Karguak eta lanbideak
Lehen letretako maisua, Donostiako korrejimenduko alkatea, Gipuzkoako dantzari nagusia, folklorista eta historialaria
Ibilbidea
Pertsona polemikoa, bizitzan gorabehera eta akusazio asko izandakoa, espetxean ere egona, guztiz garai nahasian bizi izandakoa. Familia apal batean jaioa, baina ez zenbaitetan uste bezain familia behartsua eta, zalantzarik gabe, jatorriz, kaparea. Bere buruaz eskolatu gabeko jakinez bat zela esan ba- zuen ere, erabat gezurtatzen dute hori haren liburutegiak, jakintzak eta idazkiek. 1801era arte Zaldibian bizi izan zen, Joakina Lintzoainekin ezkondu zen (emaztea 1802an hil zen). Ordura arte, lehen letretako maisua izan zen, bai eta olio eta azienda tratularia ere. Ez dirudi oso bizitza eredugarria izan zenik, 1801ean espetxeratu baitzuten, legez kontrako harremanez, erlijioaren aurkako proklamaz eta lapurretaz akusatuta. Azpeitiko kartzelan bere bi- garren emaztea ezagutu zuen, Kontxesi Bengoetxea, eta «Kontxesiri» bertso sorta ezaguna eskaini zion.
Frantsesen 1808ko inbasioa mugarri izan zen Iztuetaren bizitzan. «Frantsestua» izan zen eta erregimen berriaren kolaboratzailea. 1810ean, Azpeititik Donostiara bizitzera joan eta, administrazio bonapartistaren zerbitzuan hain- bat kargu betez, diru ataka estutik atera zen. Kontxesi 1812an zendu eta hurrengo urtean, Donibane Lohizunera joan zen, Donostiako guneak pairatuko zituen setioa eta suntsipena susmatuta.
Absolutismoaren itzulerak ataka estuan sartu eta berriz ere epaitu zuten, bai eta espetxean sartu ere, harako hartan Tolosakoan, 1814-1815ean; ondasunak ere bahitu zizkioten. Handik aurrera, etapa berriari ekin zion Donostian. Hirian bi etxeren eta denda baten jabe izanik, gero eta bizimodu erosoagoa eraman zuen. Hori dela eta, bestelako karguak bete zituen hirian bertan, hala nola lurreko ateko zaindaria eta korrejimenduko alkatea. 60 urte zituela, hirugarren aldiz ezkondu zen Maria Asuncion de Urrutzola zizurkildarrarekin eta hiru seme-alaba izan zituzten (mutiko bat eta bi neskato). Lehenbiziko emaztearekin bi alaba izan zituen, eta Kontxesirekin, berriz, hiru mutil. Garai hartan, harreman asko izan zituen tokiko eta probintziako agintariekin eta euskaraz aritu zen idazten. Bizitzaren azken urteetan bere jaioterrira itzuli zen, Zaldibiara. Ordurako, euskal dantzei buruz idatzitako lanek ospea emana zioten eta fama ere bazuen Gipuzkoako dantzari nagusia zelako, bai eta dantza-maisua ere. 1845ean hil arte aritu zen dantzariak trebatzen eta eskola sortzen, Zaldibian ez ezik, baita Probintzian osoan ere.
Haren bi lan nagusiak, zalantzarik gabe, Guipuzcoaco Dantza eta Guipuzcoaco Condaira dira. Bi gauza nabarmendu dira lan horiez: batetik, euskaraz idazteko ausardia, eta bestetik, Larramendirekiko fideltasuna, hala haren gipuzkoartasunagatik nola Andoaingo jesuitaren Diccionario Trilingüe hiztegia eta bertako neologismoak erabiltzeko temagatik. Villasanteren arabera, horrek ez zion mesede egin haren idazkien argitasunari, ezta arintasunari ere.
Guipuzcoaco dantza (1824) oso lan ospetsua izan zen garai hartan, eta euskal folklorismoaren lan aitzindaritzat jotzen da. Iztueta ohartu zen herriko dantzak pixkanaka galtzen ari zirela baina, haren iritziz, hori ez zitzaion bakarrik gerra sortari zor. Galera horrek dantzekiko interesa piztu zion. Iztuetaren arabera, galera hartan Elizaren parte batek ere izan zuen zerikusia, dantzak gorrotatzen zituelako, eta bereziki, kanpoan hezitako euskal elitearen zati batek, dantzak mespretxatzen zituelako; izan ere, jende horrek primiti- bismo eskolagabearekin lotzen zituen dantzak —bai eta euskara ere— eta baztertu beharrekoak ziren. Liburuan, xede pedagogikoek bultzaturik, 36 dantza deskribatu eta aztertu zituen eta, handik bi urtera, dantza-doinuak argitaratu zituen (Euskaldun anciña anciñaco). Dantza, Iztuetaren iritziz, oinekin kantatzea bezalakoa zen; erritmoa, batez ere, eta haren esanetan, lehenbizi, instrumenturik gabe egiten zen dantza, mugimenduak konpasatuz soilik. Berrikitan esan den bezala, Guipuzcoaco Dantza dantza-liburu soila baino askoz ere gehiago da. Berriz ere helduko diogu horri.
Guipuzcoaco Condaira, berriz, Diputazioak emaniko pentsio baten bidez bultzatu zen 1840tik aurrera. Iztuetak sarreran aitortu zuen 78 urte zituela. Beraz, esan dezakegu zendu zen urte berean bukatu zuela. Lana handik bi urtera argitaratu zen, hilondoan. Iztuetak Probintziako gertakari gogoangarrien nahasketa gisako bat ondu zuen, bere irakurgaietatik hartuak —bere- ziki, Martinez de Zaldibiak eta Zamakolak idatzitako lanetatik— eta, hala- ber, berak bere garaiko gertakariei buruz hartutako oharrak baliatu zituen. Dena den, frantsesen inbasioari buruzko zenbait datu ezkutatu zituen ego- kiro. Idoia Estornesek idatzi bezala, Guipuzcoaco Condaira Gipuzkoako garai hartako gizartearen isla fidel-fidela da, bai eta egileak agertutako jarrerei buruzkoa ere. Iztuetak landa-giroko gizartea erakutsi zuen —ia ez da Donostiaz mintzo, hain zuzen—, 1766az geroztik krisian zegoena; horren haritik, euskara eta ohiturarik tradizionalenak bazterrean uztea Foruen galerarekin zegoen berez lotua. Hortaz, Larramendik, eta batez ere, Astarloak eta Moguelek, agertutako ildoari eman zion segida, hots, lotura hautsiezina zegoela hizkuntzaren eta Foruen artean, lehenbizikoari berari lehentasuna emanda. Iztuetak esan baitzuen, Foruak nahi badira, euskara maitatu beharko dela; euskarak eta euskaldunek ez badute bizirik irauten, Foruak galduko direla.
Hainbateko tinkotasunez adierazi zuen hori ere «Memoria sobre la conservación de la lengua bascongada» lanean —Garmendiak dio Iztuetaren lan argitaragabeetako bat dela—. Izan ere, euskarari buruzko bere ikuspegia eman zuen: euskara menpeko hizkuntza da, hizkuntza menperatzailearen (gaztelania) menpean baitago eta, horren ondorioz, euskara buru-belarri defenditu beharra dago. Eta bai ospakizunak, jaiak eta dantzak, bai ohitura zaharrak, nekazarien arteko laguntza-sistemak, etab. hizkuntzari lotuta daude. Horrek guztiak kultur multzo bat osatzen du eta, hori mantendu ezean, Foruak ere galduko dira.
Zalantza handi bat dugu Iztueta baloratzeko orduan, hots, ea hark euskal dantzen, tradizioen eta Foruen alde egindako defentsa bat ote datorren haren izaera frantsestuarekin. Kontraesana ote zen hori? Beharbada, gehiago da guretzat eta, ez hainbeste, haren garaikideentzat; analisia, behintzat, aldez aurretik pentsatutako bloke itxien arabera egiten ez badugu, baizik eta kontuan harturik jarrera politikoak pragmatismoen eta konpromiso aldakorren ondorio izaten direla eta, kontuan harturik, halaber, zenbaitetan, itxuraz bateraezinak diren jarreretan ere badirela harreman guneak eta gune horiek etorkizunerako oinarri komunak direla. Javier Estebanek antzekoa defenditu du Gipuzkoako elitearen zati bati dagokionez eta esan du Iztueta horren adibide bikaina izan daitekeela. Izan ere, gure egilearen ibilbideak erakusten du 1824tik aurrera Probintziako eliteak Foruen defentsaren inguruko jarrerak eta diskurtsoak hurbildu zituela. Borroka hura, batzuentzat, antzinako ordena mantentzearen aldeko apustu gisa interpretatu zitekeen, eta besteentzat, berriz, askatasunaren aldeko borrokaren ikurra zen, Foruak, haien iritziz, euskal herriak mendez mende izaniko askatasun multzoa zirelako. Batzuek, hasieratik, berritasun liberalak gaitzetsi zituzten; besteek
—Iztuetak, kasu— nola-halako harremana izan zuten berritasunekin baina desengainaturik bukatu zuten, ez soilik erradikalizazio iraultzailea gertatu zelako, baizik eta, era berean, elite ilustratuek herria paternalismoarekin tratatzen zutelako, eta batzuk eta besteak pixkanaka aldendu zirelako. Aldi berean, deitoragarria zitzaion eliteek hizkuntza eta haren ohiturak iraintzea. Batzuek eta besteek, azkenean, ordena baten itzulera aldarrikatu zuten eta, ordena horren falta sumatzean, zerbait finko eta estatikoa balitz bezala gel- ditu zen idealizatua. Modu berean, hizkuntza, ohiturak, jaiak, rol sozialak edo etxeko-jauna gisako figurak idealizatu zituzten, den-dena hizkuntzarekin lotuta. Eta modu horretan idealizatzerakoan, multzo osoa fosildu zuten, huraxe berreskuratzeko proiektu politiko bat sustatuta. Ez ziren bakarrak izan. Europan, garai hartan, «herriaren berraurkikuntza» benetako bat gertatzen ari zen, hau da, herri-kulturaren berraurkikuntza, eliteen kulturatik bereizia, eta herri-kultura benetakotasunaren funtsen aterpetzat jo zen. He- rriaren ikuspegi erromantiko horrek, bai eta herria historian nahiz etorkizuneko proiektuetan ardatza zelako ikuspegi horrek ere, tradizioaren benetako berrinterpretazioa eta birsorkuntza izan zituen oinarri, tradizioak ia ordena aldaezin eta denboraz kanpoko bat islatzen zuelako ilusioak bulkaturik. Horrenbestez, dantzen eta hizkuntzaren apologien bidez eta Gipuzkoako historiaz emaniko ikuspegiaren bitartez, Iztuetak komunitatearen ikuspegi zatitu hori bultzatu zuen eta, era berean, euskal tradizioa (bir)sortzeko eta ordena berreskuratzeko proiektua.
Obrak
Guipuzcoaco Dantza Gogoangarrien Condaira edo historia, Donostia: Ignario Ra- món Baroja, 1824. 2. arg. Tolosa: Eusebio López, 1895.
Ele bitako 1. arg., Viejas danzas de Guipúzcoa. Gipuzkoa’ko dantza gogoangarriak izen- burukoa, euskarazko bigarren argitaldariarekin bat egina, S. ONANDIAren bertsioa,
G. BARANDIARANen hitzaurrea. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
Euscaldun anciña ancinaco ta are lendabicico etorquien dantza, Donostia: Ignacio Ramón Baroja, 1826.
Carta de D. Juan Ignacio Iztueta al presbítero D. Juan José Moguel, Donostia: Ignacio Ramón Baroja, 1829.
Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia, Donostia: Ignacio Ramón Baroja, 1847 [hilondoan].
Historia de Guipúzcoa / Guipuzcoaco Condaira, 1847ko argitaldariaren arg. faksimi- lea 1847, eta J. LASA APALATEGUIren gaztelaniazko bertsioa, hitzaurrea eta oharrak.
«Cosas memorables o historia general de Guipúzcoa»ren VII. libk. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1975.
GARMENDIA ARRUABARRENA, J. (arg.), Obras inéditas de Iztueta, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
Bibliografia
ELÓSEGUI, J., Juan Ignacio de Iztueta Echeberria (1767-1845). Textos do- cumentales relacionados con su persona y la de sus padres, hermanos y familiares, Donostia: Auñamendi, 1969.
ESTEBAN, J., Discursos civilizadores. Escribanos, lectores y lecturas de textos en euskera (c. 1767-c. 1833), Madril: Sílex, 2018.
ESTEBAN, J. eta BERMEJO, D., Mucho más que un libro de bailes. Contextualizando so- cialmente el discurso de Guipuzcoaco Dantza (1824), Eusko Ikaskuntzen Nazioar- teko Aldizkaria, 60. libk., 1. zk. (2015), 8-40. orr.
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., «Apuntes sobre la sociedad guipuzcoana a través del Gui- puzcoaco Provinciaren Condaira de Juan Ignacio de Iztueta», Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 33. libk., 1. zk. (1988), 160-169. orr.
GARMENDIA ARRUABARRENA, J., «El folklorista Juan Ignacio de Iztueta en el mundo de la cultura vasco-francesa», Antoine d’Abbadie 1897-1997. Congrès International, Do- nostia: Eusko Ikaskuntza, 1998, 423-429. orr.
GARMENDIA ARRUABARRENA, J., «Iztueta, afrancesado en Azpeitia y en San Sebastián», Donostiari buruzko Azterketa Historikoen Buletina, 33 (1999), 591-606. orr.
MICHELENA, L., «Iztueta, testigo político de su época», Euskal Herria (1789-1850). Actes du Colloque International d’Etudes Basques, Bayonne: Société des amis du musée basque, 1978, 167-179. orr.
VILLASANTE, L., Historia de la Literatura Vasca, Burgos: Aránzazu Argitaletxea, 1979, 2. arg.





