Karguak eta lanbideak
Elizgizona, historialaria, idazlea eta hizkuntzalaria
Ibilbidea
Zuberoako familia apal eta oso kristau batean jaio zen Manuel Intxauspe, 1815eko jaiotze-agirian ezarri zioten izenaren arabera. Oro har, «Intxauspe kalonjea» izenez ezaguna zen. Baionako Apaizgaitegi Handian ikasi zuen, apezgoan Lacroix gotzainaren eskutik 1840an sartu aitzinetik. Baionako ospitale zibileko kapilau eginkizunak bete zituen, orain Euskal Museoa kokatua dagoen lekuan, 1842tik 1864ra. Han, gaixoak zaintzeaz gain, instalazioen mantentze-lanak eta artxiboen kontserbazioaz ere arduratu zen. Aldi horretan hasi zen ikertzen euskalkiak eta Zuberoako nahiz Euskal Herriko historia.
Ohorezko kalonje 1855ean izendatu ondoren, 1863an kalonje titularra izendatu izanak aukera eman zion Baionako katedraleko kabildoan sartzeko. Lacroix gotzainarekin batera joan zen, teologo laguntzaile gisa, 1869ko abenduaren 8an Pio IX.ak deitutako Vatikanoko Kontziliora, eta urte hartan berean gotzainak Baionako Apezpikutzaren idazkaritza orokorreko bikario nagusi izendatu zuen. 1882an, Ducellier gotzainak Baionako elizbarrutiko bikario nagusi titularra eta ofiziala izendatu zuen. Kargu hartan jarraitu zuen 1890era arte, orduan, arrazoi politikoak tartean zirela, kargutik kendu eta Baionako monja karmeldarren konbentuko nagusi izendatu baitzuten, eta aita Garikoitzen beatifikazioaren azterketan parte hartu zuen, Paue eta Bétharram esparruko burua zelako. Urte hartan berean lekualdatu zen, Anneta arrebarekin batera, Onizegainan, familiaren herrian, eraikiarazi zuen etxera, eta handik goiti buru-belarri erlijioa, euskara eta Euskal Herria aztertzen aritu zen. 1902ko irailaren 25ean hil zen, 86 urterekin. Epitafioa Inchauspek berak idatzi zuen, eta amaierako bertsoetan agerian geratzen da lanari eta hain maite zituen euskarari eta Euskal Herriari eskainitako bizitza: «Vicari Jeneral Jaun Aphezcupiaren lagun Vaticaneco Concilioan Euscararen eta Euscaldunen maithazale eta eraikizale. Ohoreak igaiten khea bezala Obra honec betikotz iraiten».
Erlijioso suharra izateaz gain, euskal kultura defendatzen eta haren ezagutza aberasten aritu zen lanean, eta Luis Luziano Bonaparte printzearen babesa izan zuen, Bigarren Inperioaren garaian. Harekin lankidetzan aritu zen euskalkien ikerketan, batez ere zubereraren ikerketan, euskalki horren erreferentea baitzen Intxauspe. Antonio Abadiaren adiskide mina zen, harekin bat egiten baitzuen Aita Santuaren hutsezintasunari buruzko guztizko ustean, eta epaimahaikide izan zen, hainbat aldiz, Abadiak Duvoisin kapitainaren laguntzarekin, eta batzuetan Luis Luziano Bonaparteren laguntzarekin, 1851tik aitzina antolatu zituen lehiaketa eta lore-jokoetan. Erlijio-testu ugari Zuberoako euskarara itzuli eta argitara eman zituen, haien artean azpimarragarriak haren libururik garrantzitsuena jotzen den Le verbe basque, 1858an argitaratua, eta Le peuple basque, sa langue, son origine, ses traditions, ses caractères anthropologiques, 1894an argitaratu zena, Frantziako zientzien aurrerapenerako elkarteak Pauen 1892an egin zuen kongresuaren karietara. Obra hori, Humboldten ideien esparruko diziplinarteko ikuspegi batetik egina, giza komunitateak ulertzeko bidea eskaintzeko asmoz, sintesi bat da, Euskal Herriari buruz XIX. mendearen erdialdetik aitzina egindako lan anitz biltzen dituena. Euskal herritarrak iberiar penintsulako lehenengo biztanletzat hartzen dira, eta Biblian jartzen da euskaldunen jatorria, Jafeten seme baten ondorengoak izaki. Argitalpen honetan hizkuntzaren hainbat alderdi aztertzen ditu, eta orobat, herri-tradizioak, kristautze-garaia eta antropologia fisikoa.
Intxauspe kalonjea, letra-gizon, filologo eta eruditua zen aldetik, Baionako Zientzien, Letren eta Arteen Sozietateko kide izan zen, eta haren 1873ko eta 1888ko kongresuetan parte hartu zuen. Euskarazko liburuen bilduma zabala osatzea lortu zuen (adibidez, Notitia utriusque Vasconiaeren ale bat, 1638koa), eta haren zati handi bat gaur Baionako Elizbarrutiko Liburutegian gordea dago. Intxauspe kalonjearen lanak ezagutzaren garapenaren testuinguruan kokatzen dira, XIX. mendean izugarri handia izan baitzen, batez ere, eskualdeetako hizkuntzen filologiaren eta tokiko historia eta antropologiaren arloan, kitzikagarriak baitziren hemengo nahiz atzerriko jakintsuentzat (Humboldt, Broca, Vinson…), eta XX. mendearen hasierarako ikerketa aurreratuagoak iragartzen baitzituzten.
Obrak
Jincouac guiçonareki eguin patoac, Baiona: Lasserre, 1851.
Uscaldunaren laguna, Baiona: Lasserre, 1852, berrarg. 1856, 1862, 1866, 1872, 1875 eta 1890ean.
Jesu-Kristen Ebanjelio Saintia Sen Mathiuren arabera, Baiona: Lamaignère, 1856.
Le Verbe Basque, Baiona: Lamaignère, 1858.
L’Apocalypse de l’apôtre saint Jean, London: Billing, 1858.
(arg.), AXULAR, Gueroco Guero, Baiona: Lamaignère, 1864.
Jesu-kristen Imitacionia, çuberouco uscaralat utzulia, Baiona: Lamaignère, 1883.
Étude sur l’origine bayonnaise de Ste Eurosie vierge et martyre, et sur les Boïens de Boïates, Baiona: Lasserre, 1888.
Le peuple basque, sa langue, son origine, ses traditions, ses caractères anthropologiques, Pau: Vignancour, 1894.
Maria Birjinaren Hibaletia, edo Mayatzian egun oroz egiteno irakouraldiak Maria Virjiniaren bizitze eta berthute ederren gainen, Pau: Vignancour, 1894.
Kantika Saintiak, Zuberoco euskaraz, Baiona: Lasserre, 1897.
Bibliografia
IRIGOYEN, A., «Cartas de Inchauspé al Príncipe Luis Luciano Bonaparte (1857-1887)», Euskera, II (1957), 171-260. or.
«Les oeuvres en souletin d’Emmanuel Inchauspé (1815-1902)», Bilketa, On-line arg., 2013. http://www.bilketa.eus/fr/collections/notre-selection/2247-les-oeuvres-en-souletin-d-emmanuel-inchauspe-1815-1902 (2021eko otsailak 19).
UTHURRY, T., «Monsieur le chanoine Inchauspé», VIIe Congrès d’Études Basques (1948), Donostia: Eusko Ikaskuntza, (2003), 689-695. or.
— «Un grand souletin: Le chanoine Emmanuel Inchauspé», Gure Herria, (1950), 36-43., 104-107., 158-164. or.





