Karguak eta lanbideak
Ekonomilaria, idazlea, politikaria
Ibilbidea
Nafarroako Nagore herrian jaio bazen ere (Artzibar), ibilbide ekonomiko, politiko eta literarioa nagusiki Gipuzkoan burutu zuen. Hamabi urte zituela Iruñeko apaizgaitegian sartu zen, baina batxilergo titulua eskuratu eta gero, ikasketak utzi eta negozioetan eta merkataritzan aritu zen.
Vallarin Iruñeko burdin biltegitzailearen etxean hasi zen lanean dendari. 1854an, Ciudad Realeko meatzaritza-konpainia batean hasteko aukera izan zuen. «Aldizkako sukarrek» eraginik, Iruñera itzuli eta, bertan bi hilabete eman ondoren, Donostian kokatu zen, Faustino Etxeberria burdinen eta zuren inportatzailearekin lan egiteko.
1862ko martxoaren 3an, Paulina Leclerqekin ezkondu zen. Neska Donostiako eliteko familia ezagun bateko alaba zen, Faustino Etxeberriaren enpresan gero eta maila handiagoko postuetan aritu zen kudeaketa ekonomikoaren arloan eta, hirurogeigarreneko urteetarako, bere lehen idazkiak argitaratzen hasi zen.
Idazle emankorra izan zen ekonomia eta politika arloko gaietan. Ekonomian, truke askearen aldekotzat jotzen da eta, F. Bastiat, J. B. Say, Stuart Mill, E. L. V. de Laveleye, P. Leroy-Beaulieu, F. Le Play eta beste batzuen eragina jaso zuen. 1869an, Egiptoko kediveak Suezko Kanalaren inauguraziora gonbidatu zuen. Bisitaren ondotik, txosten bat idatzi zuen Sustapen Ministeriorako kanalaren eraikuntzaren eta haren etekin ekonomikoen inguruan. Urte hartan berean, Hondarribiko Batzar Nagusietan parte hartu zuen, Billabonako barrutian hautatu baitzuten prokuradore, eta gogoz parte hartu zuen ekonomiarekin eta administrazioarekin loturiko gaietan.
Era berean, Gipuzkoako errepublikanismoaren sortzaileetako bat izan zen, Gipuzkoako Alderdi Liberala sortu baitzuen 1868ko Iraileko Iraultza gertatu eta gutxira. Foru indargabetu berrien ondoriozko giro foruzalearen eraginez, errepublikarrek foruzale izatea aukeratu zuten, liberal moderatuekin eta karlistekin lehian, karlistak Foruaren defendatzaile bakartzat ez jotzeko. Abagune hartan ulertu beharra dago Jamarren lehen lan politikoa: Lo que es el fuero y lo que se deriva del fuero (1869). Argitalpenaren bidez,
«Forua bulgarizatzen» saiatu zen, hau da, herriak Forua zer zen ulertu zezala. Jamarren iritziz, Forua lege konstituzional baliogarria zen eta, Iraultza Loriotsuaren ondotik zabaldutako prozesu konstituzional haren baitan adibide gisa balio zezakeen Gaztelarako, horrela Espainiak zituen arazo askori irtenbidea emateko. Jamarrek foruez defenditutako ideiak oihartzun zabala izan zuen errepublikano gipuzkoarren artean. Izan ere, La Voz de Guipúzcoa egunkari errepublikanoak lana berrargitaratu zuen, Jamar zendu eta gero.
1871n, Etxeberriaren enpresa utzi eta, bere kasa, hainbat negoziori ekin zien, Donostian bertan upel-lantegi bat sortuta eta, beste bat, Morcenx herrian (Frantzia). Ez zuen, ordea, zorte handirik izan enpresa hartan, kon- painiak 1879an porrot egin zuelako. Gero, 1880an, Sociedad de Fomento del Puerto de Pasajes sozietateko idazkari izendatu zuten, Brunet eta Etxeberria etxeak nagusiak zirela. Ekimenak, ordea, ez zuen aurrera egin, baina, zenbait urte geroago, bere arduraldi saiatuari esker, Sociedad General del Puerto de Pasajes sozietate berriko zuzendari izendatu zuten.
1870etik 1882ra, politikatik baztertua ibili zen, naiz eta Bizkaian Gortee- tarako diputatu izatea proposatu zioten, baina lehen aldiz gonbidapenari uko egin zion. Handik denbora batera, 1886an, diputatu hautatu zuten liberal monarkikoen eta errepublikanoen arteko koalizio batean, baina berak baimena eman gabe eta, hara, Cauteretseko bainuetxe batean bere minak sendatzen ari zela (Frantzia) jakin zuen diputatu atera zela.
Laurogeigarreneko hamarkadaren hasieran, Liga Cantabrica edo Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatarien batasunaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen (gehienak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak ziren, baina tartean ere bazen Santanderko merkataririk), trenbide-konpainiek tarifa bereizgarriak era arbitrarioan aplikatzearen ondorioz merkatariek pairatzen zituzten kalteak ikusirik, dena Madril-Caceres-Lisboa linearen onerako. Egoera zuzentzeko eskatu zion Merkatarien Ligak Estatuari, eta Jamar eztabaidan aritu zen Felix Bona- rekin, Bonak ekimen hura protekzionista eta sozialista zela esateagatik.
Diputazioak ordezkari izendatu zuen 1886an Kontzertu Ekonomikoa Gobernuarekin negoziatzera joan zedin. Jamarren osasunak, ordea, okerrera egin eta berriz gaixotu zen. 1887ko urtarrilaren 21ean Donostiara itzuli eta biharamunean hil zen.
Obrak
El ferrocarril de los Alduides, c. 1860-1865. Intereses materiales de Guipúzcoa, c. 1860-1865. Industria de hierros, 1865-1866.
El alamedismo y sus partidarios, Tolosa: Mendizabalen Alargunaren inprimategia, 1866, 1866.
M. MÁXIMO DE AGUIRRE eta A. CORTÁZAR, Desagravio de varias ofensas inferidas a varias personas y al sentido común en un folleto non nato, Madril: T. Fortanet, 1866.
Lo que es el Fuero y lo que se deriva del Fuero, Donostia: Aurreraren Estudio Tipogra- fikoa, 1868.
Canal de Suez. Memoria presentada al Excmo. Sr. Ministro de Fomento, sobre la trascen- dencia mercantil del canal, y medios que deben emplearse para asegurar la participa- ción de España en el tráfico de Oriente, Madril: Gaceta de los Caminos de Hierro inprimategia, 1870.
La cuestión social, Donostia: Donostiako Ateneoa, 1879.
Liga del comercio en los puertos cantábricos, Bilbo: Viuda de Delmas, 1882;.
A brief review of the treaty negotiations between Spain and England, Madril: El Día, 1882.
Datos concretos para un tratado de comercio con Inglaterra, Madril: El Día, 1884.
Bibliografia
AIZPURU, M., «La pluralidad de vías en la reformulación de la identidad vasca en el siglo XX», Sancho el Sabio: Revista de cultura e investigación vasca, 15 (2001), 11-44. orr.
BELAUSTEGI, U., «Contribución a la historia del republicanismo en Gipuzkoa, 1868- 1907», CABALLERO MACHÍ, J. A. eta MÍNGUEZ BLASCO, R. (koord.), Culturas políticas en la contemporaneidad: Discursos y prácticas políticas desde los márgenes a las éli- tes. València: Universitat de València, Historia Garaikideko Elkartea. 2015, 106-109. orr.
BELAUSTEGI, U., «Jamar anaiak. Bi nafar XIX. mendearen bigarren erdialdeko Gi- puzkoaren bilakaera politiko-ekonomikoaren leman», AGIRREAZKUENAGA, J., ALONSO OLEA, E. J. (argk.), Estatu-Nazioen Baitako Nazioak: Naziogintza kulturala eta poli- tikoa, gaur egungo Europan, Bilbo: Base, 2014, 187-199. orr.
DE SORALUCE, P. M., «Apuntes necrológicos. D. Joaquín Jamar y Domenech», Euskal- Erria: revista bascongada, 16 (1887), 105-115. orr.
LARRÍNAGA RODRÍGUEZ, C., «La Liga Cantábrica, una respuesta del comercio del norte peninsular al problema tarifario de los ferrocarriles y a la crisis económica de la década de 1880», Espacio, tiempo y forma, 10 (1997), 59-76. orr. 2. arg.





