historiografikoaren eta iturrien kritikaren erakuslea da».
Finean, Labayruk nabarmen gainditu zuen bere aurretik idatzia zen guztia. Mañaricuaren ustez, Labayruk XIX. mendeari itxiera eman zion eta bere lana historiografiaren obra gailenetako bat da: «Labayruren folio-liburu handiak aurrerapauso bat dira. Egia da. Baina ez gaitezen okertu. Bizkaia XX. mendean sartu zen nahi genukeen bere iraganeko “historia” ordenatu, sistematiko, organiko eta harmoniatsu hori gabe».
Obrak
La Iglesia y la Enseñanza. Breve estudio crítico-histórico de los servicios que el catolicismo ha prestado a la instrucción pública, Bilbo: Velasco, 1879.
Estudios y hechos de la vida del Iltmo. y venerable vizcaíno D. Fr. Juan de Zumárraga, natural de Durango. Primer obispo y arzobispo de Méjico (siglo XVI), Bilbo: Velasco, 1880. Berrarg. Bilbo: La Propaganda, 1896. Berrarg. Historia general…, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970, VII. libk., 455-657. or.
Breve biografía de la venerable vizcaína Sor María Josefa del Rosario, Bilbo: Pérez, 1881.
Ligeras noticias acerca de la vida, virtudes y muerte del Padre Francisco de Ugalde, mártir vizcaíno en el Gran Chaco, América del Sur, 1756, Bilbo: Calle, 1882.
Galería de vascongados ilustres en religión. El taumaturgo Urrusolo, oriundo de Vizcaya, Bilbo: Calle, 1882.
Lecturas eucarísticas, por el Pbro. Dr. D. Estanislao de Labayru. Precedidas de una carta prologética del Dr. D. Francisco Sáenz de Frutos, canónigo penitenciario de la Santa Iglesia Catedral de Vitoria y Rector del Seminario Conciliar de dicha Diócesis, Bilbo: Bulfy, 1889.
Galería de Vascongados ilustres en Religión, 2. arg. zuzendua eta gehitua, Bilbo: San Francisco de Sales, 1893. Berrarg. Historia general…, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970, VII. libk., 659-844. or.
Historia general del Señorío de Bizcaya, Bilbo-Madrid: La Propaganda/Victoriano Suárez, I. eta II. libk., 1895-1897; III-VI. libk., Bilbo: Andrés P. Cardenal, 1899-1903, VII. libk., Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970; VIII. libk., Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972.
HERRÁN, F. (arg.), Compendio de la historia de Bizcaya del Dr. Estanislao J. de Labayru, Bilbo: Artes Gráficas, 1903.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J., «K. Etxegarai eta E. Labayru: Diskurtsu historikoaren eraberritzea edo esaundatatik positibismo kritikoaren historiara», Bidebarrieta, 4 (1999), 117-124. or.
ARANA GOIRI, S., Obras completas, Buenos Aires: Sabindiar-Batza, 1965, 596-599., 603-616. eta 641-645. or.
AZCUE, R. M.ª de, «Labayru», Euzkalzale, 3 (1899), 17. or., eta «Labayru’ren lana», ibid., 117-118. or.
CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular, 2015, 425-433. or.
GARCÍA TRUJILLO, S., «Bilbo, nudo gordiano de la cultura vasca entre los siglos XIX eta XX», Bidebarrieta, 19 (2008), 315-341. or.
LIÑÁN Y EGUIZÁBAL, J. de, El nuevo cronista de Bizcaya, Bilbo: Imp. La Propaganda, 1897.
MAÑARICÚA Y NUERE, A. E. de, «Carmelo de Echegaray y la “Historia de Bizcaya” de Labayru», Estudios de Deusto, 15 (1967), 559-576. Or.
— Historiografía de Vizcaya. Desde Lope García de Salazar a Labayru, 3. arg. zuzendua, Bilbo: Universidad de Deusto, 2012, XIV atala, 391-408. or.





