Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

HUMBOLDT, Wilhelm von (Potsdam, Alemania, 1767ko ekainaren 22a – Tegel, Alemania, 1835ko apirilaren 8a).

Karguak eta lanbideak

Humanista, politikoa eta hizkuntzalaria

Ibilbidea

Alexander von Humboldt geografo eta naturalista ospetsuaren anai nagusia zen Wilhelm von Humboldt. Bi aldiz egon zen Euskal Herrian, bai iparraldean, bai hegoaldean ere, eta testu ugariz osatutako obra oparoa utzi zuen «euskaldunen hizkuntzari eta nazioari buruz». Hala ere, lehenik eta behin, azaldu behar da hark hartutako erabaki terminologiko bat, euskaldunen multzo osoa barne hartuko zuen izen bakar bat ez zegoela egiaztatu ondoren: «erabat harritu naiz, etnia osoa aipatu nahi izan dudanean». Hona hemen nola azaltzen duen arazoa: haiek beren buruaz ari direla «euskaldunak» hitza erabiltzen dute, baina lurralde bakoitzari dagokion izendapena erabiltzen dute; frantsesek «Biscayens» eta «Basques» hitzak erabiltzen dituzte, baina lehenengoa hegoaldekoei dagokie bakarrik, eta bigarrena, berriz, iparraldekoei; espainolek, berriz, «provincias vascongadas» moldea erabiltzen dute, baina Espainia aldeko euskaldunak bakarrik aipatzeko. Horiek ikusirik, Humboldt erabat harrituta dagoela aitortzen du: «Horra nola galdu duen etnia dohakabe horrek bere izenaren batasuna ere». Baina haren ikerketen xedea ez da mugatzen euskaldunak bizi diren lurraldearen zati bakar batera —mugak zirkunstantzialak dira, betiere— eta horregatik behar du, hain zuzen ere, euskaldun guztiak bilduko dituen eta haiek guztiek erabiltzen duten izen komun bat. Horregatik, Schlözer maisuari jarraikiz, honako izendapen hauek erabiltzea erabaki zuen: «Frantziako Euskal Herrian, hegoaldeko euskal probintzietan eta Nafarroan bizi den etnia osoa aipatzeko: Vasken; herrialdearen alderdi espainiarra aipatzeko: Biscaya; errepublika frantsesaren menpeko euskaldunak aipatzeko: Basques». Izen horiek hautatzea eztabaidagarria izan daiteke, noski, baina garrantzitsua dena zera da, Humboldtek beharrezkoa ikusi zuela —subjektu politikoaren inguruko eztabaidak alde batera utzirik— euskaldun guztiak batera aintzat hartu ahal izatea, ezagutza historiko eta kulturalaren objektu gisa.

Nolanahi ere, euskaldunek Humboldtengan piztu zuten interesa ulertzeko modu bakarra da kontuan hartzea gizakiari dagokiona ulertzeko eta aztertzeko hark zuen berezko era, alegia, «antropologia konparatu» baten testuinguruan, esamolde hori erabili baitzuen berak, jakintza-ildo hori garatu zuenean, 1796 eta 1797 bitartean. Garai hartan Herder filosofo eta teologoak —Kant-en formalismoa kritikatuz eta osatuz— deskubritu zuen historikotasuna gizakiaren berezko osagaia zela, eta horrenbestez, kultura ulertzeko eta haren askotariko adierazpenak begiratzeko era iraulkatu zuen. Norbanako bakoitzaren hemen eta orain egiazko izatearen eta egiazko etorkizun bat izateko hark dituen aukerak dira, eta, zentzu horretan, Humboldtek argi ikusten due- naren arabera, «behar-beharrezkoa dugu gizakiaren ezagutza banakatzaile bat». Izan ere, haren antropologiak ez du bilatzen ezagutza kontzeptual hertsi bat, gizakiaren ulermen irudimentsu ireki bat baizik, non, konparaziotik abiatuta, pertsona guztien errealizazioa eta garapena lortzeko zantzu lagun- garriak aurkituko ditugun. Dena den, Humboldtek ez du ahazten gizaki historikoa —entelekia historikoa ez izateaz gain— betiere leku guztietan dela izaki sozial bat, salbuespenik gabe giza talde zehatzetako partaidea, askotariko nortasun kulturalekin. Horrenbestez, kolektibo horiek, hark gehienetan nazio, herri edo etnia deitzen dituenak, haren antropologia konparatuaren ikerketaren ezin utzizko xedea dira, haren ideiaren arabera, bidaiak ikerketarako baliabide ezinbestekoa baitira. Humboldtek lehenesten zituen «irudi biziak» eta baztertzen zituen «hitz hilak»; hona nola azaltzen zuen: «nazio arrotz bat ulertzeko, haren berezitasunaren gakoa argitzeko, ezinbestekoa da nork bere begiez ikustea».

1798ko azaroaren eta 1801eko abuztuaren artean Humboldt Parisen bizi izan zen —frantziarrak eta alemanak kontrajarriz «izaera nazionala» zer den ulertu nahian—. Orduan ezagutu zuen Garat lapurtarra, eta Euskal Herrira etorri zen bidaian, bi aldiz. Lehenengo bisita, 1799ko urriaren 10etik 18ra bitartean, familia osoarekin egin zuen «Espainiarako bidaia» handi baten barruan egin zuen; bigarrena, berriz, 1801eko apirilaren 27tik maiatzaren 3ra arte, Euskal Herria soilik bisitatzeko egindako «euskal bidaia» izan zen, gehiena berak bakarrik egin zuena. Nolanahi ere, komenigarria da azpimarratzea Humboldten bidaia horiek, gauza guztien gainetik, zientifikoak direla —haiei buruz landa-ikerlanak zirela esan dezakegu— eta horregatik, zehaztasun handiz prestatzen zituela, eta ondoren bere oharrak begiramen handiz lantzen zituela. Haren helburua da, kasu honetan, euskaldunen multzo osoa, taldea osatzen duten aldetik, ezaugarritzea —mugak ezarritako zatiketa eta zein estatutakoa den lurraldea alde batera utzita— eta haien talde-nortasuna zehaztea, haien artean nahiz beste hainbatekin konparatu ondoren. Euskal Herrira egindako bidaietan Humboldtek ohar ugari jaso zituen, funtsean, gure fisionomiari eta paisaiari buruzkoak, kultura- nahiz etnografia- arlokoak, eta, oroz gain, auzi politiko eta historikoei zegozkienak. Aipagarria da, gainera, bere bidaien hasieratik beretik, —eta are zenbait hilabete lehenagotik ere— interes handia erakusten duela euskaragatik, eta zentzu horretan, hiz- kuntzaren inguruko materialak biltzeko asmoa hartu zuen. Hurrengo hogei urteetan material horiek zehatz mehatz aztertu zituen. Euskal Herrian barna egindako bidaietan, funtsean, hainbat ohar jaso zituen beste hainbeste testutan, —bidaia-egunkariak eta andreari idatzitako gutunak— eta handik gutxira bi bidaia-kontakizun atondu zituen, bietatik osoena eta garrantzitsuena Die Vasken izeneko lana dela.

Humboldten arreta pizten duen lehenengo gauza, oro har, zera da, euskaldunek herri baten berezitasuna agertzen dutela, eta horrenbestez, behin eta berriro euskaldunen aipamena egiten duenean «etnia-izaera» eta «nazio- izaera» esamoldeak erabiltzen ditu. Aldi berean, ordea, azpimarratzen du euskaldunak ez direla, inolaz ere, «mendiko artzainak», edo «zerbitzari zapalduak», aitzitik ere, euskaldunek beren «konstituzio politiko autonomoa» eratu dute eta «ongizate oparoa» lortu dute. Harago joanda, Humboldt iritsi zen esatera euskaldunak, kosta ahala kosta, lortu dutela «emaitza onez eramatea beren eremura ilustrazio europarraren fruiturik onuragarrienak, beren jatorrizko berezitasuna eta apaltasuna bazter utzi gabe». Horrek guztiak area- gotu zuen euskaldunak herri edo nazio gisa ikertzeko zuen interesa: «hizkuntza, konstituzioa, ohiturak, aurpegiaren itxura, hitz batean, euskaldunen inguruko guztia, alde batera utzi gabe haien lurraldearen itxura, horiek guztiak dira etnia garbi eta berezi horren ezaugarriak». Baina Humboldt ez da bereziki baikorra euskaldunen etorkizunari buruz, eta, adibidez, egiaztatzen du «haien azkena poliki-poliki prestatzen ari diren eraginak» badirela —bereziki ipar Euskal Herrian, baina hego Euskal Herrian ere bai—. Hara nola azaldu zuen berak: «eragin horiek poliki-poliki haien hizkuntza zokoratzen ari dira, eta era horretan, ezinbestez, haien berezitasun nazionala galtzen da. Bistan da haien gainbeherak hemendik aurrera abiadura handiagoa hartuko duela». Humboldtek etsipenez ikusten du gainbehera benetan gerta daitekeela, —haren hitzetan, «mende eskas» batean gerta daiteke— eta horrek berak areago- tzen du harengan euskaldunen nazioaren ezaugarritze oso eta behin betikoa burutzeko asmoa.

Humboldtek bere bidaietan egin zituen behaketa ugarietatik eta bere idatzietan jaso eta lantzen dituen oharretatik, aipamen berezia merezi dute hemen euskaldunen «konstituzio politiko autonomoa» delako horrekin zerikusia duten oharrek. Hala ere, azpimarragarria da, oro har, teoria eta praktika politikoarekiko duen interesa —bizi guztian agertu zuena— bere proiektu antropologiko berezitik sortzen dela, izan ere, politika ikusten du, ororen gainetik, humanizazioa lantzeko baliabide gisa. Hain zuzen ere, Humboldtek begiz jotzen ditu euskal lurraldeetako «Foruak», eta pozez egiaztatzen du horiek antzinatik arautzen dutela bizitza soziala eta politikoa, oinarritzen direla norberaren «askatasun pertsonalean», eta horiek direla «nazioaren egiazko kode legegilea». Harridura eragiten diote, halaber, «Batzar Nagusiek», eta Gipuzkoaz ari dela, adibidez, aipatzen du «demokrazia perfektua eta garbia» —«ordezkaritza-sistema» baten aurrean— eta Bizkaiaz ari dela, berriz, «nekazarien konstituzio librea» —«zaldunen konstituzio feudal» baten aurrean—. Zalantzarik gabe, Humboldtek, bere testuetan, berari kontatzen diotena kontatzen du —horrek subjektibotasuna adierazten badu ere—, baina era berean, zalantzarik ez da hark Euskal Herrian zerbait ikusi zuela, ez Berlinen, Ez Parisen, Ez Madrilen, ikusi ez zuena. Horren erakusgarri, hona aipu hau: «egiazko ahal gorenaren eskubidea, hemen, ez dago klase bakar berezi baten eskuetan, aitzitik ere, eskubide hori nazioaren beraren baitan dago, eta oro har, nazio horretako herritar nekazariengan». Egia dena zera da, haren oharre- tan akatsak aurki badaitezke ere, Humboldtek argi ikusten zuela euskaldunek berezko antolamendu politiko bat landu zutela, eta horrek, «despotismotik» eta «anarkiatik» urrun, aukera eman diela haien herri-nortasuna babesteko. Baina etorkizuna «Espainiako eta Frantziako euskal probintzientzat» ziurtasunik gabea da —lehen aipatu ditugu herri honen «berezitasunak» arriskuan jartzen dituzten «eraginak»— eta horrek eramaten du Humboldt gogoeta orokorra egitera dibertsitatearen kudeaketa politikoaren zailtasunari buruz. Bere bidaietan, lehenik eta behin, «Frantziako Iraultzak eraitsi ditu Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko konstituzio partikularrak» egiaztatzen du, eta horrez gain, ohartarazten du «Espainiako gobernuak gogorkeriaz eta jeloskeriaz tratatzen ditu Biscayako lurraldeetako euskaldunak». Horregatik, Humboldtek —ia galdutzat emanez iparraldeko euskaldunak— interes politiko handiko galdera bat planteatzen du: «Nola tratatu behar du Monarkia Espainiarrak euskaldunen nazioa, haien indarra eta jarduera ahalik eta probetxu- garrienak izan daitezen?». Nolanahi ere, egitate horrek adierazten du beste arazo orokorrago bat, lehenago edo beranduago politikari guztiek aurrez au- rre aurkituko dutena, alegia, aukeratzea, diferentziak ezabatzea efizientziaren izenean, edo diferentziak sustatzea aberastasunaren izenean. Funtsezko gaia da, Humboldten arabera, gaurkotasun handikoa eta saihestezina —gero eta gehiago, ageri denez— hain zuzen ere, «une honetan askotan gertatzen da hainbat herri edo etnia elkartzea estatu bakar batean». Gertatzen dena zera da, politikariak gehienetan aukeratzen duela dibertsitatea ez zaintzea eta homogeneotasuna bultzatzea eta, horregatik, premiazkoa iruditzen zaio ongi ezagutzea «ezaugarri bereziak» eta ikustea ea nola horiek aberastasuna ematen dieten «masa handiei». Azpimarratu behar da Humboldtek «nazioa» entitate antropologiko gisa ikusten duela, eta «estatua» instituzio osagarri gisa, eta horregatik, ez du arazo kontzeptualik, bi estatutan banatutako nazio bati buruz hitz egiteko.

Euskaldunak Frantzian eta Espainian izatea gainditu beharreko zailtasuna da, haiek nazio gisa ezaugarritzeko erronkari aurre egitean, baina, beste alde batetik, horrek berak aukera ematen dio Humboldti gogoeta egi- teko muga politikoen esanahiari buruz. Lehenik eta behin, egiaztatzen du Konbentzio Gerrak (1793-1975) arazo ugari ekarri zituela, eta, esate baterako, Hendaia eta Hondarribiako herritarrak aipatzen ditu, «etnia berekoak izanik eta hizkuntza bat eta bera erabiltzen dutelarik», ez baitute lehen bezalako bizikidetzarik. Funtsean, Humboldten arabera, auzia ez da euskal- dunena, alegia, «estatuen arteko gerra da, eta haiek estatu horietakoak dira kasualitate hutsez» baina horrek, egiaz, «haien arteko ohiko hartu-emanetatik aterarazi ditu herritar horiek, eta haien sentimenduak ezarri dizkie». Horrenbestez, adibide horretatik abiatuta, baina harago joanda, bere buruari galdetzen dio, orokorrean, zer den eta zer ekartzen duen «muga batek», alegia, «horma erdibitzaile bat, modu arbitrarioan edo kasualitatez, bi giza talde kondenatzen dituena destino diferenteetara». Adierazgarria da, al- derdi horretatik, Humboldtek —mugei eta haiek eratzeko prozesuei buruz mintzatzean— behin eta berriro esatea «hizkuntza eta kultura aniztasuna» direla, egiaz, «nazioen arteko beste muga natural baten gisakoak». Hori ain- tzat hartuta ulertzen ahal da euskaldunak, talde gisa, unitate berezko eta berezi bateko kidetzat hartzea: «bizkaitar gogorrak eta zuberotar finak hizkuntza bat bera erabiltzen dute… eta elkar ezagutzen dute nazio bereko senide gisa…». Beraz, mugaren auzia alde batera, Humboldtek ondorioztatzen du «etnia baten nortasuna ez da agertzen haren hizkuntzaren nortasunetik ha- rago, eta ikerkuntzak zalantzarik eta eztabaidarik gabe onartu behar duena da euskaldun guztiek nazio bakarra osatzen dutela».

Euskaldunak, beraz, antropologia konparaturako «ikergai hagitz interesgarria» bihurtzen dira, eta egiaz, Humboldtek berak argitaratu zuen, 1812an, testu gako bat, «deskribapen oso bat, euskal etniari buruzko egiazko monografia bat» iragartzen zuena. Euskaldunetan zentratzeko ideia lehendik ere adierazi zuen, Euskal Herrira egindako bidaien ondoren, eta 1802an, «behin betiko erabakia» hartu zuen zentzu horretan. Horrek berak eragin zion atzera egitea «Espainiarako bidaiaren» deskribapen osoa egiteko hasieran zuen as- moan. Humboldten helburua euskaldunak komunitate bat osatzen zutela era- kustea zen, —nazio gisa zerk eta nola ezaugarritzen dituen azaltzea lortu nahi zuen— eta horretarako planteatzen eta aurreikusten zuen ikerketa-lan bat, hiru atal handitan egin beharrekoa. Lehenengoak, «irakurleari eskaini behar dio herriari eta herritarrei buruzko kontzeptu argi bat» eta, horretarako, «Espainiako Euskal Herrira eta Frantziako Euskal Herrira» egin zituen bidaietan jasotako ohar etnografikoak azaltzeko asmoa zuen. Monografia horren bigarren atala izanen zen garrantzitsuena eta luzeena, eta hark eskaini behar zuen, Humboldten aburuz, «euskararen analisi» zorrotz eta sistematiko bat, alegia, «kontzeptu argi bat», bai euskararen «egitura gramatikalaz», bai «euskararen egitura lexikalaz» ere. Hirugarren atalak, azkenik, aurreko bietatik abiatu behar zuen, «euskal nazioaren eta hizkuntzaren inguruko ikerketa historiko eta filosofiko sail oso bat» jaso behar zuen, eta haiek Euskal Herriak eta euskarak nazioen eta hizkuntzen multzo osoan zuten lekua deskribatu behar zuten. Humboldtek ez zuen amaitu euskal monografia, ez behinik behin hasieran pentsatu bezala, baina testu garrantzitsuak utzi zizkigun: lehen aipatutako Die Vasken, bere bigarren bidaiari buruz, Berichtigungen und Zusätze, euskarari buruz, eta Prüfung der Untersuchungen euskal-iberismoari buruz.

Bere proiektu monografikoa azaltzeko unean, hasieratik beretik, Humboldtek azpimarratzen zuen euskaldunen nazioa deskribatzea» —eta nazio gisa ezaugarritzea— «historia unibertsalaren» lan funtsezko eta ezin utzizkoa zela. Historia unibertsalak humanitatearen garapena aztertzen du multzo osoa aintzat hartuta, egia da, baina ez du tentazio uniformatzaileetan erori behar: «historia unibertsalak, zalantzarik gabe, ikuspegi desberdinetatik kontatutako historiak biltzeko aukera eman eta eskatu ere egiten du». Ildo horretatik, Humboldtek gogoeta egiten zuen historialariaren eginkizunari buruz, eta, hain zuzen ere, ohartarazten zuen historialariak —ohi- koa izan denaren aurka— ez zituela bilatu behar erregulartasunak bakarrik, eta giza adierazpenen alderdi espezifiko eta partikularrak ere aintzat hartu behar zituela. Helburua, bere kontzeptu antropologikoaren arabera, giza norbanakoen eta taldeen ikerketa konparatua egitea zen, haien errealitate zehatza azaltzea baztertuko ez zuena. Eta gauza bera zen, Humboldten arabera, naturak gizakiaren izaeran duen eragina aintzat hartzea: «norbanakoa librea eta autonomoa da leku guztietan… baina giza generoa, genero begetal eta animalietan gertatzen den modu berean, naturakoa da». Oinarrizko ideia bat zen, eta ondorengo hainbat testutan ere berriro ere gogoratzen zuen gizateriaren historia naturaren historiaren atal bat besterik ez dela: «giza generoa landare natural bat da… eta haren etnia eta nazio ugariak produktu naturalak dira». Horrek azaltzen du, azken finean, zergatik ikusten zituen Humboldtek nazio kulturalak entitate ia natural gisa —estatuak, berriz, ad hoc sortutako entitate politikoak zirelarik— eta zergatik gizateriaren historia unibertsalak ikertu behar zuen euskaldunen historia ere.

Nolanahi ere, eta nazioen dimentsio natural horren haritik, Humboldtek argi zuen euskaldunen inguruko ikerketa historiko bat —berak bere mo- nografian egin nahi zuena, adibidez— euskararen gaineko ikerlan zabal eta zehatz baten inguruan ardaztu behar zela. Zentzu horretan, komenigarria da berriro ere aipatzea hark euskararekiko zuen interesa hasieratik sumatzen dela, eta berak ere gogora ekartzen zuela Euskal Herrira egin zuen bigarren bidaia, neurri handi batean, interes horrek eramanda egin zuela: «bidaia horren ardatz nagusia hizkuntza zen». Humboldten ustez, betiere, ezaugarritze nazional guztiak, berez, hizkuntzaren inguruko ezaugarritze batekin lotuta egin behar ziren, izan ere, haren iritziz, «nazioen arteko aldeak haien hizkuntzetan adierazten dira zehatzen eta argien». Beraz, modu esplizituan defendatzen zuen «historia eta hizkuntza biak batera ikertzea» —horrek zekarren berritasunaz kontzientea zela— eta azken buruan, horrek aukera eman behar zuela «ulertzeko nola herri baten hizkuntza den, aldi berean, haren erakuntzaren eskala eta bitartekoa». Era horretan Hum- boldtek amesten zuen, nolabait esatearren, «hizkuntzen entziklopedia orokor bat» prestatzen hasteko ideiarekin, eta horrek berak bidea emanen zuela giza generoaren nazioen historiak konparatzeko deskribapenaren bidez, eta haiek deskribatzeko, konparazioaren bidez. Hizkuntzaren zentraltasunaren testuinguru horretan ulertu behar zen, hain zuzen ere, bai euskararen inguruan hark egindako «analisia», bai euskal-iberismoaren gainean egiten zuen «azterlana», horiek une horretan zuten gaurkotasuna eztabaidagarria izanda ere, inola ere ez baitute galtzen beren zentzu antropologi- koa. Monografia horretan euskarak zuen garrantzia, izan ere, Humboldtek, Euskal Herrira egin zituen bidaien ondorioz, bere antropologian hizkuntzari ematen zion garrantziaren ondorioa zen, hizkuntza ikusten baitzuen giza izaeraren berezko osagai gisa.

Humboldtek askotan galdetzen zion bere buruari nazioa zer zen edo zeri deitzen zitzaion —ez euskaldunekin lotuta bakarrik—, eta zentzu horretan, ondorioztatzen ahal dugu hark ulertzen zuela, oro har, «hizkuntza-komuni- tate» baten gisa. Haren bizitzaren amaiera aldean, 1827 eta 1829 bitartean, idatzitako testu batean, errepikatzen zuen, adibidez, ideia klasiko bat, alegia «hizkuntzek bereizten dituzte nazioak»: «giza generoaren nazioen araberako banaketa, egiaz, hizkuntzen araberako banaketa besterik ez da». Humbold- tek, gainera, konparazioz definitzen zituen hainbat kontzeptu: «herria» «bizi- lekuari eta bizikidetzari dagokie», «estatua», berriz, «konstituzio zibil» batetik ulertzen da, eta «nazioa» kontzeptuak adierazten du «jatorri» bat eta, batez ere, «hizkuntza» komun bat. Izan ere, antropologiaren nahiz hizkuntzaren in- guruan hark egindako gogoeten multzoan, ikusten dugu bera beti ari dela hiru mailatako paralelismo batetik: orokorrenean, giza izakia eta giza hizkuntza binomioa dugu —bati buruz hitz egiteak besteari buruz hitz egitea da-; maila konkretuagoan aurkitzen ditugu norbanako partikularrak eta mintzo-egintzak —benetan horiek dira ikusten eta entzuten ditugunak—; eta tarteko posizio batean agertzen da nazio kulturala eta hizkuntza historikoa bikotea —horiek direlarik gizakiari eta hizkuntzari dagokion guztiaren posibilitatearen kondizioa—. Horrek azaltzen du, azken buruan, zergatik Humboldtek ikusten duen beharrezkoa arreta jartzea, baita ere, euskaldunen herriaren errealitate historikoan eta kulturalean —mugaz gaindiko ikuspegi batetik— eta haien nazioaren eta hizkuntzaren nortasunaren berri ematea naturaltasunez.

Obrak

Edizio orokorrak. 

[GS] Gesammelte Schriften (I-XVII). Arg.: Leitzmann, Albert et al. Berlin: Behr, 1903-1936.

[WfB] Werke in fünf Bänden (I-V). Arg.: Flitner, Andreas/Giel, Klaus. Stuttgart: Cotta, 1960-1981.

[SAB] Schriften zur Anthropologie der Basken. Arg.: Hurch, Bernhard. Paderborn: Schö- ningh, 2010.

[BWG] Baskische Wortstudien und Grammatik. Arg.: Hurch, Bernhard. Paderborn: Schöningh, 2012.

Humboldten testuen zuzeneko aipamenak. 

1804: Die Vasken, oder Bemerkungen auf einer Reise durch Biscaya und das französische Basquenland im Frühling des Jahrs 1801. In: GS XIII 1-196, WfB II 418-627, SAB 103-264.

1811: Berichtigungen und Zusätze zum ersten Abschnitte des zweiten Bandes des Mithridates über die Cantabrische oder baskische Sprache. In: GS III 222-287, BWG 291-363.

1812: Ankündigung einer Schrift über die Vaskische Sprache und Nation, nebst Angabe des Gesichtspunctes und Inhalts derselben. In: GS III 288-299, WfB V 113-126, SAB 39-57.

1821: Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohner Hispaniens vermittelst der vaskischen Sprache. In: GS IV 57-232.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J. eta AZURMENDI, J. (argk.), Wilhelm von Humboldt: un puente entre dos pueblos. Hezkuntza, hizkuntza, Euskal Herria. Oñati 1995. Monografikoa Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 41. libk., 2. zk. (1996).

AGIRREAZKUENAGA, J. eta AZURMENDI, J. (argk.), Wilhelm von Humboldt: Euskal Herria arakatzen, 1801; investiga en Vasconia, 1801; Untersuchungen im Baskenland, 1801. Monografikoa Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 48. zk., 1. zk. (2003).

AZURMENDI OTAEGI, J., Humboldt, hizkuntza eta pentsamendua. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea, 2007.

CARO BAROJA, J., Sobre la lengua vasca y el vasco-iberismo. Donostia: Txertoa, 1988. GÁRATE ARRIOLA, J., Guillermo de Humboldt. Estudio de sus trabajos sobre Vasconia. Bilbo: Bizkaiko Inprimategi Probintziala, 1933.

MENZE, C., Wilhelm von Humboldts Lehre und Bild vom Menschen. Rattingen: Henn, 1965.

MITXELENA ELISSALT, K., Guillaume de Humboldt et la langue basque, Lingua e stile, 8 (1973), 107-125. orr.

ZABALETA GORROTXATEGI, I., Wilhelm von Humboldt: hezkuntza eta hizkuntza. Donostia: Jakin, 2005.

ZABALETA GORROTXATEGI, I., Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria, Bilbo: EHU, 2017.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP