Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERROMATAR BEHE-INPERIOAREN GARAIKO EGILEAK ETA OBRAK

ITINERARIUM BURDIGALENSE (ca. 333).

Karguak eta lanbideak

Egile ezezaguneko obra. Bordeletik Jerusalemera joateko erromes-bidearen ibilbidea jasotzen du

Ibilbidea

333. urtearen inguruan egokitutako ibilbide bat da. Ezagutzen ez dugun egile kristau batek egin zuen. Bordelekoa edo, behintzat, Akitaniakoa zen egile hori. Dokumentu horretan, puntu geografiko baten eta hurrengoaren arteko distantzia adierazten da, erromatar legoatan (erromatar Galian erabilitako leuga erromatar milla bat eta erdi zen; hau da, 2.200 metro inguru). Aipatzen diren kokapenak civitasak edo mutatioak izan daitezke. Mutatioak galtzaden ibilbidean geltoki-eginkizunak betetzen zituzten lekuak ziren, eta, hor, bidaiariek aukera zuten atseden hartzeko, bai eta zelaberez aldatzeko ere. Burdigala (Bordele) eta Tholosa (Tolosa) hirien arteko tartean, ibilbideak Novenpopulaniako lurraldearen zati bat zeharkatzen du: civitas Vasatas (Vasats, Gironda), Elusa (Eauze, Gers) eta civitas Auscius (Auski, Gers), hain zuzen ere. Horrez gain, identifikatzeko zailak diren zenbait mutatio ere aipatzen dira ibilbidean —mutatio horietako bat, Scittio,Sos (Lot-et-Garonne) izan daiteke—. Hauxe da aipatu dugun pasartea:

549.1-9: Itinerarium a Burdigala Hierusalem usque et ab Heraclea per Aulonam et per urbem Romam Mediolanum usque sic:

Civitas Burdigala, ubi est fluius Garonna, per quem facit mare Oceanum accesa et recessa per leugas plus minus centum,

549.10 mutatio Stomatas                   leugae VII

550.1 mutatio Sirione                          leugae VIIII

550.2 civitas Vasatas                          leugae VIIII

550.3 mutatio Tres Arbores                leugae V

550.4 mutatio Oscineio                       leugae VIII

550.5 mutatio Scitio                            leugae VIII

550.6 civitates Elusa                           leugae VIII

550.7 mutatio Vanesia                        leugae XII

550.8 civitas Auscius                           leugae VIII

550.9 mutatio Ad Sextum                   leugae VI

550.10 mutatio Hungunuerro             leguae VII

551.1 mutatio Ad Iovem                     leugae VII

551.2 civitas Tholosa                           leugae VII

Dokumentuak erakusten du Bordele eta Italia lotzen zituen bidea sendotu zela, bi lurraldeen arteko komunikazioa bermatzeko ahaleginean, Akitaniako hiria Viennensis diozesiaren hiriburu bihurtu zenean, Dioklezianoren eta Konstantinoren erreformen ondorioz. Halaber, Itinerarium burdigalense ibilbidea da Akitaniatik Jerusalemera egiten zen erromes-bideari buruzko lehenbiziko testigantzetako bat, eta, alde horretatik, bat egiten du Akitanian kristautasunak apurka-apurka aurrera egiten ari zela adierazten duten iturriekin. Egilea, agian, Leku Santuak bisitatzera joan zenean egindako ibilbidea idatziz jaso nahi izan zuen erromes bat izan zitekeen. Agian, senatarien ordenako nobleziako kide bat zen, administrazioarekin nolabaiteko lotura zuena; izan ere, badu Dioklezianoren erreformetan oinarritutako probintzia-banaketa berriaren berri, eta, horrez gain, pertsona ikasia zela adierazten duten aipamen historiko eta kulturalak egiten ditu.

Obrak

Larrañaga, K. (arg.): Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.

Bibliografia

Díaz Martínez, P. C.: «El peregrino y sus destinos: los lugares de Cristo» in Marco, F.; Pina, F.; Remesal, J. (argk.): Viajeros, peregrinos y aventureros en el mundo antiguo, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2010, 241.-266. or.

Larrañaga, K.: El hecho colonial romano en el área circumpirenaica occidental, Gasteiz: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 2007.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Itinerarium Burdigalense”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 71-72.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP