Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

IPARRAGIRRE BALERDI, Jose Maria (Jose Maria de Iparraguirre) (Urretxu, Gipuzkoa, 1820ko abuztuaren 12a – Ezkio, 1881eko apirilaren 6a).

Ibilbidea

Jose Maria Iparragirre 1820ko abuztuaren 12an jaio zen Urretxun. Bost urte zituela, Idiazabalera bidali zuten, osaba Jose Antonio Iparragirre eskola- maisuaren etxera eta harekin hasi zen ikasten. 1832an, latina ikasten hasi zen Gasteizko Campillo ikastetxean, mutikoaren familia hiri hartara joan baitzen bizitzera. Hurrengo urtean, Madrilgo San Isidro eskola jesuitan sartu zen.

Ikasteari utzi zion, 1834ko uztailaren 17ko fraide hilketaren ondorioz, haren latinezko maisua erail baitzuten. Euskal Herrira itzuli eta karlisten armadako Iturriza batailoian sartu zen boluntario. Geroago, Gipuzkoako Lehen Batailoian sartu eta Arrigorriagako guduan zauritu zuten, 1834ko abenduan. Hainbat gorabeheraren ondotik, Don Karlosen Ohorezko Guardian sartu zen, 1836tik gerra bukatu arte.

Ez zuen Bergarako Hitzarmena onartu, Frantziara jo eta musika-ikasketak bururaino eraman zituen Lille eta Paris artean, bizitza bohemioari hasiera emanda. Tertulia eta bilera musikaletan parte hartu zuen bai Parisen, bai Lyonen, bai eta Suitzako nahiz Italiako bainuetxeetan ere, kantari eta gitarra-jotzaile arituta. Parisera atzera joan eta 1848ko Iraultza Liberalean esku hartu zuen. Iraultza horren hatsa Iparragirreren obraren bidelaguna izan zen hil arte eta bere itxuran ere izan zuen eragina, ile luzeak eta bizarra eramanda. Handik hiru urtera, Frantziatik kanporatu zuten, Toulousen Marseillarra kantatuz jendea berotu zuelako. Londresen erbesteratu eta, han, Euskal Herrira itzultzeko paperak lortu zituen.

Garai hartan, 1852an, bere lanik garrantzitsuena sortu zuen, Gernikako arbola. Erromeria jendetsu baino jendetsuagoetan abestearen ondorioz (esaten denez, inoiz edo 6.000 lagunen aurrean), berriz ere Euskal Herritik desterratu zuten, agintari militarren aginduz.

Handik bi urtera, itzuli eta musikaren bidean jarraitu zuen hala antzoki, tertulia eta kafetegietan, nola jai eta erromerietan.

1858ean Buenos Airesera emigratu, musikari gisa porrot egin eta, Angela Kerexetarekin ezkondu ondoren, Uruguai mugakidean kokatu zen. Bertan, hogei urtean artzaintzatik nekez bizi eta zortzi seme-alaba izan zituen.

Foruak indargabetzeko 1876ko legearen ondoren, haren zortzikoa aldarrikapenerako ereserki bihurtu eta, horren ondorioz, agintariek egilearen bila jo zuten, jende askok hildakotzat jotzen bazuten ere. Uruguaiko landa-eremuan bizi zela jakinik, Rio de la Platako euskaldunek diru-eskeak Euskal Herrira itzultzeko aukera eman zion, 1877an, familia ugaria errepublika hegoamerikarrean utzita.

Itzuli zenean, han-hemenka omendu zuten, eta omenaldiak, hain zuzen, foruak aldarrikatzeko ekitaldi bihurtu ohi ziren. Abestiak konposatzen jarraitu zuen, haietako asko foru sistema berrezartzearen, erlijioaren eta euskararen aldekoak. Bizitzaren bukaeran pentsio xume bat lortu bazuen ere euskal diputazioetatik, bakardadean hil zen Itsasoko baserri batean, 1881eko apirilaren 6an.

Iparragirre poeta erromantikoa izan zen, maitasun kantu askoren egilea eta, bardo bohemio gisa, hainbat abesti satiriko ondu zituen. Haren lanik aldarrikatzaileen eta politikoena nabarmendu beharra dago. Sorkuntza aro hura 1852 inguruan hasi zen, Gernikako arbola konposatu zuenean. Abesti horrek Iparragirreren ezaugarri nagusiak biltzen ditu. Batetik, zuhaitzaren irudia bera, hots, euskaldunen arteko senidetasuna irudikatzeaz gain, 1848ko iraultzaileen askatasunaren zuhaitza ekartzen du gogora eta Foruen ikurra da. Bestetik, erlijioaren, Foruen eta bakearen defentsa. Kantua zabal hedatu eta ereserki bihurtu zen euskaldunentzat; batez ere, 1876an Foruak indargabetu zituztenetik aurrera.

Itzuli zenean, intelektual foruzaleak buru-belarri aritu ziren «euskal askatasunen kantari ospetsu»aren dohainak goresten, Jose Manterolak esan bezala. Antzera mintzatu ziren hartaz Fermin Herran, Juan Mañe eta Flaquer, Ricardo Becerro de Bengoa, Pedro de Egaña, Juan Iturralde y Suit edo Antonio Trueba, besteak beste.

Abestiaren eduki sinboliko handiaren erakusgarri, hortxe dago 1893ko abuztuan Donostian gertaturiko iskanbila. Izan ere, Gamazadaren ondoko giro foruzalean, musika-bandak ez zuen Gernikako arbola jo nahi izan, publikoaren sektore zabal baten eskaerari uko eginez. Ondorioz, jendeak Londres Hotelari egin zion eraso, han Mateo Sagasta gobernuburua ostatu harturik baitzegoen. Guardia zibilaren oldarraldiak hiru hildako eragin zituen manifestarien artean. Hiru gunez manifestazioak egin ziren, eta herri batzorde bat ordena publikoaz arduratu eta guardia zibilak alde egin zuenean bukatu ziren istiluak. Gau hartan, Gernikako arbola abestu zen Bulebarrean, jende guztia zutik eta buru-has. 

Haren obraren ezaugarri nabarmenetako bat da ia dena euskaraz idatzi zuela. Horren haritik, hizkuntzaren aldarrikapena ere etengabe agertu zen haren lan poetikoan: «Arren, ez bada galdu euskera, / nere anaia maiteak! / Galtzen badegu…galduak gera / gu eta gure semeak. / Beti euskeraz itz egin, bada, / oro zaar ta gazteak, / esan ez dedin denok gerala / euskaldun biotz ga- beak».

Bertso hori «Arren ez bedi galdu euskera» (1878) lanari dagokio. Nabar- mentzekoak dira, halaber, Aizkibel euskaltzaleari 1856an eskainitako ber- tsoak, «¡Biba Euskera!» izenburupean. 

Lehen Gerran armada karlistako kide izanagatik ere, haren obrak euskal- dunen arteko senidetasuna aldarrikatu eta Karlos VII.aren Bigarren Gerrako altxamendua kritikatu zuen: «Zuaz, Don Carlos zazpigarrena, / urrun bai gure lurretic; / ez dezu utzi guretzat pena / eta tristura besteric;…».

Bertso hori «Jaungoikoa eta arbola» lanari dagokio (1877). 

Ordurako, Iparragirreren foruen aldeko diskurtsoa erradikalizatu egin zen: «Arbola Santu amoriozcoa / Nolatan erori cerá / Zu, euscaldunen consuelua / Zori oneco argui-era? / Baña oraindic piztuco cera / Esperantzatan bai-guera / Orduan igo lañuetara / Macurtu gabe lurrera. / Viva gure Arbola / Gora-bedi gora / Eta maite ez duena / Ez da Euscalduna».

Bertsoak «Bilbao eta Fueruak pakearentzat» sortari dagozkio (Uruguai, 1876).

Obrak

«Guernicaco arbola», 1852.

«Tolosar onguilleai», 1855.

«¡Biba Euskera!», 1856.

«Adio Euscal-Erriari», 1858.

«Bilbao eta Fueruak pakearentzat», 1876.

«Oroitza», 1877.

«Jaungoikoa eta arbola», 1877.

«Nire etorrera lur maitera», 1877.

«Euscal-Erriari», 1877.

«Arren ez bedi galdu euskera».

«Elizondoko batzarra», 1879.

Bibliografia

JAKA LEGORBURU, A. C., Iparraguirre: en el centenario de su muerte, Donos- tia, 1982.

MENDIBIL, G. (koor.), Jose Maria Iparragirre: Erro-Urratsak – Raíz y viento. Igorre: Keinu, 1999. Haren biografia biltzen du, bai eta haren lan poetiko eta musika lan guztiak ere.

PEÑA GOÑI, A. et al., Iparraguirre y el árbol de Guernica, Bilbo: Biblioteca Vascongada, 1896. FERMIN HERRAN, JUAN MAÑÉ FLAQUER, RICARDO BECERRO DE BENGOA, PEDRO DE EGAÑA, JOSE DE MANTEROLA, JUAN ITURRALDE Y SUIT eta ANTONIO TRUEBA eta beste batzuen testuak biltzen ditu.

SALAVERRÍA, J. M., Iparraguirre: el último bardo. Madril: Espasa Calpe, 1932.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP