Karguak eta lanbideak
Ausburgoko patrizioa, diplomazialaria eta bidaiaria
Ibilbidea
1446ko martxoan, Espainiarako bidaia bati ekin zion eta Santiago de Compostelara ere joan zen. Handik itzultzean, bidaia hari buruz idatzi zuen, eta bisitatu zituen zenbait errege-gorte nabarmendu zituen, besteak beste: Felix V.a Savoiako antipaparen gortea Genevan; Maria Gaztelakoaren gortea, Alfontso V.a Napoli eta Siziliakoaren emaztearena; Nafarroako gortea Erriberrin, non Vianako printze Karlos baitzegoen; eta Joan II.a Gaztelakoaren gortea. Bidaia hura Santiago de Compostelarako erromesaldi bat zenez, eraikin sakratuak, erlikiak eta mirariak ere deskribatzen ditu. Hizkuntza bakunez idatzita, Londresko British Libraryn gordeta dagoen eskuizkribu horretan lumaz egindako koloretako marrazkiak nabarmentzen dira, baita Ausburgoko leinu patrizioen armarriak ere, eta haien artean, seguru asko idazlearena ere, honako hau aipatzen baitu: «Gero berriz ere itzuli nintzen Santiago de Compostelara, agur esan eta nire armarria jarri nuen elizan, beste asko zeuden lekuan».
Honela hasten du kontakizuna: «Ondoren datozen azalpenekin batera, nik, Sebastián Ilsungek nire kontura Santiago de Compostelara, Finisteren Sternera eta zeharkatu nituen herrialde guztietara egindako bidaia handiaren kontakizuna aurkezten dut». Bidaiariak bere bidaldia kontatzen du, eta nondik igaro zen aipatzen du, hala nola Ausburgo, Memmingen, Zurich, Luzerna, Berna, Friburgo, Geneva, Savoia, Borgoina eta Armagnac, Tolosa, Saint-Antoine-en-Viennois, Nimes, Bartzelona, Montserrat, Tortosa, Zaragoza, Erriberri, Burgos, León, Santo Domingo de la Calzada, Santiago de Compostela (ekainaren 16an iritsi zen, Corpus Christi egunean), Finisterre, Santiago de Compostela, Girona, Geneva eta Ausburgo (irailaren 28an amaitu zuen bidaia). Bidaia, egilearen arabera, urte erdian egin zuen, eta mila milia baino gehiago egin zituen zaldi gainean.
Ilsungen kontakizunean bisitatutako gorteak nabarmentzen dira, batez ere, harrituta geratu baitzen han ikusi zituen bitxikeria eta gauza miragarrien aurrean. Horrek pentsarazten digu ordezkaritza diplomatikoko bidaia zela, erromesaldiaz gain; hau da, ibilbide hori bat dator garai hartan gizarte-maila horretako zaldunek egiten zituzten bidaiekin. Bidean, ibiltzeko baimenak jaso zituzten bere segurtasuna, eta berarekin zihoazen sei pertsonena, bermatzeko. Zaragozatik Nafarroara joan zen, eta, han, Erriberriko gortera heldu zen. Leku horren bikaintasunari buruz idatzi zuen, baina egilea alemaniar anonimo bat izan zela uste izan zen urte askoan:
«Ondoren, Naffren-eko (Nafarroa) Erresumara iritsi nintzen, eta, han, hiri askotatik igaro nintzen. Erresuma horretan deigarri gertatzen diren hainbat ohitura daude; herrialdean iturri gutxi daude eta [neurri handi batean] euri-urez hornitu behar dute. Han, Olleit [Erriberri] izeneko hiri ederrera iritsi nintzen, erregearen egoitzara [Karlos, Vianako printzea]. Hura printzea zen orduan, eta herritarrak hobeto bizi ziren haren agindupean, haren aitaren agintaldian baino, etengabe gerran egon baitzen. Heraldoak erregearen aurrera eraman ninduen. Erregea gizon gaztea zen eta adeitasun handiz hartu ninduen. Adierazi nizkion nahi guztiak onartu zizkidan eta bere emaztearen aurrera eraman nazaten agindu zuen; ezkongaietan Kleff familiakoa izan zen [Ines Kleveskoa]. Heraldoak jauregian zehar edo hura baino gaztelu bikainago batean zehar eraman ninduen, non urrez apaindutako ganbera asko baitzeuden; nik haietako asko ikusi nituen. Ezin da esan, inola ere, zenbat eraikin aberats dauden han, haien handitasunak imajina daitekeen guztia gainditzen du…
Ondoren, heraldoak erreginaren aurrera eraman ninduen. Haize freskoa zebilenez, erregina gotorlekua inguratzen duen babes-harresiaren ondoan geratu zen. Leku hartan, tabernakulu handi bat zegoen, eta han zegoen erregina, bere ganbera–dontzeilarekin. Haien ondoan, Foseko [Foix] konde sendoa zegoen, lehenago bisitatu nuena. Orduan, erreginaren aurrean belaunikatu nintzen. Kondeak erreginak nirekin alemanez mintzatu behar zuela esan zuen, baina erregina lotsatu egin zen eta ez zuen alemanez hitz egin. Baina kondeak bere horretan jarraitu zuen eta, orduan, erreginak [alemanez] “altxa zaitez” esan zuen, eta kondea txantxetan aritu zen erreginarekin. Nire interpretearen bitartez esan zidan erreginak nahi zuela nik nire sorterrian egin ohi zen bezala agurtzea […]. Egun horretan, arratsaldean, dantzaldi handi bat antolatu zen eta erreginak mezu bidali zidan ostatu hartu nuen lekura, dantzaldira gonbidatzeko. Baina, ekaitz izugarria lehertu zen, haize bortitz eta euria nonahi, eta ezin izan nintzen etxetik irten, -argi-zuziak berehala itzaltzen baitziren. Ondoren, Jispaniako [Espainia] Erresuma handira joan nintzen zaldiz».
Bidaiari alemaniarrak adeitasunez idatzi zituen lerro horien bitartez, Erriberriko errege-gortearen bikaintasuna antzeman daiteke.
Hala ere, Compostelarako erromesaldiari buruzko kontakizuna ez da oso zehatza, eta artzapezpikuari egindako bisitaren berri ematen du batez ere, miniatura ederrez hornituta. Hauxe azaltzen du: «Done Jakueren eliza, beste garai batean, tenplu pagano bat izan zen, eta hari buruzko gauza asko esan daitezke». Harrituta geratu zen katedralaren handitasunaren aurrean, bezperetan —Corpus Christi eguna zen—, meza ospatsuan eta prozesioan parte hartu zuenean.
Obrak
Eskuizkribua. London, British Library, Ms. Add. 14326. xv. mendea, hamar orrialdeko koadernoa, lumaz egindako koloretako marrazkiz hornitua 1r-5r folioetan; 7v-8r folioan, armarriak daude irudikatuta. Arg. Honemann, V., «Sebastian Ilsung als Spanienreisender und Santiagopilger», Herbers, K. (arg.), Deutsche Jakobspilger und ihre Berichte (Jakobus-Studien 1), Tubingen, 1988, 61.-95. or.
Bibliografia
De la Riera, J. A., «Ilsung, Sebastian», Xacopedia, http://xacopedia.com/Ilsung_Sebastian (2018ko abuztuaren 30ean egindako kontsulta).
Herbers, K., eta Plötz, R.; Reimóndez Fernández, J. (itz.), Caminaron a Santiago. Relatos de peregrinaciones al «fin del mundo», Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1999, 81.-94. or.
Honemann, V., «Sebastian Ilsung als Spanienreisender und Santiagopilger (testu-edizioarekin)», Herbers, K. (arg.), Deutsche Jakobspilger und ihre Berichte (Jakobus-Studien 1), Tübingen, 1988, 61.-95. or.
Jusué Simonena, C., eta Ramírez Vaquero, E., Olite, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2010, 54. or.
Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª, eta Uría Ríu, J., Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk, 1948, 90., 95. eta 317. or.
Aipamen bibliografikoa
Jusué Simonena, C., “Ilsung, Sebastian”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 349-351.





