Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

HUARTE Y ECHENIQUE [UHARTE ETXENIKE], Amalio (Batres, Madril, 1882ko uztailak 7 – Madril, 1952).

Karguak eta lanbideak

 Artxibozaina, liburuzaina eta historialaria

Ibilbidea

Madrilen egin zituen batxilergoko ikasketak, eta Filosofia eta Letretakoak, Unibertsitate Zentralean. 1906an doktoratu zen El Cardenal de España D. Pedro González de Mendoza izenburuko lanaz.

Bizitza bi hiriri lotuta eman zuen: Salamanca eta Madril. Lehenengoan, hamar urte baino ez zituen egin, 1921era arte, baina aztarna sakona utzi zion, bertan hasi baitzen bere ibilbide profesionalean, eta bertan osatu ere familia: Dora Mortonekin ezkondu ondoren, lehenengo hiru seme-alabak jaio ziren: Maria del Pilar, Enrique eta Fernando. Madrilen egon eta gutxira, 1923an, bere lehen emaztea hil zen, eta 1928an berriz ezkondu zen Sergia Salvesekin. Harekin beste lau seme-alaba izan zituen: Carmen, Jose Luis, Aurora eta Amalio. Familia ugaria osatu zuen, eta horrek, ziurrenik, urte haietan oso ohikoa zenez, enplegu anitz izatera eraman zuen.

Historiara lerratu zen eta, ondorioz, ibilbide profesionala halakoxea izan zuen. Irakaskuntzan aritzeko asmoz hasi zen eta, horren eraginez, 1906 eta 1942 bitartean, hainbat unibertsitate eta instituturen arkeologia, geografia eta historia edo paleografia katedretara aurkeztu zen, eta 1912an Salamancako Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultateko irakasle laguntzaile izendapenduneko plaza bat lortu zuen. Lanpostuaren hornidura eskasa zela eta, oposizioetan jarraitu behar izan zuen eta, 1915ean, Artxibozain, Liburuzain eta Arkeologoen Teknikarien Kidegoan sartu zen hirugarren mailako laguntzaile gisa. Lan horrek nabarmen hobetuko zituen irakasle-lanetan jasotzen zituen diru-sarrerak eta, harrezkero, artxiboei eta liburutegiei lotuta geratu zen, baina, ahal izan zuen edo behar izan zuen guztietan, irakaskuntzarekin uztartzen saiatu zen.

Salamancako Unibertsitateko Liburutegian izan zuen lehen lanpostua. Bertako zuzendariak, hain zuzen, Unibertsitate Artxiboa zuen ere ardurapean. Badakigu Amalio Huarte, Salamancara iritsi zen unetik, maiz izan zela ikertzailea artxibo horretan. Horixe da, hain zuzen, liburutegiko lanpostuan hasi ondoren lan asko liburutegian egitearen azalpena, nahiz eta oraindik ez dugun ezagutzen artxibozain-lanean ibili zela erakusten duen deskribapen-tresnarik. Hala ere, badugu liburutegiaren ardura zuela dioten erreferentzia bat baino gehiago, dela beste historialari batzuek beren artikuluetan aipatu zutelako, dela bere argitalpenetan horixe adierazten zelako.

Salamancan, bere lanaz gain, ekimen ikaragarria agertu zuen, hiriari betiko atxikia utziko zuena. Iritsi eta gutxira, 1916an egindako Cervantesen Mendeurrena zela eta, urte horretan deitutako literatura-lehiaketan parte hartu zuen, bai eta lehen saria jaso ere Salamancako liburutegietako Kixoteren bibliografiari buruzko lan bati esker. Salamancako Ateneoko zuzendaritza-batzordeko eta Monumentuen Probintziako Batzorde kide izan zen, eta buru-belarri murgildu zen Guía de Salamanca oso bat idazteko lanean (1920). Gida hori funtsezko ekarpentzat hartu zen turismoa herrian garatzeko, eta hainbat aldiz argitaratu zen.

Irakasle-lanean, ia beti arduratu zen Espainiako historia irakasgaia azaltzeaz, baina hainbat ikasturtetan Bibliografia, Paleografia, Oinarrizko Logika, Latinezko Hizkuntza eta Literatura, Espainiako Literaturaren eta Arteen eta Literaturaren Teoria irakasgaietan aritu zen irakasle, betiere Filosofia eta Letren Fakultateari zegozkion ikasketetan. Fakultate horretan ere ordezko lanetan aritu zen Espainiako Historia katedran, baina 1917 eta 1920 artean hutsik egon zen. Madrilera lekualdatu zenean, irakaskuntza behin-behinean utzi zuen 1921ean, ez baitzioten onartu Unibertsitate Zentraleko Filosofia eta Letren Fakultatean irakasle atxiki izateko egin zuen eskaera, eta horrek eszedentzia eskatzera behartu zuen.

Unibertsitateko Artxiboan egiten zuen lana 1916an emandako hitzaldi baten bidez baino ez dugu ezagutzen. Hitzaldi hori lehenagoko txosten ofizial baten kopia zen, eta bi aldiz argitaratu zen. Bertan, Artxiboaren historia egin zuen, haren jatorria aztertu, eta haren aukerak erakutsi. Lan aitzindaria da, garrantzi handikoa argitaratu zenean; izan ere, artxiboaren osoko hurbilpen bat egiten zen lehen aldiz, eta gaur egungo ezagutzaren oinarriak ezarri ziren. Badakigu, halaber, lan handia egin zuela dokumentuen transkripzioan eta Salamancako Unibertsitateko pertsona, talde eta gertaerei buruzko informazioa husten, bere argitalpenetan erabiliz, bai eta Artxiboaren erabiltzaileei arreta emateko ere.

Madrilera lekualdatzeak aldaketa handia ekarri zion: unibertsitate-irakaskuntza utzi zuen behin-behinean, eta liburuetan jarri zuen arreta. Bere lan nagusia Liburutegi Nazionalean egingo zuen. Liburutegi Nazionalean, Varios Ataleko buru izan zen, pasa zen hainbat ataletako bat. Bakarrik 1944tik aurrera utzi zuen, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko liburutegiko buru aritzeko. Erretiroa hartu eta gutxira, Madrilen hil zen, 1952ko apirilaren 22an.

Artxibozain, Liburuzain eta Arkeologoen Teknikarien Kidegoko beste kide batzuk bezala, Gerra Zibilean zehar agintari errepublikanoek bultzatutako ondare dokumental eta bibliografikoa babesteko lanetan jardun zuen eta, hala bazegokion, Konfiskazio Juntaren jardueraren eraginez Liburutegi Nazionalera iristen ziren liburu, aldizkari eta liburuxka ugari, gehienak liburutegi eta etxe partikularretatik zetozenak, katalogatzeaz arduratzen zen taldea zuzendu zuen. Era berean, modu erabakigarrian esku hartu zuen Espainiako gobernuak ondare nazionaleko ondasun garrantzitsuenetako batzuk Valentziara eraman zituenean. Izan ere, beste liburuzain batekin batera, 1936tik 1937ra zaldiz antolatu ziren bidalketen parte izan behar zuten liburuen hautaketaz arduratu zen.

Behin baino gehiagotan saiatu zen unibertsitateko katedretan sartzen, baina Amalio Huarte bere irakaskuntza-lanean jardutearekin konformatu behar izan zen. Iturriek diotenez, bokazio handia zuen horretarako: irakasle laguntzailea zen Salamancan, eta antzeko bokazioa zuen Unibertsitate Zentralean. Unibertsitate Zentralean, 1924az geroztik, aldi baterako irakasle laguntzaile aritu zen Paleografian eta Diplomatikan, Filosofia eta Letren Fakultatean, eta katedradun desberdinak ordezkatu zituen beste irakasgai batzuetan, hala nola Espainiako Historian, Numismatikan eta Epigrafian. Azkenean, 1942an, berriz lortu zuen irakasle laguntzaile izendapendun gisa sartzea.

Eskola horiek bateragarri egiten zituen Instituto de Enseñanza Media Cardenal Cisneros institutuan letretako eskola praktikoetako laguntzaile gisa ematen zituenekin 1934tik erretiroa hartu arte eta, batzuetan behintzat, 1930 inguruan, bera kide zen Teknikarien Kidegorako oposizioak prestatzeko zereginarekin, gai-zerrendari egokitutako eskuliburu bat argitaratuz.

Amalio Huarte Espainiako Historiaren Errege Akademiako kidea izan zen (1918), Toledoko Arte eta Zientzia Historiko Ederren Errege Akademiako akademikoa (1927), Espainiako Doktoreen Akademiako 2. Ataleko, Humanitateetako akademiko osoa (1931ko uztailaren 14a) eta Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluaren (1941) Bibliografia Batzordeko eta Truke Zientifikoko kide.

Haren sorkuntza intelektual gehiena aldizkari gutxi batzuetan aurkituko dugu: La Basílica Teresiana, Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, Revista de la Biblioteca, Archivo y Museo del Ayuntamiento de Madrid eta Revista de Bibliografía Nacional. Eduki adierazgarrienak Salamancako Unibertsitateari eta haren inguruan mugitu ziren pertsonei buruzkoak dira, horretarako oinarrizko iturritzat Entzutegi Eskolastikoko auziak baliatuz.

Haren hiru lan euskal jatorriko ikasleei buruzkoak dira. La nación de Vizcaya en la Universidad de Salamanca durante el siglo XVII jatorrizko lana Eusko Ikaskuntzako Lehendabiziko Kongresura aurkeztu zuen (Oñati, 1918), eta Eusko Ikaskuntza Elkarteak ordaindu zuen argitalpena. 1643ko bizkaitar eta galiziar ikasleen arteko gatazka du abiaburu eta, haren bitartez, ikasleen nazio kontzeptuaren karakterizazio bat eskaintzen da. Sobre costumbres escolares lanean, berriz, heriotza ekarri zuen Bizkaiko ikasleen arteko liskar batek jarri zion hizpidea unibertsitateko auzietatik haien bizitzaren inguruan lor daitezkeen askotariko xehetasunak erakusteko. Hirugarrenean, «El vicario de Durango (1607-1609)», hiribildu horretan hasitako prozesu bati heldu zion, informazioz oparoa eta pertsonaia ugarikoa. Salamancako Unibertsitateko kide bat inplikatuta zegoenez, auzi hori azkenean Salamancan ebatzi zen.

Paleografia zuen espezialitateetako bat, eta haren bi lan aipatu behar dira espezialitate horren zein latina ondo ezagutzearen erakusgarri: Pedro Urbano Gonzalez de la Calle jaunarekin lankidetzan, Salamancako Unibertsitatearen konstituzioei buruz egindako bi lan. Lan horiek 1927an eta 1932an argitaratu ziren, eta funtsezko dokumentu haien ezinbesteko edizio kritikoa dira Unibertsitate horren funtzionamenduaren berri emateko orduan, Unibertsitateko artxibotik ateratako bulda-multzo handi batekin batera.

Era berean, Vicente Castañedarekin lankidetzan, beste lan garrantzitsu bat idatzi zuen, bere ezagutza bibliografiko handien erakusgarri: Liburutegi Nazionaleko plegu solteen katalogazioa eta azterketa biltzen dituzten bi liburuki, hain zuzen ere. Alimaleko identifikazio ahalegina dira. Horri esker, XVI. mendeko dokumentu urri eta bakanen argitalpenari data eta kokapena zehaztu ahal izan zioten, ia beti inprimategi-zigilurik gabe baitzetozen.

Amalio Huarteren artxibo-lanean, Catálogo de documentos relacionados con la Historia de España, existentes en los archivos portugueses aipatu behar da. Hiru artikulu biltzen ditu, eta bertan jasotzen da haren Portugalgo egonaldiaren emaitza. Egonaldia Espainiako Historiaren Errege Akademiak 1932an esleitu zion Conde de Cartagena bekari esker egin zuen. Artxibozain-lanarekin amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi Enrique Esperabe de Arteagaren (Salamanca, 1917) Historia pragmática é interna de la Universidad de Salamanca laneko bigarren liburukia, Unibertsitateko itzal handieneko maisuei eta ikasle buruzkoa. Zehatz-mehatz eskaintzen dira errektoreen, irakasleen eta ikasleen datu asko, tartean direla Amalio Huarte lumaz idatzitako ugari. Horixe esan digute haren garaikideek, nahiz eta argitalpenean haren izena ez agertu.

Obrak

(Hautatuak). 

El gran cardenal de España don Pedro González de Mendoza (doktorego-tesia), Madrid, 1912.

«El archivo universitario de Salamanca», La Basílica Teresiana, II (1916), 105-117. or.

«El padre Paulo Sherlock: Una autobiografía», Archivum Hibernicum, Dublin, 6. libk. (1917).

«Apuntamientos sobre el adelantamiento de Yucatán», La Basílica Teresiana, V (1919), 129-144 eta 193-204. or.

«Apuntes para la biografía del maestro Juan Vaseo», RABM, XL (1919), 519-535. or.

«Sobre costumbres escolares», La Basílica Teresiana, VI (1920), 334-343. or.

La nación de Vizcaya en la Universidad de Salamanca durante el siglo XVII, Salamanca: Eusko-Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, 1920.

Guía de Salamanca, Salamanca: Libª. de Antonio García, 1920.

«El vicario de Durango (1607-1609)», La Basílica Teresiana, VII (1921), 115-119. or.

«Las Universidades de España. La de Salamanca», Nuestro tiempo, XXV (1925), 5-30. or.

Constituciones de la Universidad de Salamanca (1422), edizio paleografikoa, hitzaurrea eta oharrak dituela: URBANO GONZÁLEZ DE LA CALLE, Pedro eta HUARTE ECHENIQUE, Amalio, Madrid: Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, 1927.

«Varias ediciones desconocidas de Nicolás Clenardo», RABM, XLVIII (1927), 129-137. or.

Los colegios universitarios de Castilla en tiempos del cardenal Mendoza, Toledo: Imp. A. Medina, 1929.

Colección de pliegos sueltos agora de nuevo sacados, CASTAÑEDA, Vicente, eta HUARTE ECHENIQUE, Amalio, Madrid: Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, 1929.

Archivos; obra ajustada al cuestionario de temas de 23 de noviembre de 1929 para el ejercicio técnico de las oposiciones al Cuerpo Facultativo de Archiveros, Bibliotecarios y Arqueólogos, Madrid: Reus, 1930.

«Papeles festivos del reinado de Felipe V», RABM, L (1930), 75-79, 141-157 eta 441-460. or.; LI (1931), 83-100 eta 361-390. or.

Constituciones y bulas complementarias dadas a la Universidad de Salamanca por el Pontífice Benedicto XIII (Pedro de Luna), URBANO GONZÁLEZ DE LA CALLE, Pedro, eta HUARTE ECHENIQUE, Amalio, Zaragoza, 1932.

Nueva colección de pliegos sueltos. Vicente CASTAÑEDAk eta Amalio HUARTE ECHENIQUEk bilduak eta iruzkinduak, Madrid, 1933.

«Para la biografía de los hermanos Valdés», Revista de Filología Española, XXI (1934), 167-168. or.

«Sobre la comedia “El infanzón de lllescas” de Lope de Vega», Boletín de la Biblioteca Menéndez Pelayo, XVI (1934), 97-126. or.

«Catálogo de documentos relacionados con la Historia de España, existentes en los archivos portugueses. Siglos XI a XV», BRAH, 106-1. libk. (1935), 293-326. or.; 107-2 libk. (1935), 763-804. or.; 108-1 libk. (1936), 303-322. or.

«La “E” Crombergiana», Revista de Bibliografía Nacional, Madrid, IV (1943), 135-146. or.

Bibliografia

GALLEGO RUBIO, M. C., «Fernando Huarte Morton: Semblanza biográfica», Libro homenaje a Fernando Huarte Morton (1921-2011), Universidad Complutense de Madrid, Biblioteca, https://core.ac.uk/download/pdf/19717313.pdf (2021eko martxoak 16), 15-65. or.

HUARTE MORTON, F., «Amalio Huarte y Echenique», RABM, LVIII (1952), 132-138. or.

PÉREZ BOYERO, E., «El Cuerpo Facultativo de Archiveros, Bibliotecarios y Arqueólogos y la protección y evacuación del patrimonio histórico en la España republicana», in COLORADO CASTELLARY, Arturo (coord.), Patrimonio, Guerra Civil y posguerra: congreso internacional, Madrid, 2010, 125-158. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP