Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

JULIO ZESAR (Kaio Julio Zesar) (Erroma, K.a. 100 – Erroma, K.a. 44.).

Karguak eta lanbideak

Erromatar politikari eta militarra

Ibilbidea

Erromatar militarra eta agintari politikoa. Erromako Errepublikaren amaierarekin lotutako gertaera garrantzitsuenen protagonista izan zen. Lehen triunbiratuko (K.a. 60-53) kide izan zen. Triunbiratuan, gatazka izan zuen Ponpeiorekin (K.a. 48), eta horrek krisialdi politiko, sozial eta ekonomikoa eragin zuen Errepublikan. Krisi hori konpontzeko ahaleginean, Zesarrek dictator kargua hartu zuen behin eta berriz (K.a. 49-44). Erromako Senatuaren zati batek dinamika hori mehatxutzat hartu zuen, eta erregimen-aldaketarako arriskutzat, dela monarkiara edo, okerrago, tiraniara. Horregatik, erail egin zuten K.a. 44. urtean. Jeneral nabarmena izan zen, eta haren ospea, Galiak konkistatzeko kanpainagatik izan zen, batez ere (K.a. 58-51). Kanpaina horri esker, gainera, bere ibilbide politikoak bultzada handia izan zuen. Galietako konkista Errepublika Berantiarraren garaiko funtsezko gertaeretako bat da, eta, Hispaniaren konkistarekin batera, agerian jartzen ditu erromatarren inperialismoak Mendebaldean baliatutako zergazko metodoak. Zesarrek berak Galietan egindako kanpaina militarrak jorratu zituen liburu batean, Galietako Gerra izenekoan. Lan hori, hain zuzen ere, latindar literaturako liburu ezagunenetako bat da.

Bellum Gallicum izeneko testuaren helburua lurralde horretako konkista kontatzea da, egilea, Zesar bera, goraipatuta. Gerra arrazoi politikoengatik — Zesarrek ospea lortzeko premia zuen— eta ekonomikoengatik —politikariak zor handiak zituen— abiatu zen, eta hiru fase izan zituen: lehenik eta behin, helveziarren aurkako kanpaina; gero, sueboen, vosgoen eta belgikarren aurkako kanpaina; eta, azkenik, zigor-espedizio batzuk Galietan. Erromatarren indarkeriak matxinadak eta altxamenduak eragin zituen, eta, azkenean, galiarrek Vertzingetorixek gidatutako koalizio bat eratu, eta Zesarren aurka egin zuten. Erromatarrek galiarrak garaitu zituzten, Alesiako Guduan (K.a. 52). Antzinaroko historiografia, Zesarren kontakizun propagandistikoak bultzatuta, Galietako konkista Alexandro Handiaren konkisten pare jartzera iritsi zen. Alderaketa hori gehiegizkoa bada ere, hautatutako ereduak aukera ematen digu jakiteko Zesarren mitoa oso garai goiztiarretik eratuz joan zela erromatarren imajinario politiko eta kulturalean.

Adierazgarria da Zesarrek bere lana Galia deskribatuz hasten duela, eta lurralde horretako hiru zatiek hizkuntza, ohitura eta zuzenbide desberdinak dituztela dio (1.1: lingua, institutis, legibus inter se differunt); hau da, lurraldearen eraketa politiko-soziala espezifikoa dela. Zati horietatik, mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuari dagokionez, akitaniarrei buruzko aipamena nabarmentzekoa da. Hain zuzen ere, Pirinioen eta Garona ibaiaren arteko eremua okupatzen zutela dio egileak. Zesarrek Akitania ikuspegi militarretik arriskua eragin zezakeen eskualdetzat jotzen zuen (3.11) eta eskualde hori bere legatu Publio Krasoren bidez kontrolatzea erabaki zuen. Hain zuzen ere, legatua arduratu zen lurralde horretako kanpainaz (K.a. 56). Zenbait espedizio egin zituzten sotiateen aurka (garrantzitsuena), eta, geroago, basateen eta tarusateen aurka. Akitaniarrak Pirinioez bestaldeko herriei ere laguntza eskatu zieten —kantabriarrak esaten zaie, oro har, Zesarren lanean (3.23)—, baina erromatarrek herri horiek guztiak garaitu zituzten, eta, azkenean, erromatarren mende geratu ziren —zerrenda luzea ematen du Zesarrek—. Lehen aipatu dugunez, hauxe da testuko elementu nabarmenena: Akitania nortasun propioko lurraldetzat hartzen dela; lurralde horren barruan, sotiateak trebetasun militarra duen herritzat deskribatzen dela; ekonomia-baliabideen oinarria meategien eta harrobien ustiaketa zela; eta monarkiaren antzeko sistema politikoa zuela (3.21-23). Adiatuano lider militar bat da, eta hispaniar Zeltiberian gertatzen den moduan, jarraitzaile leialez inguratzen da —soldurioak—, talka-oste baten eta errege-guardia edo eskolta baten eginkizunak betetzen dituztenak.

Bellum Gallicumen nabarmentzen da itxuraz lotura estua dagoela Pirinioen bi aldeen artean, eta sotiateen herriaren deskribapena oso zehatza denez, lagungarria da jakiteko nolakoa izan zitekeen Akitaniako eremua erromatarrak iritsi aurretik. Zesarrek, beste lan batean —Gerra zibilak—, ponpeiotarren aurkako Hispaniako kanpainarako (K.a. 49) errekrutatzeak deskribatzen ditu, eta hor, akitaniarrak —menderatuta daude eta erromatar armadari laguntzen diote—, kantabriarrak eta ozeanotik gertuko beste herri batzuk aipatzen ditu, eta mendebaldeko Pirinioen inguruko eremu osoa garai horretarako erromatarren mende zegoela ematen du aditzera (1.38-60).

Obrak

Galietako guda. Gaio Julio Zesar, Lopetegi, G. (sarrera, itzulpena eta oharrak) (Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica), Bilbo: UPV-EHU, 1999.

Guerra Civil, Quetglas i Nicolau, P. J. (hitzaurrea); Calonge, J.; Quetglas i Nicolau, P. J. (itzulpena): Madrid: Editorial Gredos, 2005.

Guerra de las Galias. Obra osoa. García Yebra, V. (sarrera, itzulpena eta oharrak), 2 liburuki, Madrid: Editorial Gredos, 1997.

The Gallic War. Edwards. H. J. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Loeb Classical Library, 72, Cambridge, MA: Harvard University Press, 1917.

Bibliografia

Brethès, J. P.: «Et l’Aquitaine devint romaint» in Modèles linguistiques, 66 (2012), 29.-45. or.

Gorrochategui, J.: «Indígenas y romanos en Aquitania a través de la epigrafía» in Revista Internacional de los Estudios Vascos, 34. libk., 1 zk. (1989), 16.-30. or.

Mistrot, V.;  Sireix, C.: Au temps des gaulaois: L’Aquitaine avant César, Arles: Errance, 2012.

Pérez de Laborda, A.: «Aquitania y el valle del Ebro en la obra de Julio César» in Isturitz, 9 (1997), 845.-855. or.

Sayas, J. J.: «El territorio aquitano entre la asimilación romana y el mantenimiento de su especificidad» in Segundo Congreso General de Historia Navarra, 2, Conferencias y comunicaciones sobre Prehistoria, Historia Antigua e Historia Medieval, Príncipe de Viana, 14. eranskina, LIII (1992), 153.-180. or.

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Julio Cesar”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 40-42.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP