Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

KARLOS EVREUXKOA ETA TRASTAMARAKOA(Vianako printzea) (Peñafiel, Gaztela, 1421 – Bartzelona, Katalunia, 1461).

Karguak eta lanbideak

Vianako printzea, Nafarroako koroaren oinordeko legitimoa

Ibilbidea

1421eko maiatzaren 29an jaio zen eta 1461eko irailaren 23an hil. Gurasoen ezkontza-hitzarmenean xedatutakoaren arabera, oinordekoaren heziketak egunen batean herentzian jasoko zuen erresumako ohituren araberakoa izan behar zuen, eta, beraz, jaio eta urtebetera Nafarroara ekarri zuten, eta Gorteek berehala zin egin zuten erregetzat (rey y señor natural), amaren eta aitonaren egunak joan ondoren. Aitonak, Karlos III.a Prestuak, bilobarentzat ezarri zuen Vianako printzerria, eta errege-familiako lehensemeek titulu hori izan zuten geroztik. Zin hori, Reta lizentziatuak berri emandakoaren arabera, berretsi egin zuten Gorteek 1427. urtean.

Errege izateko hezi zuten. Aitak, Joan II.a Aragoikoak, kanpoan gehienetan, Gaztelako erresumako gatazkekiko interes handiagoa agertu izan zuen beti, eta Gaztelako lurretan egiten zituen egonaldi luzeak. Horrek izugarri baldintzatu zuen bien geroa; izan ere, printzeak lotura estu-estua izan zuen amarekin, Zuria I.a erreginarekin. Amak, oso fededuna izanik, erlijio-debozioan gogaide egin zuen semea, eta sarritan eraman zuen bidaian eta erromerian hango eta hemengo santutegietara: Zaragozako Pilarrera, Uxueko Santa Mariara, Aralarko San Migelera, Santa Katalinara, Iruñeko San Zernin edo San Fermin tenplura, hiri bereko San Lorenzo elizara…

Haren haurtzaro eta nerabezaroaren amaierako mugarri izan ziren Ines Klevesekoarekin ezkontzeko negoziazioak. Filipe Onbera Borgoinakoa dukearen iloba zen emaztegaia, eta seguruenera Aragoiko errege-etxearen estrategia izan zen bat-egite hura. Ezkontza Erriberrin izan zen, 1439ko irailean. Ez zuten seme-alabarik izan, eta horrek higatu egin zuen bikote-harremana, harik eta, bederatzi urteren buruan, printzesa hil zen arte.

Printzea ezkondu zen urte berean, amak, osasun makal samarrekoa beti, testamentua egin zuen. Horretan, Zuriak aitortzen zuen Karlos zela Nafarroako Erresumaren oinordeko legitimoa, baina aldi berean semeari agintzen zion —eskatu baino gehiago— ez zedila inoiz koroatu aitaren onespenik gabe. Erabaki horrek urratu egiten zituen bai Gorteen aipatutako zina bai Karlos III.a aitona eta erregearen testamentua. Aitonak, lerro zuzenean ezarri zuen oinordetza, lehenik Zuria alabaren alde eta ondoren haren ondorengoen alde, eta testamentuan ez zuen, inola ere, suhia aipatu. Amaren erabakiak zorigaiztoko ondorioak ekarri zituen azkenerako hala printzearentzat nola Nafarroarentzat.

Erregina 1441ean hil zen, eta orduantxe hasi ziren aita-semeen arteko ezin konpondu eta liskarrak. Semeak, itxura batean, ontzat eman zuen Joan II.ak eskaini zion ordezko nagusiaren izendapena, baina aldi berean protesta pribatua egin zuen Kontseiluaren aurrean, eta, horren arabera, ez zion aitari inolako eskubiderik aitortzen Nafarroako Erresumaren gain.

Hurrengo hamar urteetan, Karlosek egiazko errege baten moduan agindu zuen Nafarroan. Aita gehienetan kanpoan izaten zen eta Gaztelako gerrekin jarraitzeko diru-baliabideen bila baino ez zen etortzen, etorri bezain azkar berriro Gaztelara joateko. Hala, hamarraldi horretan erresumako nobleziako leinu nagusiek baten edo bestearen alde egin zuten, bi alderdi nabarmen sortzeraino. Bi alde horiek gatazka dinastikoa baliatu zuten gero, gerra zibilean, Nafarroa zatikatzeko. Beaumontarrek printzearen alde egin zuten, eta agaramontarrek erregearen alde.

Denbora horretan guztian, Karlosek, etengabe jarraitu zuen prestakuntza jasotzen hainbat diziplinatan: historian, teologian eta filosofian, adibidez, eta filosofoen artean arreta berezia jarri zien Aristotelesen eta San Tomas Akinokoaren obrei. Grina horren adierazgarri, Alfontso V.a Gogohandikoaren kapilauak  honela goraipatu zuen printzearen ikasteko gogoa: todo el tiempo de su vida amó el estudio (ikasketa maite izan zuen bere bizitza osoan).

Alabaina, botere-oreka hauskor hura apurtu egin zen Joan II.ak eta haren aldeko gaztelarrek Olmedoko gudua galdu (1445), eta babes bila ezinbestean Nafarroara etorri behar izan zutenean. Baina batez ere Joan II.a erregea bigarren aldiz ezkondu zenean Joana Enríquezekin, Fadrique Enríquez Gaztelako almirantearen alabarekin. Almirantea bihurtu zen, gerora, printzearen etsai amorratuena; izan ere, ezkondu berriek ondorengorik izanez gero, Vianako printzea zen trabarik handiena balizko ondorengo horrek Joan II.a Aragoikoren oinordetza jasotzeko.

Aita behin betiko erresuman finkaturik, Karlosek galdu egin zuen ordezko kargua, eta, gainera, Joan II.ak aginte-postuetatik kendu zituen semearen aldekoak —haien buru, Luis Beaumont kondestablea eta Johan anaia, Jerusalengo San Joan Ordenaren priorea— eta erregea babesten zutenak jarri. Peralta leinukoak ziren erregearen fakzio nafarraren buru: mosen Piarres gaztea eta mosen Martin, eta bien anaia sasikoa, Iruñeko gotzain Martin jauna.

Lehertzear zen liskarra atzeratze aldera, printzea Gipuzkoan babestu zen (1450), eta Nafarroara itzuli zenean, aitarekin negoziatzen saiatu zen, baina ahalegin guztiak antzuak izan ziren. Azkenik, 1451ko urriaren 23an lehertu zen bien arteko borroka armatua. Vianako printzeak galdu zuen gudua, eta espetxeratu egin zuten. Aitaren mende egon zen gatibualdi osoan, harik eta 1453an askatu zuten arte. Une horretatik aurrera, Iruñean bizi izan zen, beaumontarren plaza nagusian. Urte bereko martxoan jaio zen Aragoiko Sos herrian Joan II.aren eta Joana Enríquezen semea, Fernando infantea.

Iruñeko egonaldia baliatuz ekin zion Vianako printzeak Crónica de los Reyes de Navarra idazteari. Horixe izan zen bere lehen lan intelektuala, Nafarroako aurreko proiektu historiografikoetan eta batez ere Gartzi Lopez Orreagakoaren lanean oinarrituta ondua. Printzearen kronikaren helburua, ordea, monarkia eta erresuma goresteaz gain, tronurako bere eskubidea zalantzarik ez uzteko moduan justifikatzea zen. Hori zela eta, une historiko oso jakinak nabarmendu zituen: besteak beste, azken errege kapetarren gobernua («tirano» esaten die), edota Filipe III.a Evreuxkoa, Karlosen dinastiako lehen erregea, iritsi zenekoa. Filipek, ezkontza bidez eskuratu zuen erregetza, eta zin egin bide zuen tronua utziko zuela, emaztea, berezko erregina, hiltzen zenean. Bistan denez, Filiperen kasua printzearen eta Joan II.a aitaren arteko gatazka sorrarazi zuenaren antzekoa zen, aitak ere ez baitzion uko egin Nafarroako koroari.

Tamalez, ez da kronikaren jatorrizko eskuizkribua gorde; xvi. eta xviii. mendeen artean eginiko hainbat kopia besterik ez zaizkigu iritsi. Guztiak hiru ataletan egituraturik daude, eta laugarrena galdu egin da, zein eta printzeak lehen eskutik aitona Karlos III.a Prestuaren erregealdiaz geroztik gertatutakoaren berri ematen duena. Zenbait egilek ziurtzat eman zuten Karlosek ez zuela aukera izan laugarren atal hori idazteko, nahiz eta hirugarren atalaren itxieran iragarri, eta, beraz, egile horien ustez, galdutako laugarren atalaren hitzaurrea litzateke hirugarrena.

Alabaina, berriki aurkitutako agiri batean, agaramontarren bandoko buruzagiek Vianako printzearen eta haren aldekoen aurka eginiko 87 salaketa ageri dira, eta salaketa horietako batek honela dio: «Él mismo dejó hechas crónicas. Y no privando [en ellas] de armas y estados a los que se hallaron con él en la batalla que hubo con su padre, redujo y abatió todas las armas de aquellos que se hallaron con el señor rey». Beraz, agiri horrek egiaztatzen du Karlosek idatzi zuela laugarren atal hori, eta menturaz, egunen batean agertuko da. Ez dira urte asko printzearen kronikarekin lotura estua duen beste testu bat agertu zela: La Complaynna o llanto que de sí hace Navarra, printzearen gertu-gertuko laguntzaile batek, Pedro Sadak, idatzia.

1455ean, Joan II.ak oinordetzarik gabe utzi zituen printzea eta haren arreba Zuria, eta hitzarmen bat sinatu zuen hirugarren alabarekin (Leonor) eta suhiarekin, Foixeko kondearekin, Nafarroaren oinordeko izendatzeko. Egoerak beharturik, Karlosek erbestera jo zuen 1456an, eta batean eta bestean eskatu zuen laguntza: Frantziako gortean, Erromako pontifize-gortean eta, azkenik, Alfontso V.a Aragoikoa errege eta osabaren Napolesko gortean, baina guztietan ukatu egin zioten babesa. Napolesen, egile klasikoen hainbat lan itzuli zituen hizkuntza erromantzera, garrantzitsuena, Éticas de Aristóteles. Horretan, argi erakusten du jakinduria klasikoarekiko zuen interesa eta jakinduria hori kristautasunaren erreferentziazko esparruan aplikatzeari ematen zion garrantzia. Hurrengo mendean garatu zen humanismoari aurre hartu zion, beraz.

1459ean itzuli zen Penintsulara, eta behin eta berriro saiatu zen aitarekin bakeak egiten, baina alferrik. Lleidako Gorteen ondoren, 1460ko abenduan, atxilotu egin zuten berriro. Generalitatearen kexuen eraginez, askatu egin zuten bi hilabete geroago, eta Bartzelonan garaileen eran egin zioten harrera 1461eko martxoan. Bartzelonan bertan, Kataluniako betirako tenienteorde izendatu zuten, Kataluniak ordurako ageriko jarrera matxinoa baitzuen Joan II.a erregearen aurka. Alabaina, ekainean sinatutako Villafrancako hitzarmenean, printzeari ez zitzaion aitortu Aragoiko oinordetza, eta Nafarroan bizitzeko debekua ezarri zitzaion. Nafarroako koroa zen artean bere amets politiko nagusia.

Gaztelako Henrike IV.arekin negoziatzen saiatu zen Elisabet infantarekin ezkontzeko aukera, baina garaitsu berean ezustean hil zen printzea, 1461eko irailaren 23an. Zurrumurru sendoak zabaldu ziren pozoitu egin ote zuten, eta horrek berebiziko oldarraldi mistiko-politikoa sortu zuen Kataluniako hiriburuan. Botere faktikoek foru-askatasunen sinbolo bihurtu zuten eta, areago, santutzat hartu zuten. Egun gutxiren buruan, Joan II.ak Aragoiko oinordekoaren titulua eman zion bigarren semeari, gerora Fernando Katolikoa izango zenari. Fernando bera ezkondu zen, azkenerako, Gaztelako Elisabetekin, eta, mende erdi geroago, Nafarroako Erresuma konkistatu zuten.

Obrak

Crónica de los reyes de Navarra, 1454.

Traducción de las éticas de Aristóteles, Leonardo de Arezzo egilearen latinezko bertsioa oinarritzat hartuta, Napoles, 1458.

Epístola a todos los valientes letrados de España, hil ondoren haren maiordomo Fernando Abarka Bolea Gallozek argitaratua, 1480.

Bibliografia

Brocato, L., «Leveraging the symbolic in the fifteenth century: the writings, library and court of Carlos de Viana», in La corónica: a journal of medieval hispanic languages, literatures and cultures, 40. libk., 2. zk. (2012ko udaberria), 51.-92. or.

Miranda Menacho, V., El príncipe de Viana y su tiempo, Madrid: Sílex, 2018.

Mugueta Moreno, I., «La complaynna que de sí faze Navarra, escrita por Pedro de Sada (ca. 1464)», in Revista de Literatura Medieval, 26 (2014), 311.-337. or.

Orcástegui Gros, C., La crónica de los reyes de Navarra del príncipe de Viana, Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia, 1978.

Ramírez Vaquero, E., Blanca, Juan II y Príncipe de Viana, Iruñea: Mintzoa, 1986.

Zuza Viniegra, M., Príncipe de Viana: el hombre que pudo reinar, Iruñea: Pamiela, 2018.

Aipamen bibliografikoa

Zuza Viniegra, M., “Karlos Evreuxkoa eta Trastamarakoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 264-268.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP