Ibilbidea
Diccionario geográfico-histórico de España, por la Real Academia de la Historia lana egoki ulertzeko beharrezkoa da aldez aurretik azaltzea lana proiektatu eta inprimategira eraman zuen erakundea. Historiako Errege Akademia errege akademien saileko beste erakunde bat izan zen. Haien helburua izaten zen jakintzaren edo arteen arlo zehatz bat zaintzea. Espainian lehenengoa Hizkuntzaren Errege Akademia izan zen, 1713-1714an sortu zena. Historiako Errege Akademiaren sorrera Ilustrazioaren mendeko hasierako hamarkadetan izaten ziren literatura solasaldiak izan ziren. Hain zuzen ere, Julian Hermosilla abokatuaren etxean, 1735 aldean, izaten ziren solasaldiak, eta haietan historiaren inguruko gaiei buruz hitz egiten zuten solaskideek. Erregearen aitortza eta babesa lortu zuten solasaldi haietan parte hartzen zuten solaskideek, 1738an, modu ofizialean Historiako Errege Akademia eratu zenean. Erakundearen helburua zen monarkiaren iragana aztertzea, metodo ilustratuak erabiliz, eta arreta berezia jarriz iturrietan eta aztarna arkeologikoetan.
Historiako Errege Akademia sorreratik izan zuen bere helburuen artean Espainiaren Hiztegi Historiko-Kritiko Unibertsal bat osatzea, hala ezarria baitzuten beren hasierako estatutuetan. Hasieratik beretik kontzienteak ziren proiektua eratzeak luze joko zuela, batik bat, eskatzen zuen informazio bilketa izugarriagatik. Lanaren antolamenduarekin ere arazoak izan ziren. Bultzatzaile nagusietako bat Pedro Rodriguez Campomanes izan zen, Historiako Akademiaren zuzendari 1764 eta 1791 bitartean, eta ondoren ere, 1798 eta 1801 bitartean. Zuzendaritzara iritsi eta berehala, 1766an, adierazi zuen beharrezkoa zela proiektua antolatzea, «Espainiako herri guztien zerrenda zehatzak eginez, probintzia eta lurraldeka banatuak» eta era berean azaltzea «erabilera errazteko komenigarria ikusten zen metodoa, eta metodo hori iza- nen zen zedula bereizietan kokatzea, hiztegi moduan». Urratsez urrats, lurraldeei buruzko datuak eta agiriak biltzen hasi ziren. Aldi berean, jakintsu espainiar zenbaitek proposamenak egin zituzten proiektua burura eramatea bideratzeko, eta haien artean nabarmendu zen Melchor Gaspar Jovellanos. Hala ere, zailtasun ugari izan zituzten akademikoek beren lana burutzeko, esate baterako, erabili beharreko neurriak adostea.
Proiektuaren ibilera gorabeheratsuak metodo aldaketa ekarri zuen 1797an, oraingoan probintzien ordena alfabetikoaren arabera antolatzeko. Campomanes 1798an zuzendaritzara itzultzeak bizitasun berria ekarri zion proiektuari. Batzorde partikular bat eratu zen, hainbat aldaketa, eta batik bat, sinplifikazioak, proposatu zituena. Funtsean, lana atalka antolatu behar zen. Lehenengoak Nafarroako erresuma eta euskal lurraldeak jasoko zituen. Bigarrenak, Aragoiko koroako lurraldeak. Hirugarrenak Gaztela Berria eta Murtziako erresuma. Laugarrenak Gaztela Zaharra. Bosgarrenak Asturias, Galizia eta, azpimarragarria da, Portugalgo lurraldeei zegozkien sarrerak jasoko zituen. Seigarrenak Andaluzia. Eta zazpigarren eta azkenak, Balear uharteak eta Kanariar uharteak. Erabaki zen, orobat, batzorde hura iraunkorra izatea, Hiztegia egin eta burura eramateko.
Lanaren bultzada erabakigarria 1799an etorri zen. Orduko batzordekideak jakintsu ospetsuak ziren, ikerketa historikoengatik ezagunak. Ospetsuena Martinez Marina zen (1754-1833), ondoren Akademiako zuzendaria izanen zena (1801-1804 eta 1816-1820) eta goi mailako legelari eta historialaria, bai
XVIII. mendeko azken hamarkadetan, bai XIX. mende espainiarraren hasiera gorabeheratsuan ere. Martinez Marinaren lanak ziren, besteak beste, Ensayo histórico-crítico sobre la legislación y principales cuerpos legales de los reinos de Castilla y León (1808) eta Teoría de las Cortes o grandes juntas nacionales de los reinos de León y Castilla (1813). Haren ondoan, batzorde iraunkorreko kideak izan ziren Joaquin Traggia erlijioso eskolapioa (17848-1802), Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kidea; Vicente Gonzalez Arnao (1766-1845), His- toriako Akademiako zuzendari izanen zena, frantsestua; eta Manuel Abella (1768-1817). Hiztegia oso-osorik, espainiar lurralde guztiak barne hartuta, ar- gitaratzea ezinezkoa zela egiaztatu zutenean, haien inguruan bildutako informazioaren kantitatean eta kalitatean alde handiak izanik, liburukiak banan- banan argitaratzea erabaki zuten, osatu ahala.
Garai hartako lekukotasunak ikusita, egiaztatzen ahal da euskal lurraldeak eta Nafarroa lehenengo liburukien aztergai gisa aukeratu zirela dokumentuen kantitatean eta kalitatean oinarrituta, eta ez akademikoen borondate politikoagatik. Arrazoi nagusia izan zen dokumentazioaren zatirik osoena Nafarroa, Bizkaia eta Arabari buruzkoa zela, eta horregatik erabaki zuten lurralde horien inguruko bolumena argitaratzea, Gipuzkoarekin batera. Batzordeak lana banatu zuen batzordekideen artean. Francisco Martinez Marina izanen zen Arabari buruzko sarreren arduraduna, Joaquin Traggiak idatziko zituen Nafarroako erresumari eta Iruñea eta Lizarrako merindadeei buruzko sarrerak, eta Manuel Abellak osatuko zituen Zangoza, Tutera eta Erriberriko merindadeak. Laugarren kideak, Vicente Gonzalez Arnaok, idatziko zituen Bizkaiko Jaurerriari buruzko sarrerak. Azkenik, azken lurraldea, Gipuzkoa, hasiera batean Juan Lopezen aztergai izatekoa bazen ere, 1800ean proiektua bertan behera utzi zuen hark, eta haren eginkizuna gainerako kideen artean banatu zuten.
Lana burutu ahal izateko, ordura arte bildutako informazioaz gain, lurral- deetako hainbat jakintsuk eta erakundek emandakoa ere baliatu zuten akademikoek. Alegia, ez ziren lurraldeetara bertaratu, eta artxiboak ez zituzten beraiek kontsultatu. Batzordeko kideek beraiek aitortu zituzten metodologiaren mugak hitzaurrean, hainbat datu okerrak izaten ahal zirelako, datu-emaileek gezurra esaten ahal zutelako. Batez ere, herriek eta tokiko erakundeek, errelezoagatik edo «funtsik gabeko beldurra» izaten ahal zutelako ikerketaren hel- buruaren inguruan. Atal honen egileek jaso nahi izan zuten, era berean, nor izan zituzten ‘informazio-emaile’ lurralde horietan. Nafarroaren kasuan erregeordea, Diputazioa eta Tomas Marichalar izan ziren, besteak beste. Bizkaian Luis Marcelino Pereyra korrejidorea eta Bartolome Olaechea, Iturriza eta Za- balaren Historia aurkeztu zuena. Arabaren kasuan Pedro Jacinto Alaba eta Infantadoko dukea izan ziren, besteak beste. Eta Gipuzkoaren kasuan, berriz, Alfonso Duran korrejidorea, Bernabe Antonio Egaña edo Oñatiko kondea. Informazioa eskuratzeko modu horren akatsak handik hainbat hamarkadatara salatu zituen Pablo Gorosabel legelari gipuzkoarrak, adieraziz ezen «emaitza da akademiako jaun horiek ez zituztela beraien begiez aztertu herri-agiriak, pribilegioak, ordenantzak eta herrietako artxiboetan gordetako gainerako paperak». Lau batzordekideen lana 1801 eta 1802 bitartean amaitu zen, eta hurrengo urtean argitaratu zen, Historiako Errege Akademiaren izenean. Testuaren egileek metodo ilustratuak erabili zituzten ikerketa historikoa egi- teko, lehentasuna emanez dokumentuetan oinarritutako informazioari eta korrespontsalek igorritako lanei, artean ere erabiltzen ziren alegiazko kontakizunen eta mitoen gainetik. Hain zuzen ere, horiei aurre egitea zen egileen helburuetako bat. Indar handiz jo zuten foraltasuna jatorrizko itunean oi- narrituta ikusten zutenen aurka, esaterako euskal-kantabrismoaren ideiaren aurka, lehendik ere, aurreko mendean, hain zuzen ere, sinesgarritasunik gabe utzi bazuen ere aita Florezek, edo Bizkaiko lehenengo jaun mitikoa omen zen Jaun Zuriari buruzko legendaren aurka. Borroka horrek helburu politiko argia zuen, alegia, defendatzea lurralde horien integrazioa monarkian erabatekoa eta perfektua zela, Gaztelaren zati gisa, lurralde horien jatorrizko subiranotasuna eta independentzia defendatzen zutenen aurrean. Horrekin batera, defendatzen zuten foruak denbora joan denbora etorri emandako pribilegioak zirela, eta ez lurraldeen antolamendu partikular, propio eta jatorrizkoak. Adibidez, Martinez Marinak Arabari buruz idatzi zuen «Gaztelako eta Nafarroako errege-erreginek Araban egikaritu zituzten subiranotasunaren funtzio guztiak, haien menpeko gainerako probintzia guztietan bezala». Gonzalez Arnaok baieztatu zuen «ezerk ez du deuseztatzen Bizkaiarentzat Arabako eta Gipuzkoako artikuluetan euskal lurraldeentzat ezarritako atxikipena». Gainera, lan hark zalantzan jarri zuen euskara, foruen oinarrietako bat, antzinatik egotea lurralde horietan. Horrek Pablo Pedro Astarloaren erreakzioa eragin zuen, bere Apología de la lengua vascongada lanean gogor salatzen baitzuen hiztegi horretan euskarari buruz esandakoa, haren antzinatasuna defendatzen zuelarik. Handik hamarkada batzuetara, Antonio Canovas de Castillok berak ere ezetsi zuen Hiztegi hartan euskarari buruz esandakoa.
Historiako Errege Akademiaren Hiztegia erudizio lan handia izan zen, baina foraltasunaren interpretazio politiko zehatz baten aldeko tresna ere izan zen. Eta liburu horiek adierazgarritasun politikoa lortzen dute, jasotzen dituzten tesiengatik ez ezik, osatu eta argitaratu ziren uneagatik ere. Euskal lurraldeen foru-erregimena ezbaian jartzen ari zen XVIII. mendearen hasieratik, baina Konbentzio Gerra galdu ondoren kritikak areagotu ziren. Eta foraltasunaren inguruko borrokak aurrera egin zuen agertoki nagusietako bat, hain zuzen ere, historia eta ikerketa historikoen eremua izan zen. Hainbat egilek ikusi dute hiztegi honetan erasoaldiaren beste katebegi bat, puntu go- renera iritsi zena 1806 eta 1808 bitartean argitaratu zen Juan Antonio Llorenteren Noticias históricas de las tres provincias vascongadas lanarekin, eta ondoren Tomas Gonzalezek 1829-1830 bitartean argitaratutako Colección de cédulas, cartas-patentes, provisiones, reales órdenes y otros documentos concernientes a las provincias vascongadas bildumarekin. Izan ere, foruak indarga- betu ondoren, Fidel Sagarminaga historialaria eta politikari foruzaleak iradoki zuen Hiztegiak prestatu zuela Llorenteren lanaren bidea.
Hala ere, tokiko antolamendu juridikoei buruz eta monarkiaren baitan izan behar zuten kokapen politikoari buruz eman zuen ikuspegiak ez zuen eragin erreakzio orokorrik euskal erakundeen aldetik. Araban kezka eragin zuen, batik bat, lurraldearen subiranotasunaren eta independentziaren ideiari buruzko zatiari zegokionez. Bizkaian, ordea, ez zen erantzun ofizialik izan. Are gehiago, Batzar Nagusiek 1804an izendatu zuten Vicente Gonzalez Arnao, alegia, Bizkaiari buruz Hiztegian ageri ziren atalen arduraduna, haien abo- katu eta Madrilen Bizkaiak zituen negozioen zuzendari iraunkorra. Juan Antonio Llorentek, Noticias históricas de las tres provincias vascongadas lanaren hitzaurrean jaso zuen izendapenaren berri, eta ironiaz adierazi zuen: «Jaurerriak bete-betean asmatu zuen hautapen horretan, inork ez baititu konderriaren eskubideak hobeki defendatuko Bizkaiaren egiazko historiari eta haren foruei buruzko jakinduria handia duen Arnao jaun akademiakideak baino». Beharbada, apaiz errioxarraren lana berehala argitaratzeak eragin zuen erakunde bizkaitarrek ahalegina gehiago zentratzea Noticias lana errefusatzen, Hiztegian esaten zenari aurre egiten baino, hura erasokorragoa zelako Jaurerriaren foruekiko eta haien izaerari eta oinarri historikoari zegokienez. Handik hamarkada batzuetara, ordea, sortu zen iruzkin kritikorik Hiztegiarekiko. Pablo Gorosabel legelari gipuzkoarrak, adibidez, Akademiaren Hiztegiaren oso antzeko proiektu batean, Gipuzkoako probintzian zentratua, akademiakide haien lana aitortu zuen, baina salatu zuen Gipuzkoako herriak ezagutzeko erabilitako metodologia ezegokia izan zela, ez baitziren Gipuzkoara etorri, eta igorri zitzaizkien txostenak baliatu zituztelako. Garai hartan, Historiako Akademiaren Hiztegiak oihartzun handia hartu zuen 1864ko foraltasunaren ingu- ruko eztabaidak zirela-eta, euskal antolamendu juridikoen etsai amorratuek behin eta berriro baliatu zutelako beren argudioak defendatzeko.
Hala ere, ez dugu ahaztu behar euskal herrialdeei eta Nafarroari eskainitako liburua Espainia osatzen zuten lurraldeen historiari buruzko proiektu baten parte bat zela, eta Historiako Errege Akademiaren hasieratik beretik ari zela prestatzen. Baina lana osorik burutzea zapuztu zen, bai Akademiaren beraren arazoengatik, bai Independentzia Gerraren eraginagatik ere, akade- miako kideek ezin izan zutelako aurreikusitako bidea jarraitu. Gerra amaitu ondoren, talde-lana etenik geratu zen, eta Historiako Errege Akademiak egin zuen lan bakarra horren antzeko lanen argitalpenari laguntzea izan zen, adi- bidez, Sebastian Miñanoren Diccionario geográfico-estadístico de España y Portugal, 1826-1828an, edo Pascual Madozen Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de ultramar, 1846 eta 1850 bitartean argitaratua. Baina proiektu partikularrak izan ziren, Historiako Errege Aka- demiaren Hiztegiaren espiritua jasotzen zutenak, baina haren parte ez zirenak. Denbora asko igaro ondoren bai, Hiztegiaren beste liburuki bat argitaratu zen, alegia II. Atala, Errioxari eta Burgosko herri batzuei eskainia. 1846an argitaratu zen, Angel Casimiro Govantes egilearen kemenari esker. Horregatik esan izan da Historiako Errege Akademiaren Hiztegia proiektu «zapuztua» izan zela.
Obrak
Diccionario geográfico-histórico de España, por la Real Academia de la Historia. Sección I, que comprehende el reyno de Navarra, Señorío de Vizcaya y provincias de Álava y Guipúzcoa, 2 libk., Imprenta de la viuda de D. Joaquín Ibarra, Madril, 1802 (berrarg. Diccionario histórico-geográfico del País Vasco, 2 libk., Bilbo: La Gran En- ciclopedia Vasca, 1968) (berrarg. Gipuzkoari dagokion zatia Euskal-Erria aldizka- rian, LXI. t., 1909, 439-440. orr., 484-488. eta 532-536. orr.; LXII. t., 1910, 47-48., 142-144., 191-192., 212-214., 302-304., 382-383. eta 478-480. orr.) (berrarg. osorik Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005).
GOVANTES, A. C., Diccionario geográfico-histórico de España, por la Real Academia de la Historia. Sección II. Comprende La Rioja o toda la provincia de Logroño y algunos pueblos de la de Burgos, Madril: Imprenta de los señores viuda de Jordán e Hijos, 1846.
Bibliografia
ARROYO ILERA, F., «El Diccionario Geográfico de la Real Academia de la Historia: una obra frustrada de la Ilustración española», Estudio Geográficos, 253 (2003), 539-578. orr.
ASTARLOA, P. P., Apología de la lengua vascongada, o ensayo crítico-filosófico de su per- fección y antigüedad sobre todas las que se conocen: en respuesta a los reparos propuestos en el Diccionario Geográfico Histórico de España, tomo segundo, palabra Navarra, Madril: Gerónimo Ortega, 1803.
ELÍAS TEJADA, F., El Señorío de Vizcaya (hasta 1812), Madril: Minotauro, 1963.
GARCÍA GONZÁLEZ, M., Crítica de los fueros de las provincias de Álava, Guipúzcoa y Vizcaya. Discursos pronunciados en el Senado por los Excmos. Sres. D. Manuel Sánchez Silva, d. Pedro de Egaña, d. Joaquín B. y Aldamar, Madril: El clamor público, 1864.
GOROSÁBEL, P., Diccionario histórico-geográfico-descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa, con un apéndice de las cartas-pueblas y otros documentos importantes, Tolosa: Pedro Gurrutxagaren inprimategia,1862.
MANSO PORTO, C., «El Diccionario geográfico-histórico de España de la Real Academia de la Historia», Iura Vasconiae, 2 (2005), 283-332. orr.
MAÑARICÚA Y NUERE, A. E., Historiografía de Vizcaya, desde Lope García de Salazar a Labayru, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.
MONREAL ZIA, G., «Posibles motivaciones, modus operandi y autores y colaboradores del Diccionario», Diccionario geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historia: Sección I, comprehende el Reyno de Navarra, Señorío de Vizcaya y pro- vincias de Álava y Guipúzcoa, 1802. Edizio digitala, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005, 9-39. orr.
REAL ACADEMIA DE LA HISTORIA, «Noticia del origen, progresos, y trabajos literarios de la Real Academia de la Historia», Memorias de la Real Academia de la Historia, Madril: Sancharen inprimategia, 1796, 1. libk., I.-CLXI. orr.
SAGARMÍNAGA, F., El gobierno y régimen foral del Señorío de Vizcaya, desde el reinado de Felipe Segundo hasta la mayor edad de Isabel Segunda, VI. t., Bilbo: José Astuyren Tipografika Katolikoa, 1892.
GIBERT, R., «Tomás Muñoz y Romero (1814-1867)», Anuario de Estudios Medievales, 6 (1969), 563-574. orr.
OTS CAPDEQUÍ, J. M.ª, «Los más grandes cultivadores de la Historia del Derecho Espa- ñol: Martínez Marina, Herculano, Muñoz Romero, Pérez Puyol, Costa, Hinojosa, Desdevises du Dezert, Gama Barros y Mayer», Anales de la Universidad de Valencia, 4 (1923-1924), 117-159. orr., bereziki 123-125. orr.
TORREBLANCA LÓPEZ, A. «Noticia de los directores del Archivo Histórico Nacional (1866-1953)», Boletín ANABAD, XLVI-1 (1996), 33-62. orr., bereziki, 33-37. orr.
VARGAS ZÚÑIGA Y MONTERO DE ESPINOSA, A. (Marqués de Siete Iglesias), «Real Academia de la Historia. Catálogo de sus individuos. Noticias sacadas de su Archivo», Boletín de la Real Academia de la Historia, CLXXV (1978), 553-555. orr.





