Karguak eta lanbideak
Gironako apezpikua eta jatorri godoko kronikaria
Ibilbidea
Joanek ez du apenas hitz egiten berari buruz bere idatzietan; haren bizitzaren zati handi bati buruz dakiguna Isidoro Sevillakoari esker dakigu, Joanen biografia laburra idatzi baitzuen De viris illustribus lanean (31. kap.). Gironako apezpiku izango zena vi. mendean jaio zen, etaScallabis hiriko (gaur egungo Santarem, Portugal) goi-klaseko familia godo katoliko batekoa zen. Gaztetan, Konstantinoplara bidali zuten, ikasketak osatzeko. Ezin dugu zehaztu zer urtetan egon zen Joan gaztea Inperioko hiriburuan, baina bere Kronikan idatzi zuen hiri horretan zela 572. urtean izandako izurritearen garaian, eta, 578. urtera arte, Bizantziori buruzko berriak dira nagusi obran, Toledoko erresuma bisigodoari buruzko albisteen aldean. Itzuli zenean, Leovigildo zen errege Hispanian, eta Joan fede arrianora bereganatzen saiatu zen, alferrik. Eskaera horri uko egiteagatik, erregeak Joan Biklarokoa Barcinora (Bartzelona) erbesteratu zuen, eta zigor horrek hamar urte iraun zituen. Bartzelonara erbesteratzeko arrazoiari dagokionez, uste da Ungas arrianoa hiriko apezpikua zelako erbesteratu zutela Joan bertara, Ungasek kontrolpean izan zezan. Rekaredoren erregealdian, zigorra jada beteta zuela, Joanek Biklaroko monasterioa sortu zuen (eztabaida dago monasterioaren kokapenari dagokionez; jarraitzaile gehien dituen hipotesiaren arabera, Vallclara udalerrian egongo litzateke, Tarragonan). Biklarokoak Gironako apezpiku izatea lortu zuen handik gutxira, bere sinadura ageri baita Zaragozako II. Kontzilioan (592). Toledoko Kontzilioan (597) ere egon zen, bai eta, bi urte geroago, Bartzelonakoan ere. Gerta liteke Egarako Kontzilioko (614) aktak sinatzen dituen Joan ere Biklarokoa izatea, baina ez dago adierazita nongo apezpiku den. Ez dakigu ziur Joanen heriotzaren data zehatza. Nonnito izan zen Joanen ondorengo Gironako apezpikua; Suintilaren erregealdian (621-631) izendatu zuten apezpiku, baina ezin da informazio hori gehiago zehaztu.
Joan Biklarokoaren Chronicona Viktor Tunnunakoaren Kronikaren jarraipena da, eta, urtero, 566. urtetik 590. urtera bitarte, garrantzitsuentzat hartzen dituen gertakariak jasotzen ditu. Kronologia adierazteko, bizantziar enperadoreen eta errege bisigodoen gobernu-urteak erabiltzen ditu. Obra horretan, Cantabria eta Vasconia lurraldeei buruzko erreferentzia interesgarriak daude, Leovigildoren konkista-ekintzen testuinguruan. Hala, 574. urteko gertaeren artean, kontatzen du nola sartu zen Leovigildo Kantabrian, eta probintziako inbaditzaileak —pervasores— hil ondoren, Amaia (Peña Amaya, Burgos) okupatu zuela, lurraldea arpilatu zuela, eta provincia bereganatu zuela (uste da iturrietan aipatzen den Antzinate Berantiarreko Kantabria hori Kantabria Klasikotik —hor dago Amaia— hego-ekialderantz joango zela, Toloño mendilerroraino). 581. urtean, Leovigildok eraso egin zuen berriz, baina orduan, helburua Baskonia zen. Erregeak eskualde horretako zati bat okupatu zuen eta Victoriacum izeneko hiri bat —civitas— fundatu zuen. Leku hori Arabako -Vitoria-Gasteiz, Bitoriano edo Iruña-Veleia aztarnategiarekin identifikatu ohi da, baina, hala ere, oraindik ez da hipotesi hori egiaztatzen duen iturririk aurkitu.
Chronicona da gurera iritsi den Joanen obra bakarra, baina Isidorok dio monako-erregela bat egin zuela eta beste lan batzuk idatzi zituela, baina, antza, galdu egin dira. Aldea dago kronikan aipatzen den azken urtearen eta kronika ustez idatzi zeneko dataren artean (602. urtea). Data hori adierazten da testua transmititu duten eskuizkribu guztietan. Agian, kronikariaren ahalegin kontzientea izan zen, godoak katolizismora bihurtzeak ekarritako batasuna aldarrikatzeko —Rekaredoren bihurketa bera izan zen horren sinboloa—. Izan ere, erregea hildakoan, errege-ondorengotzek eragindako ezegonkortasun politikoa eta botereagatiko borrokak sortu ziren berriz ere. Erabilitako iturriei dagokienez, apezpikuak bere esperientzia pertsonala eta gertaerak ikusi zituzten konfiantzazko lekukoek emandako informazioa soilik aipatzen ditu. Oso eragin handia izan zuen egile bisigodoetan, hala nola Isidoro Sevillakoan, bai eta Erdi Aroko zenbait kronikari kristautan eta musulmanetan ere.
Obrak
Cardelle de Hartmann, C. (arg.): Victoris Tunnunensis Chronicon cum reliquis ex consularibus Caesaraugustanus et Iohannis Biclarensis Chronicon, commentaria historica ad Consularia Caesaraugustana et ad Iohannis Biclarensis Chronicon edidit Roger Collins, Corpus Christianorum, Series latina 173.a, Turnhout: Brepols, 2001.
Bibliografia
Barroso, R.; Carrobles, J.; Morín de Pablos, J.: «¿Vascones o Wascones? Acerca del Ducado de Cantabria y la fundación de ciudades en el norte peninsular en época visigoda» in e-Spania (2013). Online ere badago: https://e-spania.revues.org/22944 (2018ko abuztuaren 12an egindako kontsulta).
Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.
Collins, R.: Los vascos, Madrid: Alianza, 1989.
Moreno, E.: «Vascones, francos y visigodos entre los siglos vi y vii: dinámicas de delimitación y división del solar vascón» in Príncipe de Viana, 76. libk., 261. zk. (2015), 347.-357. or.
Sayas, J. J.: Los Vascos en la Antigüedad, Madrid: Cátedra, 1994.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Juan Biclarokoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 112-114.





