Karguak eta lanbideak
Poligrafoa, teologo
Ibilbidea
Gutxi dakigu egile honen bizitzaz. Haur eta nerabe zenean, jaioterrian bizi eta bertako hainbat maisurengandik jaso zuen prestakuntza: sunna eta erlijio-zientziak, bereziki. Haren ‘adab idazkiak zirela eta, agintariek errespetatu egin zuten eta, horregatik, 236./851. urtean, kadi izendatu zuten. Kargua 256./870. urtera arte bete zuen, orduantxe ikuskari izendatu baitzuten maẓālim delako erakundean, Bagdaden. 257./871. urtetik aitzina, bere obrak erakusten aritu zen hiri bereko barruti batean, hil egin zen arte.
Hainbat ‘adab lan ondu zituen; haien artean, ‘Adab al-kātib izenburukoa. Liburu horren aurkezpenaren karira, Mutawakkil, AbūḤasan’Ubayd Allāh ibn Ḫākām bisirraren babesa jaso zuen (263/877); izan ere, liburuari esker, bisirraren eta kalifaren errespetua lortu zuen. Testuan, idazkari perfektuaren ezaugarriak deskribatzen dira, liburuaren xedea baitzen administrazioan egindako gehiegikeriak zuzentzea. Testua agintari izango zirenen eskuliburua izan zen, Estatuko agintari nagusi izango ziren heinean, eta besteak beste, fatimatarren eta andalustarren etxeetako printzeek nahitaez ikasi behar izan zuten.
Uste denez, Ibn Quṭaybak bestelako liburu eta eskuliburuak idatzi zituen Bagdadeko gizartearen prestakuntza intelektual, profesional eta moralerako. Izaeraz kartsua, idazlanek zuzenean jo zuten bai Aristotelesen filosofia (falsafa) zientifikoaren kontra, bai teologia arrazionalistaren (kalām) kontra, bai eta ildo horrek abbastarren goi-klaseko gizartean sortutako eraginaren kontra ere. Sutsu defendatu zuen sunna edo ḥadiṯa, hau da, Profetaren esanak eta eginak, bai eta bere lankideak ere. Horregatik, hanafitarrei egin zien aurre.
Ibn Quṭaybaren obra iii/ix. mendearen bukaeratik aurrera ezagutu zen Egipton, Magreben eta Al Andalusen, bai eta beste egile garaikide batzuen lana ere: adibidez, Abū Ubayd al-Qāsim b. Sallām (224an/838an hila.), al-Jāḥiẓ (255ean/869an hila) eta beste batzuena. Haren obra Afrikako iparralde guztian Al Andaluseraino gehien zabaldu zutenen artean, lehenik Ibn Quṭaybaren semea aipatu behar da, hots, Aḥmad b. ‘Abd Allāh b. Quṭayba (322an/933an hila). Izan ere, semea Egipton bizi eta bertan epaile aritu zelarik, aitaren lana ezagutzera eman zuen. Eta bigarrenik, Abū ‘Alī al-Qālik egindako zabalkunde-lana aipatu behar da (356an/967an hila).
Al Andaluseko hainbat egilek Ibn Quṭaybaren obra ––Adab al-Kitāb liburua, zehazki–– zabaldu eta kritikatu zuten; ’Ibn al-Sīd al-Baṭalyawsī-k, besteak beste. Ibn Quṭaybaren ikasleen artean, Aḥmad semeaz gain, beste bi nabarmendu ziren: batetik, ‘Ubayd Allāh b. ‘Abd al-Raḥān al-Sukkari, Abū Muḥammad ‘Abd Allāh b. Ḏa’far ibn Durustwayh, eta bestetik, Ibrāhīm b. Muḥammad b. Ayyūb al-Ṣā’igh. Al Andalusen, berriz, Qāsim b. Aṣbag, Bagdaden 274./887. urtean ikasitakoa.
Ibn Quṭayba, bestalde, Kitāb al-Imāma wa-l-siyāsa lan anonimoaren egiletzat jo zen, oker jo ere. Hartan biltzen dira islamak Magreben eta Al Andalusen egindako hedapenari buruzko zenbait kontakizun; Egipton idatzitakoak, ziurrenera. Viguera Molins bat dator Makki adituak Kitāb al-Imāma wa-l-siyāsa liburuaren egiletzaz esandakoarekin; hau da, iii./ix. mendearen bigarren erdiko egile egiptoar bat izan zela, Mu´ārik esaten ziotena. Beraz, kontuan hartuta, bai kronologia, bai Ibn Quṭayba egilea Dīnawar eta Bagdad hirietan bizi izan zela, bai eta Mūsà ibn Nu̮ṣayr-i buruzko pasarteen berri emandako egileen gaineko erreferentziak ere, esan daiteke ez dela lan hura Kufako idazleak idatzia.
Bai Ibn Quṭaybari okerkuntzaz egotzitako zatiek, bai Ajbar Machmua kronikak, bai Ibn Quṭīyaren obrak, esaten digute zer gertatu zen musulmanek Al Andalusen emaniko lehen etapetan. Hainbat daturi esker, historiografiak lehen urte haietako konkistatzaileen ibilbidea azaldu digu. Horrela, badakigu Rodrigo baskoien kontra zebilela borrokan Penintsularen iparraldean, musulmanak 198./711. urtean sartu ziren unean. Bestelako gertakariak ere ageri dira gure egilearen obran, hala nola Mūsā Ibn Nu̮ṣayr-ek iparrerantz jo, eta 200/713. urtean, baskoien aurkako erasoak egin zituela, eta era berean, gero, Galiziarantz joan zela; Lugora, zehazki. Musulmanak Lugora iritsi zirela kontatzen du eta, hirian, Rodrigok bake-eskean zetozen pertsona batzuk hartu zituela; bakea inolako eragozpenik gabe eman zuen. Halaber, Zaragozatik hurbileko erretiratzeari buruzko kontuak aipatzen ditu, eta baskoirik ere izan zela Damaskoraino joandako segizioan, kalifaren aurrean lurralde-konkista hura arrakastatsua izan zela justifikatzeko. Albiste horiek datu gutxi ematen dituzte, geroko beste kronika batzuetan osatu zirenak. Testua, zehazki, historia- eta literatura-bilduma bat da, Pascual de Gayangosek eta Julián Riberak xix. mendean aztertua eta itzulia, hurrenez hurren. Viguera Molinsek «Pseudo» goitizena eman dio Ibn Quṭaybari. Bestalde, Rodrigoren elezaharrari nahiz Toledoko Sarraila Etxeko irekierari buruz, Julia Hernández Juberíasek Pseudo Ibn Quṭayba ere jo du(vi./xii. m.) Aḥadīṯ al-imām lanaren egiletzat.Ekialdeko egileak Al Andalusen izan omen zituen ondorengoen artean, ‘Īsa Ibn Quṭayba al-Dīnawarī aipatu behar da, Ekialdean ere xi. mendean jaioa. Ez dakigu, ordea, noiz hila. Sevillan bizi izan zen al-Mu’tamid erregearen agintaldian (461-484/1069-1091). Erregearentzat, hain zuzen, Ta’lif fī Ma’nà al-ta’rij edo Historiaren esanahiari buruzko obra idatzi zuen. Ibn Baškuwāl idazleak esan zuen obra hori bat zetorrela bere Ekialdeko arbasoak idatzitakoarekin, hala edukietan nola deskribapenetan.
Obrak
Lecomtek egileari egotzitako hamasei lanen artean, hauek nabarmentzen dira:
Kitāb ‘Adab al-kātib, Dālī, M. al (arg.), Bayrūt: Mu’assasat al-Risāla, 1402/1982.
Kitāb Gārib al-ḥadīṯ, ‘A. al-Ŷabbūrī (arg.), Bagdad 1977, 2 liburuki.
Kitāb al-Ma’ārif, I. ‘Ukkāša (arg.), Cairo, 1981. 4. argit.
Kitāb al-Šir wa-l-šu’arā, Aḥmar Šākir (arg.), Beirut, 1364-1369/1945-1950.
Kitāb Taʾwīl muškil al-Quʾrān, al-Qāhirah: Dār al-Turāth, 1973.
‘Uyūn al-ajbār, 4 liburuki, Kairo, 1343/1925-1349/1930. Sanz Recio, M. M. (arg.), ‘Uyūn al-ajbār. El Libro de las Mujeres. F. Maíllo Salgadok zuzendutako doktoretza-tesia. Universidad de Salamanca, 2013.
Bibliografia
Documentación, Ibn Quṭayba al-Dīnawarī, ‘Īsa. Lirola Delgado, J., eta Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.), Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl, 2006, 4. libk. 410. or.
Hakim, A., The epistle of the eloquent clarification concerning the refutation of Ibn Qutayba by al-Qādi al-Nu’mān b. Muḥammad (d.363/974). Critical edition with an introduction by…,Leiden; Boston, Mass.: Brill, 2012.
Hernández Juberías, J., La península imaginaria: mitos y leyendas sobre al-Andalus, Madrid: CSIC, 1996.
Lecomte, G., Ibn Qutayba (mort en 276/889); l’homme, son œuvre, ses idées, Damas: L’Institut Français de Damas, 1965.
Soravia, B., «Ibn Qutayba en al-Andalus. La préface à l’Adab al-Kātib dans le commentaire d’Ibn al-Sīd al-Baṭalyawsī», al-Qanṭara, 25 (2004), 539.-565. or.
Viguera Molins, M.ª J., «Cuando Córdoba pasó a ser capital de al-Andalus», in Revista Mulk, 15 (2017), 13.-43. or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “Ibn Qutayba”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 164-166.





