Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

HUGO, Victor Marie (Victor Hugo) (Besançon, Frantzia, 1802ko otsailak 26 – Paris, 1885eko maiatzak 22).

Karguak eta lanbideak

 Idazlea, marrazkilaria eta politikaria

Ibilbidea

Leopold Hugo jeneral inperialaren eta Sophie Trebuchet bretainiarraren arteko ezkontzatik jaiotako hiru haurretatik gazteena izan zen. Ama goiz hil zen arren, betirako arrastoa zuen harengan.

Hugok Parisen ikasi zuen, baina bere familiako gainerako kideak bezala, aitaren lanak eskatutako bizileku aldaketen menpe egon zen. Napolin eta Madrilen bizi izan zen, Jose Bonaparte I.aren erregealdien atzetik. Bere aita eta haren armada Setatsuaren atzetik joan ziren Avila eta Guadalajarako lurretan barrena. Madrilen bizi izan zen 1811 eta 1812 urteen artean, eta Hortaleza kaleko Nobleen Ikastetxean ikasi zuen, antzina fraideen ikastetxe izandakoa eta okupazio frantsesak eraldatua. Hainbat oroitzapen mingarri utzi zizkion. Es- painiara iritsi aurretik, Hugo haurrak gaztelania klaseak jaso zituen Parisen hiru hilabetez, eta, horri esker, nahiko ongi menperatzen zuen hizkuntza.

Bere ikasketak Parisko Louis le Grand lizeoan jarraitu zituen matematikari izateko asmoz, nahiko trebea baitzen horretan, baina tartean sartu zen literaturarekiko zuen maitasun handia. Nerabea zela hasi zen poemak idazten, bere amak bultzatuta. Bere kasa ikasi zuen, poemak sortu zituen eta hainbat lehiaketatan parte hartu zuen, eta baita emaitza onak lortu ere. Bere anai-arrebekin Le Conservateur littéraire aldizkaria sortu zuen 1819an. 1821. urtean bere bizitza zeharo aldatu zen, lehen poema-liburuak argitaratu zituenean. Louis XVIII.a erregea bere irakurleetako bat zen eta urtean 1.000 frankoko pentsioa ezarri zion.

1821ean bere ama hiltzeak (1813tik senarrarengandik bereizia zegoen), bere aitarenganako gorrotoak eta errege pentsio handiak hartaraturik, bere haurtzaroko lagun Adele Fourcherrekin ezkontza planak egiten hasi zen. Hugok 20 urte zituen, eta bere emazteak 19. Bikoteak harreman askea izan zuen ezkondu eta hamar urtera, eta bost seme-alaba izan zituzten, baina soilik gazteena, Adele, bizi izan zen aita baino gehiago.

Victor Hugok bizitza literario emankorra izan zuen. Guztiari buruz ida- tzi zuen bere bizitza luzean zehar. 1827ra arte poesian aritu zen nagusiki, eta, gerora ere, inoiz ez zion idazteari utzi. Urte hartatik aurrera, Cromwell an- tzezlanetik 1843ra arte, antzerkia izan zen bere kutuna. Kutsu erromantikoko drama historikoek ospe handia ekarri zioten. Hugoren lanek Aristotelesen akzio, denbora eta toki unitateak hausten zituzten. Baliteke ezagunena Hernani (1830) izatea, Aragoiko Erdi Aroan oinarritua. Obra horrek ordena publikoaren kontrako ekimenak, klasizismoarekiko haustura, eta bera buru zuen erromantizismo frantsesaren aldarrikapena ekarri zituen. Garai horretan idatzi zuen bere Parisko Andre Maria eleberri ospetsua (1831).

1830eko iraultzak ideia eta estetika «modernoen» garaipena erraztu zuen, klasizisten aurrean. Hugo izugarri nabarmendu zen Parisko giro literario eta politikoan eta, Dumasekin batera, la Renaissance antzokia zabaldu zuen. 1833an Juliette Drouet aktorea ezagutu zuen, eta, hil arte, bere maitale ofiziala izan zen. 1841ean, porrot egin zuten hainbat saiakeraren ondoren, eta publikotik eta kritikatik apur bat urrunduta ibili eta gero, Akademian sartu zen. Louis Philipe erregearen isil-mandataria zen, eta 1845ean Frantziako pare izendatu zuen.

1843. urtea negargarria izan zen. Bere Les burgraves obrak ez zuen esperotako arrakasta lortu, eta uda Euskal Herrian eta Pirinioetan eman ondoren, prentsan irakurri zuen bere alaba Leopoldine eta haren senarra Senan itota hil zirela. Idazten beti bezain frenetiko jarraitu arren, zortzi urtetan ez zuen ezer ere argitaratu. Ia hilik zegoen idazlea politikari bihurtu zen orduan, eta paper horretan inoiz baino ezagunagoa bihurtu zen.

Victor Hugoren ibilbide politikoa ez zen erabat zuzena izan. Bere ama bretainiarraren monarkismo zaharra jaso zuen, eta, pixkanaka, Frantziako politikagintzan gertatzen ari zenaren eraginez, errepublikanismo liberal erre- formista baterantz aldatu zen. Bere bizitzaren bigarren zatia politikak baldintzatu zuen, ia bere bizitzaren lehen erdiaren ardatz izandako jarduera literarioa guztiz estaltzeraino, baina ez zion sekula idazteari utzi.

1848ko Batzarrean alderdi kontserbadorearen diputatu izateko hautatu zuten. Parisko VIII. distrituko alkate ere izan zen eta langileen altxamenduak zapaldu zituen, geroago damutu bazen ere. Errepublikako presidente izateko Luis Napoleon Bonaparteren hautagaitzari babesa eman zion, baina 1849rako harengandik urrundurik zegoen, Erromako Errepublikaren aurrean Aita Santua babesteagatik. Inperioa aldarrikatu zuen 1851ko abenduaren 2ko estatu kolpearen ondoren, aipatu urruntzea bereizketa bihurtu zen.

Bere borondatez joan zen erbestera, eta 19 urtez Luis Napoleonen aurkako erresistentziaren irudia izan zen («Napoleon txikia» esaten zion bere panfleto idatzian). Brusela eta uharte anglonormandarrak izan ziren bere eta bere fa- miliaren etxea. Hugok zaletasun berriak aurkitu zituen, esaterako, argazkilaritza edota espiritismoa. Behinola izandako idazlea ere berragertu zen; idazten jarraitu zuen, eta poesia asko idazteaz gain, bere obrarik ezagunena idatzi zuen: Miserableak (1862).

Sedanen porrotaren eta Inperioaren erorikoaren ondoren, Hugo Parisera itzuli zen, mito bihurtuta, egundoko harrera baten erdian. Berriro diputatu izateko hautatu zuten, Bordelen. Hala eta guztiz ere, egoera deserosoa suertatu zitzaion. Agintari berriek ez ikusiarena egiten zioten eta komuneroei uko egin zien. Soilik errepresioagatik jarri zen haien alde, eta horregatik Luxenburgo eta Guerneseyera erbesteratu zuten.

Parisera itzuli zenean, III. Errepublikako ikono bihurtu zen eta senatari izateko hautatu zuten. Garun krisiak jo zion 1878an, eta bere jardun literarioa ia guztiz eten zen. Parisen hil zen 1885eko maiatzaren 22an, 83 urte zituela. Bere hileta nazionalak oso entzutetsuak izan ziren eta milioika pertsona bildu zituzten. Garaipenaren arkuaren azpian ikusgai egon eta gero, Panteoian lurperatu zuten.

Bere ondare politikoa garrantzi handikoa da. Esan liteke, bere borrokarik iraunkorrena heriotza zigorraren aurkakoa izan zela. Dirudienez, Gasteizen zigortutako haur baten irudiak bizi osorako hunkitu zuen. Hugok borroka soziala eta behartsuenen egoera izan zituen buruan. Miserableak behartsuen eta justuen ikurra da, askok populistatzat jo bazuten ere. Inork ez bezala ba- bestu zituen emakumeen eskubideak eta haur babesgabeek sufritzen zuten bidegabekeriaren aurka oldartu zen. Greziako, Poloniako eta antzeko kausa nazionalen alde egin zuen. Sufragio unibertsalaren eta eskola laiko eta doakoaren alde agertu zen. Ardatz franko-aleman baten baitan eraikitako Euro- pako Estatuen Batasuna defendatu zituen. Beste gai batzuetan, aldiz, hala nola kolonialismoa, isilik egon zen eta halakoen alderdi zibilizatzailea nabarmendu zuen.

Hugo da, Shakespeareren atzetik, azterketa literario gehien eragin dituen mendebaldeko autorea. Bere obraren tamaina ikaragarrizko lan egiteko gaitasunaren erakusle da. Bere obrak, guztira, 40 milioi karaktere bildu zituen, 53 liburukitan. Vargas Llosaren ustez, 10 urte inguru behar dira idatzi zuen guztia irakurtzeko, eta, hortaz, literaturaren miraria dela esan daiteke.

Lehenago esan dugunez, Hugok haurtzaroan ezagutu zuen Espainia, 1811-1812 urteetan. 1843an, literaturaren erraldoi bihurtuta, Juliette Drouet maitalearekin, udako oporraldiak hasi zituen, ohi bezala. Hiru astez egon ziren: Baionara iritsi zen uztailaren 23an eta, Euskal Herria utzita, abuztuaren 14an Pauen zegoen. Bidaiaren kontakizuna Alpeetara egindako beste bidai batekin batera argitaratu zen 1890ean, hil eta bost urtera.

Hilabete baino gutxiago horretan, Baiona, Astigarraga, Donostia, Pasaia, Tolosa edota Iruñean izan zen. Hugok zertxobait ezagutu zuen euskara eta bere kontakizunetan hitzen bat ere sartu zuen. Baionan egon zeneko irudiak, eta Irunek edo Hernanik zuten itxura gogoratzen zituen. Bere estiloa bidai- koadernoaren antzekoa da, azkarra eta inpresionista, naturaletik hartutako oharrekin, orduz ordukoa batzuetan; hau da, eskuartean liburuxka bat eta marrazteko koaderno bat dituen bidaiariari dagokiona.

Hugok kutsu nostalgiko eta malenkoniatsua irudikatu zituen, 1811n bere ama eta anai-arrebekin bertan bizi izan zenez, Baiona ezagutzen baitzuen. Kontakizuna galdutako denboraren oroitzapenak zipriztintzen du: gizonean desagertu zen haurra, hildako ama, maitemindu zen neskatxa, Mozarten edo Beethovenen sinfonia bat baino maiteago zuen gurdi zaharraren zalaparta karrankaria. Biarritzen, okerrena: udatiarrez jositako Paris bat.

Lehen Karlistaldiko arrastoek tristatu zuten. Erortzeko zorian zeuden eraikinak ikusi zituen Irundik Donostiarako bidean, eta Donostia inguruko mendixkak erraustuta. Espainiaz, Euskal Herriaz eta bakeaz hausnartzeko aukera ematen duela esan liteke, oro har. «Historia aparta, iragan zoragarria eta sekulako etorkizuna! Oraina, aldiz, nazkagarri eta mespretxagarria!». Eskaleak eta lapurrak alde guztietatik, baita funtzionarioen artean ere.

Hugok Donostiaren izaera euskalduna azpimarratu zuen, gaztelaniaren edo frantsesaren gainetik. Euskara da hiriaren hizkuntza nagusia eta herriak aberri edota erlijio izaera ematen dio. Horregatik, ez du lotsarik agurtzeko edota esamoldeetan erabiltzeko. Foruak arriskuan zeudela egiaztatu ahal izan zuen: «antzinako askatasunak berrien beldur dira», esan zuen. Positibismo eboluzionista moduko bat ere ohartu zuen, atsekabez, estatu handiek txikiak irentsiko zituztelakoan: «historiaren eta naturaren legea da».

Nonahi aurki daiteke Hugorekin adiskidetuko gaituen alderdia: ahulenga- nako maitasuna, haurrak bereziki; naturarekiko eta animalienganako maita- suna, Tolosa eta Iruñea arteko diligentzia bidean, gizakiaren eskuetan sufritzen ikusi baitzituen.

Hugok erreferentzia artistiko ugari egin zituen. Agian, garrantzitsuena arte neoklasikoak eragiten zion lazturarena izan zen, orduan eraikitzen ari ziren Iruñeko Katedraleko aurrealdea edo Antzoki nagusia ikusi zituenean sen- titu baitzuen. Aitzitik, erromantiko porrokatuari hala baitagokio, klaustroaren gotikoak liluratu zuen, eta baita katedraleko sakristiako rokokoak: «Dante klaustroan dago; Madame de Pompadour sakristian. Sakristiak bekatua iradokitzen du, klaustroak penitentzia».

Kontakizunak hainbat gorabehera lizun ere baditu han-hemenka: Donostiako arkakusoak, Pasaiako bateltzainak, bertako portuaren ederra, Jaizkibe- len barna egindako ibilaldi goxoak, Lezoko eliza ilunak eragindako izua, Araxes sakaneko beldurra, Pirinioetako pasabide baserritarra…

Victor Hugoren Pasai Donibaneko etxea museo txiki bihurtu zuten 1902az geroztik eta bertan gorde da idazleak hiribilduan emandako denboraren memoria.

Obrak

Los Pirineos, Palma Mallorcakoa: José J. de Olañeta Editore, 1985.

Bibliografia

GUILLEMIN, H., Hugo, Paris: Éditions du Seuil, 1988. GALLO, M., Victor Hugo, Paris: XO éditions, 2001.

VARGAS LLOSA, M., La tentación de lo imposible, Madril: Alfaguara, 2004.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP