Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

KAYSERLING, Meyer (Hannover, Alemania, 1829ko ekainak 7 – Budapest, Hungaria, 1905eko apirilak 21).

Karguak eta lanbideak

 Historialaria eta errabino alemana

Ibilbidea

Historia eta Filosofiako ikasketak egin zituen Halberstadten, Nikolsburgen (Moravia), Samson Raphael Hirschen tutoretzapean, eta Pragan, S. J. Rapoporten tutoretzapean. Wurzburgon, Seligman Baer Bambergerren babesean ikasi zuen, eta ikasketak Berlingo Humboldt Universityn amaitu. Bertan, Leopold von Rankek ikerketa historikora eraman zuen.

Juduen historiaren, literaturaren eta erlijioaren hainbat alderdi ikertu zituen, eta geroko azterketetarako oinarriak ezarri. Halaber, bere garaian garrantzi handia lortu zuten lanak argitaratu zituen. Juduen historia orokorrari buruzko lan ospetsua (Lehrbuch der juedischen Geschichte und Literatur, 1874) hamar aldiz ere berrargitaratu zen. Haren lana monografien eta artikuluen artean banatzen da, eta zati batean ingelesera zein hebreerara itzulia. Historia eta literatura juduari buruzko M. Schwaben errepertorioan bakarrik (Répertoire des articles relatifs à l’histoire et à la littérature juives parus dans les périodiques, de 1665 à 1900, Paris, 1914-1923), ehun artikulu baino gehiago ditu berak sinatuak.

Haatik, haren ikerketa aitzindariena egin da ezagunen: Iberiar Penintsulako juduen eta konbertituen historiari buruzkoa. Haren Geschichte der Juden in Spanien und Portugal liburua, bi liburukitan argitaratua, izan zen Penintsulako judutegiei buruzko lehen lana modu sendoan lehen mailako iturri hebrearrak erabiltzen.

Lan horren lehen liburukia (Die Juden in Navarra, den Baskenlændern und auf den Balearen, 1. liburukia, 1861) Nafarroako judutegien gainean berariaz egin lehen azterlanetako bat da. Lan aitzindari orok bezala, miresmena eta eztabaida piztu zituen neurri berean. Argitaratu eta urte gutxira, Jose Amador de los Riosek gogor arbuiatu zuen; izan ere, bere Historia social, política y religiosa de los judíos de España y Portugal lanean Kayserling gaitzetsi zuen eta, hedaduraz, historialari judutar guztiak, beren leinukoen iraganaren historia azaltzean objektiboak ez zirelakoan. Nolabait ere, lan baten zein bestearen argitalpenaren ondorioz sortu zen eztabaida zientifikoak lagundu egin zuen Nafarroako judutarren historia, besteak beste, aztertzeko oinarriak jartzen. Aitzindari izatearen merituak eta ikerketa zorrotz eta saiatuak errekonozimenduak eta ohoreak balio izan zizkioten, hala nola Espainiako Historiaren Errege Akademiako zein Trinity Historical Societyko kide izatea.

Obrak

Die Juden in Navarra, den Baskenlaendern und auf den Balearen, Berlin: Julius Springer, 1861, 224 or. 

Bibliografia

AMADOR DE LOS RÍOS Y SERRANO, J., Historia social, política y religiosa de los judíos en España y Portugal, Madrid: T. Fortanet, 1875-1876.

JACOBS, J., «Dr. Meyer Kayserling», Publications of the American Jewish Historical Society, 16 (1907), 205-207. or.

NEUMANN, E., Kayserling, életrajzi vázlat, Budapest: Lampel R. Könyvkereskedése, 1906.

ROTH, C., «Kayserling, Meyer», Encyclopaedia Judaica, 9 (1972), 1106. or.

WEISZ, M., Bibliographie der Schriften Dr. M. Kayserlings, Budapest: Magyar Zsidó Szemle, 1929.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP