Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRI KONTINENTALAKO EGILEAK ETA OBRAK

HIRIBARREN, Jean-Martin (Goitizena «Menditarra») (Azkaine, Lapurdi, 1810ko maiatzaren 8a – Baiona, 1866ko azaroaren 26a).

Karguak eta lanbideak

Poeta, lexikografoa, historialaria, erlijioaren eta euskararen apologista

Ibilbidea

Familia noble batean jaio zen, eta urruneko ahaidetasuna zuen Xabierreko Frantziskorekin, Martin Azpilicuetarekin («Nafar Doktorea»), eta beste hainbat pertsonaia ospetsurekin. Apaiz ikasketak Baionako apaizgaitegian egin zituen, 1833an hartu zuen apaizgoa eta Bardozen aritu zen apaiz. 1865ean Baionako katedraleko ohorezko kanonigo izendatu zuten. Hasieran errepublikarra izanik, 1848ko iraultzaren alde lan egin zuen, baina ondoren bonapartista bihurtu zen, eta hainbat poema eskaini zizkien, bai Napoleon I.ari, bai III.ari eta haren emazte Eugenia Montijori ere. Ziurrenik interesagatik jokatu zuen era horretara, Enperadorearen finantzazioa bilatzen baitzuen bere Hiztegia aurrera ateratzeko.

Haren lana XIX. mendearen erdialdeko mugimendu erromantikoaren eta euskal kulturaren susperraldiaren testuinguruan kokatu behar da. Mugimendu hura Euskal Pizkundea deitu izan da, eta era berezian garatu zen Iparraldean, besteak beste, izen hauekin: Hiribarren bera, Jean-Pierre Duvoisin, Agosti Chaho, Jean-Baptiste Archu, Bonaparte printzea, Jean-Baptiste Camoussarry eta Euskal Lore Jokoen sustatzaile eta mezenas Antonio Abadia. Hiribarrenek Joko horietan parte hartu zuen, hamalauren bat aldiz ere. Haren interesak askotarikoak ziren eta herriari zegokion guztia barne hartzen zuten, tartean zirela etnografia (erran zaharren biltzaile), bertsolaritza, eta halaber «poema nazionala», hizkuntza, antzinako nahiz arestiko historia edo erlijio konparatuak.

Nolanahi ere, hizkuntzalari eta historialari gisa duen estiloa hurbilago dago literatura fantastikotik zehaztasun eta metodo zientifikoetatik baino. Pierre Lhandek ezetsi zuen esaldi zorrotz honekin: «Chao et Hiribarren repré- sentent, en linguistique, la haute fantaisie, l’arbitraire, l’imagination en plein vol». Kantabrista, euskal-iberista, eta euskararen apologisten adibide onenetako bat izan zen. Aitzindaria izan zen euskararen normalizazio ortografikoan eta batasunean. Haren ekarpenik oparoena Euscaldunac poema luzea izan zen, kostunbrista eta nazionala, 5.000 bertsotik goiti dituena. Hiribarrenen aldarte irekiaren erakusgarria da honako hau, alegia, apaiza zen garaian, adiskide handia zuela Agosti Chaho ateoa, eta bere Euscaldunac poema hark editatzen zuen Ariel egunkarian argitaratu zuela.

Haren lanik gehienak bere garaian argitaratu gabe geratu ziren, eta ongi kontserbatu dira Bonaparte Funtsean edo Hiribarren Funtsean, Baionako Euskal Museoan. Esate baterako, drama historikoa: 891an Euskaldunen gerla; Napoléon Lehena (1856); Napoléon Pio Frantziako premua; Histoire de l’Empire, Proverbes [Laborarien erran zaharrak, Aphorismes hygiéniques, Aphorismes proverbiaux et aphorismes sapientiaux]; Dictionnaire basque-français; Grammaire [basque]; Vie de la Vierge; Sermon.

Obrak

« Petit poème sur les fêtes de Pampelune 1845. En dialecte labourdin le plus pur », L’Ariel, 1845ko urriaren 5a.kontinentala 419

«Liberté», Le Courrier de Bayonne, 2. zk. (1848ko otsailaren 25a).

«Escaldunac: Iberia, Cantabria, Eskal-herriac, Eskal-herri bakhotcha eta hari darraicona», Messager de Bayonne 1853ko abenduaren 6a; 1854ko otsailaren 16a; 1854ko apirilaren 13a; 1854ko maiatzaren 11 eta 1854ko ekainaren 7a (Baiona: Foré & Lasserre, 1855).

Montebideoco berriac. Ut omnes lucrifacerent: guciac salbatu nahi, eguia khiratsa bahi. J. M. H., Baiona: Foré & Lasserre, 1853.

Eskaraz eguia, Baiona: E. Lasserre, 1858.

«Ganetchiki Ikhazkina eta Kattalin Maingua, edo bi maiteren arteko amodiozko solasak», Sarako Eliza-besta coplarien gudua, Baiona: Veuve Lamaignère, 1864.

Bibliografia

ALBERBIDE, X., «Juan Martin Hiribarren», Bidegileak, Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Donostia, 2011.

BIDADOR, J., «Jean Martin Hiribarren eta bere lan ahantziak», Euskaldunon Egunkaria (1996ko urriaren 25a).

HARITSCHELHAR DUHALDE, J., «J. M. Hiribarren bere mendean», Euskera, 55. libk, 3. zk. (2010), 1133-1146. orr.

LARRANDABURU, I., «Juan-Martin Hiribarren-en idazlanak: euskal belaunaldi erromantikoaren lekukotasunak», Bulletin du Musée Basque, 188 (2017), 47-62. orr.

XARRITON, P. eta URKIZU, P., «Koplari zeinbaiten bizitzaz eta bertsoez ohar labur batzuk», URKIZU, P., Anton Abbadiaren Koplarien guduak: bertso eta aire zenbaiten bilduma, 1851-1897, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP