Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

ILARREGI, Miguel (Nafarroa, XVII. mendea – Nafarroa, 1716)

Karguak eta lanbideak

 Nafarroako Errege Auzitegietako Abokatua, Nafarroako erresumako sindikoa eta fiskal nagusia

Ibilbidea

Miguel Ilarregi eta haren emazte Teresa Claver Aranguren Iruñean bizi ziren. Ilarregi, Zuzenbidean lizentziatua izaki, Nafarroako Errege Auzitegietako abokatu aritu zen eta 1692ko abenduaren 23an erresumako sindiko izendatu zuten. 1693ko azken hilabeteetan, jurisdikzio arazo batengatik Toribio de Mier gotzainak Kontseiluko epaile guztiak eta Gorteetako alkatea eskumikatu zituenean, piztutako istilua baretzeko, Baltasar Zuñiga Guzman erregeordeak lau abokatu izendatu behar izan zituen, ebazpen zain zeuden auzien kargua har zezaten, eta beste bi abokatu fiskal-eginkizunetarako. Miguel Ilarregi lizentziatua fiskal aritu zen arazoa 1695eko apirilean konpondu zen arte.

Corellako Gorteek 1695eko abenduaren 24an Ilarregiri agindu zioten, erresumako sindikoa izaki, Nafarroako legeen bilduma berri bat egiteko, 1512 eta 1716 bitarteko aldia jasoko zituena, Chavierrek 1686an idatzitako Fveros del Reyno de Nauarra lanak ez baitzien behar adinako erantzunik eman erresumak zituen beharrizan juridikoei.

Miguel Ilarregi 1716an hil zen, hogeita bat urtez zintzo landutako eginkizuna bete ondoren. Ia amaituta utzi zuen I. liburukia, 31 atal luze jasotzen zituena. Hura hiltzean, Joaquin Elizondok hartu zuen haren lekua, eta urte hartan berean, ekainaren 19an, jaso zuen lanean jarraitzeko Iruñeko Gorteen agindua.

Ilarregi lanean zintzo eta kementsu aritu arren, hark idatzitako I. Liburuaren tamainak ez zituen agindu-emaileak gogobete, 1716ko ekainaren 26an erakundeen ordezkariek idatzitako txostenean antzematen denez, eta Elizondok Liburu hura ere trinkotu eta berregituratu behar izan zuen. Horrek Ilarregiren egiletza ezkutatu zuen, Novísima Recopilación lanaren Lehen Liburua osatzen zuten 941 folioak hark idatzi bazituen ere, hau da, A. Zubirik bere edizio kritikoan egindako erkaketaren arabera, lan osoaren erdia, alegia, lehenengo liburukiak jaso zuena. Ilarregi hil ondoren, Elizondok berak bakarrik koordinatu zituen II., III., IV., eta V. Liburuak, hau da, obra osoaren beste erdia, bigarren liburukian biltzen dena. Ilarregiren heriotzaren ondoren, Gorteek haren alarguna saritu zuten, senarrak egindako lana eskertuz. Gorteek esanbidez aitortu zuten lehenengo liburuaren prestaketa ia amaituta utzi zuela Miguel Ilarregik, eta Elizondo obraren koordinatzailea edo zuzendaria izan zela onartu zuten.

1735eko uztailaren 23an, Ilarregi lana prestatzen hasi zenetik berrogei urtera, Errege Kontseiluko idazkari Miguel Rodriguezek Novísima Recopilación  inprimatzeko lizentzia, tasa eta pribilegioen ziurtagiria eman zizkion Diputazioari.

Obrak

Novísima Recopilación de las Leyes del Reino de Navarra hechas en sus Cortes generales desde el año de 1512 hasta el de 1716 inclusive, Iruñea: Joseph Joachín Martínez Inprimategia, 1735. Berrarg. Novíssima Recopilación de las leyes del Reino de Navarra hechas en sus Cortes Generales desde el año 1512 hasta el de 1716 inclusive: edición realizada conforme a la obra de D. Joaquín de Elizondo, año 1735, Foru Zuzenbidearen Liburutegia Bild. 2. zk, Iruñea: Aranzadi: Nafarroako Foru Diputazioa, 1964, 3 libk. Novíssima Recopilación de las Leyes del Reino de Navarra hechas en sus Cortes Generales desde el año de 1512 hasta el de 1716 inclusive, Pamplona, 1735, Zubiri Jaurrieta, A. (arg.), Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2009, 2 libk. [Egilerik gabe], Índice auxiliar alfabético de Fuero General, Novíssima Recopilación y Cuadernos de las Cortes de Navarra, Iruñea: Aranzadi, 1971 (1735eko laneko urtekarien jatorrizko indize analistikoa du, 1964ko edizioan jaso ez zena).

Bibliografia

Auñamendi Entziklopedia, «Ilarregui, Miguel», in Enciclopedia Auñamendi. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/ilarregui-miguel/ar-73399/ (2018ko urriaren 3an egindako kontsulta).

Pérez Goyena, A., Ensayo de Bibliografía Navarra desde la creación de la imprenta en Pamplona hasta el año 1910, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa-CSIC, 1949, 2. libk., 683.-692. or.

Sesé Alegre, J. M.ª, El Consejo Real de Navarra en el siglo xviii, Iruñea: Eunsa, 1994.

Zubiri Jaurrieta, A., eta Tamayo Salaberria, V. E., «Introducción», in Elizondo, J. (biltz.), Novísima Recopilación de las Leyes del Reino de Navarra hechas en sus Cortes Generales desde el año de 1512 hasta el de 1716 inclusive, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2009, 1. libk., 15.-26. or.

Aipamen bibliografikoa

Lizarraga Rada, M., “Ilarregui, Miguel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 558-559.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP