Karguak eta lanbideak
Politikaria
Ibilbidea
Merkataritza peritazio ikasketak egin zituen eta, guda zibilak eztanda egin arte, burdin eta metalen fundizioa eta eraikuntza metaliko eta mekanikoak egiten zituen Jemein, Errazti y Zenitagoya enpresako zuzendarietako bat izan zen. Fabrika horren produktuetako batek urrezko domina irabazi zuen 1927ko Parisko Fundizio Erakusketan.
Horrez gain, Jemein Euzkeltzale Bazkunaren sortzaileetako bat izan zen. 1915eko Euzkeltzale Bazkunaren sarietan, Carmelo de Erraztirekin batera idatzi zuen Oleskari bijak lanak jaso zuen saria. 1933an gaztelaniaz idatzi zuen Las bellezas de Aralar, Luis Aranari eskainia. Euskaraz eta gaztelaniaz asko idatzi zuen idazlea, bere artikuluak Aberri, Bizkaitarra, Euzkadi, Euzkerea eta aurrerago Euzko Deia, Alderdi edo Euzko Gogoa bezalakoetan argitaratu zituen. Azken horretan idatzi zuen, 1951 eta 1952an, euskal berpizkunde literarioko poesia onenei buruz.
«Sabindar» porrokatua izan zen bere bizi guztian zehar. Aberri aldizkariaren sortzaile eta hogeiko hamarkadan CNVren aurrean jatorrizko EAJ izena berreskuratu zuen taldeko liderra. Jemein sail aberriarraren Euzko Alderdi Jeltzaleko Euzkadi Buru Batzarreko azken presidentea izan zen Primo de Riveraren diktaduraren aurretik. EAJren EBBko presidente bezala, hamar urtez zatituta egon ondoren abertzaleak berriro batu zituen batzarra deitu zuena izan zen. Bergarako batzarrean, 1930ko azaroan, Jemeinek Luis Arana Goiri eta Baltasar Amezolaren talde berrian onartzea eskatu zuen. Batzarrak txaloz onartu zuen proposamena.
Bergarako bat egitearen ondoren, Jemein EAJ bateratuan sartu zen. Gallastegi edo Manu Sota bezalako aspaldiko beste aberriar batzuek «Jagi-Jagi» zatiketaren buruan jarri zirenean, Jemeinek EAJrekin jarraitzea erabaki zuen. Bere adiskide Gallastegirekin eztabaida izan zuen, eta eztabaida hori Solo JEL basta izenburua zuen eskuorri batean jaso zen.
Gerra garaian Euzkadiko Osasun Militarreko Administrazioko buru izan zen. Euskal frontea erori zenean, Pirinio Beheretan erbesteratu zen eta errefuxiatuei laguntza eskaintzen aritu zen Euzko Anaitasuna izeneko taldearen bitartez. Irmoki (eta zenbaitetan, eztabaida piztuz) Sabindiar Batzar elkarteak bultzatutako Sabino Aranaren obrak biltzeko ekimenean parte hartu zuen. Jemeinek bere bizitza osoa eskaini zion abertzaletasunari. Urte haietan oso agerikoa zen monarkikoekin elkartzeari uzkur zitzaiola. Horren harira, oso entzutetsua izan zen Telesforo Monzonekin izan zuen eztabaida —hura Juan Borboikoakin nolabaiteko hitzarmenaren aldekoa baitzen—. Eztabaida hura «Ni quito ni pongo rey» izenburupean Alderdi agerkarian argitaratutako artikulu sorta batean jaso zuen. Bere emazte Karmele de Errazti Emakume Abertzale Batzaren sortzaile eta presidente izan zen 1921ean.
Bilbon hil zen 1965eko abuztuan.
Obrak
ERRAZTI, C.-rekin, Oleskari bijak, Bilbo: Ausin’dar Joseba’ren Irarkolean, 1915, 42 or.
Las bellezas de Aralar, Bilbo: Talleres Tipográficos de F. Zubiri y Comp.ª, 1933, 69 or.
Solo en JEL basta, Bilbo: Verdes Achirica, 1934.
Biografía de Arana Goiri’tar Sabin e historia gráfica del nacionalismo vasco, Bilbo: Juventud Vasca, 1935. Berrarg. Bilbo: Geu, 1977.
El Primer Gobierno Vasco, Bilbo: Idatz Ekintza, 1987 (Pedro de Basalduaren hitzaurrea).
Bibliografia
Alderdi, 16, 1983ko otsailak 11, 14. or.
AUÑAMENDI, «Ceferino de Jemein y Lambarri», Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Cuerpo B, Literatura, Donostia: Auñamendi, 1973, III. libk., 443-445. or.
Euskal-erria 1932. Publicación defensora y propagadora de las libertades vascas, Bilbo: Ed. Vasca, 1932, H2. or.
SAINZ VALDIVIELSO, A. C., Triunfo y tragedia del periodismo vasco, Madrid: Ed. Nacional, 1977.





