Karguak eta lanbideak
Egile ezezaguneko obra. Bordeletik Jerusalemera joateko erromes-bidearen ibilbidea jasotzen du
Ibilbidea
333. urtearen inguruan egokitutako ibilbide bat da. Ezagutzen ez dugun egile kristau batek egin zuen. Bordelekoa edo, behintzat, Akitaniakoa zen egile hori. Dokumentu horretan, puntu geografiko baten eta hurrengoaren arteko distantzia adierazten da, erromatar legoatan (erromatar Galian erabilitako leuga erromatar milla bat eta erdi zen; hau da, 2.200 metro inguru). Aipatzen diren kokapenak civitasak edo mutatioak izan daitezke. Mutatioak galtzaden ibilbidean geltoki-eginkizunak betetzen zituzten lekuak ziren, eta, hor, bidaiariek aukera zuten atseden hartzeko, bai eta zelaberez aldatzeko ere. Burdigala (Bordele) eta Tholosa (Tolosa) hirien arteko tartean, ibilbideak Novenpopulaniako lurraldearen zati bat zeharkatzen du: civitas Vasatas (Vasats, Gironda), Elusa (Eauze, Gers) eta civitas Auscius (Auski, Gers), hain zuzen ere. Horrez gain, identifikatzeko zailak diren zenbait mutatio ere aipatzen dira ibilbidean —mutatio horietako bat, Scittio,Sos (Lot-et-Garonne) izan daiteke—. Hauxe da aipatu dugun pasartea:
549.1-9: Itinerarium a Burdigala Hierusalem usque et ab Heraclea per Aulonam et per urbem Romam Mediolanum usque sic:
Civitas Burdigala, ubi est fluius Garonna, per quem facit mare Oceanum accesa et recessa per leugas plus minus centum,
549.10 mutatio Stomatas leugae VII
550.1 mutatio Sirione leugae VIIII
550.2 civitas Vasatas leugae VIIII
550.3 mutatio Tres Arbores leugae V
550.4 mutatio Oscineio leugae VIII
550.5 mutatio Scitio leugae VIII
550.6 civitates Elusa leugae VIII
550.7 mutatio Vanesia leugae XII
550.8 civitas Auscius leugae VIII
550.9 mutatio Ad Sextum leugae VI
550.10 mutatio Hungunuerro leguae VII
551.1 mutatio Ad Iovem leugae VII
551.2 civitas Tholosa leugae VII
Dokumentuak erakusten du Bordele eta Italia lotzen zituen bidea sendotu zela, bi lurraldeen arteko komunikazioa bermatzeko ahaleginean, Akitaniako hiria Viennensis diozesiaren hiriburu bihurtu zenean, Dioklezianoren eta Konstantinoren erreformen ondorioz. Halaber, Itinerarium burdigalense ibilbidea da Akitaniatik Jerusalemera egiten zen erromes-bideari buruzko lehenbiziko testigantzetako bat, eta, alde horretatik, bat egiten du Akitanian kristautasunak apurka-apurka aurrera egiten ari zela adierazten duten iturriekin. Egilea, agian, Leku Santuak bisitatzera joan zenean egindako ibilbidea idatziz jaso nahi izan zuen erromes bat izan zitekeen. Agian, senatarien ordenako nobleziako kide bat zen, administrazioarekin nolabaiteko lotura zuena; izan ere, badu Dioklezianoren erreformetan oinarritutako probintzia-banaketa berriaren berri, eta, horrez gain, pertsona ikasia zela adierazten duten aipamen historiko eta kulturalak egiten ditu.
Obrak
Larrañaga, K. (arg.): Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.
Bibliografia
Díaz Martínez, P. C.: «El peregrino y sus destinos: los lugares de Cristo» in Marco, F.; Pina, F.; Remesal, J. (argk.): Viajeros, peregrinos y aventureros en el mundo antiguo, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2010, 241.-266. or.
Larrañaga, K.: El hecho colonial romano en el área circumpirenaica occidental, Gasteiz: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 2007.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Itinerarium Burdigalense”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 71-72.





