Karguak eta lanbideak
Sevillako apezpikua eta Toledoko erresuma bisigodoko erlijio- eta kultura-erreferentzia
Ibilbidea
Isidoro Sevillakoa Kartagenako familia hispaniar-erromatar aristokrata bateko lau anai-arrebetatik gazteena zen. Isidoro 550. eta 570. urteen arteko uneren batean jaio zen, baina ezin da erabat esan Kartagenan ala Sevillan jaio zen, Isidororen familiak Sevillara joan behar izan baitzuen bizantziarrek Penintsulako hego-ekialdea konkistatu zutenean (552-555). Ez dago ziurtatuta Isidororen aita Severianok administrazio bisigodoan kargu garrantzitsuren bat izan zuenik, baina badakigu familiako zenbait kidek kargu garrantzitsuak izan zituztela Elizaren hierarkian, egoitzaz aldatuta ere. Hala, Leandro, lau anai-arrebetatik zaharrena, Sevillako apezpiku izendatu zuten, eta Fulgentzio, berriz, Écijakoa. Isidoro gazte geratu zen umezurtz, baina, hala ere, hezkuntza ona izan zuen. Leandro anaia arduratu zen Isidoroz, eta, agian, Sevillako apezpiku–eskolara bidali zuen, eta han prestakuntza bikaina izan zuen.
Leandro hiltzean (602), Isidoro izan zen haren ondorengo Sevillako apezpikutegian, eta laster nabarmendu zen bere oratoria-ahalmen handiagatik, erudizioagatik eta monasterio-bizitzaren hedapenerako prozesuan egindako lanagatik, bai eta elizbarruti-eskolei emandako bultzadagatik ere. Witeriko erregearen (603-610) aurkako kritika gogorrak egin arren, lankidetzan aritu zen hurrengo errege bisigodoekin. 610. urtean, Gundemarren Dekretua izenekoa sinatu zuen, Toledoren izaera metropolitanoari buruzkoa, eta harreman estua ezarri zuen Sisebuto erregearekin (612/613-621); izan ere, hari dedikatu zizkion De natura rerum edo Liber rotarum obrak eta Etymologiae lanaren lehen bertsioa. Toledora sarritan bidaiatzen zuen, eta zenbait kontzilio eklesiastikotan parte hartu zuen. Hain zuzen ere, Sevillako II. Kontzilioaren buru izan zen (619), bai eta Toledoko IV. Kontzilioarena (633) ere.
Sevillako apezpikuak lan asko idatzi zituen. Haietatik garrantzitsuenak soilik ezagutzen ditugu, baina, hala ere, asko dira. Baskoiei buruzko aipamenak Isidororen lan garrantzitsuenetako bitan ageri dira, eta oraintxe azalduko ditugu. Joan Biklarokoaren ereduari jarraituta, kronika labur bat idatzi zuen, eta, antza, nahikoa ez zela iruditu zitzaion, eta horregatik, 620. urtearen inguruan, Historia Gothorum, Wandalorum et Sueborum izeneko obra historiografiko baten lehenbiziko bertsioa argitaratzea erabaki zuen. Obra horren bigarren bertsioa 624an argitaratu zuen, lehen bertsioa berrikusita eta zabalduta. Mendebaldeko Pirinioen inguruneko v. mendeko erreferentzietarako, Isidorok erabiltzen dituen iturriak Hidazio eta Kronika Galiarra dira, besteak beste, eta ia hitzez hitz errepikatzen du iturri horietan jasotakoa, hala nola Euriko errege godoaren tropek Pampilona 473. urtean okupatu zuteneko pasartea (Hist. Goth. 34). Gregorio Toursekoak bezala, Isidorok ez du Iruñea aipatzen frankoek 541. urteko erasoaldi handian egindako ibilbidean (Hist. Goth. 41), baina gertaeren amaierari dagokionez, Isidorok kontatutakoa ez dator bat Toursekoak azaldutakoarekin.
Isidorok Toledoko erresuma bisigodoaren garaian baskoiei buruz adierazten duen lehen erreferentzia Rekaredo erregearen erregealdikoa da (586-601), Leovigildoren konkistak adierazten dituen pasartean ez baitu sartzen baskoien lurraldean sartu zeneko kanpaina (581). Isidorok dio monarka katolikoak zenbait kanpaina gidatu zituela baskoien inbasioen aurka (Hist. Goth. 49), baina garrantzia kentzen die erasoaldi militar horiei, eta armada bisigodoa trebatzeko balio zutela dio, palestrako jokoarekin alderatuz —Saepe etiam et lacertos contra Romanorum insolentias et irruptiones Vasconum movit. Unde non magis bella tractasse, quam potius gentem, quasi in palaestrae ludo, pro uso certaminis videtur exercuisse—(Hist. Goth. 54). Apezpikuaren arabera, Gundemar erregeak expeditio arrakastatsu bat gidatu zuen baskoien aurka 610ean (Hist. Goth. 59), baina pasarte luzeena eta interesgarriena Suintilaren erregealdiaren (621-631) hasierako atalean ageri da, eta hor baskoiek nolabaiteko protagonismoa dute. Garai horretan, baskoiak erasoak egiten ari ziren Tarraconensis probintzian, mendebaldeko muturrean, baina erregea iristen ikustean, errenditu egin ziren, armak utzita, eta erresumako legeak onartu zituzten, bahituak entregatu zituzten, eta Ologicusen (Olite/Erriberri, Nafarroa) hiri godo bat eraikitzeko konpromisoa hartu zuten, beren ahaleginez eta diruz, erregeari leialtasuna eta sumisioa zin egin ondoren —Habuit quoque et initio regni expeditionem contra incursus Vasconum Tarraconensem provinciam infestantium, ubi adeo montivagi populi terrore adventus ejus perculsi sunt, ut confestim, quasi debita jura noscentes, remissis telis et expeditis ad precem manibus, supplices ei colla submitterent, obsides darent, Ologicus civitatem Gothorum stipendiis suis et laboribus conderent, pollicentes ejus regno ditionique parere, et quidquid imperaretur efficere— (Hist. Goth. 63).
Sevillako apezpikuak baskoiak aipatzen ditu, halaber, bere lan sakon eta arrakastatsueneko pasarte batean; hau da, Etymologiae edo Originum libri XX obran. Lan izugarri horretan, garaiko jakintza guztiak biltzen saiatu zen Isidoro, entziklopedia baten moduan. Gurera iritsi dena obra horren azken bertsioa izan da, 633. urte inguruan idatzia. Bederatzigarren liburuko 107. pasartean, Isidorok baskoiak bakzeoekin identifikatzen ditu, baskoiei lehenago hala esaten zitzaiela adierazten baitu. Baskoiak nomadak direla dio, eta Pirinioetako lurralde malkartsuetan kokatzen du herri hori, bai eta haien hiri gotortua —oppidum— ere, –Vacca izenekoa eta kokapen ezezagunekoa. Hurrengo pasartea Sertorioren Gerraren amaierari buruzkoa da, eta, hor, San Jeronimoren erreferentzia egokitu egiten du (Hier. Adv. Vig. 4), eta Gneo Ponpeiok bakzeoak-baskoiak Convenae izeneko hiri batean (gaur egungo Saint-Bertrand-de-Comminges, Garona Garaia) kokatu zituela dio —Vacca oppidum fuit iuxta Pyrenaeum, a quo sunt cognominati Vaccei, de quibus creditur dixisse poeta (cf. Virg. Aen. 4,42):Lateque vagantes Vaccei. Hi Pyrenaei iugis peramplam montis habitant solitudinem. Idem et Vascones, quasi Vaccones, C in S litteram demutata.Quos Gnaeus Pompeius edomita Hispania et ad triumphum venire festinans de Pyrenaei iugis deposuit et in unum oppidum congregavit. Vnde et Convenarum urbs nomen accepit—(Etym. 9.107-108).
Isidoro Sevillakoaren obrak, Etimologiak batez ere, berehala zabaldu ziren haren garaikideen artean, eta Erdi Aroko aditu askok erabili zituzten. Isidorok garai hartako egileen artean izandako eraginaren adibide hau dugu: lehenago aipatu dugu baskoiak eta bakzeoak herri bera zela azaldu zuela Isidorok, eta, iturri klasikoetan bakzeoak Duero ibaiaren inguruko Iberiar goi-ordokian kokatutako komunitate indoeuropar prerromanoa zela ageri arren, Etymologiae obra argitaratu ondoren, vii. eta x. mendeetako zenbait iturri hispaniarretan eta frankotan, bi termino horiek sinonimoak balira bezala erabili zituzten, Sevillako apezpikuaren okerreko azalpenari sinesgarritasun osoa emanda.
Obrak
Etimologías, J. Oroz Reta eta M. A. Marcos Casquero (latinezko testua, gaztelaniako bertsioa eta oharrak); M. C. Díaz Díaz (sarrera orokorra), Madrid: Biblioteca de Autores Cristianos, 2004.
Rodríguez Alonso. C.: Las Historias de los Godos, Vándalos y Suevos de Isidoro de Sevilla. Estudio, edición crítica y traducción, León: Centro de Estudios e Investigación «San Isidoro»; Archivo Histórico Diocesano; Caja de Ahorros y Monte de Piedad de León, 1975.
Bibliografia
Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.
Lanz, J.: Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C.-viii d. C.), doktorego-tesia, Gasteiz: UPV/EHU, 2017.
Larrea, J. J.: La Navarre du ive au xiie siècle: peuplement et société, Paris: De Boeck Université, 1998.
Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
Torregaray, E.: «Vascones y vacceos: una historia de confusión» in Santos Yanguas, J.; Cruz Andreoti, G. (argk.): Revisiones de Historia Antigua VII. Romanización, fronteras y etnias en la Roma Antigua: el caso hispano, Gasteiz: UPV/EHU, 2012, 457.-475. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Isodoro Sevillakoa”, Jimeno Aranguren, R.,Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 118-120.





