Karguak eta lanbideak
Politikari liberal moderatua, Gorteetako diputatua, ideologo foruzalea
Ibilbidea
Lehen aldiz Rosa de Echevarriarekin ezkondu zen (1829ko uztailak 13) eta, hura hil zenean (1843ko irailak 7), bigarren aldiz ezkondu zen, bere koinata zen Adela de Echevarriarekin (1846). Pentsa liteke lehen hezkuntza Alberto Listak Bilbon zuzentzen zuen eskolan jaso zuela. Gerora, harekin aritu zen elkarlanean Revista de Madrid aldizkarian.
Hormaeche liberal moderatua zen. Historialariak ez datoz bat politikan egin zituen lehendabiziko urteei dagokienez: Joseba Agirreazkuenagak bilbotar liberalen belaunaldi berriaren baitan kokatzen du. Hirurteko Liberalean nazio milizia liberaleko kide izanik hasi zen politikagintzan; 1823an frantziar inbasoreen aurka aritu ziren, Coruñaraino atzera egin behar izan zutelarik, eta, bertan, kapitulatzea beste aukerarik ez zuten izan. Bestalde, Jose Ramon Urquijok jasotakoaren arabera, Francisco de Hormaecheren lehen jardun publikoa, 1828an, Fernando VII eta Amalia de Bilbao errege-erreginak Tadeo Calomarde ministroarekin Bilbon egon zirenekoak biltzen dituen eskuorri bat idaztea izan zen (La célebre década de Bilbao, o sea Memoria de los festejos con que su muy ilustre Ayuntamiento ha procurado obsequiar…). Jose Maria de Areilzak bisita hori eta «Memoria de los festejos» aipatzen ditu. Bilboko Udalak hala eskaturik, idatzia goresmen gehiegirekin idatzi zuen Hormaechek, eta, gerora, liberalek biziki kritikatu zuten. Francisco de Hormaechek errege- erreginen egunerokoa jaso zuen, garai hartan ohikoa zenez, hotsandikoa eta ditiraniarra. Hormaechek, Desiratuari ohore egiteko, herritarrek kantatzeko koro bat, soneto bat eta erromantze bat sortu zituen, «Un ingenio de ésta villa» izenburupean disimulaturik. Guztiarekin ere, aurrerakoiek diputatu moderatuari gehien aurpegiratzen ziotena Célebre década idatzi izana zen.
Lehen karlistaldiak iraun bitartean, Hormaeche Aldundiko ordezkari izan zen komisio askotan eta, foru instituzioen eta tropen horniduraren baitan sortutako egoera korapilatsuan Gobernuari zein militarren buruei zuzendutako idazki garrantzitsuenak idatzi zituen. 1833an Diputazioko kide izateko hautatu zuten, erregidore bezala. Diputazioaren berregituraketaren ondorioz, Jaurerriko idazkari izatera igaro zen (1833ko abenduak 25), eta bertan egon zen guda bukatu arte. 1836ko azaroaren hasieran, Romualdo Arellanorekin batera, Gobernuari, Madrilen, bizi zuten egoeraren eta atzerriko aliatuei la- guntza eskatzearen nondik norakoak azaltzea agindu zitzaion. Setioa bukatu ondoan, Hormaeche Madrilera abiatu zen gudak eragindako gastuak ordaintzea eta plazaren suntsiketa ekiditeko laguntza militarra lortu asmoz.
Hormaeche Representación de los vascongados y navarros residentes en Madrid pidiendo la conservación de los fueros de sus provincias ezagunaren autoreetako bat izan zen; euskal parlamentariek, Bergarako bakearen ondoren eta 1839ko urriaren 25eko legea Gorteetan eztabaidatu aurretik Gobernuari aurkeztu zioten idatzia.
1839 eta 1851 urteen artean, politika foruzalearen defentsan aritu zen. Urte luzez, diputatua izan zen Madrilgo Gorteetan, Bizkaiko edo Gernikako diputatu bezala. Bizkaikoa honako legealdietan izan zen: 1837-1839koan; 1841-1843koan, orduko hartan, bere diskurtso bakarra aduanak kostaldera mugitzea izan zen; eta 1844-1845ekoan, 1845eko Konstituzioaren idazketan lagunduz. Gernikaren ordezkari aritu zen 1846-1850, 1850-1851, 1851-1852 eta 1853-1854an.
1839ko abenduaren 10ean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Diputazioko idazkari eta Gorteko ordezkari izendatu zuten Foruen auziarekin loturik. 1841ean berriro hautatu zuten idazkari kargurako eta bertan egon zen 1852ra arte. Foruen gaineko komisiorako izendatzeak Madrilera aldatu behar izatea ekarri zion. Agintean zegoen Maria Kristina erreginaren dimisioa (1840ko urriak 12) foruen auziaren gaineko akordioa lortu baino lehen gertatu zen. Ministro aurrerakoi berriek akordioa ahalik eta lasterren lortzen saiatu ziren, euren aitzindariek baino kontzesio gutxiago eginez. 1841eko urrian Moderatuek Espartero agintariaren aurka egindako altxamendutik hilabete batera, Hormaeche kargugabetua izan zen. Moderatuek irabazi zutenean, ordea, bere karguak berreskuratu zituen, baina, 1844ko abuztuaren 29an, idazkari izateari uko egin zion. Ministerio moderatua osatu zenez, Gorteetako ordezkari berriak izendatu ziren, eta, hautatutakoen dimisioa aurkeztu zutenez, Hormaecherengana jo zuten. Bere oinarrizko egitekoetako bat erregimen-forala berriro indarrean jartzen saiatzeko negoziatzea zen. 1844ko abenduaren 11n Leongo buruzagi politiko izendatu zuten, baina ez zuen kargua onartu, Biz- kaiko ordezkari bezala zituen egitekoak zirela-eta. Akordiorik lortu ez izateak sortutako frustrazioak hainbatetan dimisioa aurkeztera eraman zuen (1847, 1849 eta 1850ean). 1851. urtean, foru instituzioetan zituen ardurak behin betiko utzi zituen, Madrilgo Gobernu politikoaren idazkari izendatu zutelako (1851ko otsailak 8). Urte bereko maiatzean, Gobernazioaren Ministerioan lanean hasi zen, eta 1854an Ministerioko zuzendariorde izatera iritsi zen. Ministerio berriak kargua utzitakotzat hartu zuen, moderatuek izendatutako beste hainbat funtzionariorekin batera (1854ko abuztuak 9).
Biurteko Progresistaren ondotik (1854ko uztaila-1856ko uztaila), moderatuak itzultzearekin batera, Hormaecheren ibilbideak garrantzi handiagoa hartu zuen. 1856ko abuztuaren 20an Santanderreko gobernadore zibil izendatu zuten. Handik gutxira, urriaren 16an, Alacanteko probintziara bidali zuten, postu bera bete zezan, nahiz eta ez zuen sekula hartu, 1856ko urriaren 20an Baionako kontsul izendatu baitzuten, eta azaroan postua hartu zuelako. Bertan izan zen 1860ko martxoaren 3ra arte, Pariseko kontsulatu izateko izendatu zutenez, hara abiatu zelako, 1860ko urtarrilaren 31n. Kargu horre- tan zegoela zendu zen.
Representacion de los vascongados y navarros residentes en Madrid, pidiendo la conservación de los fueros de sus provincias (1838) lanaren egilekide izan zen, hainbat memoria eta artikulu idatzi zituen eta Viaje pintoresco por las Provincias Vascongadas (1846) lanaren alderdi historikoaren egilea izateaz gain, lan horretan Bilbori eskainitako atala ere berak idatzi zuen. Ekarpen historiografiko horrek entzute handia lortu zuen garai hartan.
Obrak
La célebre década de Bilbao, o sea, Memoria de los festejos con que su Muy Ilustre Ayuntamiento ha procurado obsequiar a SS. MM. los Reyes Nuestros Señores D. Fer- nando Séptimo y Doña Josefa María Amalia durante su permanencia en esta M.N. y
M.L. Villa de regreso para la Corte, Bilbo: Basozabal, 1828.
«De las causas que más inmediatamente han contribuido a promover en las Provincias Vascangadas la guerra civil», Revista de Madrid, 2. seriea, I (1839), 336-361. orr.
Viaje pintoresco a las Provincias Vascongadas. Obra destinada a dar a conocer su histo- ria y sus principales vistas, monumentos y antigüedades, etc. en láminas litografia- das copiadas al daguerrotipo y del natural, Bilbo: J. E. Delmas, 1844.
HORMAECHE et alii, Representación de los vascongados y navarros residentes en Madrid, pidiendo la conservación de los fueros de sus provincias, Madril: Konpainia Tipo- grafikoaren moldiztegia, 1839.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los Diputados Gene- rales, burócratas y patricios de Bizkaia, Bilbo: Bizkaiko Batzar Nagusiak/Juntas Ge- nerales de Bizkaia, 1995.
AREILZA, J. M. de, Historia de una conspiración romántica, Bilbo: Bizkaiko Kultur Batzarra,1950, 94-96. orr.
CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca. Bilbo: Atxu- lar Atea, 2015, 187-194. orr.
DÍAZ DE MENDÍVIL, A., La Linterna mágica, o sea, revista de los partidos políticos de Bil- bao, Madril, 1841.
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I. «Francisco Hormaeche», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/en/hormaeche-francisco/ar- 59803/ (2019ko azaroaren 2an kontsultatua).
MORATILLA, B. (arg.), Estadística del personal y vicisitudes de las Cortes y de los Ministe- rios de España, Madrid: Imprenta Nacional, 1858.
URQUIJO GOITIA, J. R., «Hormaeche, Francisco», Diccionario biográfico de los Parlamen- tarios de Vasconia (1876-1939), Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebiltzarra/Parlamento Vasco, 1993, 474-479. orr.
URQUIJO GOITIA, J. R., «Hormaeche, Francisco», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia 2011, 26 libk., 358. orr. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/84802/francisco-de-hormaeche-orbegozo (2019ko azaroaren 2an kon- tsultatua).
ITURRIAK
HISTORIA ARTXIBO NAZIONALA, Fondos Contemporáneos, Gobernación Perso- nal, leg. 244.
KANPO ARAZOETAKO MINISTERIOAREN ARTXIBOA, Condecoraciones, leg. 179; Personal, leg. 136, exp. 6.568.





