Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

JASO ATONDO, Joan (s. l., d. g. – s. l., 1515eko urriaren 16a). Zuzenbidean doktorea (1470), Kontuen Ganberako entzulea eta finantza maisua (1472), Gorte Nagusiko alkatea (1476), Errege Kontseiluko kidea (1476-1515),

Karguak eta lanbideak

Nafarroako Erresumaren enbaxadore

Ibilbidea

Nafarroako Erresuma burujabearen azken garaiko pertsona garrantzitsua izan zen. Jassu, Jatsu, Jaxu, Jasso, Yatsou edo Jasotarren jatorrizko oinetxea —modu horietan guztietan aurkitu izan da idatzita familiaren abizena— Nafarroa Behereko lurretakoa da. Handik migratu zuen erresumako hiriburura Arnalt Perez Jasok, eta berehala egin zuen bidea Nafarroako administrazioan, harik eta urte batzuen buruan, Kontuen Ganberako entzule kargua eskuratu zuen arte. Joan Jasoren aita izango zena, 1441ean ezkondu zen Gillermina Atondorekin, eta hala, bat-egite haren bidez, garai hartan Nafarroan eragin nabarmena zuten bi leinu uztartu ziren. 1450ean gerra zibila hasi zen Joan II.a Aragoikoa usurpatzailearen eta haren seme Karlos Vianako printzearen artean, eta horrek bi fakziotan banatu zituen erresumako oinetxeak. Jasotarrak agaramontarren aldean jarri ziren, eta haiei loturik geratu ziren onerako nahiz txarrerako. Agaramontarrek Joan II.ari emandako babesari esker, Arnalt Perez Jasok gora egin ahal izan zuen erresumako egoera ekonomiko negargarria neke handiz kudeatzen zuen zerbitzuko nobleziaren barnean. Hala, Nafarroako Errege Kontseiluko kidearen kargura iritsi zen, agirien arabera, eginkizun horretan ageri baita 1465etik aurrera.

Maila politiko eta ekonomiko hain nabarmenean egonik, pentsatzekoa da Arnalt Perez Jaso eta Gillermina Atondoren seme-alabek maila bereko heziketa jasoko zutela, prestakuntza horren bidez Nafarroako administrazioko karguak eskuratu ahal izateko. Joan Jasoren kasuan horrela izan zen. 1470eko azaroaren 16an, Zuzenbide kanonikoan doktoregoa lortu zuen Boloniako unibertsitatean. Ekitaldi akademikoan han ziren Pedro Foixkoa, Nafarroako infantea eta gerora kardinala izango zena eta Pedro Arbues, Rieuxko gotzaina. Unibertsitate-titulu lortu berriak ez zion eragotzi garaiko tirabira politikoetan parte hartzea; hala, 1471n, buruzagi agaramontarrei Iruñeko ateak irekitzeko zorigaiztoko saialdian esku hartu zuen. Ahalegin haren ondorioz, Pedro Nafarroakoa mariskala hil zen, eta Joan Jasok eta Arnalt aitak Tafallara erbesteratu behar izan zuten.

Erbestealdiak ez zuen luze iraun, baina gerra zibilak, bai, urte askoan jarraitu zuen. 1472ko martxoaren 10ean, Leonor printzesak eta Gaston Foixkoa senarrak Kontuen Ganberako entzule eta finantza-maisu kargua eman zioten Joani. 1476ko hasierarako finantza-maisu eta Gorte Nagusiko alkate tituluarekin ageri da dokumentuetan; errege-administrazioan Jaso doktoreak zein azkar egin zuen gora erakusten du horrek. 1476an bertan hasi zen Errege Kontseiluko kide moduan lanean; justizia-organo goren horretako kide izan zen 1515ean hil arte, eta 1496tik 1503ra, gainera, presidentekide.

Ondasunei dagokionez, 1478ko ekainaren 18an, Joan Jasok Idotzin (Ibargoiti) hiribilduko behe eta erdi-mailako justiziaren errege-eskumena eskuratu zuen. Aurrez, aitak ondasun garrantzitsuak izan zituen han, eta harrezkero, Joanen jaurerri bihurtu zen eremu hura. Egiari zor, garai hartan ez zen inoren gogoko jaurerri partikular batera bildu behar izatea; gainera, bizilagunak beaumontarrak ziren, eta, beraz, ez zuten gogo onez hartu jaun agaramontar bat. Ezinikusi horiek bi aldeen arteko auzia ekarri zuten erresumako auzitegien aurrean, eta 1508ko abendura arte luzatu zen auzia. Azkenik, Joan Jasoren aldekoa izan zen sententzia, baina horrek ez zuen bizilagunen sumina baretu.

1483a urte garrantzitsua izan zen Joan Jasorentzat, urte hartan ezkondu baitzen Maria Azpilkueta Aznarez Sadarekin. Emaztearen aita, Martin, garai hartan Frantzisko Febo (1479-1483) zorigaiztoko erregearen ganberazain nagusia zen, eta, horrenbestez, Mariarekin ezkonduta, Jasotarrak goi-noblezia militarraren zirkuluan sartu ziren, emaztearenak baitziren Xabierko gaztelua eta Baztango Azpilkueta dorretxea. Joan eta Mariak entzute handiko seme-alabak izan zituzten: Magdalena (gurasoek Gaztelako gortera bidali zuten, baina Gandiako Klaratarren monasterioan sartu zen azkenik); Violante (hari buruzko albiste askorik ez dago), Ana (Diego Ezpeleta Beireko jaunarekin ezkondua), Migel (gerora Xabierko jauna izan zena), Joan (jarduera militarrean nabarmendua) eta Frantzisko (azken semea, misiolari jesuita moduan nazioartean entzute handia lortu zuena). Ezkontza horri esker, Joan Jaso, Idotzin, Xabier eta Azpilkuetako jauna bihurtu zen.

Enbaxadore lanetan ere mugarria izan zen 1483. urtea. 1479rako hainbat mandatutan buru izana zen Nafarroako koroaren izenean, baina 1483an Fernando Bakedano notario nagusiarekin joan zen, erresumako hiru Estatuen aginduz. Uztailaren 30eko jarraibideen arabera, Jasok honako misio hau zuen: Vianako printzesak, Magdalena Frantziakoak, Katalina alabaren senargaitzat aukeratzea eta onartzea Joan Gaztelako infantea. Negoziazioak antzuak izan baziren ere, Joan Jasok, prestutasun handiz jardun zuen nonbait, eta, horri esker, Gaztelako jaun eta subiranoen konfiantza lortu zuen.

Joan III.a Albretekoa eta Katalina I.a Foixekoa 1494an heldu ziren erresumara, koroaren jabe egitera. Orduan izan zuen Jaso doktoreak garrantzizko lehen hartu-emana gerora errege-erregina izango zituenekin. Hasiera-hasieratik Joan Jasok garbi izan zuen monarkia berri bat sendotu behar zela, jarrera harroa eta oldartsua agertzen zuten beaumontarren aurrean. Hala ere, erresuma oso ahul zegoen; izan ere, beaumontarren altxamenduak etengabeak ziren, Gaztelatik Fernando Katolikoak emandako diru-laguntza eta babesari esker. Une hartan irtenbide bakarra ikusi zuten: Elisabet eta Fernandorekin negoziatzea, Leringo kondea baretzea lortzeko. 1494ko apirilean, Nafarroak enbaxada igorri zuen Medina de Campo herrira; han zen Joan Jaso ere. Negoziazio haietan, bake-akordioa izenpetu zuten bi aldeek apirilaren 30ean, eta, horrek ustezko bakea ekarri zuen Nafarroara, subirano berrien agintepean. Egokiera hartan, Joan Jasok aukera izan zuen Elisabet Gaztelakoa eta batez ere Fernando Aragoikoa hurbilagotik ezagutzeko. Agian orduan erabaki zuten Jaso-Azpilkueta senar-emazteek Magdalena alaba Gaztelako gortera bidaltzea, Elisabet erreginaren dontzeila izan zedin. Aukera ona izan zitekeen alaba etxe on bateko norbaitekin ezkontzeko eta, bide batez, Gaztelako subiranoekin hartu-emanean jarraitzeko.

1496an, Errege Kontseiluko presidentekide izendatu zuten, Martin Urrutiarekin batera. Bi urte lehenago, 1494n, berritu zuten organoa, eta Jasok berak esku hartu zuen aldaketa haietan, hasieran Errege Gorteko lau alkateetako baten kargua betetzen baitzuen, eta, ondoren, Kontseilu zabaleko hogeita bi kideetako baten kargua. Era berean, zazpi kontseilarik osaturiko Kontseilu murriztuan ere sartu zuten. Joan Jaso 1496. eta 1497. urteetan izan zen Errege Kontseiluko presidentekide, nahiz eta zenbait egileren iritziz 1503ra arte aritu zen. Hain zuzen, organoa berriro erreformatu zuten 1503an, bi presidentekideek kargua behin betiko eta ofizialki Juan del Bosquet kantziler berriaren esku utzi zutenean. Hala ere, jarraitu zuten organoan parte hartzen. Errege Kontseiluaren barnean, Joan Jasok beti egin zuen lan gobernu eta justizia-administrazioko organo horrek agintea osotasunean berreskuratu nahi zuen koroaren zerbitzura jardun zezan.

Erakutsitako gaitasunari eta lan onari esker, 1498an berriro ere lan diplomatikoetarako deitu zuten. Orduko hartan, Frantziako Karlos VIII.a hil eta Luis XII.a tronura iritsi zenean, Cesar Borgiaren eta Karlota Albretekoaren (Nafarroako Joan III.aren arreba) arteko ezkontza adostu nahi izan zuten. Joan Jasok Frantziako gortera (Bloisen finkaturik garai hartan) eta Erromara bidaiatu behar izan zuen; han, Nafarroako enbaxadak Alexandro VI.arekin, senargaiaren aitarekin, hitz egin zuen. 1503an, Errege Kontseiluko presidentekide kargua utzi ondoren, Gaztelarekin beste itun bat negoziatu zuen. Leringo kondea 1500ean itzuli zen Nafarroara, eta egoera berriro ezegonkortu zen, Fernando Katolikoaren urre eta ezpaten eraginez. Atzera ere beste akordio bat adostu zuten Medina del Campon, eta, horren arabera, Nafarroa Gaztelako interesen mende geratu zen. Egoera hartan ez zuen askorik lagundu Frantziako Luis XII.aren jarrerak, hark ere homologo gaztelarrak adinako interesa baitzuen Nafarroan esku hartzeko. Orduko hartan, Bloiseko negoziazioetan, Amaneo Albretekoari lagundu zion Joan Jasok, baina ez zuten frantsesekin adostasunik lortu.

Urte haietan, metatutako botere eta eraginari esker, Jasok zabaldu egin zituen bere jaurerriak, Idotzin, Artzanegia, Santsoain eta Garruesko jaurerriei honako hauek gehitu zizkien, hainbat salerosketaren bidez: Subitza, Ibiriku, Zizur Nagusia eta San Costamianoko jaurerriak. Jabego zabal horiek ondorengoentzat geratu ziren, baita amaren oinordetza ere, eta amaren herentzia horretan, Xabierko jaurerri-gaztelua eta Azpilkueta dorretxea.

Erresumaren bilakaerari dagokionez, Leringo kondea eta haren bandoa behin betiko kanporatu zituzten, Luis Beaumontek 1507an eginiko enegarren altxaldiaren ondoren. Gerra zibilaren amaieratzat har daiteke mugarri hori. Une horretan, Joan eta Katalinak erresumako gobernuaren egitura guztiak goitik behera berritzeari ekin zioten. Hala, Jaso doktoreari azterlan bat eskatu zioten, errege-administrazioa erreformatzeko eta Foru Orokor berri bat eta zegokion hobekuntza idazteko. Jasok 1511ko Tuterako Gorteetan aurkeztu zituen proiektuaren lehen fase horretako emaitzak.

Nafarroan gerra zibilaren aurreko egonkortasuna berrezartzeko hainbat urrats eman ziren urte haietan, neke handiz eta barne-gatazka askoren ondoren. Alabaina, Fernando Katolikoak Nafarroa inbaditzean, errotik eten zen berpizkunde politiko hura. Aragoiarrak nazioarteko gatazka bat —Italiako gerra, aita santuaren eta Frantziako erregearen artean— baliatu zuen Nafarroari diplomatikoki presioa egiteko, erresumako subiranoek Frantziako Luis XII.aren aurka lagun ziezaioten. Negoziazioak oso gogorrak izan ziren, eta haietan parte hartu zuen Jasok, Pedro Nafarroakoa mariskalari lagundu baitzion 1512ko ekainaren 20ko eta uztailaren 6ko mandatuetan. Fernandok, ordea, aurrez erabakia zuen inbasioa, eta negoziazio haiek aitzakia hutsa baino ez ziren izan denbora irabazteko, eta, hala, Nafarroako errege-erreginen eskumiku-bulda irrikatuak jasotzeko.

Erresumaren inbasio eta konkistaren ondotik, Joan Jasok Biarnoko erbestera jarraitu zien errege-erreginei, baina han, errege-ofizial gehienek Joan III.a Nafarroakoaren agindua jaso zuten Erriberrira itzultzeko eta aginduen zain geratzeko. Ez da jakiterik izan zer jokabide izan zuen 1512ko urria-abenduan askapen legitimatzailerako izan zen ahaleginean, baina ziurra da ez zela Iruñeko kaleetan izan, Albako dukearen tropei laguntzen. Bestalde, Fernando Katolikoak hasieratik ulertu zuen ahalik eta nafar gehien bildu behar zituela bere aldera, eta, horretarako, administrazioko goi-ofizialei haien karguak eta soldatak errespetatzea eskaini zien. Joan Jasoren kasuan, uste da basailutza-zina egin zuela Fernando Katolikoaren mesedetan, 1513ko urtarrilaren 18an, Medina del Campon elkarrizketatu ziren egunean, baina ez dago hori egiaztatuko duen agiririk. Kontua da Jaso doktoreak Errege Kontseiluko kide izaten eta soldata bera jasotzen jarraitu zuela, baina pentsatzekoa da zin hori presiopean egin zuela, Petri Nafarroakoa mariskalaren kasuan gertatu zen moduan.

Errege Kontseiluko kide izateak ez zuen esan nahi Joan Jasok errege aragoiarraren erabakietan eragina izan zezakeenik. Iduri du Jaso doktorea karguan mantentzeko estrategiak beste helburu bat zuela: jarraitutasunaren itxura sortzea eta erbestean ziren agaramontarrei erakustea zer gertatzen zen Fernandoren aurrean men egiten zutenekin. Nolanahi zela ere, Jasotarrak beti egon ziren susmopean, eta ez ziren inoiz Katolikoaren konfiantzakoak izan, eta are gutxiago haren adiskideak. Horren adibiderik argiena Xabierko jaunak errege-eremuan zituen larre-eskubideekin gertatutakoa da. Fernandok bere sailak modu arbitrarioan saldu zizkien Sos eta Zangozako hiribilduei, 43.000 eta 32.000 soldataren truke, hurrenez hurren, kaltetu nagusiaren eskubideak kontuan izan gabe. Joanek berehala egin zuen protesta, eta erresumako Gorteek ere justizia egitea eskatu zuten, baina ez zen halakorik gertatu. Ironiaz, Fernando Katolikoak gomendatu zien protesta Errege Kontseilura bidal zezatela, han izapidetzeko.

Joan Jaso 1515eko urriaren 16an hil zen. Beste nafar asko bezala, azken urteak bere ondarea gaztelarren menderakuntzatik babesteko ahalegin betean eman zituen. Seme-alabek haren gaitasunak jaso zituzten, baita Nafarroa burujabe bat berreskuratzeko ideia ere. Migelek eta Joanek 1516tik 1524ra borrokatu zuten Espainiako Karlos V.aren aurka, baina azkenik amore eman behar izan zuten, eta burumakur eta galtzaile itzuli behar izan zuten Nafarroara. Bestalde, Frantzisko txikiak bere bidea egin zuen.

Jasoren obrari dagokionez, 1500 inguruan idatzi zuen Relación de la descendencia de los reyes de Navarra y de las demás casas principales del dicho Reyno. Ez da gorde lan horren kopia oso bakar bat ere. Errege-erreginen zenbait zerrenda eta segida jasotzen ziren lan horretan, Eneko Aritzarekin hasi eta Joan III.a Albretekoarekin eta Katalina I.a Foixekoarekin bukatu. Champagne eta Frantzia dinastia frantziarrei buruzko zenbait atal osatugabe gorde dira, bai eta Nafarroako azken errege-erregina legitimoei buruzko zenbait atal bukatugabe ere. Kronika apal horren baliorik behinena agaramontar batek idatzia dela da; hala, xv. mendeko Nafarroako gerra zibilean gertatutakoari buruz egileak eginiko balorazioetan eragiten du ikuspegi horrek. Lana aztergai izan zuten Jose Moretek eta Arnaut Oihenartek. Lehenak, Donibane Garazin gordetako jatorrizkoaren kopia bat atera zuen, eta bigarrenak egilea Joan Jaso zela jakin gabe aztertu zuen obra. Nahiz eta lan laburra izan, ezagun da Jaso doktoreak honako iturri hauek erabili zituela: Regla de Leire liburua, lehenagoko beste kronika batzuk, eta, seguru asko, bere karguari esker eskuragarri zituen errege-eskutitzak eta -dokumentuak.

Obrak

Relación de la descendencia de los reyes de Navarra y de las demás casas principales del dicho Reyno, ca. 1500. Biblioteca de la Real Academia de la Historia, 25. apala, 6. harmaila, C134 kodexa.

Bibliografia

Adot Lerga, A., Juan de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517), Iruñea: Pamiela, 2005.

Fita, F., «Don Juan de Jaso, padre de Francisco Javier. Nuevos apuntes biográficos y documentos inéditos», in Boletín de la Real Academia de la Historia, XXII (1892), 439.-470. or. eta XXIII (1893), 67.-240. or.

Orella Unzué, J. L., Francisco de Navarra y las familias del Renacimiento navarro, Iruñea: Mintzoa, 2003.

Pescador Medrano, A., Francisco de Xabier. Nacimiento de un mito, muerte de una nación, Tafalla: Txalaparta, 2006.

Recondo, J. M., Francés de Xavier, Iruñea: Vianako Printzea Erakundea, 1970.

Schurhammer, G., Francisco de Javier: su vida y su tiempo, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1992.

Aipamen bibliografikoa

Pescador Medrano, A., “Jaso y Atondo, Joan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 270-274.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP