Karguak eta lanbideak
Domingotar, artzapezpiku eta teologoa
Ibilbidea
Kapare familia xume batean jaio zen, eta 1515ean, artean ume txikia zela, Alcalá de Henaresko San Eugenio Gramatikoen Ikastetxera eraman zuten, haren osaba Antso Karrantza Miranda, Sevillako Magistrala, babesle zuela. Hamasei urte bete zituenerako latin ikasketak burutuak zituen San Eugenio Ikastetxean, eta entzunak zituen Summulak eta Aristotelesen Logika. 1518an Santa Katalina Ikastetxera joan zen eta bi urtez Arteak ikasi zituen Andres Almenara maisuaren zuzendaritzapean. 1520an, hamasei urteko gaztea zela, San Domingoren Ordenan sartu zen, Benelaceko (Guadalajara) komentuan. Han osatu zituen filosofia ikasketak, eta handik Teologia ikastera joan zen domingotarren ordenako ikastetxerik ospetsuenera, Valladolideko San Gregorio Ikastetxera, hango estatutuen zina egin zuela 1525eko abuztuaren 10ean.
1528an Arteetako maisu izendatu zuten, eta 1533an ikasleen maisu eta Teologiako Primako katedratikoa. Irakasle lanarekin batera Inkisizioko Ofizio Santuaren kontsultak egin zituen, hango zentsore edo kalifikatzaile izan baitzen haren maisu Frai Diego Astudillo hil zenean. 1537an Teologia Sakratuko magistratura eskatu zion Benaventeko Kapitulu Probintzialari, eta eman egin zitzaion, Erromako Kapitulu Orokorrean, 1539an, zenbait kardinal eta Karlos V.aren enbaxadorea bera ere lekuko izan zituen ekitaldi batean.
Urte haiek erabakigarriak izan ziren Frai Bartolomeren bilakaera espiritualean. Dakigunaren arabera, Bibliaren eta San Tomasen lanen ikastun handia izateaz gain, Erasmo Rotterdamgoaren miresle handia zen, eta neurri handi batean, harekin bat egiten zuen, Eskolastika dekadentea eta kristautasun erritual-zale eta hutsa salatzen zuenean, hala nola Bibliara eta Pauloren ereduko kristautasun batera itzultzea proposatuz Philosophia Christi deitzen zen pentsaerarekin bat egiten zuenean.
1539ko irailean, Espainiara itzulirik, Valladoliden bildutako Ordenaren Kapitulu Probintzialak Espainiako Probintzia Domingotarreko predikatzaile eta konfesoreen aztertzaile kargua eman zion. Garai hartan nabarmendu zen San Gregorio Ikastetxean eman zituen sermoiengatik eta San Tomasen Summa Theologiaeri buruz eta Eskritura Sakratuari buruz eman zituen azalpenengatik.
1540an Karlos V.ak Perura joatea eta han Cuzcoko apezpikutza hartzea eskaini zion, baina ez zuen onartu. Bai onartu zuen, ordea, Trentoko Kontzilioaren teologo inperialaren postua, 1545eko urtarrilaren 17an enperadoreak eskaini zionean. Oso parte-hartze aktiboa izan zuen han, eta haren hitzaldiek laudorio anitz jaso zituzten, bertan ziren apezpikuen aldetik zein Batzarraren kronisten aldetik ere: Eskritura Sakratuaren kanonari buruz (1546ko otsailaren 20an); Garizumako lehen igandeko sermoia (1546ko martxoaren 14an); justifikazioari buruzko hitzaldiak (1546ko uztailaren 14an, irailaren 27an eta urriaren 18an); sakramentuak oro har mintzagai izan zituen hitzaldia (1547ko urtarrilaren 21ean); eta Eukaristiaren sakramentuari buruzko botoa (1547ko otsailaren 3an). Kontzilioak iraun zuen bitartean beste lan batzuk landu zituen, berehala argitaratu zirenak: Summa Conciliorum et Pontificum (Venecia, 1546), arrakasta handiko argitalpena izan zena; Controversias izeneko lan bat, aretoan eztabaidatutako zenbait auziri buruzkoa, eta azkenik Controversia de neccessaria personali residentia episcoporum (Venecia, 1547) izenekoa, non ukitzen zuen garai hartako elizaren zauri zaharrenetako bat: onuren metaketa eta horren ondoriozko absentismoa gotzain anitzengan. Horiek salatu eta artzaina bere ardien artean bizitzea Jainkoaren agindua zela zioen.
Kontzilioaren lehenengo etapa itxi ondoren, Espainiara itzuli zen. 1548an Palentziako priore izendatu zuten eta urte berean, Avilan ospatu zen Kapitulu Probintzialeko definitzaile aritu zen. Karlos I.ak Filipe printzearen konfesore izateko eskatu zion, baina uko egin zion ohore hari ere, eta 1550eko otsailaren 2an Segovian ospatutako Kapituluan Espainiako Probintzia Domingotarraren priore probintziala aukeratu zuten. Enperadoreak, orduan, Kanarietako apezpikutza eskaini zion, baina orduan ere uko egin zion eskaintzari.
1550ean eta 1551n Valladolideko Batzarrean egon zen, Juan Ginés Sepúlvedaren eta Bartolomé de las Casasen artean naturalen edo titulu justuen inguruan piztutako eztabaida ebazteko saioetan. 1551ko abenduan Kontzilioko batzarretara joan zen berriro, enperadoreak hala aginduta, eta parte hartu zuen, abenduaren 29an aretoan hitzaldia emanez mezaren eta Ordenaren sakramentuari buruz.
Kontzilioaren bigarren aldi horretan hitzaldi bikaina eman zuen Karrantzak, bi orduz segidan Mezaren sakrifizioari buruz mintzatu zelarik. Kontzilioa amaitu zenean, Karrantza Espainiara itzuli zen berriro, 1553an, Valladolideko San Gregorioren komentura, eta predikuak eman ohi zituen Errege Kaperan, Karlos I. aren Gortearen egoitza hura izan baitzen 1553an eta 1554an.
1554an Filipe printzeari eztei-bidaian Ingalaterrara lagundu zion segizioan joan zen. Gainera, berekin zeramatzan Domingotarren jeneralak emandako ahalmenak, haren bikario eta komisario nagusia izanik, uharte haietan Ordena berrezartzeko. Hiru urtez aritu zen lanean Londresko Bonner apezpikuarekin eta aita santuaren ordezkari Pole kardinalarekin, eta funtsezko eginkizuna izan zuen Ingalaterra Erromako konfesiora berriz biltzeko bideari forma legala eta kanonikoa emateko zereginean. Parte-hartze aktiboa izan zuen Pole ordezkariak 1555-1556 bitarteko neguan deitu zuen Sinodo nazionalean, eta Sinodoaren erreforma pastoralaren programa jasotzen zuen azken artikulu-sailaren idazketan esku-hartze zuzena izan zuen. Haren lana funtsezkoa izan zen ingelesen bateratze berrian, Comentarios del Catecismo Cristiano (Amberes, 1558) testuen bitartez. Izan ere, katolizismo ingelesa berpizteko ekarpen positiboa egiteko asmoz sortu zituen iruzkin haiek, eta heresien antidoto gisa, kleroari doktrina eskaintzeko eta olde protestanteari aurre egiteko. Horixe izan zen, hain zuzen ere, aurrerago ireki zioten prozesuan egotzi zioten kapitulu nagusia. Horren aurretik, Londresen argitaratu zuen (1555) bere Modo de oír Misa.
Haren lana saritzeko, Filipe II.ak Toledoko artzapezpikutzan, Espainiar Inperioaren egoitza primatuan, Juan Martínez Silíceo ordezkatzeko proposatu zion. Gogoz kontra bazen ere, onartu eta Antonio Perrenot de Granvelak izendatu zuen, Bruselako San Domingoren komentuan, 1558ko otsailaren 27an.
1558ko abuztuaren 1ean, Espainiara itzuli zen, Laredon lehorreratuz. Filipe II.aren agindua zuen Valladolideko Estatu Kontseilura joateko eta instrukzio sekretuak eramateko Yustera (Inperioaren Kontseilaria baitzen Flandrian), han zegoelako enperadorea. Han egon zen erregearekin, hura hil zen arte.
1558ko urriaren 13an egin zuen sarrera Toledoko apezpikutzan eta han «artzapezpikutza hartu orduko, gauza ezaguna da, 80.000 dukat gastatu zituen presoen zigorrak kentzen, neska umezurtzak ezkontzen, alargun ondratuei sostengua eskaintzen, Unibertsitaterako bidea errazten ikasle behartsuei, kartzelatik presoak askatzen eta ospitaleei dohaintzak ematen». Horrek «haizete espirituala», «egiazko astindu iraultzailea» eragin zuen Toledoko Elizbarrutian, eta etsai garrantzitsuak ekarri zizkion. Karrantzaren kontrako auzibide luzea (1559-1576) sustatu zuten haiek, inkisidore nagusi Fernando Valdésen ekimenez, haren Comentarios al Catecismo Cristiano lanean oinarrituta, eta aitzakiatzat jarriz Gaztelako luterano eta Erasmo-zaleen gunea suntsitu behar zela.
1559ko abuztuaren 1ean, inkisizioaren osoko batzarrak atxilo hartu behar zela erabaki zuen. Trikimailuren bat erabilita, Gortetik aterarazi zuten, eta preso hartu zuten Torrelaguna hirian, abuztuaren 23an, gauean. Valladolidera eraman zuten, Inkisizioaren kartzelara, eta han hasi zen haren kontrako auzibidea. Auzibide luze, konplexu eta ospetsua izan zen, bai akusatuaren kalitateagatik, bai aurrera egin ahala sortzen ziren inguruabarrengatik. Lehenik Espainian epaitu zuten (1559-1567). Karrantzak inkisidore nagusia errekusatu zuen. Auziaren epaileek ontzat eman zuten errekusazioa, eta epaile berria Gaspar Zuñiga izendatu zuten. Haren abokatu Martin Azpilkuetak eta pertsona ospetsu hainbatek, esaterako haren ordenako adiskide frai Bartolomé de las Casasek, eman zituzten lekukotasunei esker, haren etsaiek eta fiskalek ez zuten lortu epaileak errudun jotzea.
Valladolideko espetxean zazpi urte iragan ondoren, auzibidea Erromara eramatea erabaki zuen Pio V.a aita santuak. Karrantza 1567ko apirilaren 27an atera zen Espainiatik, Sant’Angeloko gazteluko kartzelara joateko, eta bederatzi urtez egon zen han. Aita santua bera egon zen auziko saio anitzetan, eta Karrantzaren aldeko epaia ematea erabaki zuen. Baina Pio V.a 1572ko maiatzean hil zen eta, ezin izan zen haren errugabetasuna ebatzi.
Hurrengo aita santu Gregorio XIII.ak auzibideari amaiera ematea erabaki zuen, baina Karrantzaren etsaiek epaia berriro atzeratzea lortu zuten. Azkenik, aita santuak eman zuen epaia 1576ko apirilaren 14an, Karrantza vehementer suspectus de haeresi (heresiaren susmagarri handia) zela eta hari exijituz abjuratzeko ad cautelam bere hamasei proposamenetatik, haren lana Trentoko Kontzilioak 1563an ortodoxotzat jo bazuen ere.
Haren defentsaren azken zatia ere Martin Azpilkuetak egin zuen, Filipe II.ak Erromara bidali baitzuen eginkizun hori emanda. Haren defentsa bikainari esker, azkenik Karrantza errugabe atera zen, hiltzeko asko falta ez zuela, bertso batzuk idatzi ondoren, Luis Gil Fernández historialariak jasoko zituenak bere Panorama social del Humanismo español (1997, 2. arg., 452. or.) lanean.
Bartolome Karrantza 1576ko maiatzaren 2an hil zen Erromako Santa María sopra Minerva komentuan, eta han lurperatu zuten. Gregorio XIII.ak, berak emandako epaia zuritu beharrez, haren hilobiaren gainean ezarri zen epitafioa idatzi zuen: D.O.M. Bartholomaeo Carranza, Navarro, dominico, Archiepiscopo Toletano, Hispaniarum Primati, Viro genere vita doctrina contione atque elemosynis claro, magnis muneribus a Carolo V et a Phillippo II Rege Catholico sibi commissis egregie functo, animo in prosperis modesto et in adversis aequo. Obiit anno 1576 die secundo Maii, etab. Erromako herritarrek omenaldi jendetsua eskaini zioten haren hilotzari, eta artzapezpiku martiria deitu zioten. 1993an haren gorpuzkiak atera eta Toledoko katedralean lekutu zituzten.
Toledoko artzapezpiku nafarraren pentsaera Bibliari eta San Tomasen Summa Theologicari egin zizkien iruzkinetan islatu zen, eta Trentoko Kontzilioan eta hango liburuetan berretsi zen. Haren testuinguruan azpimarragarriak dira Bibliaren eta Elizaren Aita zaharren itzal handia, eta eite espiritual indartsua, otoitzez lagundua. Haren prosa soil eta sakonak inspirazio bibliko handia du, eta Kristoren inguruan ardazten da, San Paulorengan inspiratuta, Avilako San Joanen espiritualtasunetik hurbil.
Haren gai maiteenetako bat erreforma sakon baten beharra zen, edo bihotza eta bizitza bihurtu beharra. Zorrotza zen gotzainekin eta erlijio-bizitzarekin, hala nola laikoekin eta herritar kristauekin ere, haien ebanjelizazioa artzainen gauza zela aldarrikatzen zuelarik. Indarrez nabarmendu zituen bataiatu eta berretsien kondizioaren betekizunak, lekua eskatu zuen elizan kristau guztientzat, eta ez zuen zalantzarik izan haiengana hurbiltzeko Bibliaren irakurketa, hizkuntza arrunta erabiliz. Bitxia bada ere, haren Catechismo Christiano lana, Valdésen Indexean jaso zena (1559), eta ondoren erromatarrean (xix. mendera arte), huraxe izan zen Trentoko Kontzilioaren ondorengo katixima erromatarraren iturri nagusietakoa.
Xumea zen, artzain lana eta karitatea egitea maite zuena; haren aurkako auzibidearen milaka orrialdeetan barna, haren doktrinaren inguruko epai erabat kontraesankorrak ageri dira, beharbada, bere idatzietan erabiltzen zuen hizkera biziak interpretazio desberdinak sorraraziko baitzituen, jatorrizko esanahitik aldenduta, batez ere heresiaren usainik txikienaren aurrean aztoratzen zen testuinguru hartan, susmagarria gertatzen zelako. Haren Comentarios del Catecismo Cristiano lana, katolizismo ingelesaren berpizkundearen aldeko ekarpen positibo gisa eta heresiaren kontrako antidoto gisa sortu zuena, historiaren ironia, aurrerago beraren aurka egin zen auzibidearen akusazioaren kapitulu nagusia bihurtu zen. Gregorio Marañónen ustez auzibide hura «Filipe II.aren erregealdiaren gertaera funtsezkoenetakoa izan zen, eta garai haren kontzientzia kolektiboaren adierazlea». Idatzi ziren 40.000tik goiti orrietatik «apaiz haren heresiaren konbentzimendu apurrik ere ez zen atera, eta bai, ordea, harenganako pietate handia, eta bera jazarri zutenenganako higuin disimulatu ezina».
Gure garaiko egile batzuek haren figura eta lana literaturara eraman zuten, esaterako Joaquín Calvo Sotelok, 1964an El proceso del Arzobispo Carranza izenburupean idatzi zuen antzezlanean, haren bizitzaren gorabeheretan oinarrituta, eta Miguel Delibesek ere pertsonaia eraman zuen El hereje (1998) nobelara.
Baina zalantzarik gabe, Karrantzaren lana ikertzen eta zabaltzen eginahalik handiena egin duena Jose Ignazio Telletxea Idigoras izan da, hogeita hamar urtetik goiti aritu baitzen haren ikerketan, eta ehun ikerlanetik goiti argitaratu baitzuen, 2008an hil zen arte.
Obrak
Summa Conciliorum et Pontificum, Franciscus Heluidius, 1600. 2 libk. Berrarg. SummaConciliorum et Pontificum a Petro usque ad collecta, per… miranden ordinis predicatorum, Apud Horatium Cardon, 1601, 24 orri eta 658 or. Berrarg. Summa Conciliorum Summorumque Pontificum… a sancto Petro usque ad Julium tertium, omnibus in sacris litteris versantibus apprimè utilissima, Typographia Petri Marin, 1781. Berrarg. Felixstowe: M. Bott Bookdealers, 1999. Berrarg. Summa conciliorum et pontificum a Petro usque ad Paulum tertium, Valencia: Universidad de Valencia, 2000.
Bartolome Karrantzaren obren argitalpen gehienak Jose Ignacio Telletxea Idigorasi zor zaizkio. Aipagarriak dira:
Tellechea Idígoras, J. I., «Dos textos teológicos de Bartolomé Carranza: El “Articulus de certitudine gratiae. Tractatus de misticis nuptiis Verbi divini cum Ecclesia et animabus justorum”», in Anthologica Annua,3 (1955), 621.-767. or.
— «El “Articulus de justificatione” de Bartolomé Carranza», in Revista española de Teología, 15 (1955), 563.-635. or.
— (arg.), Comentarios sobre el «Catechismo Christiano». I, Madrid: Biblioteca de Autores Cristianos, Serie Maior, 1, 1972; Comentarios sobre el «Catechismo Christiano». II, BAC. Serie Maior, 2, 1972; Fray Bartolomé Carranza, Comentarios sobre el Catecismo Cristiano. Egileak Inkisizioko kartzeletan zuzendu eta laburtua. Sarrera, argitalpen kritikoa eta aurkibideak, BAC. Serie Maior, 61, 1999; Bartolome Karrantzaren «Comentarios sobre el Cathechismo Christiano», in Bulletin Hispanique, 61 (1959), 273.-287. or.
— «¿Un “sermón de tolerancia” de Bartolomé Carranza? Valladolid, 21 agosto de 1559. Lección inaugural del curso 1962-3 en el Seminario Hispano-Americano de Madrid», in Scriptorium Victoriense, 10 (1963), 7.-45. or. (tirada apartekoa 36 or.).
— «Dos escritos ascéticos de Bartolomé Carranza. Comentario espiritual a los Salmos 122 y 141», in Archivio Italiano per la Storia della pietá, 5 (1968), 383.-408. or.
— «Fray Bartolomé Carranza en el Concilio de Trento. Cuatro sermones inéditos», in Annuarium Historiae Conciliorum, 2 (1970), 135.-175. or.
— «Un escrito inédito del Arzobispo Carranza. Exposición del Salmo “De profundis”», in Homenaje a Xavier Zubiri II, Madrid: Editorial Moneda y Crédito, 1970, 636.-656. or.
— «“Credo sanctam Ecclesiam”. Catequesis de Carranza sobre la Iglesia», in Communio, 6 (1973), 33.-77. or.
— (arg.), Bartolomé Carranza de Miranda, Comentarios sobre el Cathechismo Christiano. Edición facsímil, Madrid, 1976.
— «“Credo in Spiritum Sanctum”. Pneumatología del catecismo de Carranza», in Salmanticensis, 30 (1983), 149.-189. or.
— «Autoridad-servicio. Un sermón de Carranza en el Jueves Santo conquense (1559)», in Scriptorium Victoriense, 30 (1983), 5.-47 or.
— (arg. kritikoa, sarrera, aurkibideak), Bartolomé Carranza, Speculum Pastorum, Salamanca: Universidad Pontificia, 1992.
— (arg.), Fray Bartolomé Carranza, Controversia de necessaria residentia episcoporum… Sarrera, gaztelaniazko lehen bertsioa eta latinezko testuaren argitalpen faksimilea Madrid: Fundación Universitaria Española, 1994.
— (arg. kritikoa, sarrera), Bartolomé Carranza de Miranda. La forma de rezar el Rosario de Nuestra Señora, con una breve declaración de las oraciones del Pater Noster y del Ave María, Madrid: Fundación Universitaria Española, Espirituales Españoles, 48, 1999.
López, T., eta Muñoz de Juana, R. (argk.), Tratado sobre la virtud de la justicia (1540), Iruñea: EUNSA-Nafarroako Unibertsitatea Argitalpenak, 2003.
Bibliografia
Tellechea Idígoras, J. I., Fray Bartolomé Carranza. Documentos históricos. I Recusación del Inquisidor general Valdés, Madrid: archivo de documentos españoles, 18, 1962, XXXVIII; Fray Bartolomé Carranza. Documentos históricos. II.1. Testificaciones de cargo, 19.1, 1962, XXVIII; Fray Bartolomé Carranza. Documentos históricos, II.2. Testificaciones de cargo, 19.2, 1963, XII; Fray Bartolomé Carranza. Documentos históricos. III. Testificaciones de abonos, indirectas y tachas, 22, 1965, LVI; Fray Bartolomé Carranza. Documentos históricos. IV. Audiencias 1 (1561-1562), 30.1, 1975, XLVI; Fray Bartolomé Carranza. Documentos históricos, V. Audiencias, II (1562-1563), 30.2, 1976, LIV; Fray Bartolomé Carranza. Documentos históricos, VI Audiencias (1563), 33, 1981, XVIII; Fray Bartolomé Carranza. Documentos históricos. VII. Audiencias (1563), 34, 1994.
— El Arzobispo Carranza y su tiempo, Madrid: Guadarrama, 1968, 2 libk.
— Fray Bartolomé Carranza y el Cardenal Pole. Un navarro en la restauración católica de Inglaterra (1554-1558), Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1977, 14 orri.
— Fray Bartolomé Carranza. Investigaciones históricas, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2002.
— El Arzobispo Carranza. «Tiempos recios». I. Un Obispo evangélico, Salamanca: Fundación Universidad Española, Universidad Pontificia, 2003; II. Galería de personajes, 2004; III. Retazos de una vida, 2005; IV. Cartas boca arriba. La crisis religiosa española de 1558-1559 a través de cartas contemporáneas, 2007, 2 liburuki.
Aipamen bibliografikoa
Ayerbe Iribar, R. Mª., “Carranza, Bartolome”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 505-510.





