Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERROMATAR BEHE-INPERIOAREN GARAIKO EGILEAK ETA OBRAK

HISTORIA AUGUSTA (Scriptores Historiae Augustae) (K.o. III.-IV. mendeak)

Ibilbidea

Scriptores Historiae Augustae deiturikoek latinez idatzitako biografien bilduma da. Enperadoreen, haien kidekoen, ondorengoen eta usurpatzaileen biografiak kontatzen dituzte, K.o. 117tik 284ra bitarteko aldikoak. Historiografia modernoan, eztabaida handia izan da obra honen kronologiaren eta egiletzaren inguruan. Dena dela, dirudienez, K.o. iii. mendearen amaieraren eta iv. mendearen hasieraren artean idatzi ziren, eta egileak sei izan ziren. Halaber, ukaezina da  biografia hauek idazteko erabilitako eredua Suetonioren Hamabi zesarren bizitzak lana izan zela. Biografietan adierazitako informazioaren sinesgarritasuna oso zalantzan jarri izan da; izan ere, pasarte erretoriko ugari ditu obrak, lana erakargarriagoa izateko eta beste idazle batzuen eredura hurbiltzen saiatzeko, eta, horregatik, historikotzat kontatzen diren gertaeretako askok zalantzak sortzen dizkigute. Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar garai horretarako latinez idatzitako iturri bakarra dela; beraz, zuhurtziaz irakurtzekoa bada ere, lanaren edukia oso erabilgarria da.

Alexandro Severoren biografian, egileak dio enperadorea aditua zela ornitomantzian; hau da, iragarpenak egiten, hegaztien hegaldiei erreparatuta (27.6). Egileak dio, halaber, baskoiak eta panonioak ere adituak zirela diziplina horretan. Aipamen hori asko erabili da baskoiak aztertu dituen historiografia modernoan; batez ere, baskoien kristautze-prozesuaren goiztiartasunari edo berantiartasunari buruzko eztabaidan. Izan ere, testu horren kronologia kontuan hartzen bada (K.o. iv. mendea), aipamen horrek adieraziko luke kristautasuna ez zegoela oso zabalduta baskoien artean. Hala ere, zentzuzkoena da testua lehenagoko garaiei buruzkoa dela pentsatzea; beraz, esan daiteke eztabaida horretan erabiltzea ez dela guztiz erabakigarria. Dena dela, testua honako hauek berresteko erabili izan da: baskoiek aztiak zituztela, eta aztiek Erdi Arora arte irauteak kristautze berantiarraren edo urriaren tesia frogatzeko balioko lukeela.

Nolanahi ere, elkarrengandik oso urrun zeuden bi herri lotzea (baskoiak eta panoniarrak; panoniarrak Danubio ibaiaren inguruko eremu batean bizi ziren) izango litzateke testuaren alderdi interesgarria, eta lotura hori enperadorearen figuratik ezarri izana. Alexandro Severok panoniarren ohiturak lekuan bertan ezagutzeko aukera izango zuen, enperadorearen pretoriar guardian sartzen hasi baitziren K.o. 193. urtetik aurrera. Hori baino lehenago, badakigu kalagorritarak izan zirela Augusto enperadorearen eskoltan (K.a. i. mendea), bai eta beste enperadore batzuen pretoriar guardian ere (K.o. ii. mendea).

Obrak

Historia Augusta. Las vidas e intrigas de los emperadores de Roma desde tiempos de Adriano a Numeriano. Picón, V. eta Cascón, A. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Akal, 1990.

Historia Augusta, Volume II: Caracalla. Geta. Opellius Macrinus. Diadumenianus. Elagabalus. Severus Alexander. The Two Maximini. The Three Gordians. Maximus and Balbinus, Magie, D. (itzulpena, sarrera eta oharrak), Loeb Classical Library 140, Cambridge, MA: Harvard University Press, 1924.

Bibliografia

Gorrochategui, J.; Ramírez Sádaba, J. L.: «La religión de los antiguos vascones. Una mirada: concomitancias y diferencias con la de sus vecinos» in Cuadernos de arqueología de la Universidad de Navarra, 21 (2013), 113.-149. or.

Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.

Sayas, J. J.: «Los adivinos vascones y la Historia Augusta» in Symbolae Ludovico Mitxelena septuagenario oblatae, Gasteiz: UPV-EHU, 1985, 593.-605. or.

— «Los vascones y el ejército romano» in Hispania Antiqua, 113 (1986-1989), 97.-120. or

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Historia Augusta”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 65-66.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP