Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

KÜNIG VON VACH, Hermann(XV. mendea).

Karguak eta lanbideak

Fuldaren inguruko monasterio bateko monje serbita eta bidaiaria

Ibilbidea

Seguru asko baimena lortu zuen Compostelarako erromesaldia egiteko, 1486tik 1492ra bitartean beharbada. Bidaiari hori buruzko datu biografikorik ez dago. Bertsotan egindako gida bat idatzi zuen xv. mendearen bukaeran, alemaniar erromesek erabil zezaten. Gidaren hasieran eta amaieran ageri dira egileari buruzko datu bakarrak: «Nik, Hermann Künig von Vach-ek, Jainkoaren laguntzaz, liburu txiki bat egin nahi dut, izenburu hau izango duena: Donejakue bidea». Eta amaieran: «Nik, Hermannus Küning-ek, serbiten ordenako anaiak, liburutxo hau idatzi dut […]. 1495. urtean idatzi zen, Santa Ana egunean». Ziur asko Estrasburgon argitaratu zen lehen edizioa, izenburu hau zuela: Die Walfart und Strass zu Sant Jacob. Lau aldiz argitaratu zen 1521. urtera arte, eta, geroago, K. Haebler-en iruzkin luzeekin: Das Wallfahrtsbuch des Hermannus Kunig von Vach un die Pilgerreisen der Deutschen nach Santiago de Compostela, Strassburg, 1899.

Lan horretatik egin ziren berrinprimatze edo argitaraldiek garbi erakusten dute zer-nolako oihartzuna lortu zuen Compostelarako erromesaldiak xv. mendearen amaieran edo xvi. mendearen hasieran, batez ere alemaniar bidaiarien artean. Liburutxoa alemanez idatzitako erromesaldi-gida bakarra da, eta Santiago de Compostelara joateko eta handik itzultzeko bidaia deskribatzen du 640 bertso ingurutan.

Erromesentzako gida bat da, bidaia-kontakizun bat baino gehiago. Egileak zuzenean hitz egiten dio irakurleari («hau egin behar duzu, han erabil ezazu»), eta testuak oso datu zehatzak ematen ditu ibilbideei, hornitzeari, ostatu eta ostalariei, aduanei eta kasu bakoitzean behar den diruari buruzkoak; ematen dituen orientabideetan, bidegurutzeak, mendiak, gazteluak, zubiak, ibaiak zeharkatzeko baltsak edo ura dagoen lekuak aipatzen ditu. Aholkuak ematen ditu, hornigaiak eta dirua aurrezteko, ostatu egokiak eta prezio onean aurkitzeko eta, batez ere, etengabe aipatzen du diru-trukea, ostatu alemanak gomendatzen baititu, erromesek dirua trukatzeko laguntza izan dezaten, eta bidesaria ordaindu gabe igaro daitezkeen zubiak ere aipatzen ditu. Hortaz, ibilbidearen deskribapenak testuaren zati handiena hartzen du; erromesaldiaren helburu den Santiago de Compostelari, berriz, lerro gutxi batzuk baino ez dizkio eskaintzen.

Ibilbidea Suitzan hasten da, Einsideln-eko erromesaldi-zentroan, eta «goiko bidetik» (Oberstrasse) doa; itzulerako bidea, berriz, «beheko bidetik» (Niederstrasse) egiten du. Suitza eta Frantziako mendebaldea eta hegoaldea zeharkatu ondoren —leku horiek nahiko zehatz deskribatzen ditu—, Donibane Garazira eta Orreagara iristen da. Hortik aurrera, Bidearen kontakizuna ia bat dator Aymeric Picaudek Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinusen V. Liburuko Erromesen gida izenekoan kontatzen duenarekin, baita Nompar II.ak, Caumonteko jaunak, 1417an egindako bidaiarekin eta Domenico Laffi Borgoinako klerikoak xvii. mendean egingo duenarekin ere. Eta handik: «Pepelonia izeneko hiri batera (Iruñea) eta, zubia gainetik igarotzen baduzu, ospitale batean har dezakezu ostatu, non ogia eta ardoa baitute. Pixka bat aurrerago, beste ospitale bat aurkituko duzu behar izanez gero […]. Hiri horretan, hamabi anaiek jatekoa eta edatekoa izango dute […]. Bi milia eginda, Pontereginara (Gares) iritsiko zara; han, bi ospitaletara joan zaitezke, eta zubi bikaina dago […]. Beste lau milia egin ondoren, lau zubi daude, eta hirugarrenaren azpian edateko ura duen iturri bat dago, behar izanez gero. Laugarren zubitik juduen herrira helduko zara: Romanen Arcus (Los Arcos). Lau milia egin eta gero, Viana dago, hara iritsi aurretik bi iturri daude… Bi milia eginda, Grüninngen (Logroño) izeneko hiri bat aurkituko duzu; Espainiako lehen hiria da […]. Han beste diru-mota bat erabiltzen dute: koroek hemen ez dute baliorik».

Horrela, eta horien moduko xehetasunak emanez, Donejakue bideko helmugara iristen da, eta, lehen aipatu dugun bezala, oso labur deskribatzen du Santiago de Compostela. Itzultzeko, ibilbide berdina egiten du Burgoseraino: «Han, ezkerretara jo behar duzu. Han galdetu dezakezu nola joaten den Porten berge-ra (San Adrianeko tunela izan daiteke). Gero, 26 miliatan ez duzu herri edo hiri askorik aurkituko». Iruñera joateko aukera ere aipatzen du, eta, handik, Santa Maria menditik, Baionara, Landetara, Bordelera, Parisera eta, gaur egungo Belgikatik, Akisgraneraino.

Küningen liburutxoa praktikara dago bideratuta eta, kontatu baino gehiago, zerrendatu egiten du. Bideaz egiten duen deskribapenean zenbait bat-etortze daude «Wer das elend bawen will» himnoarekin, hau da, xv. mendearen amaierakoalemaniar erromesen himnoarekin. Himno hori 26 estrofaz osatuta dago eta Donejakue bidea deskribatzen du.

Obrak

Die Walfart und Strass zu Sant Jacob, seguru asko Estrasburgon argitaratu zen, eta lau aldiz editatu 1521. urtera arte. Geroago, iruzkin askorekin, beste edizio hau izan zuen: Haebler, K., Das Wallfahrtsbuch des Hermannus Kunig von Vach un die Pilgerreisen der Deutschen nach Santiago de Compostela, Strassburg, 1899.

Bibliografia

Herbers, K., eta Plötz, R.; Reimóndez Fernández, J. (itz.), Caminaron a Santiago. Relatos de peregrinaciones al «fin del mundo», Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1999, 168.-213. or.

Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª, eta Uría Ríu, J., Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk., 1948, 221.-227. or.

Aipamen bibliografikoa

Jusué Simonena, C., “Kunig Von Vach, Hermann”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020,  pp. 353-355..

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP